1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
44/2010 FORU AGINDUA, ekainaren 23koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariak emana, Iruñerriko bidaiarien hiriko garraio erregularreko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2010eko ekainaren 29rako 0:00etatik 24:00ak bitarte dei eginiko lanuzte orokorra dela eta.
ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek lanuzte orokorrerako dei egin dute 2010eko ekainaren 29rako 0:00etatik 24:00ak bitarte. Deialdian adierazten da lanuzteak langileen eta Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko enpresa eta erakunde guztietako enplegatu publikoen jarduera eta eginkizun guztiak ukituko dituela, zer enpresa edo administrazioren mende dauden kontuan hartu gabe.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den lanuztea egiteko eskubidearekin batera, gizartearen oinarrizko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.
Bidaiari-garraioa oinarrizko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan askatasunez joan-etortzeko aitortzen den eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da funtsezko beste eskubide batzuk eta Konstituzioak babesten dituen ondasunak erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lan egiteko eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.
Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi du 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.
Hortaz, lanuzte orokorrerako deia dela-eta, bidaiari-garraioaren zerbitzua ezin da osorik gelditu, izan ere, gizarteko beste sektore batzuetan kalte eginen bailuke, langileen, ikasleen eta garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, gizartearen interes orokorrei eginen litzaizkiekeen gainerako kalte larri guztiez gainera, eta ez da ahantzi behar lanuzterako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela.
Horretaz gain, funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Erregearen Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu horretan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.f) eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Horrenbestez, foru agindu honen xedea Iruñerriko bidaiarien hiriko garraio erregularreko gutxieneko zerbitzuak ezartzea da, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek 2010eko maiatzaren 29rako 0:00etatik 24:00ak bitarte dei eginiko lanuzte orokorra dela eta.
Garraio zerbitzuaren titularra denak, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, ekainaren 23ko 252/2010 Ebazpenaren bidez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari proposatu dio gutxieneko zerbitzuak ezartzeko. Ebazpen horrek aipatu garraio zerbitzuaren inguruabar baloratzen ditu; espedientean jasota dago eta Garraioaren Alorreko zuzendariak egin txostenean xedatzen dira. Daturik esanguratsuenak jarraian azaltzen dira.
Eskualdeko hiriko garraioa Iruñeriko 19 udalarrik osatzen duten eremu batean ematen da. Bertako bizilagunak Nafarroako erdiak baino gehixeago dira eta bertan daude ospitale nagusiak eta bi unibertsitateak. Herri eta lantoki horiek guztiek joan-etorri asko sortzen dituzte egunero. Horietariko asko hiriko garraio publikoaren bidez gauzatzen dira.
Iruñerrian hiriko bestelako garraio kolektiborik ez dago (metrorik, aldiriko trenik, tranbiarik eta abarrik)eskualdeko hiriko garraioan egunero egiten diren joan-etorriak konpontzeko. Hori oso kontuan hartzekoa da, lanuzte honen funtsezko zerbitzuak finkatzerakoan.
Pentsatzekoa denez, taxi zerbitzua ez da alternatiba bat, haren prezioa ez baita konparatzen ahal hiriko garraioarenarekin eta haien gaitasuna, bistan denez, ez da aski izaten diren joan-etorri jendetsuetarako (130.000 bidaiari lanegun batean, gutxi gorabehera).
Bestalde, kontuan izan behar da egunero egiten diren bidaietatik 89.000 garraiobide alternatiborik ez daukaten pertsonek egiten dituztela (nork bere autoan edo beste batenean) eta ondorioz, modu zuzenagoan jasango dituztela egun horretako lanuztearen ondorioak.
Halaber, erabiltzaileei eman beharreko argibide egokiak kontuan hartu behar dira edo, berdin dena, zehazten den zerbitzu mailak erabat ikusgai izan behar du.
Hiriko garraioaren erabilera horren gaineko informazioaren mende dago. Izan ere, egiazko eskaintza balizko eskaintza txikiago bihurtzen ahal da, informazio eskuragarriaren arabera.
Hori bereziki garrantzitsua da gutxieneko zerbitzuak zehazterakoan, gutxi direnez, erabilitzailea "ezin daitekeelako geralekuan gelditu autobusaren zain" (maiztasun handiko zerbitzuetan ohiko portaera), ordu zehatz eta ezagunetan joan beharra dago eta. Horregatik, gutxieneko zerbitzutzat jotzen den portzentajeak linea bakoitzaren zentzuzko pasaera maiztasuna ekarri behar du eta haien gaineko informazioak ulergarri izan behar du.
Lehen esandakoa eta hiriko garraioak lanegunetan Iruñerrian duen eskaintza eta eskariaren ezaugarriak, Garraio Arloko zuzendariaren txostenean zehazten direnak, kontuan hartuz, Iruñerriko Mankomunitateak gutxieneko zerbitzuen proposamen hau egin du:
-Eguneko sarean, gutxineko zerbitzuen banaketa aldakorra proposatzen da, eskariarekin bat datorrena.
Prozedura hori gauzatu ahal izateko, denbora tarte hauek zehaztuko dituzte gutxieneko zerbitzuak puntako orduetan eta ordu lasaietan:
- Goizeko puntako ordua: 6:30etik 9:30era.
- Eguerdiko puntako ordua: 13:00etatik 15:30era.
- Arratsaldeko puntako ordua: 17:00etatik 20:30era.
- Ordu lasaiak gainerakoak izanen dira.
Bidaien %60 baino gehixeago nahitaezkoak direnez (lana, medikua etab.) eta puntako orduetan biltzen direnez, puntako orduko gutxieneko zerbitzua, ohiko zerbitzuaren portzentaje gisa definitua, neurri horretakoa izan beharko litzateke.
Portzentaje hori zehazteko zerbitzu eraginkor bihurtuko dugu, beharrezkoak direla 71 autobus finko eta erreserbarako autobus bat. Kontuan hartuz lanegun batean 118 autobus finko gehi erreserbarakoak izaten direla, definitu dugun funtsezko zerbitzua lanegun bateko zerbitzuaren %60 izanen da. Bestalde, beharrezkoak izanen dira errefortzuko ibilgailuen %60, 6 autobus, alegia.
Funtsezko zerbitzu hau jaiegunetakoa bezalakoa da 14 lineatan (1, 7, 8, 9, 10, 13, 14, 16, 18, 19, 20, 21, 22, eta 23 zenbakietakoetan), 4 lineatan jaiegunetakoa baino txikiagoa da (3, 5, 6, eta 11 zenbakietakoetan) eta 4 lineatan zertxobait handiagoa da (2, 4, 12, 15, eta 17 zenbakietakoetan).
Ordu lasaietako gutxienekoa ezartzeko, ordu lasaiaren eta puntako orduaren arteko erlazioa hartzen da kontuan, eta puntako orduan ezarritako gutxienekoei aplikatzen zaie. Horrela izanen litzateke: 6.618/10.549 bidaiari-ordua=puntako orduaren %62,7. Erlazio hori puntako orduko gutxienekoari aplikatuta ondokoa ateratzen da: %62,7x%60=%37,6.
Portzentaje hori zerbitzu operatiboari aplikatuta, 47 autobus finko eta erreserbako autobus 1 beharko lirateke, hau da, laneguneko zerbitzuaren %40. Kasu honetan ez dago errefortzuko autobusik.
Hortik ateratzen dira %60ko gutxieneko zerbitzuak puntako orduetan (6:30-9:30, 13:00-15:30 eta 17:00-20:30), %40koak ordu lasaietan (9:30-13:00, 15:30-17:00 eta 20:30-22:30), lanegunetako ohiko zerbitzua erreferentzia hartuta. Portzentaje horiek bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko dira.
Puntako ordutik ordu lasaira pasatzen den uneetan (9:30, 15:30 eta 20:30), autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo burualderaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik geratutakoan, biltokira itzuliko da.
-Gaueko sareak zerbitzu mugatua du berez, eta gehienetan 30 eta 60 minutu arteko pasatze tarteak ditu. Horregatik, Iruñerriko Mankomunitateak funtsezko zerbitzu hauek proposatu ditu:
gaueko linea bakoitzeko azken bidaia (joan-etorria) eginen da, eguneko azken bidaiak eginen direla bermatzeko.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2009ko uztailaren 24ko epaiaren bidez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren maiatzaren 11ko 45/2009 Foru Aginduaren aurka ezarritako administrazioarekiko auzi errekurtsoa ezetsi zuen -proposatutakoen antzeko gutxieneko zerbitzuak ezartzen zituen 2009ko maiatzaren 21erako deitutako lanuzte orokorrerako- uste delako "adierazitako portzentajeek ordeztu ezin diren zerbitzuen maila markatzen dutela; bestela, eragin larria izanen litzateke Iruñerriko hiriko garraioa bezain funtsezkoa den zerbitzuari lotutako komunitatearen interesetan".
Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldea, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari Lege Organikoaren 49.1.f) artikulua, Iruñerriko Mankomunitateak eta Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskurantzak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek 2010eko ekainaren 29rako, 0:00etatik 24:00ak arte, dei eginiko lanuzte orokorrak gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko ditu Iruñerriko bidaiarien hiriko garraio erregularrean:
-Eguneko sarean: %60 puntako orduetan (6:30-9:30, 13:00-15:30 eta 17:00-20:30), %40 ordu lasaietan (9:30-13:00, 15:30-17:00 eta 20:30-22:30), lanegunetako ohiko zerbitzua erreferentzia hartuta. Portzentaje horiek bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko dira, Iruñerriko Mankomunitateak egin duen proposamenean zehaztutako zerbitzuaren arabera, foru agindu honen eranskinean ikus daitekeen moduan.
Puntako ordutik ordu lasaira pasatzen den uneetan (9:30, 15:30 eta 20:30), autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo burualderaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik geratutakoan, biltokira itzuliko da.
-Gaueko sarean, gaueko linea bakoitzeko azken bidaia (joan-etorria) eginen da, eguneko azken bidaiak eginen direla bermatzeko.
2. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.
3. Aurreko ataletan xedaturikoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan dauden langileei aitortzen dizkien eskubideei.
4. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.
5. Foru agindu hau eta eranskina ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuei, Transports Ciutat Comtal, S.A.ri eta Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
6. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek administrazio bidea amaitzen du administrazio publikoentzat. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2010eko ekainaren 23an.-Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilaria, Laura Alba Cuadrado.
ERANSKINA Gutxieneko zerbitzuak 2010eko ekainaren 29rako |
LINEA | LANEGUNETAKO ZERBITZUA | Ordu lasaietako gutxieneko zerbitzua: %40 (9:30 - 13:00; 15:30 - 17:00; 20:30 - 22:30) | Puntako orduetako gutxieneko zerbitzua: %60 (6:30 - 9:30; 13:00 - 15:30; 17:00 - 20:30) |
Autobus finkoak | Pas. maizt. (min.) | Bidaia (min.) | Autobus kop. | Pas. maizt. (min.) | Bidaia (min.) | Autobus kop. | Pas. maizt. (min.) | Bidaia (min.) |
L-1 | 4 | 20 | 80 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 |
L-2 | 6 | 10 | 50-60 | 2 | 30 | 60 | 4 | 15 | 60 |
L-3 | 8 | 10 | 80 | 4 | 20 | 80 | 6 | 15 | 90 |
L-4 | 17 | 6 | 102 | 7 | 15 | 105 | 10 | 10 | 100 |
L-5 | 4 | 15 | 60 | 1 | 60 | 60 | 2 | 30 | 60 |
L-6 | 4 | 15 | 60 | 1 | 60 | 60 | 2 | 30 | 60 |
L-7 | 10 | 10 | 100 | 5 | 20 | 100 | 6 | 15 | 90 |
L-8 | 4 | 12 | 48 | 1 | 45 | 45 | 3 | 20 | 60 |
L-9 | 5 | 12 | 60 | 2 | 30 | 60 | 3 | 20 | 60 |
L-10 | 3 | 30 | 90 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 |
L-11 | 5 | 15 | 75 | 2 | 30 | 60 | 3 | 30 | 90 |
L-12 | 7 | 10 | 70 | 3 | 20 | 60 | 5 | 15 | 75 |
L-13 | 1 | 60 | 60 | 0 | 0 | 0 | 1 | 60 | 60 |
L-14 | 2 | 15 | 30 | 1 | 30 | 30 | 1 | 30 | 30 |
L-15 | 3 | 20 | 60 | 1 | 60 | 60 | 2 | 30 | 60 |
L-16 | 9 | 12 | 96 | 3 | 30 | 90 | 5 | 20 | 100 |
L-17 | 4 | 20 | 80 | 1 | 60 | 60 | 3 | 30 | 90 |
L-18 | 8 | 12 | 96 | 5 | 20 | 100 | 6 | 15 | 90 |
L-19 | 5 | 15 | 75 | 2 | 30 | 60 | 3 | 20 | 60 |
L-20 | 2 | 20 | 40 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 |
L-21 | 2 | 30 | 60 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
L-22 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 |
L-23 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 |
L-24 | 1 | 30 | 60 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
Erreserbak | 2 | | | 1 | | | 1 | | |
Guztira | 118 | | | 47 | | | 71 | | |
%100 | | | %40 | | | %60 | | |
| | | | | | | | | |
Errefortzuak | 10 | | | 0 | | | 6 | | |
F1010957 |
Iragarkiaren kodea: F1010957