79. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1643/2010 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, "Etxetresna elektrikoetarako 2010eko Renove Plana" izeneko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Administrazio publikoek energia arloan dituzten lehentasunen artean daude energia aurreztea eta hura eragimenez erabiltzea, gure energia sistema iraunkorragoa izateko (ingurumenean eragin txikiagoa eta klima aldaketan ondorio gutxiago), lehiakorragoa (ondasunak eta zerbitzuak sortzeko energia gutxiago behar delako) eta segurua (gehien-gehienak kanpotik ekartzen ditugun baliabideekiko mendekotasuna murrizten delako).

Hori horrela, energiaren arloko jarduketak egin nahi dira, energiaren kontsumoa murrizteko eta intentsitate energetikoa (energia kontsumoaren eta barne produktu gordinaren arteko erlazioa) gutxitzeko. Neurri horien artean, "Etxetresna elektrikoetarako 2010eko Renove Plana" dago. Plan berri hau aurreko urteetakoak baino zorrotzagoa da; izan ere, energia kalifikaziorik handiena duten tresnak baizik ez dira diruz lagunduko.

Jarduketa hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak 2008ko otsailaren 26an sinatutako lankidetzarako esparru-hitzarmenaren 2010eko ekitaldiaren barne dago; hitzarmenaren helburua da Energia Aurrezteko eta Eragimenez Erabiltzeko Estrategiaren 2008-2012 urteetarako Ekintza Planean (PAE4+) aurreikusitako jarduketak zehaztu eta abian jartzea.

Bestetik, Nafarroako Gobernuak, 2009ko martxoaren 2ko Erabakiaren bidez, laguntza horiek banakako ebaluazioaren araubidean ematea baimendu zuen, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Etxetresna elektrikoetarako 2010eko Renove Plana" izeneko diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. Deialdiaren ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 620.000 euroko gastua baimentzea, 2010eko gastuen aurrekontuetako "Energia aurrezteko eta eragimenez erabiltzeko jarduketak" izeneko 810003 81140 7800 425200 kontu-sailaren kargura. Kopurua handitzen ahalko da, aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2010eko ekainaren 16an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

ERANSKINA

"Etxetresna elektrikoetarako 2010eko Renove Plana" izeneko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Diru-laguntza honen onura publikoko xedea da etxeetako energia elektrikoaren kontsumoa murriztea, hozkailu, izozkailu, hozkailu konbinatu (konbiak), ikuzgailu, ontzi garbigailu, gaineko sukalde eta lehorgailuak energia kalifikaziorik handieneko ekipamenduengatik ordezkatuz.

2. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen erosketak eta laguntzen zenbatekoa.

1. Diru-laguntza emanen da, adierazten den zenbatekoaren araberakoa, honako etxetresna elektriko hauek erosteko, betiere mota bereko tresna zahar batengatik ordezkatu eta hondakin gisa behar bezala kudeatzen badira (Renove Plana):

a) A++ energia motako hozkailu eta konbiak: 125 euro.

b) A++ energia motako izozkailuak: 125 euro.

c) A+ energia motako hozkailu eta konbiak: 105 euro.

d) A+ energia motako izozkailuak: 105 euro.

e) A energia motako, A garbiketa eraginkortasuneko eta gehienez ere 0,170 kWh/kg-ko energia kontsumoko garbigailuak, eta A energia motako eta A garbiketa eraginkortasuneko garbigailu termoeraginkorrak (ur beroko eta ur hotzeko hargune banakoa): 105 euro.

f) Erabateko indukziozko gaineko sukaldeak (ohiko gaineko sukalde elektrikoarengatik edo bitrozeramikarengatik ordezkatzea badakarte): 105 euro.

g) A energia motako, A garbiketa eraginkortasuneko eta gehienez ere 0,98 kWh zikloko ontzi-garbigailuak, eta A energia motako eta A energia eraginkortasuneko ontzi-garbigailu termoeraginkorrak: 105 euro.

h) A energia motako lehorgailuak: 105 euro.

A energia motako lehorgailuen kasuan salbu, diruz lagundutako tresna Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuaren (IDAE) datu basean jaso beharko da, dagokion energia kalifikazioa adierazita; datu basea www.idae.es web orrian dago eskuragarri.

2. Diruz lagunduko da, soilik, pertsona eta etxebizitza bakoitzeko, oinarri arautzaile honen 1. atalean adierazitako modalitate eta mota bakoitzeko tresna bat.

3. oinarria. Onuradunak.

Onuradun izan ahal izateko, betekizun hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisikoa eta adinez nagusia izatea, eta Nafarroan edukitzea bizilekua. Baldintzak betetzen direla frogatzeko, NANaren kopia aurkeztu beharko dute eta, NANean adierazten ez bada bizilekua Nafarroan dutela, Nafarroan 2010eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik bizi dela egiaztatzen duen erroldaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute.

b) Banketxe batean kontua izatea. Zenbakia saltokiari jakinaraziko zaio.

c) Etxetresna elektrikoak nork berak erabiltzea eta norberaren etxean paratzea.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak. Aipatutako betekizunen betetzea eskabide orriko erantzukizuneko aitorpenaren bidez egiaztatuko da.

4. oinarria. Erakunde laguntzaileak: baldintzak eta atxikipen prozedura.

1. "Etxetresna elektrikoetarako 2010eko Renove Plana" diru-laguntzen kudeaketan erakunde laguntzaile izaten ahalko dira Nafarroako saltoki batean txikizkako merkataritzan diharduten pertsona fisiko edo juridikoak, betiere Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko baldintzak betetzen badituzte.

Plan horri atxikitzeko eskaeraren bidez, aipatu foru legean ezarritako eskubide eta betebeharrak bereganatuko dira, baita laguntza hauen ondoriozkoak ere; horretarako, Nafarroako Gobernuaren web orriko laguntza fitxan eskura daitekeen inprimakia erabiliko da.

2. Organo eskudunak, erakunde laguntzaile izateko baldintzak bete direla egiaztatutakoan, planari atxikitzeko eskaera onartu dela jakinaraziko dio interesdunari, eta identifikazio kode bat esleituko dio, diru-laguntzaren eskaerak tramitatzeko gaituko duena.

Deialdi edo kanpaina jakin bati lehen aldiz atxikitzen zaizkionean esleituko zaie interesdunei erakunde laguntzaile gisa jarduteko identifikazio kodea, eta hura bera izanen da Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak kudeatzen dituen hurrengo diru-laguntzetan. Entitate horiek departamentu honetako diru-laguntzak kudeatzeko erakunde laguntzaileen erregistroan sartuko dira.

5. oinarria. Eskaerak egiteko epea.

Diru-laguntzak eskatzeko epea 2010eko uztailaren 1ean hasi eta 2010eko abenduaren 1ean amaituko da. Ez dira onartuko epe horren hasierako data baino lehenagoko fakturak.

6. oinarria. Jarduteko prozedura.

Diru-laguntza eskatzen dutenek eta erakunde laguntzaileek prozedura honekin bat jardun beharko dute:

1. Eroslea erakunde laguntzaile batera joanen da eta 2. oinarrian adierazitako etxetresna elektrikoren bat aukeratuko du. Horretarako, "Erakunde laguntzaileen zerrenda" kontsultatzen ahal du, Nafarroako Gobernuaren web orriko laguntza fitxan.

Diru-laguntzaren eskaera tramitatzeko, erosleak 3. oinarrian aipatzen diren agiriak utzi beharko ditu erakunde laguntzailearen esku.

2. Erakunde laguntzaileak, egiaztatu eta gero erosleak diru-laguntzaren onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen dituela, eskaera aplikazio informatikoan erregistratu eta ale bitan inprimatuko du, eskatzaileak kopia bat sina dezan; beste kopia eskatzaileari emanen dio.

Saltzaileak ondasunaren prezioa osorik kobratuko du eta haren instalatzearen erantzukizuna hartuko du, baita ordeztutako tresna hartu eta birziklatzearena ere.

3. Orobat, diru-laguntzarako eskubidea frogatzeko erosleari eskatutako dokumentazioaren kargu eginen da erakunde laguntzailea. Eragiketa bakoitzeko espedientean dokumentazio hau sartuko da, gutxienez ere:

a) Diru-laguntza eskaera.

b) NANaren fotokopia eta, behar izatera, errolda agiria.

c) Fakturaren kopia, datu hauek jaso beharko dituena: ekipamenduaren eroslea eta prezioa, mota, marka, modeloa eta energia kategoria.

d) Ordeztutako elementua kudeatzaile baimenduari eman zaiola frogatzen duen agiria.

e) Erakunde laguntzaileak beharrezkotzat jotzen duena, eragiketa bakoitza hobeki kontrolatzeko.

7. oinarria. Banakako ebaluazioa.

Diru-laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, harik eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Horretarako, erakunde laguntzaileak noiz erregistratzen duen eskaera kudeaketako informatika aplikazioan, orduan erabakiko da eskaeren aurkezpen ordena.

8. oinarria. Diru-laguntzak ematea.

1. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatu eta emakida proposamena zein diru-laguntza ordaintzekoa organo eskudunari igorriko dizkio. Ebazpen proposamen horretan aipatuko da onuradunek betetzen dituztela eskatutako baldintzak.

2. Eskaeretakoren batek ez baditu betetzen aipatutako betekizunak, horren berri eman beharko zaio erakunde laguntzaileari, interesdunei jakinaraz diezaien. Halaber, ohartaraziko da eskaera 15 eguneko epean zuzendu ezean eskatzaileak atzera egin duela ulertuko dela.

3. Enpresako zuzendari nagusiak izanen du laguntzak eman eta ordaintzeari buruz edo, hala bada, horiek ezeztatzeari buruz ebazteko eskumena. Ebazpena eman eta Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratzeko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpenik argitaratzen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

9. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren xede diren ondasunak faktura dataren ondoko 3 urteetan eduki eta erabiltzea.

b) Ordeztutako tresnak saltokiari ematea, tresna berria jaso baino lehenago edo une horretan berean, baina inola ere 2010eko uztailaren 1a baino lehen.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan oro har ezarritakoak.

2. Diru-laguntza jasotzeko eskaera sinatzeak berarekin dakar Administrazioak egiaztatu ahal izatea eskatzaileak emakida zein ordainketa ebazpenaren proposamena egitean zerga betebeharrak eguneratuak dituela.

3. Onuradunak baldintzaren bat betetzen ez badu, diru-laguntza itzuli beharko du, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

10. oinarria. Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.

Organo kudeatzaileak deialdi honen babesean emandako diru-laguntzen jarraipen eta kontrol jarduketak eginen ditu, onuradunek eta erakunde laguntzaileek deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko.

11. oinarria. Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo bestelako erakunde publiko edo pribatuek emandakoekin.

12. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira emandako diru-laguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza aurrekontuko zein programari eta kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1010397