78. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

43/2010 FORU AGINDUA, ekainaren 23koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko bidaiarien hiriarteko garraio erregularreko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2010eko ekainaren 29ra 00:00etatik 24:00ak bitarte dei eginiko lanuzte orokorra dela eta.

ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek lanuzte orokorrerako dei egin dute 2010eko ekainaren 29rako 0:00etatik 24:00ak bitarte. Deialdian adierazten da lanuzteak Nafarroako Foru Komunitatearen eremu geografikoan kokaturiko enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu publikoen jarduera eta eginkizun guztiak ukituko dituela, zer enpresa edo administrazioren mende dauden kontuan hartu gabe.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den lanuztea egiteko eskubidearekin batera, gizartearen oinarrizko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiari-garraioa oinarrizko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan askatasunez joan-etortzeko aitortzen den eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da funtsezko beste eskubide batzuk eta Konstituzioak babesten dituen ondasunak erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lan egiteko eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi du 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, lanuzte orokorrerako deia dela-eta, Nafarroako Foru Komunitateko bidaiari-garraioaren zerbitzua ezin da osorik gelditu, izan ere, gizarteko beste sektore batzuetan kalte eginen bailuke, langileen, ikasleen eta garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, gizartearen interes orokorrei eginen litzaizkiekeen gainerako kalte larri guztiez gainera, eta ez da ahantzi behar lanuzterako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela.

Horretaz gain, funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Erregearen Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu horretan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.f) eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Horrenbestez, foru agindu honen xedea gutxieneko zerbitzu horiek ezartzea da, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek 2010eko ekainaren 29rako 0:00etatik 24:00ak bitarte dei eginiko lanuzte orokorra dela eta.

Horiek zehazteko, kontuan hartu behar da bereziki lanuztea lana bai baina eskola gabeko egun baterako antolatu dela, Nafarroako Foru Komunitate osoan. Beraz, autorik gabeko pertsonak, pertsona adindunak, mugikortasun murriztuko pertsonak eta herri isolatuetako erabiltzaileak ukituko ditu gehienbat, garraio kolektiboaren mende daudenak, hain zuzen ere. Gainera, aintzat hartu behar da garraio publikoaren bestelako bideak ez direla aski.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularreko 38 kontzesioren titulartasuna du, eta 21 enpresari esleituta daude.

Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuak kalkulatu du kontzesio horien bidez urte osoan 164.000 bidaia egiten direla, hiru milioi berrehun mila bidaiari baino gehiago garraiatzen direla eta hamar milioi eta erdi kilometro baino gehiago egiten direla.

Hortaz, hiriarteko autobusa 9.000 lagunek erabiltzen dute egunean, batez beste.

Joan-etorrien arrazoiak ezberdinak dira (osasun etxeetara, eskoletara, lantokietara, administrazio zentroetara eta abarrera joatea), hortaz, horien estaldura faltak kalte handiak eraginen lizkie erabiltzaileei.

Nafarroako Foru Komunitatean, joan-etorri horiek eskuarki errepidez egiten dira; hortaz, joan-etorrietako behar horiei aurre egiteko garraio publikoaren bidezko beste baliabiderik aski ez dagoenez, komenigarritzat jotzen da %40ko gutxieneko zerbitzuak ezartzea erabiltzaile guztientzako errepide bidezko garraio erregularraren zerbitzuetan, gutxienez joaneko bidaia bat eta itzuliko beste bat bermatuta kontzesio bakoitzeko. Bidaia horiek kontzesio tituluan baimentzen diren trafiko guztiei erantzun beharko diete.

Erabiltzaile guztientzako garraio erregularreko kontzesio horien bidez egiten diren joan-etorriei erabilera mugatuko zerbitzu erregularen bidez egiten direnak gehitu behar zaizkie.

Gaur egun 44 enpresa dira laneko garraioko baimenen titular. Lanuzterako eskubidea edo lanerako eskubidea askatasunez aukeratu ahal izateko, langile garraio guzti-guztiak jotzen dira gutxieneko zerbitzutzat.

Halaber, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen dira desgaitasun fisikoa edo psikikoa dutenak ikastetxeetara eta lanerako zentroetara eramateko garraio zerbitzu guztiak. Ez da gutxieneko zerbitzurik ezartzen eskola-umeen garraioan, eskola gabeko eguna delako.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2009ko urriaren 5eko epaiaren bidez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren maiatzaren 11ko 46/2009 Foru Aginduaren aurka ezarritako adiministrazioarekiko auzi errekurtsoa ezetsi zuen -antzeko gutxieneko zerbitzuak ezartzen zituen 2009ko maiatzaren 21erako deitutako lanuzte orokorrerako (eskola-umeen garraiorako izan ezik, eskola eguna zenez)- uste delako "bete behar dituzten oinarrizko premia askotarako neurritsuak eta egokituak direla" Hau da, bazen "korrelazio egokia gutxieneko zerbitzu horiek aurre egin beharreko premia askoren eta lanuztea egiteko zilegizko eskubidearen artean".

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. idatz-zatia, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren 49.1.f) eta 58.1.b) artikuluak, Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek 2010eko ekainaren 29rako, 0:00etatik 24:00ak bitarte, dei eginiko lanuzte orokorrak gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko ditu:

a) Erabiltzaile guztientzako garraio erregularra:

-Hiriarteko kontzesio erregularrak eta administrazio baimen bereziak: zerbitzuen %40.

Edonola ere, gutxienez, joan-etorri bana eginen da egunero kontzesio bakoitzean. Bidaia horiek kontzesio tituluan baimentzen diren trafiko guztiei erantzun beharko diete.

b) Erabilera mugatuko garraio erregularra:

-Laneko garraioa: zerbitzu guztiak.

-Desgaitasun fisikoa edo psikikoa dutenak ikastetxeetara eta lanerako zentroetara eramateko zerbitzuak: zerbitzu guztiak.

c) Autobus geltokiak: aipatu diren gutxieneko zerbitzuei erantzuteko ezinbestekoak diren jarduerak mantenduko dira.

2. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko ataletan xedaturikoak ez die inolako mugarik jarriko lanuztea arautzen duen legeriak langileentzako onartzen dituen eskubideei.

4. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuei eta Asociación Navarra de Empresarios de Transporte por Carretera y Logística (ANET) elkarteari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Foru agindu honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo: Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2010eko ekainaren 23an.-Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilaria, Laura Alba Cuadrado.

Iragarkiaren kodea: F1010958