79. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

212/2010 FORU AGINDUA, ekainaren 17koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, Nafarroan ekonomia sustatzeko laguntzen aldi baterako araubidea onesten duena 2010erako.

2009ko apirilaren 7an, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean Batzordearen honako komunikazio hau argitaratu zen: "Estatuko laguntzei aplikatzen ahal zaien aldi baterako esparrua, gaur egungo krisi ekonomiko eta finantzarioaren unean finantziazioa lortzen laguntzeko" (2009/C 83/01).

Halaber, Batzordeak Espainiako laguntza araubidea baimendu zuen; araubide hori oinarritzen da aldi baterako esparru horretan zenbateko mugatuko laguntza bateragarriei buruz ezarritako xedapenetan (Estatuko N307/2009 laguntza) eta indarra izanen du 2010eko abenduaren 31ra arte.

Araubide horretan ezarritakoa garatzeko asmoz, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 22ko 287/2009 Foru Agindua onetsi zen. Agindu horrek Nafarroan ekonomia sustatzeko laguntzen aldi baterako araubidea ezarri zuen.

Gaur egun, foru agindu horrek indarra hartu zuenetik eskuratu den esperientziari esker, enpresa onuradunen jarduerak zehaztu eta horiek lanpostu finkoak sortzea nagusitu beharra ikusi da. Era berean, eta inbertsioen finantzaketa errazteko asmoz, beste laguntza mota bat ezarri da, inbertsio maileguei abalak ematea dakarrena. Horregatik, egokitzat jo da beste foru agindu bat onestea, Nafarroan ekonomia sustatzeko laguntzak 2010erako arautzen dituena; horren ondorioz, ekainaren 22ko 287/2009 Foru Agindua indargabetuko da.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua.-Xedea.

Laguntza hauen xedea Nafarroako industria ehunaren lehiakortasuna handitzea da, horrela gaur egungo krisi ekonomiko eta finantzariotik indartuta irteteko.

2. artikulua.-Enpresa onuradunak.

1. Laguntza hauek jaso ditzakete Nafarroan kokatuta dauden eta jarduera hauetakoren batean aritzen diren enpresek:

a) Erauzketa industriak, manufaktura industriak eta informaziokoak eta komunikazioetakoak, Ekonomia jardueren sailkapen nazionaleko (CNAE 2009) B, C eta J sailetan sartuak, nekazaritzako elikagaien industriak izan ezik.

b) Hondakinak tratatu eta deuseztatzea; balorizazioa eta kutsadura kentzeko jarduerak eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (CNAE-2009: E saileko 38.2, 38.3 eta 39).

c) Garraioaren antolaketan aritzen diren enpresek egindako logistika jarduerak (CNAE-2009: H saileko 52.10, 52.24 eta 52.29).

d) Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk (CNAE-2009: M saileko 71.12 eta 71.20).

e) Ikerketa eta garapena (CNAE-2009: M saileko 72).

f) Diseinu espezializatuko jarduerak (CNAE-2009: M saileko 74,10).

2. Gainera, enpresek baldintza hauek beteko dituzte:

a) 2008ko uztailaren 1ean krisian ez egotea. Ondorio horietarako, "enpresa krisian" dagoela esanen da honako kasu hauetan:

-Enpresa handien kasuan, krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko jarraibideen 2.1 puntuan ezarritako definizioarekin bat heldu direnak (C 244 AO, 2004ko urriaren 1ekoa).

-ETEen kasuan, Batzordeak abuztuaren 6an emandako 800/2008 (EE) Erregelamenduaren 1.7 artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituztenak. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra) (L 214 AO, 2008ko abuztuaren 9koa).

b) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren debekuetako bakarrik ere ez dutela frogatzea, 2. ataleko b) eta e) letretan aipatutakoak izan ezik, onuradunen ezaugarri bereziengatik salbuesten baitira. Horretarako, eskabidearen inprimakian sartu den erantzukizuneko aitorpena bete beharko dute enpresek.

3. artikulua.-Laguntzak lor ditzaketen proiektuak.

Laguntza hauek jasoko dituzte hurrengo ezaugarrietako baten bat betetzen duten proiektuek:

a) Enpresako Zuzendaritza Nagusiak adierazitakoaren arabera, Nafarroarako interes estrategikoa duten proiektuak. Hurrengo motetako batekoa izan beharko dira:

-Enpresa ezarpen berrietarako proiektuak: Ez dira lotuta egonen Nafarroan jarduera berean lan egiten duten beste enpresa batzuei.

-Berregituraketa edo enpresa krisiaren prozesu baten ondoriozko enpresa ekimenetarako proiektuak.

-Enpresa dibertsifikaziorako proiektuak, enpresan produktuaren, prozesuaren edo antolaketaren mailan funtsezko aldaketak dakartzatenak.

-Enpresa lankidetzarako proiektuak, egitura egonkorren sorreran irudikatzen direnak. Ez dira sartzen nazioartekotze proiektuak.

Nolanahi ere, betebehar hauek bete beharko dira:

-Enpresaren lehiakortasuna handitzea.

-Inguruan lana sortzeko gaitasuna.

b) 2007-2013 aldirako eskualde laguntzen mapan agertu ez den eremuko enpresa handiak handitzeko proiektuak (Batzordearen 2006ko abenduaren 20ko erabakia).

4. artikulua.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta horiek gauzatzeko epea.

1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak izanen dira aholkularitza estrategikoari, aktibo material eta ez-materialetako inbertsioari eta loturiko gastuei dagozkienak.

"Aholkularitza estrategiko"tzat jotzen dira inbertsio planetarako, teknologia gehikuntzarako, ekoizpen dibertsifikaziorako eta enpresa lankidetzarako gastuak.

"Aktibo materialak" industria nabeari, makinei, instalazioei eta ekoizpen jarduerari lotutako ekipoei dagozkienak dira.

"Aktibo ez-materialak" teknologia eskualdatzekoak dira, patenteetarako eskubideak, lizentziak eta know-how izenekoak eskuratuz horretarako.

"Loturiko gastuak" izanen dira proiektua egiteko behar diren guztiak, hala nola ingeniaritza, garraioa, instalazioa eta inbertsioen prestaketa.

2. Inbertsioak 2010ean abiarazi, eta 2011ko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko dira.

Hala ere, 2009ko deialdian behar besteko aurrekontua ez egoteagatik eskabidea ukatu zitzaien enpresek (2009ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 17koa) 2009an egindako inbertsioetarako laguntzak eskatzen ahalko dituzte berriro, foru agindu honen 2. artikuluan ezarri baldintzak betetzen badituzte.

5. artikulua.-Laguntza mota eta zenbatekoa.

1. Nafarroarako interes estrategikoa duten proiektuei dagokienez, enpresak honako laguntzetako bat aukeratuko du eskabidean:

a) Diru-laguntza: Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen %25.

Aholkularitza estrategikoari dagokion zatian, 60.000 eurora arteko aurrekontu tartean, diru-laguntza %50ekoa izanen da. Berregituraketa edo enpresa krisiaren prozesu baten ondoriozko enpresa berrien ekimenei dagokienez, aholkularitzaren 30.000 eurora arteko kostuak %80eko diru-laguntza izanen du. Enpresa berria oraindik eratu ez bada, enpresei aholku emateko eta enpresak sustatzeko helburua duen entitate baten bitartez eskatu eta ordainduko da laguntza.

b) Proiektua finantzatzen duen mailegua bermatzeko abala. Abalaren zenbatekoa inbertsioaren %75era artekoa izanen da, eta 1.500.000 euroko gehieneko muga izanen da. Abalaren gehieneko iraupena 10 urtekoa izanen da.

Laguntza mota honetarako, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak lankidetza hitzarmena sinatuko du (eredua Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orriko laguntza fitxan eskuratzen ahal da) laguntzaile aritu nahi duten Nafarroako finantza entitateekin. Finantza entitate horiek laguntzaren onuradun diren enpresei beharrezkoa den finantzaketa emanen diete.

Laguntza horiek bermatzeko, Departamentuak onuradunari bermeak eskatzen ahalko dizkio, abalatutako kopurua osorik edo hein batean estaltzen dutenak.

2. Enpresa handiek aurkezten dituzten gainerako proiektuei dagokienez, laguntzak diru-laguntza jaso dezaketen gastuen %10eko diru-laguntza hartuko du. Proiektua dela-eta, enpresak lanpostu finko berriak sortzen baditu plantilla osoa murriztu gabe, laguntza portzentaje hori hurrengo taulan ezarritakoaren arabera gehituko da:

LANPOSTU FINKOEN GEHIKUNTZA

LAGUNTZA PORTZENTAJE OSAGARRIA

5 - 10 lanpostu

5%

11 - 15 lanpostu

10%

16 lanpostu edo gehiago

15%

3. Edozein laguntza motaren zenbatekoa, diru-laguntza gordin gisa kalkulatutakoa, gehienez ere 500.000 eurokoa izanen da enpresa bakoitzeko.

6. artikulua.-Eskabideen aurkezpena eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskabideak aurkezteko epea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2010eko urriaren 31n bukatuko da, egun hori barne.

Eskabidea inbertsioak abiarazi baino lehen aurkeztu beharko da, foru agindu hau argitaratu baino lehen 2010ean abiarazi diren proiektuak eta, foru agindu honen 4.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, 2009an abiarazi direnak izan ezik. Kasu horietan, interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, foru agindu hau argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

2. Eskabideak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (helbidea: Tomás Caballero parkea, 1, 31005 Iruña), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, www.navarra.es web orriko laguntza fitxan lortzen ahal den ereduaren arabera.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehen orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agertu ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

3. Eskabidearekin batera jarduketaren memoria bat aurkeztuko da, www.navarra.es web orriko laguntza fitxan dagoen eredua erabiliz.

Memoria horretan enpresaren egoera finantzarioa frogatzen duten agiriak sartuko dira, bai eta 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera jasotako "de minimis" laguntzei eta aldi baterako esparruaren babesean jasotako laguntzei buruzko aitorpena ere, foru agindu honen 11. artikuluaren 2. idatz-zatian xedatutakoaren ondorioetarako.

4. Eskabidea osorik ez badago edo ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio zuzen dezala eta adieraziko zaio, ezarritako epean egin ezik, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da.

7. oinarria.-Laguntzak ematea.

1. Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskabideak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Foru agindu honetarako aurrekontuak agortzen badira, eskabideak ezetsi eginen dira.

2. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak aurkezturiko agiriak aztertuko ditu. Enpresari eskatzen ahalko dio komenigarritzat jotzen dituen datuak edo argibideak aurkez ditzala, behar bezala aztertu eta espedientea ebazteko. Horretarako, 15 egun balioduneko epea emanen zaio eta, gainera, adieraziko zaio eskatutakoa betetzen ez badu eskatutako laguntzak ukatzeko ebazpena emanen dela.

Eskabideak ebaluatu ondoren, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntzak kobratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

3. Laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresako zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 2 hilabetekoa izanen da, eskabidea aurkezten den egunetik hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. artikulua.-Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Laguntzaren xedea beterik, onuradunek egindako gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte, proiektua amaitzen denetik 6 hilabeteko gehieneko epean.

Horretarako, justifikazio inprimakia aurkeztu beharko dute, www.navarra.es web orriko laguntza fitxan eskuratzen ahal dena, foru agindu honen 6. artikuluan adierazten diren lekuetan. Horrekin batera, hurrengo agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Egindako inbertsioen fakturen zerrenda eta, horrekin batera, haien fotokopiak eta ordainagiriak. Zerrenda hori formatu elektronikoan ere eman beharko da (Excel kalkulu orria).

b) Inbertsioei buruzko kontabilitate dokumentuak.

c) Sozietateen eta Urteko Kontuen aitorpenak, itxitako azken bi ekitaldietakoak.

d) Enpresako plantillari buruzko dokumentuak eta, hala denean, inbertsioaren ondorioz sortu diren lanpostu berriei buruzkoak.

e) Diru-laguntzaren xede den gastuak obra burutzeko kostuaren kasuan 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu edo aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunen horniketa egiteko edo zerbitzuak emateko kasuetan 12.000 eurokoa gainditzen badu, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gastuak justifikatzeko inprimakian ageri den erantzukizuneko aitorpena betez horretarako.

Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, baldin eta diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez badaude edo gastua foru agindu hau argitaratu baino lehen egin bada.

9. artikulua.-Laguntzen ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak laguntzak inbertsioaren ondoriozko diru-laguntza gisa ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek laguntzak kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko du.

Abalen moduko laguntzei dagokienez, foru agindu honen 5. artikuluan aipatu diren finantza entitateekin sinaturiko lankidetza hitzarmenetan xedatutakoari jarraituko zaio.

10. artikulua.-Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntzaren xede izan diren inbertsioak egitea foru agindu honetan adierazi epeetan.

b) Laguntzak emateko ebazpenean enpresaren geroko bideragarritasuna eta onartutako funtsen aplikazio zuzena bermatzeko ezarritako baldintzak betetzea.

c) Diru-laguntza hauen xede den inbertsioa Nafarroan mantendu beharko da, kasuan kasuko jarduerari loturik eta enpresaren jabetzapean, gutxienez ere 5 urtez, inbertsio osoa burutzen denetik aurrera. Lurretan eta eraikinetan egindako inbertsioen kasuan, gutxieneko aldi hori 10 urtekoa izanen da.

d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Diru-laguntza eman edo ordaintzeko ebazpenetan, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala denean, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Emandako laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

11. artikulua.-Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.

1. Foru agindu honen xede diren laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz besteko administrazio publikoek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste diru-laguntza batzuekin.

2. Laguntza hauek ezin izanen dira metatu abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Erregelamenduan ageri diren kostu hautagarri beretarako laguntzekin. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.

Enpresak "de minimis" laguntza jaso badu "Estatuko laguntzei aplikatzen ahal zaien aldi baterako esparrua, gaur egungo krisi ekonomiko eta finantzarioaren unean finantziazioa lortzen laguntzeko" izenekoak indarra hartu baino lehen, aipatu den aldi baterako esparruaren 4.2 atalean ezarritako laguntzak eta jasotako "de minimis" laguntza batuta ezin izanen da 500.000 euroko zenbatekoa gainditu, 2008ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra arteko aldian.

Laguntzak beste laguntza bateragarri batzuekin metatzen ahalko dira edo finantziazio komunitarioaren beste bide batzuekin, baldin eta kategoria aplikagarrien arabera salbuesteko jarraibideetan edo erregelamenduetan ezarritako gehieneko laguntza mailak errespetatzen badira.

12. artikulua.-Emandako laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Xedapen gehigarria.-Gastua baimentzea.

Nafarroako Gobernuaren 2010eko maiatzaren 31ko erabakiaren bidez, 8.000.000 euroko gastua baimendu da foru agindu honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, hurrengo egutegiaren arabera: 3.000.000 euro 2011ko gastuen aurrekontuaren kontura eta 5.000.000 euro 2013ko gastuen aurrekontuaren kontura. Kontu-sailak honen baliokideak izanen dira: 2010eko gastuen aurrekontuko 830001 81120 7701 422208 kontu-saila: "Inbertsioaren ondoriozko itzuli beharrik gabeko diru-laguntza" (enpresei laguntzeko aldi baterako esparrua).

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzen duenean indargabetu eginen dira hemen xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, zehazki, ekainaren 22ko 287/2009 Foru Agindua, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, Nafarroan ekonomia sustatzeko laguntzen aldi baterako araubidea ezartzen duena.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea eta indarraldia.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra eta 2010eko abenduaren 31ra arte iraunen du, baldin eta Batzordeak "Aldi Baterako Esparrua" aplikatzeko epea luzatzea erabakitzen ez badu. Hala erabakitzen badu, indarraldia epe hori amaitu arte luzatuko da.

Iruñean, 2010eko ekainaren 17an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F1010754