79. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1564/2010 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, merkatari gazteek lehenbiziko saltokiak irekitzeko laguntzen deialdia onesten duena (Merkatari Gazteen Plana).

Gobernuak hainbat neurri hartu ditu ekonomia bizkortuz enplegua sortzeko, hala nola krisiaren aurkako neurriak sendotzea 2010erako, 2010eko gastu publikoa optimizatu eta kontrolatzea, eta Nafarroa 2012 Plana bultzatzea.

2010erako ezarritako krisiaren aurkako neurrien artean badago bat, txikizkako merkataritza proiektu berria ezartzeko edo txikizkako saltokian aurrekoen lekukoa hartzeko (merkataritza ehuna hondatzea eragotziz) proiektua duten merkatari gazteei berariaz laguntzeko dena. Horretarako, 575.000 euroko funtsak gorde dira.

Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak ekainaren 12an emandako 195/2008 Foru Aginduaren bidez, txikizkako saltokiak modernizatzeko diru-laguntzaren araubidea ezarri zen 2008-2011 aldirako.

Araubide horrek lehentasunezko merkataritza proiektutzat jotzen zuen, besteak beste, erretiroaren edo nahitaezko uztearen ondorioz gertatzen den familia enpresaren oinordetza. Deialdi honen bidez, alde batetik, ekainaren 12ko 195/2008 Foru Aginduan ezarritako laguntzaren babesa eta indarra sendotu nahi dira txikizkako saltokian ordezteko proiektua duten merkatari gazteentzat eta, beste aldetik, txikizkako saltokirako proiektu berria sustatu nahi duten merkatari gazteei hasierako babesa eman nahi zaie.

Nafarroako Gobernuak, 2010eko maiatzaren 31ko erabakiaren bidez, laguntza horiek banakako ebaluazio araubidean banatzeko baimena eman zuen, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Merkatari gazteek lehenbiziko saltokiak irekitzeko laguntzen deialdia onestea (Merkatari Gazteen Plana).

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arauemaileak, ebazpen honen eranskinean jasotakoak, onestea.

3. Ebazpenaren ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 575.000 euroko gastua onestea, 2010eko gastuen aurrekontuetako "Krisiaren kontrako neurriak. Merkatari Gazteen Plana" izeneko 850002 81400 4709 431402 kontu-sailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2010eko ekainaren 9an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

ERANSKINA

Merkatari gazteek lehenbiziko saltokiak irekitzeko laguntzen deialdia arautzen duten oinarriak (Merkatari Gazteen Plana)

1. oinarria. Xedea.

Deialdi honen xedea da txikizkako saltokian belaunaldien aldaketa egiteko proiektua duten (ahal den neurrian, merkataritza ehuna hondatzea eragotziz) edo txikizkako merkataritza proiektu berria ezarri nahi duten merkatari gazteek lehenbiziko saltokiak irekitzen laguntzeko neurria arautzea.

2. oinarria. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntzen onuradunak izaten ahalko dira pertsona fisikoak eta, laguntzaren eskabidea aurkezten den unean, honako baldintzak betetzen dituzten kideak dituzten txikizkako merkataritza enpresak:

a) 18 urte edo gehiago izatea eta 40 urte baino gutxiago. Emantzipazioa adinez nagusi izatearen baliokide da.

b) Abiarazten den edo eskualdaketaren bidez eskuratzen den negozioaren jarduera nagusia Ekonomia jardueren 2009ko sailkapen nazionaleko (CNAE 2009) jarduera hauetako bati egokitzea, apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera: 4352 zenbakiko multzoko jarduerak (artekariak eta katalogoak izan ezik) eta 4711 eta 4779 zenbakiko multzoen artekoek (biak barne) biltzen dituztenak.

c) Enpresa txiki edo ertaina izateko baldintza betetzea, Europako Batzordeak 2008ko abuztuaren 6an eman 800/2008 EE Erregelamenduaren I. eranskineko definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra).

d) Nafarroan aurretik txikizkako merkataritza jarduerarik garatu ez izana.

e) Txikizkako saltokia Nafarroako udalerrietako bateko hiri bilbean egotea.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez egotea. Hori betetzen dela egiaztatuko da eskabide-orriko erantzukizuneko aitorpenaren bidez.

Zerga arloko eginbeharrak eta, kasua bada, Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, eskabidean interesdunari jakinaraziko zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak begiratzeko, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean.

3. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz laguntzen ahalko dira honako gastu hauek: txikizkako saltoki berria ireki eta abiarazteko 2010eko apirilaren 1etik 2010eko abenduaren 10era bitartean (biak barne) egindakoak edo lehendik dagoen txikizkako saltokia eskualdatzeko eta lanean jarraitzeko behar direnak. Ondorio horietarako, gastua egin den eguna fakturatzen den eguna izanen da.

Honako hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak, zehazki:

a) Notariotza eta erregistroko gastuak, lehenbiziko saltokitik ondorioztatutakoak.

b) Txikizkako merkataritza jarduera abiarazteko behar diren finantza, aholkularitza eta prestakuntza gastuak.

c) Txikizkako merkataritza jarduera abiarazteko behar diren baimen eta lizentzia gastuak.

d) Alokairu kontratuaren gastua eta lehenbiziko saltokiaren gastutzat hartutakoak.

e) Negozioa benetan sortzeko edota eskualdatzeko eta proiektu berrira egokitzeko behar direnak, irekitzeko eta abiarazteko gastuak barne.

f) Ez dira diruz lagunduko inbertsiotzat jotzen diren gastuak.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa hori jasotzeko eskubidea ematen duten gastuen zenbatekoaren %50ekoa izanen da, eta eskatzaile bakoitzari 5.000 euro emanen zaizkio gehienez.

4. oinarria. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2010eko abenduaren 10ean bukatuko da, egun hori barne.

2. Eskabideak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren Erregistroan (Tomás Caballero parkea, 1, 31005 - Iruña) aurkezten ahal dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehen orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agertu ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

3. Eskabidea jarraian adierazten diren lekuetan eskuratzen ahal den formularioaren araberakoa izanen da: Nafarroako Gobernuaren ataria (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/temas/5/Comercio/Comercio-interior) eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroa (Iruñeko Tomás Caballero parkea, 1, 31005 - Iruña). Horrekin batera, hurrengo dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia.

b) Saltoki berria sortuz edo, titularraren nahitaezko uztearen edo erretiroaren ondorioz, lehendik dagoen saltoki bat iraunaraziz txikizkako merkataritza jarduera garatzeko memoria teknikoa. Honako hauek bilduko ditu:

-Abiapuntuko egoeraren edo, hala bada, merkataritza jardueraren hasierako egoeraren azalpena, negozioaren ideia berrirako lortu nahi diren helburuak eta horiek lortzeko beharrezkoak diren ekintzen gauzatze faseak jasoko dituena.

-Merkataritza jarduera garatzeko behar diren inbertsioaren, prestakuntzaren, aholkularitzaren, antolaketaren eta beste edozein neurriren azterketa.

e) "Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea" jatorrizko inprimakia, inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada. Inprimaki hori Nafarroako Gobernuaren atarian eskuratzen ahal da: (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/temas/5/Comercio/Comercio-interior).

4. 2010eko apirilaren 1etik 2010eko ekainaren 15era bitartean (biak barne) egin diren gastuei dagokienez, hurrengo dokumentazioa ere aurkeztuko da:

a) Aldi horretan egindako gastuen zerrenda baloratua eta zehaztua.

b) 3. oinarrian ezarritako gastuen fakturen edo ordainagirien fotokopiak eta haiei dagozkien banku ordainagiriak, adibidez agiriak, letrak eta bankuko zordunketak. Nolanahi ere, dokumentazioa diru-laguntza eskatu duen pertsonaren izenean egon beharko da.

5. 2010eko ekainaren 16tik 2010eko abenduaren 10era bitartean (biak barne) egitea aurreikusten diren gastuei dagokienez, hurrengo dokumentazioa ere aurkeztuko da:

a) Aldi horretan egin beharreko balizko gastuen zerrenda baloratua eta zehaztua.

b) Aurrekontuak, proformako fakturak edo aurreikusitako gastuak zenbatzeko aukera ematen duen bestelako dokumentazioa.

5. oinarria. Diru-laguntza eman eta ordaintzea.

1. Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez emanen da. Eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

2. Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak aztertuko ditu eskaerak eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko du. Enpresako zuzendari nagusiari ebazpen proposamena eta, hala denean, ordainketa proposamena bidaliko dizkio, onuradunek diru-laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten adierazita.

Ebazpena bi hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaerak administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi direla ulertuko da.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

6. oinarria. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak egin ondoren, onuradunek egindako gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte eta, horretarako, jarraian adierazten diren lekuetan eskuratzen ahal den formularioa erabiliko dute: Nafarroako Gobernuaren ataria (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/temas/5/Comercio/Comercio-interior) eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroa (Iruñeko Tomás Caballero parkea, 1, 31005 - Iruña). Horrekin batera, hurrengo dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Egindako gastuen zerrenda baloratua eta zehaztua.

b) 3. oinarrian ezarritako gastuen fakturen edo ordainagirien fotokopiak eta haiei dagozkien banku ordainagiriak, adibidez agiriak, letrak eta bankuko zordunketak. Nolanahi ere, dokumentazioa diru-laguntza eskatu duen pertsonaren izenean egon beharko da.

2. Egindako gastuen justifikazioa 4. oinarrian aipatzen diren tokietan eginen da, epe hauetan:

a) 2010eko apirilaren 1etik 2010eko ekainaren 15era bitartean (biak barne) egindako gastuei dagokienez, justifikazioa diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztuko da.

b) 2010eko ekainaren 16tik 2010eko abenduaren 10era bitartean (biak barne) egiten diren gastuei dagokienez, justifikazioa 2010eko abenduaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da.

7. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko du.

Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena epealdi hauetan emanen da:

a) 2010eko apirilaren 1etik 2010eko ekainaren 15era bitartean (biak barne) egin diren gastuei dagokienez, ordainketa diru-laguntzaren emakidarekin batera eginen da.

b) 2010eko ekainaren 15tik 2010eko abenduaren 10era bitartean (biak barne) egiten diren gastuei dagokienez, ordainketa 6. oinarrian aipatutako frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren eginen da.

8. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

2. Oinarri arauemaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Arauak ez betetzeagatik diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

9. oinarria. Diru-laguntzen bateragarritasuna eta "de minimis" diru-laguntzen izaera.

1. Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko zein pribatuen eta nazioko zein nazioarteko norbanakoen beste diru-laguntza batzuekin.

Aurrekoa gorabehera, jarduera bera egiteko emandako diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, diru-laguntza horiek banaka nahiz batera harturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

2. Diru-laguntza hauek "de minimis" laguntzak dira, abenduaren 15eko 1998/2006/EE Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (EEAO L 379, 2006ko abenduaren 2koa).

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da hiru zergaldiko edozein denboralditan.

Horretarako, interesdunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak adieraztera, eskabide-orrian (4. atala).

10. oinarria. Oinarri arauemaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

11. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1010391