79. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

37/2010 FORU DEKRETUA, ekainaren 14koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretua aldatzen duena.

Nafarroako Gobernuko lehendakariak, abuztuaren 16ko 12/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura finkatu zuen, haren barrenean izanik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua, zeinek baliatzen baititu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak nekazaritzaren, abeltzaintzaren, elikaduraren, landa garapenaren, ingurumenaren babesaren eta zainketaren eta baliabide hidrikoen arloetan bereganatutako eskumenak, bai eta indarreko xedapenetan emandako gainerako eskudantziak ere.

Abuztuaren 20ko 57/2007 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren oinarrizko egitura organikoa ezarri zuen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena barne.

Irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuaren bidez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Erakunde ordaintzailearen ziurtapenetarako unitatearen zenbait auditoriatan agerian gelditu da NBEUF-LGENF laguntzen kudeaketan esku hartzen duten unitate guztiak koordinatzeko unitate bat sortu beharra. Horregatik, beharrezkoa da Erakunde Ordaintzailea Koordinatzeko Atal bat sortzea. Unitate organikoak murriztea agindu zuen Nafarroako Gobernuaren 2009ko irailaren 21eko Erabakia betetzeko asmoz, horrek berarekin dakar bulego bat kentzea foru agindu baten bidez.

Unitate hori sortzeak 124/2007 Foru Dekretuaren zenbait alderdi aldatzea dakar, zaharkituak gelditu baitira, eta haren eginkizunak berriz banatzea.

Horiek horrela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko ekainaren 14an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuaren aldaketa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuaren 21., 22., 23., 25. eta 26. artikuluak aldatzen dira. Artikulu horiek, hemendik aurrera, testu hau izanen dute:

"21. artikulua. Informazio eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuaren eskumen-eremua.

Informazio eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu ondoko arlo hauetan:

-NBEF (Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa) Koordinazio Erakundearekiko harremanak, NBEUF eta LGENF funtsek ematen dituzten laguntzei dagokienez.

-2003ko irailaren 29ko 1782/2003 (EE) Erregelamenduak ezarritako Kudeaketa eta Kontrolerako Sistema Integratuaren koordinazioa.

-Erakunde ordaintzailearen kontabilitatea eta ordainketen exekuzioa.

-Erakunde ordaintzailearen zordunen, aurrerakinen eta bermeen erregistroa.

-Departamentuaren aurrekontuak kudeatzea.

-Azterlan ekonomikoak egitea.

-Nekazaritzako azterlanak eta estatistikak.

-Nekazaritzako baliabide naturalen inbentarioa eta ebaluazioa egitea.

-Nekazaritzako ikerketarako eta garapenerako jarduketak koordinatzea.

-Departamentuaren baliabide informatikoak eta informazio sistemak."

"22. artikulua:

22. artikuluari d) letra gehitu zaio:

d) Koordinazio Atala."

"23. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren Atalaren eskumen-eremua.

Kudeaketa Ekonomikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu ondoko arlo hauetan: aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea, foru aurrekontuen kontabilitatea, kudeaketa eta betearazpenaren informazioa, NBEUF eta LGENF funtsen eta Batasunaren gainerako funtsen kontura egindako ordainketen betearazpena, eta departamentuaren horniduren tramitazioa".

"25. artikulua. Nekazaritzako Baliabideak Ebaluatzeko Atalaren eskumen-eremua.

Nekazaritzako Baliabideak Ebaluatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu arlo hauetan: nekazaritzako baliabide naturalen inbentarioa eta haien ebaluazioa; lurzoruak ez hondatzeko eta babesteko azterlanak; Nafarroako sare metereologiko eta klimatikoa kudeatzea eta mantentzea Meteorologiako Estatuko Agentziarekin (AEMET) elkarlanean; Nekazaritzako Kontabilitate Sarea kudeatzea eta koordinatzea, Nekazaritzako Informazio Geografikorako sistema garatzea eta kudeatzea Departamentuaren gainerako atalekin koordinaturik, betiere SITNAren esparru orokorraren barruan; nekazaritzako eta ingurumeneko estatistikak egitea, koordinatzea eta hedatzea, eta nekazaritzako ikerketen koordinazioa eta Nekazaritzaren eta Elikaduraren Teknologia eta Ikerkuntzarako Institutu Nazionalarekiko harremanez arduratzea."

"Barne Kontrolerako Atala, 26. artikulua, Barne Auditoriako Atala izatera igaro da."

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuari artikulu bat erantsi zaio.

"25. bis artikulua. Koordinazio Atalaren eskumen-eremua.

Koordinazio Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu arlo hauetan: erakunde ordaintzailearen esparruan Europar Batasunaren esku jarri beharreko informazioaren bilketa koordinatzea, urteko kontua aurkeztea, kontuak likidatzeko prozedurak, eta laguntzak kudeatu eta kontrolatzeko alderdi horizontalak, laguntzak homogeneoki aplika daitezela sustatzeko, eta halaber, NBEUF eta LGENF funtsen kontabilitatea eta erakunde ordaintzailearen zordunen, aurrerakinen eta bermeen erregistroa."

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko ekainaren 14an.-Nafarroako Gobernuko lehenengo lehendakariordea, Javier Caballero Martínez.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F1010465