73. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 24an hartua, "Iruña-Frantzia N-135 errepidean Luzaideko zeharbidea egokitu eta hobetzea" izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Luzaideko Udalak 2010eko urtarrilaren 15ean egindako Osoko Bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Jendaurrean egoteko epea bukatuta eta interesdunek aurkeztutako alegazioak ebatzita, Luzaideko Udaleko Osoko Bilkurak 2010eko maiatzaren 7an hartutako Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua.

Luzaideko Udalak eskatu du desjabetzeak ukitutako ondasunen eta eskubideen okupazioa presakoa dela aitortzea, N-135 errepide nazionala egokitu eta hobetzeko lanak egiteko presa dagoela arrazoituz. Errepide horrek Luzaide zeharkatzen du eta lanen xedea da zeharbidetik igarotzen diren ibilgailuen trafikoak oinezkoentzat duen arriskua berehala kentzea, zeharbidearen zenbait tartetan espaloirik ez dagoelako, edo dagoena estuegia delako.

Nafarroako Gobernuak, Luzaideko Udalak eman dituen arrazoiak ikusita, bidezkotzat jo du desjabetze horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, dagokion txosten juridikoa ikusita, balio justua pagatzeko atxikitako aski kreditu dagoela egiaztatuta, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57 b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraituz, adierazten da presakoa dela "Iruña-Frantzia N-135 errepidean Luzaideko zeharbidea egokitu eta hobetzea" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoen ordez, errekerimendua egin dezakete aldez aurretik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

3. Erabaki hau Luzaideko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 24an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1009245