1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
173/2010 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, enplegu eskatzaile diren Nafarroako profesionalen prestakuntzarako laguntzak emateko deialdia egiten duena.Krisiaren aurkako 17. neurria: Langabeen ikasketetarako maileguen finantza-kostuen finantzaketa, eta Krisiaren aurkako 19. neurria: langabeentzako masterrak.
Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du eta bertan proposatu onetsi eta argitara dadila enplegu eskatzaile diren Nafarroako profesionalen prestakuntzarako laguntzak emateko deialdia. Txosten horretan adierazten da Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Alderdi Sozialistak 2010eko aurrekontu-itunean dauden alderdi garrantzitsuenak optimizatzeko eta ekonomia sustatzeko estrategia garatzeko sinatu zuten Hitzarmenean eta Nafarroa 2012 Planean jasotzen dela, beste neurri batzuen artean, ikasketetan matrikulatzeko maileguen finantza kostuetarako diru-laguntzak eta Nafarroako unibertsitateetan eta goi mailako ikastetxeetan master ikasketen matrikula egiteko diru-laguntzak ematea lan eskatzaile diren Nafarroako profesionalei.
Hitzarmen hori betetzeko eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Lan eskatzaile diren Nafarroako profesionalen prestakuntzarako laguntzak emateko deialdia onestea. Deialdia ebazpen honen eranskin bakarrean ageri da.
2. Deialdi hau finantzatzeko 400.000 euroko gastua baimentzea ondotik aipatzen diren kontu-sailen kargura, honela banatua:
-300.000 euro "Krisiaren aurkako 19. neurria. Langabeentzako laguntzak, masterretan matrikulatzeko" izeneko 431000-43100-4800-323102 kontu-sailaren kargura.
-100.000 euro "Krisiaren aurkako 17. neurria. Langabeen ikasketetarako maileguen finantza-kostuen finantzaketa" izeneko 431000-43100-4800-323100 kontu-sailaren kargura.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
4. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Nafarroako Unibertsitateari, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen zentro elkartuetako zuzendariei, Nafarroako Goi mailako ikastetxeetara, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2010eko ekainaren 9an.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.
ERANSKIN BAKARRA
Lan eskatzaile diren Nafarroako profesionalen prestakuntzarako laguntzen deialdia
1. artikulua. Helburua, xedea eta jasotzaileak.
1. Krisiaren aurkako Neurrien 2010eko Planaren esparruan, lan eskatzaile gisa inskribaturik dauden Nafarroako profesionalen ikasketak finantzatzeko laguntzen deialdia egiten da.
2. Laguntzen helburua da lan eskatzaile gisa inskribaturik dauden Nafarroako profesionalak eguneratzeko pizgarriak ematea, haien enplegagarritasuna eta Nafarroako giza kapitala hobetzeko, baita behar diren ikasketa liburuak erosteko ere.
2. artikulua. Deialdiaren modalitateak.
Hurrengo modalitateetako diru-laguntzak emanen dira:
A modalitatea: Nafarroan dauden goi mailako ikastetxeetako eta unibertsitateetako berezko tituluetan eta master ofizialetan matrikulatzearen kostuetarako eta behar diren ikasketa liburuen kostuetarako diru-laguntza.
B modalitatea: lan eskatzaile diren Nafarroako profesionalek beren enplegugarritasuna hobetzeko ikastaro eta ikasketetan matrikulatzeko maileguen finantza kostuetarako diru-laguntza.
3. artikulua. Deialdiaren finantzabidea.
1. Deialdi honetarako aurreikusi den gehieneko gastua 400.000 eurokoa da. Diru hori kontu-sail hauen kargura ordainduko da, honela banatua:
-300.000 euro "Krisiaren aurkako 19. neurria. Langabeentzako laguntzak, masterretan matrikulatzeko" izeneko 431000-43100-4800-323102 kontu-sailaren kargura, A modalitateko laguntzetarako.
-100.000 euro "Krisiaren aurkako 17. neurria. Langabeen ikasketetarako maileguen finantza-kostuen finantzabidea" izeneko 431000-43100-4800-323100 kontu-sailaren kargura, B modalitateko laguntzetarako.
2. Modalitateren batean laguntzak esleitu ondoren funtsik baldin badago, beste modalitateko laguntzak emateko erabiltzen ahalko da. Aurrekontuaren bigarren esleipen hori Nafarroako webgunean argitaratu beharko da, deialdia ebatzi baino lehen. Aurrekontuaren balizko bigarren esleipenak ez du ekarriko, inola ere, eskaerak aurkezteko beste epe bat ireki beharra.
4. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.
Laguntzaren zenbatekoa hauxe izanen da:
1. A modalitaterako: goi mailako berezko tituluen eta master ofizialen matrikularen kostuaren %20, 1.500 euro gehienez; eta 100 euro gehienez behar diren ikasketa liburuetarako.
2. B modalitaterako: Nafarroako profesionalek ikasketetan matrikulatzeko maileguen finantza kostuaren %100, gehienez ere 1.500 euro.
A eta B modalitateetarako laguntza eskatuz gero, bi laguntzen batuketa ez da 1.500 eurotik gorakoa izanen.
5. artikulua. Betebeharrak.
Laguntza jasotzeko nahitaezko betebeharrak:
a) Nafarroan erroldaturik izatea, 2010eko urtarrilaren 1etik gutxienez.
b) Lan eskatzaile gisa inskribaturik egotea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko bulego batean, eskaerak aurkezteko epea bukatu baino hiru hilabete lehenagotik gutxienez.
c) Nafarroako goi mailako ikastetxe batean finantzaketa eskatzen den ikastaroaren edo ikasketen matrikula edo aurrematrikula egina izatea. Berezko tituluen eta masterren kasuan, matrikula 2010/2011 ikasturterako izanen da, Nafarroako goi mailako ikastetxe batean berezko titulu edo master oso bat egiteko.
d) B modalitateko laguntzen kasuan, egin beharreko ikasketen matrikula gastuak finantzatzeko mailegu bat formalizatu izana. Mailegurik formalizatu ez bada, entitate mailegu-emailearen eskaintza lotzaile bat eransten duten eskaerak onartuko dira.
6. artikulua. Laguntzak esleitzeko irizpideak.
1. Eskaerak jaso ondoren, bi taldetan sailkatuko dira, eskatutako laguntzaren modalitatearen arabera.
2. Talde bakoitzean, aurreko artikuluan eskatutako betebeharrak betetzen dituzten eskaerei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta aurrekontuko dirua agortu arte.
3. Modalitateren batean laguntzak esleitu ondoren funtsik baldin badago, beste modalitateko laguntzak emateko erabiltzen ahalko da, 3.2 oinarrian ezarritakoarekin bat.
4. Aurrekontuetan diru aski ez egoteagatik, eskaera guztien aldeko ebazpena ematerik ez badago, lehentasun ordena bat finkatuko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskatzaileak enplegu eskatzaile gisa duen antzintasunaren arabera.
7. artikulua. Laguntzen kontrola eta egiaztapena.
Laguntza itzultzeko arrazoi izanen dira eta, beraz, jasotako diru-laguntza eta dagokion legezko interesa itzuli beharra ekarriko dute, honako kasu hauek:
a) Matrikula deuseztatzea.
b) Ikasketak uztea, halakotzat jotzen bada, halaber, matrikulatutako kredituen heren bateko azterketak, gutxienez, egin ez izana, dela deialdi arruntean dela berezian, horren arrazoia lana lortu izana ez bada behintzat, behar bezala frogatuz gero betiere.
8. artikulua. Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaera I. eranskineko ereduan eginda aurkeztu behar da. Eredu horretan eskatzen diren datu guztiak jarri behar dira.
Eskabidea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautu duen Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aipaturiko bulegoetako edozeinetan.
2. Eskaera orriarekin batera ondokoa aurkeztu beharko du ikasleak:
a) Erroldatze agiria.
b) Eskaerak aurkezteko epea bukatu baino hiru hilabete lehenagotik gutxienez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko bulego batean lan eskatzaile gisa inskribaturik dagoela egiaztatzeko agiria.
c) Eskatzaileak laguntzen xedeko ikasketetan matrikula edo aurrematrikula egin duela egiaztatzeko agiria.
d) Beharrezkoak diren ikasketa libururak erosteko A modalitateko laguntzak eskatuz gero, faktura zehatza, onuradunaren izenean.
e) B modalitateko laguntzak eskatuz gero, matrikula gastuak finantzatzeko eskatutako maileguaren baldintzak egiaztatzeko dokumentazioa. Bertan, aplikatuko den interes tasa eta amortizazio epea agertuko dira argi eta garbi.
9. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 2010eko urriaren 30era arte egonen da zabalik, egun hori barne.
10. artikulua. Eskaeren tramitazioa.
1. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak, organo eskuduna den aldetik, interesdunei eskatuko die akatsak, halakorik bada, zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko, eta adieraziko die hori egin ezean eskaerari uko egiten diotela ulertuko dela. Halakoetan eskaera artxibatu eginen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 42.1 artikuluan ezarritako moduan emanen den ebazpenaren ondoren.
2. Matrikula formalizatu izanaren agiria ikastetxe bakoitzak ezartzen dituen epeen barruan aurkeztu beharko da. Deialdia ebazteko epea bukatuta, ikasleak matrikulatzerik izan ez badu arrazoi horregatik, laguntza hala ere emanen zaio, hala badagokio, eta epe haiek bukatzen direnerako, eskatzaileak deialdian adierazi bezala matrikula formalizatzen ez badu, matrikula ezeztatu eta bertan behera utziko da ondorio guztietarako.
11. artikulua. Prozeduraren antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.
1. Prozedura hasiko da laguntzen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
2. Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzua izanen da prozeduraren instrukzio organoa, eta ofizioz ezarriko ditu eskaeren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak, gero ebazpena eman ahal izateko. Zehazki, instrukzio jarduketetan sartuko da beharrezkoak diren txostenak eskatzea, ebazpen hau aplikatzean sortzen diren arazoak konpontzea eta ebazpena garatu eta betetzeko jarraibideak prestatzea.
3. Behin-behineko proposamena egin eta alegazioak ebazteko batzorde bat osatuko da, honako hauek osatua:
-Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu arituko dena.
-Zientzia Sustatzeko eta Bultzatzeko Ataleko burua.
-Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoko burua, idazkari arituko dena.
Beharrezkotzat jotzen badu, batzordeak beste pertsona fisiko edo entitate kualifikatu batzuen aholkularitza eska dezake. Batzordearen erabakiak lotesleak izanen dira.
4. Eskaerak jaso eta gehienez ere hamabost eguneko epean, laguntzak emateko behin-behineko proposamena argitaratuko da. Proposamena, hots, onuradunen eta horiek atxikiak dituzten zentroen zerrenda, Hezkuntza Departamentuko iragarki oholetan eta web orrian ikusgai izanen da, bakoitzari emanen zaion laguntza adieraziz, eta hamar egun natural baino laburragoa izanen ez den epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ahal ditzaten.
Epe horretan, laguntza eskuratzeko behin-behinekoz proposatu diren interesdunek idazki bat aurkeztu beharko dute laguntza onartzen dutela adierazteko, bai eta xede bererako bekei edo laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpen eguneratua ere. B modalitateko laguntzen onduradunen kasuan, entitate mailegu-emailearekin formalizatutako maileguaren kopia ekarri beharko dute, aurretik aurkeztu ez badute.
Epe horretan erantzuten ez badute, interesdunei jakinaraziko zaie bost egun naturaleko epe luzaezina izanen dutela aipatu agiriak aurkezteko, eta hala ere erantzunik ematen ez badute, eskaerari uko egin diotela ulertuko da, ebazpen administratiboa eman ondoren.
5. Interesdunek aurkeztutako alegazioak edo behin-behineko zerrenda ukitzen duten beste inguruabar batzuk ikusirik, instrukzio organoak eman eta ukatutako laguntzen behin betiko proposamena igorriko du.
6. Deialdia Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bidez ebatziko da, instrukzio organoaren proposamena ikusi eta gero. 2010eko azaroaren 30a baino lehen eman beharko da ebazpena. Epe horretan ematen ez bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahal da. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Hezkuntza Departamentuko iragarki oholetan eta web orrian argitaratuko da, baita web-ean ere, eta banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, ebazpena ematen denetik hamar eguneko epean.
12. artikulua. Pagatzeko modua.
Laguntza interesdunei ordainduko zaie oso-osorik, laguntza emateko ebazpenaren beraren bidez.
13. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.
1. Laguntza hauek bateragarriak dira beste edozein laguntza edo diru-laguntzarekin, zeinahi delarik ematen dituen entitatea, betiere izaera bereko laguntzen zenbateko osoak gainditzen ez badu finantzatutako jarduketen kostua.
2. Onuradunak jarduketa bererako eskatu eta lortutako laguntzak aitortu beharko ditu, hala laguntza eskaera aurkezteko unean nola haietako bat eskatu edo lortzen duenean, eta betiere jasotako funtsen aplikazioa justifikatu aurretik. Hori dela eta, lehen adierazitakoa betetzeko aplikatzen zaizkion diru-murrizketak onartuko ditu.
14. artikulua. Errekurtsoak.
Deialdi honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariari zuzendua.
LAN ESKATZAILE DIREN NAFARROAKO PROFESIONALEN PRESTAKUNTZARAKO LAGUNTZEN DEIALDIA Krisiaren aurkako 17. neurria. Langabeen ikasketetarako maileguen finantza-kostuen finantzaketa, eta Krisiaren aurkako 19. neurria: langabeentzako masterrak ESKABIDE ORRIA |
1. DATU PERTSONALAK |
Izen-deiturak | Deialdia | NANa: |
| 2010/2011 | |
Telefonoak: |
Jaioteguna: | Jaiotako probintzia: |
Herria: | |
Helbidea (kalea, plaza, zenbakia, solairua, letra) | P. K. | Herria | Probintzia |
| | | |
Posta elektronikoa | |
Laguntzaren ordainketa egiteko kontu zenbakia (onuradunak kontuaren titularra izan behar du) |
Entitatea | Sukurtsala | Kontrol digituak | Kontuaren zenbakia |
| | | |
2. LAN EGOERA |
Lan eskatzailearen legezko egoera | | Bai | | Ez | Hasiera eguna: |
3. ESKATZEN DUEN LAGUNTZAREN MODALITATEA | |
A MODALITATEA: Nafarroan dauden goi mailako ikastetxeetako eta unibertsitateetako berezko tituluetan eta master ofizialetan matrikulatzearen kostuetarako eta ikasketa liburuen kostuetarako diru-laguntza. | | Bai | | Ez |
B MODALITATEA: lan eskatzaile diren Nafarroako profesionalek beren enplegugarritasuna hobetzeko ikastaro eta ikasketetan matrikulatzeko maileguen finantza kostuetarako diru-laguntza. | | Bai | | Ez |
4. DATU AKADEMIKOAK |
4.1. Titulazio akademikoak |
Ikasketetarako bidea ematen duen unibertsitateko titulua | Titulu lortu zeneko eguna |
| |
4.2. Egin behar dituen ikasketak |
Programaren izena | 2010-2011 ikasturtean zenbat kreditutan matrikulatuta | Aurreko ikasturteetan gainditutako kredituak |
| | |
Ikastetxea: | Herria: |
Fakultatea: | Saila: |
Xede bererako beste laguntza batzuk eskatu edo jaso ditu (Baiezkoa bada, frogagiriak aurkeztu) | | Bai | | Ez |
Deialdia egin duen entitatea: |
Deialdiaren izena: |
Behean sinatzen duenak programa honetako arauak ezagutzen eta onartzen ditu; emandako datuak benetakoak direla adierazten du; eskatutako agiri guztiak eransten ditu; Nafarroako Foru Komunitateko Diru-laguntzei buruzko Legearen 13. artikuluan ezarritakoa betetzen du; baimena ematen dio Hezkuntza Departamentuari laguntza emateko ebazpen proposamena egiten den unean egiazta dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela; eta laguntza eman dakiola eskatzen du.
Iruñean, 2010eko ................aren .............(e)an.
(Eskatzailaren sinadura)
LANBIDE HEZIKETAREN ETA UNIBERTSITATEEN ZUZENDARI NAGUSIA
Aipatutako agiriak erantsi zaizkio eskabide honi (laukitxoan x bat jarriz adierazi eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak zeintzuk diren).
Agiriak:
[ ] Erroldatze agiria.
[ ] Lan eskatzailea dela egiaztatzeko agiria.
[ ] Finantzatu behar diren ikasketetako matrikularen ziurtagiria, aurreinskripzioaren orria edo antzekoa.
[ ] Eskatutako maileguaren egiaztagiria.
[ ] Behar diren ikasketa liburuen faktura zehaztua.
Iragarkiaren kodea: F1010467