Iragarkia
72. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1355/2010 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioetarako diru-laguntzen 2010eko deialdia onesten duena. IDAE hitzarmena.
Nafarroako Gobernuak 2009ko martxoaren 2an eta 2010eko maiatzaren 3an hartutako erabakien bitartez, baimena eman zen urte batzuetako gastu konpromisoa hartzeko, energia berriztagarriak aprobetxatzen dituzten instalazioetarako diru-laguntzen 2010eko deialdia onesteko. Halaber, baimena eman zen diru-laguntzak banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatzeko.
2010eko martxoaren 3an, eta aurreko urteetan bezala, lankidetza hitzarmena sinatu zen Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuarekin (IDAE) Energia Berriztagarrien Nafarroako 2005-2010 Planean jasotako laguntza publikoko jarduketak zehaztu eta praktikan jartzeko. Diru-laguntzetarako deialdi honek aipatu hitzarmena garatzen du, eta haren bidez transferituko dizkio funtsak IDAEk Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari energia berriztagarrien hainbat teknologiaren instalazioa sustatzearren.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Diru-laguntzetarako 2010eko deialdia onestea, energia berriztagarriak aprobetxatzen dituzten instalazioetarako.
2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko honako gastua baimentzea:
-500.000 euro, 2011ko gastuen aurrekontuko kontu-sailaren kargura; alegia, 2010eko gastuen aurrekontuko "Energia berriztagarrietan inbertsioak egiteko toki entitateentzako diru-laguntzak" izeneko 810002-81140-7609-425200 kontu-sailaren parekoaren kargura.
-1.500.000 euro, 2011ko gastuen aurrekontuko kontu-sailaren kargura; alegia, 2010eko gastuen aurrekontuko "Energia berriztagarrietan inbertsioak egiteko diru-laguntzak" izeneko 810002-81140-7800-425200 kontu-sailaren parekoaren kargura.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2010eko maiatzaren 19an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.
I. ERANSKINA
2010eko diru-laguntzaren oinarri arautzaileak, energia berriztagarriak aprobetxatzen dituzten instalazio txikietarako. IDAE hitzarmena
1. oinarria. Diru-laguntzaren xedea.
Ezarri ahal izateko laguntza behar duten energia berriztagarrien hainbat teknologiaren garapena bultzatzea du helburu diru-laguntza honek, baita Nafarroako 2010erako Energia Planean aurreikusitako helburuak zein Energia Berriztagarrien Espainiako 2005-2010eko Planekoak lortzea ere.
2. oinarria. Onuradunak.
Edozein entitate edo pertsona fisiko zein juridiko, publiko edo pribatu, izan daiteke onuradun, baldintza hauek betez gero:
a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak. Betetzen direla egiaztatzeko, eskaeraren inprimakian datorren "erantzukizuneko aitorpena" bete beharko da.
Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, eskabidean interesdunari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak begiratzeko, diru-laguntza emateko ebazpen proposamena egiten denean.
b) Instalazioaren jabea izatea; errentamenduko inbertsioak kanpoan gelditzen dira.
Leasingen bidez finantzatzen diren instalazioak sartzen ahalko dira, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik kontratuaren hasieratik ordaintzen bada eta kontratuan konpromiso irmoa ageri bada, leasinga bukatzean aktiboa eskuratzeko.
c) Biomasa termikoko, geotermiako eta eguzki-energia termikoko instalazioen kasuan, energia zerbitzuen enpresak ere diru-laguntza hauen onuradun izaten ahal dira. Kasu horretan, ez da eskatuko instalazioaren jabe izatea.
d) Gainera, biomasa termikoko instalazioak direnean, eraikinetako biomasa termikoaren sektoreko enpresekin Borondatezko Akordioen Programan gaituta dauden enpresa laguntzaileak ere onuradun izaten ahal dira. Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) garatzen du programa hori, IDAEko Lehendakaritzak 2009ko martxoaren 13ko ebazpenaren bidez arautua (2009ko 68. Estatuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 20koa).
Kasu horretan, diru-laguntzaren xedeko proiektuak programa horretan ezarritako baldintzak beharko ditu bete, eta proiektua Borondatezko Akordioen Programaren bidez finantzatu bada, eskuratzen den diru-laguntza IDAEk emandako mailegua amortizatzeko erabiliko da. Proiektuak ez badu Programa horretako finantzabiderik eskuratzen, instalazioaren azken erabiltzaileak hartu beharko du diru-laguntza eta enpresa onuradunak ondorio hori frogatu beharko du Enpresako Zuzendaritza Nagusiak erabakitzen duen moduan.
3. oinarria. Diru-laguntzaren xedeko instalazioak eta exekuzio epea.
1. Diru-laguntzen xede izan daitezke Nafarroan arau honetan zehazten diren instalazio motetan egiten diren inbertsioak, baldin eta dagokien arautegian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Bereziki, ez dute diru-laguntzarik izanen martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren aplikazioaren ondorioz, Eraikuntzaren Kode Teknikoa onesten baitu, nahitaezkoak diren instalazioek.
Aurrekoa gorabehera, Eraikuntzaren Kode Tekniko berriaren aplikazioaren arabera, ur bero sanitarioa ekoizteko energia berriztagarrien instalazioa nahitaezkoa denean eta instalazioa berotzeko eta/edo hozteko lagungarri izateko diseinatzen denean, instalazioak diru-laguntza hartzen ahal du oinarri hauetan adierazitako kasu, muga eta baldintzen barrenean.
a) Eguzki-energia termikoa:
a.1) Instalazio berriak.
a.2) Lehendik dauden instalazioen auditoretza eta erreformak.
Lehendik dauden instalazioen erreformak izan dezake diru-laguntza, erreforma hori auditoretza baten ondorioa denean, hartan instalazioaren errendimendu desegokia agertu ondoren. Kasu horretan, auditoretzaren kostuak ere izan dezake diru-laguntza.
Auditoretzaren ondorioz instalazioak erreformarik behar ez badu, ez da hartarako diru-laguntzarik izanen. Gainera, hasierako instalazioa egin ez zuenak ez, beste instalatzaile batek egin beharko ditu erreforma horiek.
Auditoretzaren gutxieneko edukia:
-Hasierako instalazioaren eskema.
-Hasierako instalazioaren simulazioa eta analisia, kalkulatzeko metodo dinamiko edo orduen araberako baten bidez; arreta berezia eskainiko zaie gainberotzeari eta arazo horiek hasierako instalazioan konpontzeko moduari.
-Atzemandako arazoak eta hartu beharreko konponbideak azaltzen dituen txostena.
-Instalazioaren eskema, hartutako aldaketak zehaztuta.
Bai instalazio berrien kasuan bai lehendik daudenen erreformetan, instalazioen kaptaziorako azalera erabilgarria 20 m² (14 kW) baino handiagoa bada, nahitaez ezarri beharko da energia neurtzeko sistema bat zirkuitu primarioan, eguzki sistemak emandako energia zenbatzeko, eta gomendatu egiten da instalazio txikietan.
b) Eguzki-energia fotovoltaikoa, sareari lotu gabea:
Elektrizitatea sortzeko instalazioak, sareari lotu gabeak, metaketarekin edo metaketarik izan gabe, 100 Wp eta 100 Kwp arteko eguzki-energiaren eremu fotovoltaikoko potentzia dutenak.
c) Eguzki-energia fotovoltaikoa, sareari lotua:
c.1) Bizitegi, zerbitzu, merkataritza edo industriarako erabiltzen diren eraikin finko eta itxietako estalki edo fatxadetan material sendoez egindako instalazioak, baldintza hauek betetzen badituzte:
-Laguntza izan dezakeen gehieneko inbertsioa 30.000 eurotik beherakoa izanen da, katastroko lurzati bakoitzeko.
-Lurzatian ezarritako diru-laguntzaren xedeko instalazioaren gehieneko potentzia, hau da, lurzati horretan diren instalazio guztien potentzien batura, ez da 100 kW-etik gorakoa izanen.
-Toki entitateen kasuan, instalazio horiek ez dute diru-laguntzarik izanen:
c.2) Helburu didaktikoko instalazioa.
c.3) Toki erakundeek hiri-altzarietan edo argiterian egindako instalazioak, erakusteko eta kontzientziatzeko helburua dutenak.
c.2) eta c.3) ataletan, eskatzaile bakoitzak ezarritako potentzia 5 kW-ekoa izanen da, gehienez ere, eta didaktikoa izateko edo erakusteko helburua bete dezan, instalazioa ikusteko modukoa izanen da edo jendea sartzeko modukoa.
d) Haize-energia, sareari lotu gabea:
Elektrizitatea sortzeko instalazio eolikoak, 10 kW bitarteko potentziakoak, metaketarekin edo metaketarik izan gabe.
e) Energia eolikoa, sareari lotua:
e.1) Bizitegi, zerbitzu, merkataritza edo industriarako erabiltzen diren eraikin finko eta itxietako estalkietan material sendoz egindako instalazio eolikoak, sareari lotuak, edo 30 metro baino hurbilago ezarritako zutoin edo dorreetan kokatuak.
Instalazio horiek, diru-laguntza izateko, sareari lotutako energia fotovoltaikorako (oinarri honen c.1) atalean deskribatua) eskatzen diren gutxieneko baldintza berak bete beharko dituzte.
e.2) Elektrizitatea sortzeko instalazio eolikoak, sare elektrikoari lotutakoak, 5 kW-eko gehieneko potentzia dutenak, toki entitateek egindakoak, erakusteko eta kontzientziatzeko helburuarekin. Erakusteko eginkizuna bete dezan, instalazioa ikusteko modukoa edo jendea sartzeko modukoa izanen da.
f) Biomasa:
Energia termikoa sortzen duten instalazioak, etxean edo eraikinetan erabiltzeko, biomasa erregai izanik. Beroa aire bitartez banatzen duten instalazioek ez dute diru-laguntzarik izanen. Bi instalazio mota daude, diru-laguntzaren xede:
f.1) Galdara automatikoak. %90etik gorako errendimendua izan beharko dute. Galdara automatikoa izateko, gutxienez ere pizteko, elikatzeko, garbitzeko eta errautsa ateratzeko sistemak automatizatuta izan behar dute, baita gutxienez 100 orduko autonomia bermatzen duen erregai biltzontzia ere (ez dira sartzen autonomia hori emateko nahikoa ez den erregai biltontzi txiki bat duten berogailuak).
f.2) Beste instalazio batzuk, ACS berokuntza sistema hidraulikoari konektatuak.
70 kWetik gorako berotze potentzia duten instalazioetan, sortutako energia termikoa neurtzen duen sistema jarri beharko da nahitaez, eta gomendagarria da instalazio txikietan.
g) Geotermia:
Lurraren barreneko tenperaturaren aprobetxatuz energia erabilgarria ekoizten duten instalazioak.
30 kW-etik gorako berotze potentzia duten instalazioetan, kontsumitutako energia elektrikoa eta emandako energia termikoa neurtzen dituen sistema jarri beharko da nahitaez, eta gomendagarria da instalazio txikietan.
Gainera, instalazio horietako bero-ponpak 3,75etik gorako COP izan beharko du.
h) Instalazio mistoak, aurreko mota horietako bi edo gehiago dituztenak.
2. Instalazioak 2009ko irailaren 11tik 2011ko otsailaren 28ra bitarte hasi beharko du funtzionatzen. 8. oinarriaren 1. ataleko h) edo i) letretan zehazten den ziurtagiriaren data hartuko da funtzionamenduan hasteko datatzat.
Gainera, instalazioari dagozkion ordainagirien datek ziurtagiri horren dataren aurreko hamabi hilabetetakoak izan beharko dute.
4. oinarria. Diru-laguntza izan dezakeen kostua.
1. Energia ekoizteko behar diren elementuetan egindako inbertsioetarako bakarrik emanen da diru-laguntza. Puntu horretan adostasunik ez bada, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalaren iritzia gailenduko da.
Nolanahi ere, diru-laguntzen xedeko inbertsio eta gastuek 1.500 eurotik gorakoak izan beharko dute (BEZa kanpo). BEZa ez da diru-laguntzaren xede izan daitekeen kostutzat joko, onuradunak berreskuratu edo konpentsatzen ahal badu.
2. Sareari lotuta dauden eta helburu didaktikoak dituzten eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioen eta toki entitateek egindako eta erakusteko helburua duten instalazio eolikoen kasuan, helburu horretarako osagaiak, bereziki panel didaktikoak, izan daitezke diru-laguntzen xede. Panel horien eduki grafikoan ondoko hau azalduko da, gutxienez ere, instalazio fotovoltaikoen kasuan, eta antzeko edukia instalazio eolikoak badira:
a) Eguzkia, hodeiak eta lurra. Eguzki izpien gaineko datuak, erradiazio maila eta motak, instalazioaren deskripzio grafikoaz eta funtzionamenduaz gain.
b) Panelaren bitartez, irakasle eta ikasleek galderak egin eta erantzunak jasoko dituzte eguzki-energiari eta sareari lotutako instalazioari buruz, funtzionamendu interaktiboa baliatuz.
c) Instalazioaren monitorizazioak datu hauek emanen ditu, gutxienez ere:
-Erradiazioa.
-Tenperatura.
-Istanteko ekoizpena edo egunean metatutako energia.
-Guztira metatutako ekoizpena.
-Saihestutako CO2ren gaineko datua, Kg-tan adierazia, edo zenbat arbola behar diren hura xurgatzeko etab.
3. Sareari lotutako instalazio fotovoltaiko eta eolikoetan, 3. oinarriaren c.1) eta e.1) ataletan zehaztutakoetan, 30.000 eurokoa da diru-laguntza hartzen ahal duen gehieneko kostua.
4. Instalazio geotermikoei dagokienez, diruz lagunduko dira bai erauzketa-putzuei eta jariakin primarioa lurraren azpian berriro injektatzeari dagozkien kostuak, bai kolektoreari eta bero-ponpari dagozkienak.
5. Eraikuntzaren Kode Tekniko berriaren aplikazioa dela-eta, ur bero sanitarioa sortzeko nahitaezkoa denean energia berriztagarrien instalazioa jartzea eta instalazioak berotzeko eta/edo hozteko lagungarri izan behar duenean, instalazioa nahitaezkoa ez balitz diru-laguntza izan lezakeen zenbatekoaren %70 izanen da diru-laguntzaren barrenean sartzen den kostua.
5. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, instalazioaren kostuak izan dezakeen diru-laguntzari buruz ondoko taulan ezarritako portzentajea aplikatuko da, ondotik adierazten diren gehieneko kostuak kontuan hartuta:
INSTALAZIO MOTA | DIRU-LAGUNTZA % | |
Eguzki-energia termikoa | Integrazio arkitektonikorik gabe Integrazio arkitektonikoarekin Auditoretzak lehendik dauden instalazioetan | %30 %40 %50 |
Eguzki-energia fotovoltaikoa, lotu gabea | %20 | |
Energia eolikoa, lotu gabea | %30 | |
Eguzki-energia fotovoltaikoa, sareari lotua | %10 | |
Energia eolikoa, sareari lotua | %30 | |
Biomasa | ACS sistemari hidraulikoari eta/edo berokuntzari lotutako instalazioak Galdara automatikoak | %20 %40 |
Geotermia | %20 | |
Instalazio bakoitzeko, kostu hauek dira diru-laguntza izan dezaketen handienak:
INSTALAZIO MOTA | DIRU-LAGUNTZA IZAN DEZAKEEN GEHIENEKO KOSTUA | |
Biomasa | 600 euro/kW (pelleta) 800 euro/kW (ezpalak) 1.000.000 euro | |
Eguzki-energia fotovoltaikoa/eolikoa, sareari lotua | Didaktikarako edo erakustekoak | 40.000 euro |
Gainerakoa | 30.000 euro | |
Eguzki-energia fotovoltaiko lotu gabea, energia eoliko lotu gabea, eguzki-energia termikoa eta geotermia | 150.000 euro | |
Auditoretzak eguzki-energia termikoen instalazioetan | 1.000 euro | |
Aurrekoa gora-behera, diru-laguntzen xede diren instalazioak merkatu prezioa baino prezio altuagoa dutenean, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak eskubidea izanen du gehieneko beste kostu batzuk aplikatzeko diru-laguntzetarako.
Instalazio guztietan, diseinuko edo ingeniaritzako lanei dagokien zenbatekoa ez da instalazioaren guztirako kostuaren %10 baino gehiago izanen.
2. IDAEk garatuta, eraikinetako biomasa termikoaren sektoreko enpresekin Borondatezko Akordioen Programan gaituta dauden enpresa laguntzaileekin egiten diren biomasa termikoko proiektuetan, programa horren oinarrietako 11. atalean finantzatzeko ezarritako muga izanen da diru-laguntza har dezakeen aurrekontu handiena, 9. atalean finkatu tipologia bakoitzaren arabera.
3. Toki entitateek egindako instalazioetan ez dira aurreko mugak aplikatuko, biomasako eta sareari lotutako energia fotovoltaiko eta eolikoko instalazioak direnean izan ezik.
6. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2010eko uztailaren 30ean bukatuko da, egun hori barne.
Eskabidea eta dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren Erregistroko edozein bulegotan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako batean, nahiz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.
Eskaera posta-bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki bat erabili beharko da, eta lehenbiziko orriko goiko aldean adieraziko dira bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti). Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.
2. Eskaerak horretarako ezarritako ereduaren arabera beteko dira; eredu hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko edozein bulegotan eskuratzen ahal da, edo Internet bitartez, www.navarra.es-Zerbitzuak helbidean.
Eredu horretan, eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa zehazten da. Gainera, hurrengo kasuetan, honako hau hartuko da kontuan:
a) Eguzki-energia termikoen eta fotovoltaikoen instalazioen kasuan, eta Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera instalazioaren nahitaezkotasuna zehaztearren, zein udalerritan kokatzen den instalazioa, hango idazkariaren ziurtagiria erantsiko da, eta bertan zehaztuko, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ebazpenen batek eraginik ote duen herri horretan; alegia, Eraikuntzaren Kode Teknikoko HE4 eta HE5 oinarrizko dokumentuen aplikazio eremutik kanpo ote den.
b) Eskatzailea energia zerbitzuen enpresa bat bada, energia zerbitzuen gaineko kontratua aurkeztu beharko da, enpresaren eta instalazioko erabiltzailearen artean sinatua.
c) Sistema zentralizatuak dauzkaten jabe erkidegoetan, eskabidea erkidegoaren izenean aurkeztu beharko da, ez auzo bakoitzaren izenean.
3. Diru-laguntzarako eskaerak ez baditu finkatutako baldintzak betetzen edo dokumentazioa osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio, Nafarroako Gobernuaren web gunearen bidez, okerra zuzen dezala hamabost egun balioduneko epean, errekerimendua argitaratzen denetik hasita, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.
7. oinarria. Diru-laguntza ematea.
1. Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.
Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak eskabideak ebaluatuko ditu aurreko arauetako irizpideei jarraikiz eta gero, organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko irizpide guztiak betetzen dituztela.
2. Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresako zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena eman eta Nafarroako Gobernuaren web gunean argitaratzeko epea 6 hilabetekoa izanen da, gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpenik argitaratzen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.
Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea alde batera utzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan.
Diru-laguntza emateko prozeduraren ondoriozko ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web gunean argitaratuko dira.
8. oinarria. Justifikazioa eta diru-laguntzen ordainketa.
1. Diru-laguntza kobratzeko eskubidea lortzearren, onuradunak, ebazpenean adieraziko den epean -inoiz ere ez 2011ko otsailaren 28a baino beranduago- instalazioa egin izana frogatu beharko du dokumentazio hau 6. oinarrian adierazitako tokietan aurkeztuta:
a) Instalazio osoari dagokion faktura, kontzeptuen arabera zehaztu eta banatua, eskaera egin zen unean aurkeztu ez bazen.
Inbertsioan egindako gastua frogatzen duen dokumentazio guztia, eta ordaindu izanarena, diru-laguntza eskatu zuenaren izenean egonen da.
b) Faktura ordaindu izana frogatzen duen agiria; bankuko frogagiria edo instalatzaileak egindako ordainagiria, alegia.
Instalazioak leasingen bidez finantzatzen badira, onuradunak azken kuotaren frogagiria aurkeztu beharko du, errentamendu finantzarioko kontratua bukatu baino lehen.
Jabe erkidegoetan egindako instalazioetan, departamentuak ordainketa eta gastuen trazabilitatea argitzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatuko da, eta haren lotura diru-laguntzaren xedeko instalazioarekin.
c) Instalazioaren argazkiak eta hura osatzen duten elementuena, formatu digitalean (CD edo DVD), edo posta elektronikoaren helbidearen bidez, kontzesioaren ebazpenean adieraziko baita.
d) Diruz laguntzen ahal den gastua 30.000 euro baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela. Horretarako, gutxienez bi eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta hautatutako eskaintzarako arrazoiak justifikatu.
Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko baldin eta diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez badaude edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.
e) "Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea" jatorrizko inprimakia, inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada. Inprimakia Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.navarra.es) eskuratzen ahal da.
f) Onuraduna energia zerbitzuen enpresa bat bada, honako hauek gehitu beharko ditu:
-Besteren entitateari saldutako energiaren prezioaren kalkulua, zehaztuta.
-Instalazioak sortutako energia saltzeko prezioen taula, non inbertsioa berreskuratzeko epea jasoko baita, diru-laguntza deskontatu ondoren.
-Instalazioaren erabiltzailearekin sinatutako kontratuaren fotokopia, non argi eta garbi azalduko baitira eskaintzen diren baldintza ekonomikoak.
-2. multzoko batuketa eta saldoen balantzea, goitik behera banatua, inbertsioa agertzen duela.
g) Eraikinetako biomasa termikoaren sektoreko enpresekin IDAEk garatzen duen Borondatezko Akordioen Programari atxikitako biomasako instalazioen kasuan, honako hauek gehituko dira:
-IDAErekin sinatutako finantzabidearen kontratua.
-Instalazioaren erabiltzailearekin sinatutako kontratuaren fotokopia, non argi eta garbi azalduko baitira eskaintzen diren baldintza ekonomikoak. Gainera, programaren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko balioko du.
-2. multzoko batuketa eta saldoen balantzea, goitik behera banatua, inbertsioa agertzen duela.
h) Instalazio termikoen kasuan (eguzkikoak, geotermikoak edo biomasakoak), honako hauek gehituko dira: instalazioaren ziurtagiriaren kopia, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren urriaren 1eko 424/2009 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera tramitatua. Horren bidez Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua (RITE), uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretuak onetsia, garatzeko arauak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean.
i) Behe tentsioko instalazioen kasuan (fotovoltaikoak eta eolikoak), honako hauek gehituko dira: instalazioaren ziurtagiriaren kopia, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak abuztuaren 21ean eman 181/2003 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, edo horren ordezko arauari jarraituz, tramitatuko dena. Foru agindu horren bidez behe tentsioko instalazioak abian jartzeko tramitazio administratiboan segitu beharreko prozedura ezarri zen.
2. Interesdunek aurkeztutako egiaztagiriak aztertuko ditu Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak eta ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.
3. Diru-laguntza emateko prozeduraren ondoriozko ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web gunean argitaratuko dira.
9. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.
1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Deialdi honen 2. oinarrian jasotzen diren salbuespenekin, diru-laguntzaren xedeko instalazioen jabe izatea eta haiek abian mantentzea, gutxienez ere bost urtez, laguntza ematen duen ebazpenetik hasita, leasing kontratuen kasuan izan ezik, orduan epea kontratua bukatzen den egunetik kontatuko baita.
Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egiten ahal ditu; hain zuzen ere, diru-laguntzak jaso dituzten kontzeptuak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, baita, funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.
b) Halaber, onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.
2. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezean, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriz zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala behar denean, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
3. Arauak ez betetzeagatik, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.
10. oinarria. Diru-laguntzen "de minimis" izaera.
Onuraduna enpresa bat baldin bada, deialdi honetako diru-laguntzak "de minimis" laguntzen barrenean sartzen dira, Europar Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan eta Batzordeak abenduaren 20an emandako 1535/2007 Erregelamenduan aurreikusitakoari jarraituz; lehenbiziko erregelamenduan zehazten da nola aplikatu Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei; bigarrena, berriz, nekazaritzaren sektoreko laguntzei buruzkoa da.
Erregelamendu horiekin bat, diru-laguntza horren zenbatekoa, enpresak hiru zergalditan "de minimis" kontzeptuagatik harturikoak baturik, gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, 100.000 eurokoa errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresentzat, edo 7.500 eurokoa Europar Erkidegoa osatu zuen Itunaren I. eranskineko zerrendan ageri diren produktuak ekoizten diharduten enpresentzat.
Horretarako, enpresak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan araubide horretan hartutako laguntzak eskabidean adieraztera.
11. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna.
1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateraezinak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak ondasun berentzat emandako edozein diru-laguntzarekin.
Zehazki, sareari lotutako instalazio fotovoltaikoei eta eolikoei buruzko diru-laguntzen kasuan, bateraezinak dira Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren azaroaren 10eko 488/2009 Foru Aginduan, edo ordezko arauan, enpresa inbertsiorako aurreikusitako laguntzekin. Foru agindu horrek enpresa inbertsiorako laguntzen araubidea ezartzen du.
2. Halaber, Batzordearen 1998/2006 Erregelamenduaren 2.5. artikuluan xedatutakoarekin bat, "de minimis" laguntzak ezin metatu zaizkio diru-laguntzaren xedeko gastu berei dagokien laguntza publiko bati ere, baldin eta metaketa horrek kategorien arabera salbuesteko erregelamendu batean edo Batzordeak hartutako erabakian ezarritako laguntzaren muga gainditzen badu.
12. oinarria. Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Administrazio Publikoek izan ezik, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.
13. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web-orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.
Iragarkiaren kodea: F1009046
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
