78. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

108/2010 FORU AGINDUA, ekainaren 1ekoa, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak emana, Milagroko Arau Subsidiarioak aldatzeko espedientea, bertako udalak sustatua, Montehondo II (AR-4) enpresa guneko industria eremua handitzeko, behin betiko onesten duena.

Milagroko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, behin betikoz onets dadin.

Ikusirik aurkeztutako agiriak eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena, bidezkoa da behin betiko onestea.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Behin betiko onestea Milagroko Arau Subsidiarioetako espedientea, bertako udalak sustatua, Montehondo II (AR-4) enpresa guneko industria eremua handitzeko, determinazio hauekin:

-Milagroko saihesbideko proiektuan mendebaldeko lotunea handitzeko behar den lurzorua aldaketaren eremuan sartuko da, trafikoaren gaineko 2010eko urtarrileko azterlanaren ildotik.

-Montehondo II sektorea urbanizatzeko proiektuak bide erreserba bat planteatu beharko du hego-ekialdeko muturrean, poligonoa Milagroko saihesbideko hegoaldeko lotunearekin konektatu ahal izateko, udal plan orokorrean hartzen den proposamenarekin bat.

-Urbanizazio proiektuak sektoreko (30.176 m²) berdeguneen gutxieneko erreserba segurtatuko du 85/95 Foru Dekretuak ezarritako baldintzetan.

-85/1995 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarrita daude sektoreko ekipamenduko lurzatietan eginen diren erabilerak.

2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute legezkotasuna kontrolatzea helburu duen egintza honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik edo, hala denean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Halaber, onetsitako hirigintza araudiaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau Milagroko Udalari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko ekainaren 1ean.-Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilaria, Amelia Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F1009744