Iragarkia
78. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 28a
3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRA
JUS/1656/2010 Agindua, maiatzaren 31koa, Auzitegiko Medikuen Kidego Nazionalean sarrera irekiko sistema orokorraren bidez sartzeko hautapen prozesua deitzen duena
Hurrenez hurren 2009ko eta 2010eko lan publikoaren eskaintzak onetsi dituzten otsailaren 27ko 248/2009 Errege Dekretuan (martxoaren 3ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) eta martxoaren 31ko 406/2010 Errege Dekretuan (apirilaren 1eko Estatuko Aldizkari Ofiziala) xedatutakoa betez, Justizia Administrazioan behar diren langileen lanpostuak betetzeko,
Ministerio honek, abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak (Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatu duenak) eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide sustapenari buruzko Erregelamendua onesten duen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuak emandako eskumenak erabiliz, maiatzaren 5eko JUS/1294/2010 Aginduarekin bat (maiatzaren 19ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), bertan ezartzen baitira oinarri orokorrak Botere Judizialari buruzko 6/1985 Lege Organikoaren VI. liburuan aipatzen diren Justizia Administrazioko funtzionarioen kidegoetan sartzeko hautapen prozesuak arautzeko, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena eman ondoren, Auzitegiko Medikuen Kidego Nazionalean sartzeko hautapen prozesurako deialdia egitea erabaki du.
Deialdi honetan kontuan hartuko dira, lana eskuratzeari dagokionez, emakumeen eta gizonen arteko tratu berdintasunaren printzipioa, Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluarekin bat etorriz; Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legea, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, eta Ministroen Kontseiluak 2005eko martxoaren 4an hartutako erabakia, Estatuko Administrazio Orokorreko Genero Berdintasunerako Plana onesten duena. Deialdia oinarri orokor hauei jarraituz bideratuko da:
OINARRI OROKORRAK
Deialdi hau arautuko duten oinarri orokorrak maiatzaren 5eko JUS/1294/2010 Aginduan ezarritakoak dira (maiatzaren 19ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
BERARIAZKO OINARRIAK
1.-Lanpostuen deskripzioa.
1.1. Sarrera irekiko hautapen prozesua deitu da martxoaren 31ko 406/2010 Errege Dekretuaren III. eranskinean, "Justizia", (apirilaren 1eko Estatuko Aldizkari Ofiziala) jasotzen diren 55 lanpostu betetzeko eta otsailaren 27ko 248/2009 Errege Dekretuaren I. eranskinean, "Justizia Administrazioko langileak", (martxoaren 3ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) jasotzen diren 34 lanpostu betetzeko. Lanpostu guztiak dira Auzitegiko Medikuen Kidego Nazionalerako eta oposizio sistema arruntaren bidez beteko dira, lurralde banaketa honekin:
LURRALDE | SISTEMA | DESGAITASUNA |
Andaluzia | 12 | 1 |
Kanariak | 4 | - |
Katalunia | 9 | 1 |
Valentziako Erk. | 7 | 1 |
Galizia | 7 | - |
Nafarroa | 5 | - |
Euskal Autonomia Erkidegoa | 2 | - |
Penintsulako gainerakoak eta Balearrak | 6 | - |
1.2. Deitutako plaza guztietatik 3 gordeko dira, 1.1. puntuan emandako lurralde banaketarekin, legez %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortuta duten pertsonentzat, baldin eta frogatzen badute desgaitasun gradu hori dutela eta Auzitegiko Medikuen Kidegoari dagozkion eginkizunekin bateragarria dela, eta hautapen probak gainditzen badituzte. %33tik gorako elbarritasuna duten pertsonatzat joko dira, abenduaren 1eko 1414/2006 Errege Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, abenduaren 2ko 51/2003 Legearen ondorioetarako, ezintasun iraunkor osoko, absolutuko edo baliaezintasun handiko pentsioa aitorturik duten Gizarte Segurantzako pentsiodunak, eta ezintasun iraunkorragatiko edo desgaitasunagatiko erretiro pentsioa aitorturik duten klase pasiboetako pentsiodunak.
Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako lanposturen bat bete gabe geratzen bada, ez zaie gehituko sarrera orokorreko lanpostuei.
Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako lanpostuak eskatzen dituzten izangaiek ezin izanen dute parte hartu sistema orokorreko gainerako lanpostuak eskuratzeko.
1.3. Izangaiek soilik parte har dezakete lurralde eremu bakarrean eta, gaindituz gero, nahitaez hartuko dute destinoa lurralde eremu horretan. Lurralde eremu batean bete gabe geratzen diren lanpostuak ezin izanen zaizkie metatu beste lurralde eremu bateko lanpostuei.
1.4. Deialdiaren oinarri hauek aldi berean argitaratuko dira "Estatuko Aldizkari Ofizialean" eta lanpostuak eskaini diren autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan. Baina aldi berean argitaratu ezin badira, agindu honetan ezarritako mugaegunak eta epeak "Estatuko Aldizkari Ofizialeko" argitalpen egunetik aurrera zenbatuko dira.
2.-Hautapen prozesua.
2.1. Hautapen prozesua oposizio sistemaren bidez eginen da. Ariketak, balorazioak eta puntuazioak I-A) eranskinean zehaztuta daude.
2.2. Hautapen prozesuaren barruan, hautapen ikastaro teoriko-praktikoa ere gainditu beharko da, Ikasketa Juridikoen Zentroan edo izangaiak aurkezten diren autonomia erkidegoko zentro, institutu edo prestakuntza zerbitzuetan edo lanlekuan. Oposizioa gainditu duten izangaiak praktiketako funtzionario izendatuko ditu Justizia Ministerioak, ikastaroa egin dezaten. Izangai horiek ez dira izanen deialdiko lanpostuak baino gehiago.
2.3. Hautapen prozesuaren amaierako kalifikazioa kalkulatzeko, fase guztietan lortutako azken puntuazioak batuko dira: oposizioaldikoa eta hautapen ikastarokoa.
2.4. Berdinketa izanez gero, honela ezarriko da puntuazio ordena: oposizioaldia lehenetsiko da; bigarrenik hautapen ikastaroa. Berdinketak irauten badu, oposizioaldiko bigarren ariketako nota lehenetsiko da. Hala ere berdinketak irauten badu, lehen deiturako 1. letra lehenetsiko da, "J" letratik hasita.
3.-Programa.
Oposizioaldian indarra izanen duen programa maiatzaren 5eko JUS/1295/2010 Aginduan dago (maiatzaren 19ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
4.-Titulazioa eta parte hartzeko beste baldintza batzuk.
Hautapen prozesu honetan parte hartzeko, Oinarri Orokorren zazpigarren oinarrian adierazitako baldintza guztiak bete behar dira. Gainera, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean medikuntzako lizentzia edo baliokidea eduki behar da, edo lortzeko moduan egon. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko Zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei (89/48/EEK Zuzentaraua).
5.-Eskabideak.
5.1. Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Justizia Administrazioko hautaprobetan onartua izateko eta azterketa egiteko eskubidearen tasak likidatzeko eskabidearen eredu ofiziala (790 eredua) bete beharko dute. Inprimaki hori autokopiakoa da eta goialdean "Justizia Ministerioa, Justizia Administrazioko hautaprobetan onartua izateko eskaera eta azterketa tasaren likidazioa" izenburua du. Eredua gaztelaniaz eta autonomia erkidegoetako beste hizkuntza ofizialetan eskuratzen ahalko da. Eredua dohainik banatuko da Justizia Ministerioan, justizia auzitegi nagusietan, entzutegi probintzialetan, Justizia Ministerioaren lurraldeetako gerentzietan, lanpostuak eskaintzen dituzten autonomia erkidegoetako organo eskudunetan, Lehendakaritza Ministerioko Informazio Administratiborako Zentroan eta Gobernuaren ordezkaritza eta ordezkariordetzetan. Eskabidearen eredua www.Mjusticia.es webgunetik ere jaitsi ahal izanen da.
5.2. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak Justiziako estatu idazkariari zuzenduko zaizkio. Eskabidea ezarritako epean eta moduan aurkezten ez bada izangaia baztertu eginen da.
5.3. Eskabidea, dagokion tasa ordaindu eta gero, toki hauetan aurkeztu ahalko da:
a) Justizia Ministerioko Erregistro Orokorrean (Jacinto Benavente plaza, 3, 28071 Madril).
b) Estatuko Administrazio Orokorreko Gobernuaren ordezkaritzetako eta ordezkariordetzetako erregistroetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organo edo bulegoetako erregistroetan.
c) Erregistro Telematikoan, hots, www.Mjusticia.es webgunean, eta bertan ematen diren jarraibideak betez.
Eskabidea horrela aurkezten dutenek bide telematikotik ordaindu beharko dute azterketa egiteko tasa.
Oinarri orokorrei buruzko maiatzaren 5eko JUS/1294/2010 Aginduaren (maiatzaren 19ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) bederatzigarren oinarriko 6. puntuan xedatutakoarekin bat, tasa ordaindu beharretik salbuetsita dauden edo tasa murrizteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute ordaintzeko sistema hori erabili eta paperean aurkeztu beharko dute eskabidea, salbuespenerako edo murrizketarako eskubidea frogatzen duen agiriarekin batera, oinarri honetako a) edo b) ataletan adierazitako erregistroetako batean.
5.4. Azterketa-eskubideen tasaren ordainketa.
Azterketa-eskubideen tasa 28,44 eurokoa izanen da eta oinarri orokorretako bederatzigarren oinarrian azaldu bezala ordainduko da.
Oinarri orokorretako bederatzigarren oinarriko 6. puntuan azaltzen diren baldintzak betetzen dituzten izangaiak tasa ordaindu beharretik salbuetsita egonen dira. Baina salbuespen horretarako eskubidea dutela frogatu beharko dute, oinarri horretako laugarren atalean adierazitako dokumentazioa aurkeztuz.
5.5. Eskabidea betetzeko jarraibideak daude eskabidearen atzealdean, eta jarraibide berberak ageri dira III. eranskinean. Gainera, jarraibide berezi hauek bete behar dira:
1. "Azterketa egiteko probintzia" izeneko laukian izangaiek adierazi behar dute zein lurralde eremutan egin nahi duten azterketa eta, orduan, agindu honen 1.3. oinarrian ezarritako ondorioak beteko dira. Nolanahi ere, eskabidean ez bada zehazten azterketa zein lurralde eremutan eginen den, bizilekua dagoen lurraldea ofizioz ezarriko da behin betiko zerrendetan. Beraz, lurralde eremu horretan egin beharko da azterketa.
2. Desgaitasuna duten izangaientzat:
a) Desgaitasuna duten izangaiek, deialdi honen 1.2 oinarrian aipatutako horiek, desgaitasuna dutenentzat gordetako lanpostuetara aurkeztu nahi badute, hala adierazi beharko dute eskabidean horretarako dagoen laukian, eta, "deialdiaren oinarrien arabera jarri beharreko datuak" epigrafean, A laukian, denboraren eta baliabideen egokitzapenak eskatu ahalko dituzte ariketak egiteko, halakorik behar badute. Horrela epaimahaiak behar adina informazio izanen du ariketetan egokitzapenak egin ahal izateko.
b) Desgaitasuna duten izangaiek, desgaitasuna dutenentzat gordetako lanpostuetara aurkezten ez badira ere, denbora eta baliabideak egokitu beharra badute ariketak egiteko, hala adierazi beharko dute eskabidean, "egokitzapena eskatzen du" laukian X jarriz, eta, "deialdiaren oinarrien arabera jarri beharreko datuak" epigrafean, B) laukian, denboraren eta baliabideen egokitzapenak eskatu ahalko dituzte ariketak egiteko, halakorik behar badute.
3. Beren hizkuntza ofiziala duten autonomia erkidegoetan parte hartzen duten izangaiek bi sistemaren bidez frogatu ahal izanen dute hizkuntza hori dakitela:
a) Aukerako proba bat egitea. Horretarako, "Aukerako hizkuntza-proba" epigrafearen barneko "Egingo du" laukian X jarri beharko dute.
b) Agiri bidez frogatzea hizkuntza dakitela. Horretarako, "Agiri bidez frogatuko du" laukian X jarri beharko dute, eta garaia denean igorri beharko dituzte hizkuntza hori dakitela frogatzeko agiriak, agindu honetan adierazten den moduan.
Gehieneko puntuazioa lortzeko adinako ezagutza frogatu gabe duten oposiziogileek bi sistemak erabili ahalko dituzte batera, hau da, frogatuta daukaten hizkuntza-mailaren agiria aurkeztu, eta aukerako azterketa egin ahal izanen dute hurrengo hizkuntza-mailan. Horrelakoetan X jarri behar dute bi laukietan: "Agiri bidez frogatuko du" eta "Egingo du".
Era berean jokatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko foru zuzenbide zibilari buruzko ezagutzak baloratzeko, lauki egokiak markatuz.
6.-Epaimahaiak.
6.1. Justizia Ministerioko agintari eskudunak izendatuko du hautapen prozesu honetako kalifikazio epaimahaia. Gero, izendapen hori argitara emanen da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta lanpostuetarako deialdia egiten duten autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan, oinarri orokorretan ezarritakoa betez (hamaikagarren oinarriko 1. puntua eta hurrengoak).
6.2. Hautapen proba hauen kalifikazio epaimahaiko burua Auzitegiko Medikuen Kidegoko funtzionario bat izanen da, gutxienez 5 urteko antzinatasuna duena, eta beste hauek epaimahaikideak izanen dira: auzitegiko medikuntzako katedradun edo irakasle titular bat; karrera judizialeko kide bat (magistratuaren kategoria duena) edo fiskal bat; Auzitegiko Medikuen Kidegoko funtzionario bi; Toxikologiako Institutu Nazionaleko mediku bat; eta A taldeko funtzionario bat, lanpostua deitu den Justizia Administrazioko langileen esparruan eskumena duen autonomia erkidegokoa. Justizia Ministerioan lan egiten duen Estatuko Administrazio Orokorreko A taldeko funtzionario bat izanen da idazkaria.
Epaimahaiak lehen kategoria izanen du, zerbitzuarengatiko kalte-ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuaren IV. eranskinean aurreikusten direnetatik.
6.3. Epaimahaiak, Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluan xedaturikoarekin bat, bi sexuen artean aukera berdintasuna hertsiki betetzea bermatuko du.
6.4. Hautapen probei buruzko informazioa eskura egonen da Justizia Ministerioaren lurraldeetako gerentzietan, Justizia Ministerioan, Justiziako Estatu Idazkaritzan (San Bernardo kalea, 21, 902 007 214 telefonoa), Justizia Ministerioaren www.Mjusticia.es webgunean (lan publikoaren eskaintzak), Lehendakaritza Ministerioko Informazio Administratiborako Zentroan (060 telefonoa) eta lanpostuetarako deialdia egiten den autonomia erkidegoetako organo eskudunetan.
6.5. Komunikaziorako eta beste gorabeheretarako, kalifikazio epaimahaiaren egoitza hauxe izanen da: San Bernardo kalea, 21.zk. 28015, Madril. (telefonoa: 902007214).
7.-Hautapen prozesua nola eginen den.
7.1. Jarduteko hurrenkera.
Oposiziogileek jarduteko hurrenkera, lurralde eremu guztietan, alfabetoaren araberakoa izanen da, "J" letratik hasita, horrela baitago ezarrita Funtzio Publikorako Estatu Idazkaritzak 2010eko urtarrilaren 26an emandako ebazpenean (otsailaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
7.2. Hautapen prozesuaren iraupena.
Epaimahaiari entzun ondoren Justiziako Estatu Idazkaritzak ontzat emandako arrazoi objektiboren batengatik besterik erabaki ezean, hautapen prozesuak hamabi hilabete iraunen du gehienez, lehen ariketa egiten den egunetik hasi eta hautapenerako praktikaldia hasten den egunera arte.
7.3. Oposizioaldia.
I-A eranskinean zehaztutako ariketak egin behar dira, Madrilen. Lehen ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia Estatuko Aldizkari Ofizialean eta lanpostuak deitzen dituzten autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan emanen dira argitara.
Izangai onartuen eta baztertuen zerrenda behin betikoa bihurtzeko ebazpena argitaratu ondoko 30 egunetan eginen da oposizioaldiko lehen ariketa.
Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatzean, epaimahaiek Justizia Ministerioaren www.Mjusticia.es webgunean eta autonomia erkidegoetako webguneetan argitaratuko dituzte ariketa gainditzeko ezarririko gutxieneko puntuazioa lurralde eremu bakoitzean lortu duten oposiziogileen zerrendak, lortutako puntuazioekin batera, eta zerrendetan ageri direnei dei eginen diete hurrengo ariketa egin dezaten.
Zerrenda horietan ageri ez diren oposiziogileak ez gaitzat hartuko dira, eta hautaketa prozesutik kanpo geldituko.
Oposizioaldiko ariketa guztiak bukatzean, kalifikazio epaimahai bakarrak Ministerioaren webgunean emanen ditu argitara lurralde eremu bakoitzean oposizioa gainditu dutenen zerrenda; horien kopurua, hala ere, ezin da izan deitutako lanpostu kopurua baino handiagoa. Bere hizkuntza ofiziala duen autonomia erkidego batean parte hartzen duten oposiziogileek, hizkuntza horren ezagutza agiri bidez frogatuko dutela jaso badute eskabidean, hamar egun baliodunetan aurkeztu beharko dituzte frogagiriak kalifikazio epaimahaiaren egoitzan (agindu honetako 6.5. oinarrian zehaztu dena). Euskal Autonomia Erkidegoan parte hartzen duten oposiziogileek epe bera izanen dute, egoki bada, foru zuzenbide zibilaren ezagutzak frogatzen dituzten agiriak aurkezteko.
7.4. Haurdunaldiko arriskua eta erditzea.
Haurdunaldiko arriskuaren edo erditzearen ondorioz izangairen batek hautapen prozesua bukatzerik ez badu eta inguruabar hori behar bezala frogatzen badu, baldintzapeko egoeran geratuko da, prozesua bukatzeko eta geroratutako faseak gainditzeko zain. Epaimahaiak aintzat hartuko du geroratze horrek ez diola kalterik egin behar gainerako izangaiek prozesua zentzuzko epean ebazteko duten eskubideari. Nolanahi ere, geroratutako faseak egin beharko dira hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratu baino lehen.
7.5. Autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialen eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru zuzenbide zibilaren edo zuzenbide zibil bereziaren ezagutza baloratzea.
Oposizioaldia bukaturik, gaztelaniaz gain beste hizkuntza ofizial bat daukaten autonomia erkidegoetan aurkeztu eta probak gainditu dituztenen zerrendako izangaiei dei eginen zaie aukerako ariketa egin dezaten, hizkuntza hori dakitela frogatzeko, eskabidean hala eskatu bazuten. Ariketa hori ez da baztergarria izanen. Orduan, kasuan kasuko kalifikazio epaimahaiak hizkuntzaren jakite maila frogatzen duten agiriak baloratuko ditu, jakite hori agirien bidez frogatu nahi izan duten oposiziogileek behar den epearen barruan aurkeztutakoak.
Oposiziogileren batek, 5.3. oinarrian xedatutako moduan, bi sistemak aukeratzen baditu, bi puntuazioetatik handiena emanen zaio, baina inoiz ez dira bi puntuazioak batuko.
Azterketan eta ziurtagirietan lorturiko puntuak deialdi honetako (I-B eranskina) baremoaren arabera doituko dira eta bakarrik kasuan kasuko autonomia erkidegoko postuak banatzeko izanen ditu ondorioak.
Era berean jokatuko da eta ondorio berak sortuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko foru zuzenbide zibilari edo zuzenbide zibil bereziari buruzko ezagutzak baloratzean.
7.6. Agiriak aurkeztea eta praktiketako funtzionarioen izendapena.
7.6.1. Oposizioaldia amaituta, epaimahaiek proposamena bidaliko diote Justizia Ministerioko agintari eskudunari, lurralde eremu bakoitzean prozesua gainditu duten izangaien zerrendarekin. Zerrendako izangaien kopurua ez da izanen deialdian eskainitako lanpostuena baino handiagoa. Zerrenda hori argitara emanen da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta lanpostuetarako deialdia egiten den autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan; hurrenkera zenbakia ageriko da, eta halaber NANa, ariketa bakoitzean izandako puntuazioa, eta nahitaezko ariketetan guztira lortutako puntuazioa. Guztizko nota horren ondoan, baina bereiz eta hari batu gabe, autonomia erkidegoko gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialean izandako nota ere jasoko da hala behar denean; baita Euskal Autonomia Erkidegoko foru zuzenbide zibilari edo zuzenbide zibil bereziari buruzko ezagutzagatik lortutakoa ere, hala behar denean.
Desgaitasunak dituzten pertsonentzako erreserba kuporako aurkezturiko izangairen bat, ariketak gainditu bai, baina lanposturik lortu ezik, txanda orokorreko izangaiek baino puntu gehiago lortuz gero, txanda horretan sartuko da, puntuen hurrenkerari jarraikiz.
Hogei egun naturaleko epean, prozesua gainditu dutenen zerrenda Estatuko Aldizkari Ofizialean eta lanpostuetarako deialdia egiten den autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan argitaratzen den egunetik hasita, zerrenda horretan ageri diren izangaiek ondoko agiriak aurkeztuko dituzte Justizia Ministerioko Erregistro Orokorrean (Justiziako Estatu Idazkaritza, Jacinto Benavente plaza, 3, 28071 Madril), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatuta, 38. artikuluan ezartzen dituen bideetatik:
a) Nortasun agiri nazionalaren edo agiri baliokidearen bi fotokopia, baldin eta interesdunak ez badu baimena ematen berariaz, IV. eranskina aurkeztuz, hautapen prozesu honetako instrukzio organoak haren nortasun datuak kontsultatu eta egiaztatu ahal izan ditzan ofizioz.
b) Deialdian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo bestela, titulua lortzeko gainditu behar diren irakasgai guztiak gainditu izanaren ziurtagiri akademikoa, titulua jasotzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarekin batera.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.
c) Auzitegiko Medikuen Kidego Nazionaleko ohiko eginkizunetan aritzea galarazten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko osasun ziurtagiria, interesdunari dagokion Gizarte Segurantzako medikuntza orokorreko medikuak emana. Legez %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek Hezkuntza, Gizarte Politika eta Kirol Ministerioko organo eskudunen edo, hala badagokio, kasuan kasuko autonomia erkidegoaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute frogatzeko desgaitasun hori dutela eta gai direla Auzitegiko Medikuen Kidego Nazionaleko ohiko eginkizunetan aritzeko.
d) Zinpeko aitorpena, non izangaiak adieraziko baitu ez duela bateraezintasun arrazoirik, ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik diziplina bidean edo bide judizialean, eta administrazio publikoetako ezein kidegotatik diziplina prozedura baten bidez inoiz bereizi gabea dela, non eta birgaitzea lortu ez duen. (II. eranskina).
Zigor-aurrekariei buruzko ziurtagiria ofizioz aurkeztuko du Justiziako Estatu Idazkaritzak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 35. f) artikuluan ezarritakoarekin bat.
Aurreko atalean aipatutako dokumentuak aurkeztu ezina ongi frogatzen bada, zilegi da beste edozein bide erabiltzea, zuzenbidean onartzeko modukoa bada, deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko.
Funtzionario publikoak diren izangaiek ez dute aurkeztu beharko aurreko izendapenerako frogatu zituzten baldintza eta betekizunen frogagiririk. Haien gaineko ministerio edo erakundeak egindako ziurtagiria bakarrik aurkeztu beharko dute, funtzionarioak direla eta Auzitegiko Medikuen Kidego Nazionaleko funtzionario izendatzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu dadin.
Inork behar den epean delako dokumentazioa aurkezten ez badu, ezinbesteko arrazoiengatik ez bada, edo dokumentazioa aztertuta agertzen bada ez duela betetzen ezarri direnetako baldintzaren bat, ezin eginen zaio praktiketako funtzionarioaren izendapena eta baliogabetuko zaizkio jarduketak, hasierako eskaeran informazio faltsua jartzeagatik egozten ahal zaion erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.
Kasu horretan, edo izangairen batek uko eginez gero, betiere epaimahaiak deitutako lanpostu adina izangai proposatuta, Justizia Ministerioak azkeneko horri eskatuko dio proposatutako izangaien atzetik dauden izangaien zerrenda osagarria, deitutako lanpostu guztiak bete arte.
Orduan, zerrenda osagarri hori osatzen duten izangaiek oinarri honetan bertan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, Justizia Ministerioaren webgunean argitaratu eta bost egun balioduneko epean.
Ukitutako oposiziogileei, berezko hizkuntza ofiziala eta/edo foru zuzenbidea baloratzen duten lurralde eremuetan aurkezten direnei, dagokion aukerako probarako dei eginen zaie edo bere garaian aurkeztutako egiaztagiriaren puntuazioa gehituko zaie.
7.6.2. Izangaiek deialdi honetako laugarren oinarria eta oinarri orokorretako zazpigarrena betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Justizia Ministerioko agintari eskudunak ebazpena emanen du hautapen probak gainditu dituzten izangaiak praktiketako funtzionario izendatzeko eta hautapen ikastarora deitzeko. Ebazpena Justizia Ministerioko webgunean argitaratuko da.
7.7. Ikastaroa eta hautapenerako praktikaldia.
7.7.1. Praktiketako funtzionarioek hautapenerako praktikaldia eginen dute, Justizia Ministerioak eta lanpostuetarako deialdia egina duten autonomia erkidegoek lurralde eremu bakoitzean zehazten duten zentro, institutu edo lantokian.
Hautapen ikastaroa 8 hilekoa izanen da, eta bi fasetan eginen; lehen fasea, teoriko-praktikoa, Ikasketa Juridikoen Zentroan edo dagokion autonomia erkidegoko organo, zentro, institutu edo lantokian eginen da. Bigarren fasea, tutoretzapeko praktikak egitekoa, izangaiak parte hartzen duen lurralde eremuko Auzitegiko Medikuntzaren Institutuetan eginen da.
Ikastaroko lehen fasea, irakaskuntzakoa, kalifikatzeko Ikasketa Juridikoen Zentroaren edo dagokion autonomia erkidegoko organo, zentro, institutu edo lantokiaren erregelamenduan xedatutakoa beteko da. Gehienez 40 puntu lor daitezke. Bigarren fasea, tutoretzapeko praktikak egitekoa, amaitzen denean kalifikatuko da: "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanez.
Hautapen ikastaroa gainditzeko, gutxienez 20 puntu lortu behar dira lehenbiziko fasean eta "gai" kalifikazioa lortu behar da bigarrenean.
7.7.2. Ikastaroa amaitutakoan izangaiek lanean jarraituko dute praktiketako funtzionario gisa harik eta behin betiko karrerako funtzionario izendatzen dituzten arte.
Auzitegiko Medikuen Kidegoan bitarteko funtzionario gisa lan egiten duten izangaiek ez dute tutoretzapeko praktikarik egin beharko Auzitegiko Medikuntzaren Institutuetan, baldin eta azken bost urteetan hemezortzi hilabetetik gora egin badute lan kidego horretan. Praktikak "gai" kalifikazioarekin baliozkotuko zaizkie.
Ondorio horietarako bakar-bakarrik, 6.6.1. oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epearen azken egunera arte egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, eta bost urteko epea ere egun horretatik atzera zenbatuko da.
7.7.3. Praktiketako funtzionario guztiek abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 25. artikuluan jasotako eskubideak eta betebeharrak dituzte (2005eko abenduaren 27ko Estatuko Aldizkari Ofiziala, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide sustapenari buruzko Erregelamendua).
7.8. Karrerako funtzionarioen izendapena.
Praktikaldia amaiturik, eta bertan lortutako kalifikazioa jaso ondoren, hura gainditu eta betekizunak frogatu dituzten izangaiak karrerako funtzionario izendatuko dira agindu baten bidez. Agindu hori Estatuko Aldizkari Ofizialean eta eskumenak bereganatuak dituzten autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan argitaratuko da. Izendatutako funtzionarioak ez dira inola ere izanen lurralde eremu bakoitzean deialdian eskainitako lanpostuak baino gehiago.
Auzitegiko Medikuen Kidegoa nazio mailakoa dela kontuan hartuta, karrerako funtzionarioak izendatu behar direnean lurralde eremu bakoitzerako zerrenda bi osatuko dira. Zerrenda horietako batean hautapen prozesuko guztiendako faseetan eta nahitaezkoetan lortutako puntuazioak jasoko dira, eta bereziki jasoko da autonomia erkidegoko hizkuntza ofizialaren proban eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru zuzenbide zibilari eta zuzenbide zibil bereziari buruzko proban lortu den puntuazioa.
Berdinketa izanez gero, oposizioaldiko nota lehenetsiko da; berdinketak irauten badu, bigarren ariketan lortutako nota hartuko da aintzat; eta, azkenik, lehen deiturako lehen letra lehenetsiko da, "J" letratik hasita.
7.9. Oinarri orokorretako hamabosgarren oinarriaren 2. puntuan xedatutakoarekin bat, izendapenaren aurretik edo lanpostuaz jabetu baino lehen izangairen batek uko eginez gero, betiere epaimahaiak deitutako lanpostu adina izangai proposatuta, Justizia Ministerioak azkeneko horri eskatuko dio proposatutako izangaien atzetik dauden izangaien zerrenda osagarria, deitutako lanpostu guztiak bete arte.
Azkeneko kasuan, zerrenda osagarri horretako izangaiek, autonomia erkidegoko hizkuntzari buruzko azterketa edo balorazioa egin baino lehen, bidezkoa bada, eta eskatzen diren baldintzak bete direla frogatzeko agiriak aurkeztu ondoren, praktiketako funtzionario izendatuko dituzte eta eginen den hurrengo deialdian hautapen ikastaroa egin beharko dute.
8.-Azken araua.
Hautapen prozesu honi ondokoak aplikatuko zaizkio: abenduaren 23ko 19/2003 lege Organikoa, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena; abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretua (27ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide sustapenari buruzko erregelamendua onesten duena; martxoaren 31ko 406/2010 Errege Dekretua, 2010erako lan publikoaren eskaintza onartzen duena; maiatzaren 5eko JUS/1294/2010 Agindua (maiatzaren 19ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen kidego eta eskaletan sartzeko hautapen prozesuak arautzeko oinarri orokorrak ezartzen dituena; azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuta; eta deialdia egiten duen agindu honetan xedatutakoa.
Modu osagarrian, deialdian ezartzen ez den guztirako, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legean eta arloari buruzko indarreko gainerako arauetan xedatutakoa aplikatuko da.
Deialdi honen eta haren ondoriozko egintza administratiboen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke Justizia Ministerioari zuzendua, hilabeteko epean, deialdia argitaratzen denetik zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, bi hilabeteko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatuta, jurisdikzio organo eskudunari zuzendua. Horrela dago xedatuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean. Berraztertzeko errekurtsoa jarriz gero, ezin izanen da Administrazioarekiko auzi-errekurtsorik jarri harik eta berraztertzeko errekurtsoa berariaz ebatzi edo ustezko ezespena gertatu arte.
Halaber, Justiziako Estatu Idazkaritzak epaimahaiaren ebazpenak berrikusi ahal izanen ditu, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren arabera.
Madrilen, 2010eko maiatzaren 31n.-Justiziako ministroak eskuordeturik (Jus/3770/2008 Agindua, abenduaren 2koa), Justiziako estatu idazkaria, Juan Carlos Campo Moreno.
I-A ERANSKINA
Hautapen prozesuaren deskripzioa
Oposizioaldia
1.1. Oposizioan ariketa hauek eginen dira:
1.1.1. Lehenengo ariketa. Teorikoa, idatzizkoa eta baztertzailea. Programako lehen ataleko (lehen ariketa) gaiei buruzko test motako galdera-sorta erantzun behar da; guztira 150 galdera izanen dira eta bakoitzerako lau erantzun posible eman arren bakarra izanen da zuzena. Aipatutako programa maiatzaren 5eko JUS/1295/2010 Aginduaren (maiatzaren 19ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) I-A eranskinean zehazten da.
Kalifikazioa 0 eta 30 puntu bitartekoa izanen da.
Erantzun zuzen bakoitzeko 0,2 puntu emanen da; erantzun oker bakoitzeko 0,05 puntu kenduko da; erantzun gabeko galderengatik ez da punturik emanen.
Izangai bakoitzak lortutako puntuazioa bat etorriko da erantzun zuzenen kopuruarekin, erantzun okerrengatiko kenketa egin ondoren.
Aurkeztu den izangai kopurua eta horien ezagutza maila aintzat hartu ostean, epaimahaiak erabakiko du zein izanen den ariketa hau gainditzeko behar den gutxieneko puntu kopurua. Gero, erabakia argitara emanen du. Gutxieneko puntu kopuru hori lortzen ez duten oposiziogileek ez dute ariketa gaindituko eta ez zaie deituko oposizioko gainerako ariketak egiteko.
Ariketa egiteko bi ordu izanen dira.
1.1.2. Bigarren ariketa. Teorikoa, ahozkoa eta baztertzailea. Halabeharrez aukeratutako lau gai ahoz garatu behar dira epaimahaiaren aurrean. Programako bigarren atalekoen (bigarren ariketa) artean aukeratuko dira lau gai horiek, hurrengo gai edo gai-multzo bakoitzeko bat: auzitegi-patologiari buruzko gai bat; auzitegi-sexologiari eta jaioberriaren auzitegiko medikuntza eta kriminalistikari buruzko gai bat; auzitegi-tanatologiari buruzko gai bat eta auzitegi-psikiatriari buruzko gai bat.
Oposiziogileak gehienez hirurogei minutu izanen ditu lau gaiak garatzeko; beraz, gai bakoitza garatzeko ezin ditu hogei minutu baino gehiago eman.
Ariketa garatzen hasi baino lehen, oposiziogileak hamabost minutu izanen ditu gaiak prestatzeko. Nahi izanez gero eskema batzuk presta ditzake gero ahozko garapenean begien bistan edukitzeko, epaimahaiak emandako programarekin batera. Ezin du beste libururik, lege testurik edo idatzizko paperik kontsultatu.
Lehenengo gaiaren garapena amaitu ondoren epaimahaiak uste badu garapena ez dela behar bezain egokia izan, azterketa uzteko eska diezaioke oposiziogileari.
Gai guztien garapena amaitzean, epaimahaiak izangaiarekin elkarrizketa hasi dezake baina gehienez hamabost minutukoa. Denbora horretan zehar, epaimahaiko kideek eskatutako argibideei edo egindako oharrei erantzun beharko die izangaiak.
Saio bakoitza amaitzean, epaimahaiak ateak itxita erabakiko du, botoen gehiengoz, oposiziogile bakoitzak azterketa gainditu duen edo ez. Epaimahaiburuaren botoa kalitatezkoa izanen da. Dena den, epaimahaiak ezin ditu eztabaidatu gairen bat garatu gabe utzi duten oposiziogileen azterketak.
Epaimahaiko kide bakoitzak gehienez 10 puntu emanen dizkio, garatutako gai bakoitzeko, azterketa gainditu duen oposiziogileari. Puntuazioak batu eginen dira, handiena eta txikiena kenduta, eta ateratzen den batura hori kalifikazioa eman duten epaimahaikideen kopuruaz zatituko da. Zatidura izanen da kalifikazioa; eta lau gaietarako gehienez 40 puntu lortu ahal izanen dira.
1.1.3. Hirugarren ariketa. Praktikoa, idatzizkoa eta baztertzailea. Bi proba eginen dira: lehen proban auzitegiko txosten klinikoa idatzi behar da gaixo mental bati, lesionatu bati edo baliaezintasun baten balorazioari buruz, gaixoa hogeita hamar minutuz aztertu ondoren; horretarako gehienez ordubete izanen da. Bigarren proban txosten nekropsikoa idatzi behar da, eta horretarako gehienez bi ordu izanen dira.
Oposiziogileek bi probetako txostenak irakurri behar dituzte, jendaurrean, eta epaimahaiko kide bakoitzak aurreko atalean azaldu den metodologiaren arabera emanen diote ariketari kalifikazioa: gehienez 30 puntu eman ditzakete, proba bakoitzari 15.
Oposizioko hiru ariketak amaitu ostean, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda emanen du argitara. Hiru ariketetan puntu gehien lortu dutenetatik puntu gutxien lortu dutenetara ordenatuko ditu oposiziogileak, baina zerrendan ezin da egon eskainitako lanpostu kopurua baino gainditu gehiago.
I-B ERANSKINA
Autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialen
eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru zuzenbide zibilaren ezagutza ebaluatzea
1.-Autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialen ezagutza.
Bere hizkuntza ofiziala duen autonomia erkidego bateko lurralde eremuan parte hartzen duten oposiziogileei, baldin eta eskabidean aukera hori adierazi badute, dagokien autonomia erkidegoko hizkuntza ofizialaren ezagutza ebaluatuko zaie oposizioaldia eta lehiaketaldia amaitzen direnean eta gainditu ostean lanpostua lortu duten pertsonen zerrendak ezartzen direnean. Autonomia erkidegoko hizkuntza ofiziala dakitela frogatu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu dituzten frogagirien bidez edo ezagutza maila neurtzeko proba eginez.
Autonomia erkidegoko hizkuntza ofizialaren ezagutza baloratzeko puntuazioa soilik aplikatuko da autonomia erkidego horretako eremuan eta soilik izangaiak parte hartzen duen lurralde eremuan gainditu duen pertsona kopurua ezartzeko. Beraz, puntuazio hori nahitaezko ariketetan lortutakotik bereizi beharko da.
Gehienez 18 puntu emanen dira, izangaiak frogatu duen ezagutza mailaren eta ondoren ezartzen diren baloratzeko irizpideen arabera:
Autonomia erkidegoko hizkuntza baloratzeko irizpideak: Autonomia erkidegoko hizkuntzaren ezagutza baloratzeko honako irizpide hauek hartuko dira aintzat:
Kataluniako autonomia erkidegoan:
-B mailako ziurtagiria: sei puntu.
-C mailako ziurtagiria: hamabi puntu.
-D mailako ziurtagiria: hemezortzi puntu.
Hizkuntzaren ezagutza frogatzeko Hizkuntza Politikarako Idazkaritzaren ziurtagiriak aurkeztu behar dira, edo horren baliokideak, Kataluniako Generalitat-eko Lehendakaritza Departamentuaren uztailaren 21eko PRE 228/2004 Agindua betez.
Galiziako Autonomia Erkidegoan:
-Celga 4 ziurtagiria edo antzekoa: Sei puntu.
-Hizkuntza juridikoaren erdi mailako ikastaroa: hamabi puntu.
-Hizkuntza juridikoaren goi mailako ikastaroa: hemezortzi puntu.
Hizkuntzaren ezagutza frogatzeko Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiaren ziurtagiriak aurkeztu behar dira, edo horren baliokideak, Lehendakaritza, Herri Administrazio eta Justizia Conselleria-ren 2007ko uztailaren 16ko Agindua (2007-07-30eko DOG) eta 2005eko apirilaren 1eko Agindua (2005-04-14ko DOG) betez.
Nafarroako Foru Komunitatean:
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5. artikuluak zehazten dituen eremu euskaldunean eta eremu mistoan:
-Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A2 edo B1 mailaren ziurtagiria, edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan lau urrats gainditu izanarena: sei puntu.
-Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 mailaren ziurtagiria, edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan zortzi urrats gainditu izanarena: hamabi puntu.
-EGA titulua edo Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den beste tituluren bat izatea, edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan hamabi urrats gainditu izana: hemezortzi puntu.
Euskal Autonomia Erkidegoan:
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
-2. hizkuntz eskakizuna: sei puntu.
-3. hizkuntz eskakizuna: hamabi puntu.
-4. hizkuntz eskakizuna: hemezortzi puntu.
Valentziako autonomia erkidegoa:
-Oinarrizko valentziera mailaren ziurtagiria (mintzamena eta idazmena): sei puntu.
-Valentziera maila ertainaren ziurtagiria (mintzamena eta idazmena): hamabi puntu.
-Goiko valentziera mailaren ziurtagiria (mintzamena eta idazmena): hemezortzi puntu.
2.-Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide zibil bereziari edo foru zuzenbide zibilari buruzko ezagutzaren ebaluazioa.
Euskal Autonomia Erkidegoan aurkezten diren izangaiei, eskabidean hala eskatuz gero, aurreko atalean azaldutako moduan eta ondorio berberekin, Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide zibil bereziari eta foru zuzenbide zibilari buruzko ezagutzak ebaluatuko zaizkie. Sei puntu emanen dira atal honetan, betiere nahitaezko ariketetan lortutako puntuetatik bereizita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde eremuan lehentasun hurrenkera ezartzeko bakarrik balioko dute:
Baloratzeko irizpideak:
A) Ezagutzak agiri bidez frogatzea aukeratzen duten oposiziogileentzat, hauek izanen dira agiri baliodunak:
1. Zuzenbideko lizentziatura, eta horren barnean, irakasgai hauek:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibila eta Zuzenbide Zibil Autonomikoa.
I) DU, 1953ko Plana: 90 ordu.
II) DU, 1998ko Plana: 60 ordu.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibila 1
I. DU, 1993ko plana: 30 ordu.
2. Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibileko eta Zuzenbide Zibil Autonomikoko masterra: 540 ordu (54 kreditu).
3. Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibileko espezializazioaren diploma (aurrez aurreko eskolak): 220 ordu (22 kreditu).
4. Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Zibileko espezializazioaren diploma (on line): 210 ordu (21 kreditu).
5. Zuzenbideko doktoregoa: (Gutxienez 60 ordu: 6 kreditu).
a) Zuzenbideko doktore titulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko tesiarekin.
b) Zuzenbideko doktorego ikastaroak, Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibilari buruzkoak.
B) Azterketa egin nahi duten oposiziogileek test motako galdera-sorta bat bete beharko dute; guztira 40 galdera izanen ditu eta galdera bakoitzak lau erantzun izanen ditu eta bakarra izanen da zuzena.
Erantzun zuzenei puntu bana emanen zaie. Erantzun okerrei edo erantzun gabe utzi diren galderei ez zaie punturik emanen. Ariketa gainditzeko gutxienez 20 puntu lortu behar dira.
Galdera-sortan hurrengo gaiak jasoko dira:
Azterketako gaiak
1. Iturrien sistemari buruzko arau-esparrua: Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena Foru Zuzenbide Zibilaren arloan. Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko legeak. Foru Zuzenbidearen iturriak: Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibilaren iturrien sistema; zuzenbide osagarria. Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Zibileko legeen izaera.
2. Bizkaiko Foru Zibila. Lurralde eremua eta eremu pertsonala: Lur Laua eta hiribilduak. Bizkaitar forudunak eta bizkaitar forugabeak. Atzerritarren nazionalitatea eta auzotasuna Bizkaian.
3. Bizkaiko Foru Zibila. Tronkaletasuna, definizioa. Nahitaezko oinordetza. Senipartea eta senipartedunak. Testamentu bidezko oinordetza, Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibileko testamentu-formak.
4. Bizkaiko Foru Zibila. Ezkontzaren ondasun-eraentza. Ezarpena eta aldaketak. Lege araubide osagarria, eta hori zehazteko arauak. Foru-komunikazioa, sorrera, finkapena eta uztea.
5. Arabako Foru Zibila; lurralde eremua eta eremu pertsonala. Gipuzkoako Foru Zibila; lurralde eremua eta eremu pertsonal eta funtzionala.
II. ERANSKINA
.................. jaunak/andreak (helbidea: ................................................................; adina: ....................; nortasun agiri nazionalaren zenbakia: ..................) zin edo agindu egiten dut, Auzitegiko Medikuen Kidegoko funtzionario izenda nazaten, ez nautela inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi, ez nagoela desgaitua funtzio publikoetan aritzeko, eta ez dudala lege-xedapenetan ezarritako ezgaitasun edo bateraezintasun kausarik.
.................(e)n, ........(e)ko .............aren ..............(e)an.
Aitortzailea
III. ERANSKINA
Onartua izateko eskabidea betetzeko jarraibideak
Irakurri arreta handiz eta bete hurrengo jarraibideak. Jarraibideak bete ezean zure datuak oker gera daitezke gero dokumentu honen irakurketa elektronikoa egiteko.
Jarraibide orokorrak
-Idaztean erabili soilik boligrafo beltza edo urdina, eta idatzi zerbait gogor eta lauaren gainean.
-Datuak bete baino lehen aztertu ondo eskabideko "Karaktereen eredua", letrak, zenbakiak eta ikurrak ematen baitira bertan.
-Idatzi karaktereak (letrak, zenbakiak eta ikurrak) laukietan, "Karaktereen ereduan" adierazi bezala. Ez erabili ereduan agertzen ez den ikurrik.
-Lauki bakoitzean karaktere bakarra (letra, zenbakia edo ikurra) idatzi behar duzu. Ez idatzi inoiz laukiaren ertzen gainean. Ez idatzi ezer laukietatik kanpo.
-Ondo begiratu idaztean boligrafoak etenik gabeko marra uzten duela, eta datuak kopietan ere idazteko moduko indarraz idatzi.
-Zerbait oker jarri baduzu ez ezabatu edo zuzendu laukian bertan. Oker dagoen laukia bete edo gaineztatu osorik eta gero idatzi karaktere zuzena hurrengo laukian.
Laukia osorik beteta badago oker idatzitako karakterea baliorik gabe geratuko da. Ez ezabatu edo zuzendu ezer.
-Deiturak, izena, udalerria eta beste datu batzuk luzeegiak badira, saia zaitez ulertzeko moduan laburtzen. Ez laburtu lehen deitura. Erabilik soilik "Karaktereen ereduan" agertzen diren ikurrak.
-Etxebizitzari buruzko atala betetzean (13. laukia), beheko solairuan edo solairuartean badago, idatzi 0.
-Telefonoari buruzko atala betetzean (18. laukia) idatzi zenbakiak bakarrik; ez utzi lauki hutsik edo ez idatzi banaketa-ikurrik aurrezenbakiaren eta zenbakiaren artean.
-Hitz bat baino gehiago idatzi behar den ataletan (izena, helbidea, etab.), utzi lauki huts bat hitz batetik bestera.
-Eskuz idatzi behar duzun laukietan (19 eta 28. laukiak) idatzi letra argia eta irakurterraza. Ez idatzi ezer laukitik kanpo.
-Ez ahaztu eskabidea sinatu behar duzula, dagokion laukian. Ez sinatu laukitik kanpo.
-Ez tolestu "Onartua izateko eskabidea", eta ez zikindu boligrafoarekin.
-Ez idatzi datuak bata bestearen gainean.
Eskabidean eskatzen diren datu jakin
batzuei buruzko jarraibide bereziak
-Kidegoaren kodea (20. laukia). Kidegoari dagokion deialdian ageri dena.
-Desgaitasuna dutenentzat gordetako lanpostuak (23. laukia). Desgaitua bazara bakarrik bete behar duzu, eta hartu ondokoak kontuan: A) Deialdiaren arabera, desgaituentzako kupo bat edo bi egon daitezke. Bakarra badago, jarri X bat "desgaitasun orokorrerako gordetakoak" laukian, ez beste inon. Baina egokitzapena ere eskatu baduzu, bete lauki hori. B) Desgaitasuna dutenentzat gordetako kupoetara aurkezten ez bazara baina elbarria zarelako probak egiteko egokitzapena eskatu behar baduzu, bete bakarrik "egokitzapena eskatzen du" laukia.
-Azterketa egiteko probintzia eta horren kodea (26 eta 27 laukiak). Adierazi azterketa egiteko aukeratu duzun hiria (26. laukia) eta horri dagokion kodea (27. laukia), deialdian halakorik eskatzen bada, ondoren zehaztu bezala: Albacete 02; Bartzelona 08; Burgos 09; Cáceres 10; Ceuta 51; Las Palmas 35; Logroño 26; Madril 28; Mallorca 07; Melilla 52; Murtzia 30; Oviedo 33; Iruñea 31; P. G. eta B.-Madril 28; Santander 39; Coruña 15; Sevilla 41; Tenerife 38; Valentzia 46; Valladolid 47; Gasteiz 01; Zaragoza 50.
-Ordaindu behar duenak (subjektu pasiboa) sinadura eta data jarri behar ditu agiri honen atzealdean horretarako dagoen tartean, behean, ezkerraldean.
-Ordaindu beharreko diru kopurua:
Idatzi autolikidazioan azterketa-eskubidearen tasaren zenbatekoa. Deialdia egiten duen aginduan dago zehaztuta.
-Ordaintzeko lekua. Erakunde laguntzaileetan (bankuak, aurrezki kutxak eta kreditu kooperatibak), sarrera-agiri hau aurkeztuz. Ez da beharrezkoa kontu bat irekita edukitzea.
-Ordainketaren frogagiria eta eskabidea:
Azterketa-eskubidearen tasa ordaintzean, eskabidea aurkezten duzunean, eskatu erakunde laguntzaileari interesdunarentzako alea (eskubideak ordaindu dituzula frogatu ahal izateko) eta Administrazioarentzako alea. Azken hori deialdiaren oinarrian adierazten denaren arabera aurkeztu beharko da.
IV. ERANSKINA
................................................ jaunak/andreak (helbidea: .................................................................; adina: ....................; nortasun agiri nazionalaren zenbakia: .................), Auzitegiko Medikuen Kidego Nazionalean sartzeko hautapen probetan parte hartzeko eskabidea aurkeztu baitut, baimena ematen dut deialdiaren hautapen prozesuko instrukzio organoak nire nortasun datu pertsonalak kontsultatu eta egiaztatu ahal ditzan Administrazioaren artxibo, datu base eta bestelako dokumentu-funtsetan.
.................(e)n, ........(e)ko .............aren ..............(e)an.
Aitortzailea
Iragarkiaren kodea: E1010499
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
