79. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko ekainaren 14an hartua, "Ezkarozeko hilerrian pareta berreraikitzea" izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko; sustatzailea bertako udala da.

Ezkarozeko Udalak 2010eko martxoaren 15ean egindako osoko bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz, jendaurrean jarri zen, hamabost egunez, aipatutako proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Jendaurreko epea iraganik alegaziorik aurkeztu gabe, Ezkarozeko Udalak 2010eko maiatzaren 6ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez onetsi da behin betiko "Ezkarozeko hilerrian pareta berreraikitzea" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa deklaratzeko eskatu du Ezkarozeko Udalak; izan ere, Ezkarozeko hilerria hegoaldetik ixten duen paretaren puska bat erorita dago, barrenean gorpuak lurperatuta daudela, eta premiazkoa da pareta hori berreraikitzeko lanak egitea, hilobietan eragina izan dezakeen lur-jausirik izan ez dadin.

Nafarroako Gobernuak, Ezkarozeko Udalak eman dituen arrazoiak ikusita, bidezkotzat jo du desjabetze horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, txosten teknikoa eta juridikoa ikusirik, balio justua ordaintzeko Ezkarozeko Udalak behar den kreditua atxiki duela egiaztaturik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Ezkarozeko hilerriko pareta berreraikitzea" izeneko proiektuak, bertako Udalak sustatuak, ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, egun horretatik aurrera ondorioak izan ditzan, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan inpugnatu daitekeela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoen ordez, errekerimendua egin dezakete aldez aurretik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

3. Erabaki hau Ezkarozeko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko ekainaren 14an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1010464