79. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

167/2010 EBAZPENA, ekainaren 8koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, "Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntzen 2010-2011 ikasturteko deialdia" egiten duena.

Arte Ikasketen Ataleko buruak txosten bat aurkeztu du, eta bertan proposatu du onets eta argitara dadila "Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntzen 2010-2011 ikasturteko deialdia".

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa kontuan harturik.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, hauxe

EBATZI DUT:

1. "Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntzen 2010-2011 ikasturteko deialdia", ebazpen honen eranskinean ageri dena, onestea.

2. 1.800 euroko gehieneko gastua onestea, Nafarroako 2010eko Aurrekontu Orokorren 430001 43010 4809 322500 kontu-sailaren ("Musikako irakasleen eta ikasleen hobekuntzarako laguntzak") kargura.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

5. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Arte Ikasketen Atalari eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2010eko ekainaren 8an.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.

ERANSKINA

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleen nazioarteko mugikortasunerako laguntzen 2010-2011 ikasturteko deialdia

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honetako laguntzek Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan gaur egun goi mailako ikasketak egiten ari diren ikasleen nazioarteko mugikortasuna bultzatzen dute, eta mugikortasun programetan parte hartzeagatik jasotzen dituzten laguntzak osatzen dituzte. Laguntzen xedea da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko musikarien gaitasunak hobetzen eta trebetasunak garatzen laguntzea, horretarako diru ekarpen bat eginez, onuradunek halako programetan parte hartzeagatik izaten duten gastua murrizteko.

2. Laguntzen izaera.

Laguntzak onuradunei ordainduko zaizkie zuzenean.

Laguntza hauek ez dute zerikusirik Europako Hezkuntza Programen erakunde autonomoak eta Hezkuntza Ministerioak ematen dituztenekin, ez eta beste erakunde zein entitate publiko edo pribatu batzuek ematen ahal dituztenekin ere.

3. Laguntzen onuradunak.

Honako hauek eska ditzakete laguntzak:

a) Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan 2010/2011 ikasturtean goi mailako ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleak, baldin eta laguntzaren xede den espezialitatea egiten ari badira, 6. oinarrian azaltzen diren baldintzak betetzen badituzte.

b) Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko "Erasmus" mugikortasun programan sartutako ikasleak.

4. Laguntzen zenbatekoa.

Arte Ikasketen Atalak zehaztuko du laguntza bakoitzaren behin betiko zenbatekoa, horretarako kontuan hartuz erabilgarri dagoen kreditu osoa, laguntza zein hilabetetarako eskatzen den eta baldintzak beterik eskaera egiten duten ikasleen kopurua. Bestalde, ikasle bakoitzak, hilero, gehienez 200 euroko laguntza jaso dezakeela ezartzen da.

5. Laguntzen iraupena.

Laguntzak hiru hilabeterako izanen dira gutxienez eta bederatzirako gehienez.

6. Eskatzaileen betebeharrak.

a) Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan matrikulatuta egotea 2010-2011 ikasturtean.

b) Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko "Erasmus" nazioarteko mugikortasun programan sartuta egotea.

c) Gutxienez ere hiru hilabetekoa izanen den trukea egitea 2010eko irailaren 1etik 2011ko abuztuaren 31ra bitarte.

d) Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.

7. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskaerak eta agiriak aurkezteko epea 2010eko abuztuaren 25etik irailaren 15era artekoa izanen da, biak barne.

Laguntzaren eskabidea eta dokumentazioa Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aipaturiko bulegoetako edozeinetan.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko Legearen 76. artikuluan xedatutakoarekin bat, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, eskatzaileari egindako akatsen berri emanen zaio, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Horrela egin ezean, artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.

8. Dokumentazioa.

a) Laguntzaren eskabidea, inprimaki normalizatuan eginen dena eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko bulegoan eskuragarri egonen dena.

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo, nazionalitate espainiarra ez dutenen kasuan, atzerritarrak identifikatzeko zenbakiarena.

c) Betebeharren a) eta b) atalak frogatzeko agiri ofiziala.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituela azaltzen duen erantzukizuneko aitorpena. Eskabide-orria sinatuz egiaztatuko da aitorpen hori.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskariaren inprimakia; eskatzaileak laguntza jasotzeko kontua zein bankutan duen (kontuaren titularra izan behar du), banku horrek beteko du inprimakia. Inprimaki hori http://www.navarra.es orriko inprimaki orokorren multzotik har daiteke.

9. Laguntzak emateko prozedura.

Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa egiteko organo eskuduna Arte Ikasketen Atala da, zeinak eskaerak ebaluatuko baititu eta ebazpen proposamena Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari igorriko baitio.

10. Laguntzak emateko irizpideak.

Onartzen den eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoa esleituko zaio, kontuan hartuta egonaldiaren hilabete kopurua, deialdian guztira erabilgarri dagoen dirua eta 4. oinarrian ezarri den hilabeteko gehieneko zenbatekoa.

11. Ebazpena.

Laguntzak Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman edo ukatuko dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean. Behin betiko ebazpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoari jarraikiz.

12. Onuradunen betebeharrak.

Laguntza aldia bukatu eta bi hilabeteko epean gehienez, laguntzaren xede izan den atzerriko egonaldia egin dutela frogatu beharko dute onuradunek. Horretarako, destinoko ikastetxearen ziurtagiri bat aurkeztuko dute, non hasierako eta bukaerako egunak agertuko baitira.

Agiri hori Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketen Atalari zuzenduko zaio, eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Erregistroan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetako batean aurkeztuko da.

13. Uko egiteak.

Laguntzari uko eginez gero, horren berri emanen zaio Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketen Atalari, eta itzuli egin beharko da jasotako dirua.

14. Ez-betetzeak.

Arrazoi hauetako bat gertatzen denean galduko da laguntza:

a) Egonaldia ez egitea edo egonaldia egin dela frogatzen duen ziurtagiria ez aurkeztea. Halakoetan, laguntzaren zenbateko guztia itzuli beharko da.

b) Egonaldia epea amaitu baino lehen etetea. Halakorik gertatuz gero, egonaldian benetan egindako hilabeteen arabera eskatuko da dirua itzultzea. Onuradunak egonaldia etetearen arrazoiak azaldu eta, beharrezkoa bada, justifika ditzake, horretarako Arte Ikasketen Atalera idazki bat igorriz, azaldutakoa kontuan har dadin.

Nolanahi ere, itzuli beharreko diruari dagozkion berandutza korrituak gehituko zaizkio.

15. Laguntzaren ordainketa.

Deialdia ebatzi eta hilabete geroago, gutxi gorabehera, jasoko dute laguntzaren zenbatekoa onuradunek.

Ordainketa hori aurrerakintzat joko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Ordainketa egiteko ezinbestekoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimena ematea, onartutako betebeharrei erantzuteko dauden funts likidoak ikusita, horixe ezartzen baitu aipatu den legearen 33.5 artikuluak.

16. Laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira izaera bereko beste laguntza batzuekin. Hala ere, ezin izanen dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua bakarrik edo beste erakunde, entitate publiko edo pribatu batzuek jarduera berdinerako ematen dituzten beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin batuta. Kasu horretan, soberakina itzuliko da.

17. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen-prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

18. Errekurtsoak.

Oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

ESKABIDE-ORRIA

IZEN-DEITURAK

DEIALDIA

NAN / AIZ

2010 / 2011

HELBIDEA (kalea, plaza, zenbakia, solairua)

P. K.

HERRIA

PROBINTZIA

TELEFONO ZK.

SAKELAKO TELEFONO ZK.

HELBIDE ELEKTRONIKOA

Laguntzaren ordainketa egiteko kontu zenbakia (onuradunak kontuaren titularra izan behar du)

ENTITATEA

SUKURTSALA

KONTROL DIGITUAK

KONTU ZENBAKIA

DESTINOKO IKASTETXEA:

HERRIA:

HASIERAKO EGUNA:

HERRIALDEA:

BUKAERAKO EGUNA:

Honako agiri hauek erantsi dira (x bat jarri dagokion tokian):

[ ] NANaren edo AIZren fotokopia (bi aldeetatik).

[ ] Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ikasketak egiten ari dela frogatzeko ziurtagiria.

[ ] Mugikortasuneko programa batean parte hartzen ari dela frogatzeko ziurtagiria.

[ ] Transferentzia bidez ordaintzeko eskariaren inprimakia, behar bezala betea.

Ohar garrantzitsua: laguntza jasotzen duenak, laguntza aldia bukatu eta bi hilabeteko epean gehienez, destinoko ikastetxearen ziurtagiria aurkeztu behar du, non laguntzaren xede izan den atzerriko egonaldiaren hasierako eta bukaerako egunak agertuko baitira. (Deialdiaren 12. oinarria)

Behean sinatzen duenak:

-Erantzukizunez aitortzen du Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrak betetzen dituela: zergei buruzko betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak eguneratuak izatea edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko akordioa lortu duela, eta beste batzuk.

-Deiadi honetako arauak ezagutu eta onartzen ditu, aurreko datuak egiazkoak direla adierazten du eta laguntza eman dakiola eskatzen.


Iruñean, 20......(e)ko .....................aren ..............(e)(a)n.

(Eskatzailearen sinadura)

F1010294

Iragarkiaren kodea: F1010294