72. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

130/2010 FORU AGINDUA, maiatzaren 4koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, sahararrei laguntza humanitarioa emateko proiektuetarako 2010eko diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Nafarroako Foru Komunitateak, 2002. urtetik hasita, laguntza humanitarioa ematen die saharar errefuxiatuen Tindoufeko (Aljeria) kanpalekuei, giza talde horrek oinarrizko elikagaien horniduran duen defizita arintzen laguntzeko.

Nafarroako instituzioek, bereziki Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak, Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, funtsak ematen dituzte, Garapenerako Laguntza Ofizial gisa (GLO), herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako elkartasunezko ekarpena egiteko. Zehazki, 2005etik hona "Sahararrentzako laguntza humanitarioa" izeneko kontu-saila onetsi izan du, behar-beharrezko sargai, produktu, material edo ekipamenduen hornidurako defizita arintzea helburu.

Garapenaren Aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arlo honen printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. Bereziki 13. artikuluan, beste ekintza arlo batzuen artean, laguntza humanitariorako programa eta proiektuak aipatzen ditu, larrialdian edo berehalako arrisku larrian dauden gizataldeei lagun egitekoak eta horiek berregokitzekoak. Halaber, laguntza humanitarioaren berezko helburuak aipatzen ditu: laguntza bera, babesa eta prebentzioa. Era berean, foru lege horren 14. artikuluak xedatzen du funts publikoak erabiliko direla, besteak beste, garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko. Horrekin bat, Nafarroako Lankidetzarako I. Plan Zuzentzaileak bere jarduketa modalitateen artean (5. kapitulua) laguntza humanitarioa ezartzen du; horretaz gain, ezartzen du arreta berezia eskaini behar zaiela plan zuzentzaile horrentzat ardura bereziko edo lehentasunezkoak izanen diren herrialdeetan gertatutako gatazka, krisi edo ezbeharrei, eta horien artean Saharar herriaren aldeko lehentasunezko jarduketak daude (Plan Zuzentzailearen 3. kapitulua).

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura.

Ondorioz, beharrezkoa da Saharar herriari laguntza humanitarioa emateko proiektuak egiteko diru-laguntzei buruzko oinarriak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, bermatzearren diru-laguntza horietan publizitate, gardentasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun, bereizkeriarik ez eta kontrol printzipioak, baita administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eragimena ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Saharar herriari laguntza humanitarioa emateko proiektuak gauzatzeko 2010eko diru-laguntzen deialdiko oinarriak onestea. Oinarriok foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. Helburu horretarako 199.200,00 euroko gastua baimentzea, 2010erako Nafarroako Aurrekontu Orokorreko" Sahararrentzako laguntza humanitarioa" izeneko 900001 91200 4819 143104 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari eta Kontabilitate Zentroari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 4an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Sahararrei laguntza humanitarioa emateko proiektuetarako diru-laguntzen deialdiaren oinarriak

Lehenbizikoa.-Helburua eta xedea.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak diru-laguntzen deialdia egin du, Tindoufeko (Aljeria) kanpalekuetan errefuxiaturik bizi diren sahararrei oinarrizko elikagaien hornidurako defizita arintzen laguntzeko ekintza humanitarioak finantzatzea helburu.

Diru-laguntzen xedea izanen da elikagai behar-beharrezkoak erosi eta errefuxiatuen kanpalekuetaraino garraiatzea.

Bigarrena.-Aurrekontuetako dirua.

Helburu horretarako 199.200,00 euro erabiliko dira, 2010erako Nafarroako Aurrekontu Orokorreko "Sahararrentzako laguntza humanitarioa" izeneko kontu-sailetik.

Hirugarrena.-Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen betebeharrak.

Deialdiaren xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuak izatea, legez osatu eta inskribatuak, Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

b) Entitatearen egoitza soziala edo haren ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

c) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren gorabeheretariko batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdiaren xede diren diru-laguntzen onuradun izan.

Laugarrena.-Laguntza humanitarioko proiektuen betebeharrak.

Proiektuek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdiaren 1. oinarriko xedeari eta helburuari eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluei lotzea.

b) Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak Aljerian duen Lankidetzarako Bulego Teknikoaren oniritzia izatea.

c) Tindoufen (Aljeria) bizi diren saharar errefuxiatuen ordezkarien oniritzia izatea.

Bosgarrena.-Eskaerak aurkeztea.

1. GGKEek 30 egun naturaleko epea izanen dute eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan, eta, azken kasu horretan, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuari egun berean jakinaraziko zaio, faxez (848 423818), eskabidea igorri dela. Eskaerak posta bulegoen bidez aurkezten badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, eguna eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu baino lehen.

Seigarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Diru-laguntza eskatu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batera (agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute):

a) Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren frogagiria, eta bereziki adieraziko da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela; salbu eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak frogagiri hori badu.

b) NLEAren Lankidetzarako Aljeriako Bulego Teknikoak proiektuari oniritzia eman diola frogatzeko agiria.

c) Tindoufen (Aljeria) bizi diren saharar errefuxiatuen ordezkariek oniritzia eman dutela frogatzeko agiria.

d) Erantzukizuneko aitorpena, adieraziz ez dagoela hirugarren oinarriko d) atalaren arabera onuradun izatea eragozten duten egoeretan.

e) Memoria: proiektua gauzatuko den tokiko egungo egoera soziala, politikoa eta ekonomikoa, lortu nahi diren helburuak, garatuko diren jarduerak, eman beharreko intsumoen zerrenda eta aurrekontu zehatza.

Zazpigarrena.-Diru-laguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidezkoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko baldintzak betetzen direla, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, oinarri hauen arabera.

3. Eskaerak identifikazio datuak biltzen ez baditu, eskatutako diru-laguntzarenak, entitate eskatzailearenak eta/edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aipatzen direnak, interesdunari eskatuko zaio hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkeztu ditzala hamar egun balioduneko epean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat. Aditzera emanen zaio horrela egin ezik eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren.

Zortzigarrena.-Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1.-Diru-laguntzaren eskaera onartua izateko, irizpide hauei jarraikiz, gutxienez 70 puntu lortu behar dira:

a) Barne koherentzia (40 puntu bitarte): eskualdearen ezaugarriak, oinarriak, helburuak, jarduerak eta baliabideak elkarrekin bat etortzea. Halaber, aurkezpena, idazkera eta aurrekontuen xehetasunak ere baloratuko dira.

b) Laguntza humanitarioaren arloko ekintzetan esperientzia izatea (30 puntu bitarte).

c) Tindoufeko (Aljeria) saharar errefuxiatuentzako garapenerako laguntzako eta laguntza humanitarioko proiektuetan lankidetzan aritu izanaren esperientzia (30 puntu arte).

2. Eskatzen den adinako diru-laguntza emanen da, betiere 199.200,00 eurokoa gehienez ere; alabaina, zilegi izanen da aurrekontuko kontu-sail batzuk baztertzea, baldin eta instrukzio organoak deialdiaren helburu eta xedeekin bat ez datozela irizten badio.

3. Balorazio positiboa lortzen duten eskaerek, guztira, bigarren oinarrian adierazitako aurrekontu-muga gainditzen badute, diru-laguntzak puntuazioaren araberako ordenan esleituko dira muga horretaraino iritsi arte.

4. Laguntza hauek bateraezinak izanen dira helburu berberekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo bere erakunde autonomoetako beste edozein organok ematen dituen beste batzuekin; ez, ordea, beste administrazio publikoren batek ematen dituenekin.

Bederatzigarrena.-Ebazpena emateko epea.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, horretarako ahalmenak eman baitizkiote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak.

2. Deialdiaren gaineko ebazpenean agertuko dira diru-laguntzak hartzen dituzten entitate eskatzaileak, diru-laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua, justifikatzeko modua eta epea eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak ukatutzat joko dira, baldin eta aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetera ebazpen espresik jakinarazten ez bada.

Hamargarrena.-Jakinarazpena.

Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako Atarian argitaratuz jakinaraziko zaie entitate interesdunei.

Hamaikagarrena.-Diru-laguntzaren ordainketa eta aurrerakinak.

Diru-laguntza emateko ebazpenean ordainketa aurreratua aginduko da.

Hamabigarrena.-Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1. Diru-laguntza hartzeko moduko gastutzat hartuko dira deialdiko lehen oinarriko ekintza humanitarioak gauzatzeko egin beharrekoak.

2. Proiektuaren zeharkako kostuengatik diru-laguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa gehitzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak GGKE eskatzaileak Nafarroan dituen gastu administratiboak dira, alegia: langileen, lokalen eta bulegoko materialen gastuak eta bestelako ohiko gastuak, baita zuzen-zuzenean proiektuaren identifikazioaren, formulazioaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren eta ez beste ezeren ondoriozkoak direnak ere.

3. Finantza gastuek diru-laguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

Hamahirugarrena.-Diru-laguntzaren justifikazioa.

1. Entitate onuradunaren proiektua bukaturik, hilabeteko epean txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dute, hots, gastuak justifikatzeko kontua, hauek biltzen dituena:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Proiektuaren betetze mailari buruzko txosten teknikoa, gutxienez helburuak, lorturiko emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko dituena.

c) Proiektuko diru-sarreren eta gastuen balantzea.

d) Gastu guztien zerrendak; jardueren, gastu motaren eta finantzaketa iturriaren arabera sailkatuak. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendako agiri zenbakia, frogagiri zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena eta helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, frogagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko dena), pagatzeko modua, ordaindutako zenbatekoa ordaindutako monetan eta zenbatekoa eurotan. Zerrendarekin batera, aurrekontuaren betetze mailari buruzko memoria zehatza aurkeztuko da.

e) Egindako gastu guztien frogagiriak. Frogagiriak fakturak izanen dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Gastuak Espainian gertatuz gero, frogagiriak jatorrizko agiriak izanen dira; gainerakoan, fotokopiak, tokian tokiko bazkideak edo kontraparteak behar bezala frogatuak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira.

f) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.

2. Aurreko oinarrian aipatutako zeharkako gastuak prozedura berari jarraituz frogatuko dira, salbu eta frogatzen zailak diren gastuak; horiek diru-laguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Ziurtagirian agertuko dira zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, diruz lagundutako proiektuarekiko lotura eta arau orokorren arabera ezin justifikatu izanaren zergatikoak. Ziurtagiriarekin batera gastua justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitate orri ikuskatuak, edo gastua egin dela frogatzeko balio duen beste edozein agiri. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru-kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.

3. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuak, diru-laguntzaren xede den jarduera egoki justifikatu dela egiaztatu ondoren, diru-laguntzari buruzko espediente administratiboa itxiko du, zerbitzuaren txostenaren bidez edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez. Betiere entitate onuradunari jakinaraziko zaio.

4. Emandako diru-laguntzaren justifikazioa 2011ko urtarrilaren 31 baino lehen egin beharko da.

Hamalaugarrena.-Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo tokian tokiko bazkideak ekintzaren zati baten exekuzioa hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du, diruz lagundutako aurrekontuaren %15i dagokiona, gehienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamabosgarrena.-Betebeharrak.

Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Proiektua diru-laguntza emateko beharkizunetan azaldu bezala egitea. Proiektua diru-laguntza edo, hala bada, horren lehenbiziko puska jaso eta handik hiru hilabetera hasiko da beranduenez. Entitatea beharkizun horretatik libre geldituko da baldin eta salbuespenezko edo ezinbesteko arrazoiengatik ezinezkoa bada hastea. Arrazoi horiek justifikatu beharko ditu, eta Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak onartu.

b) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren kargura erosten diren material, ekipamendu eta hornidura guztiak proiektua egiten deneko herrialdean egitea, edo ingurukoetan, eta bertako produktuekin. Betebehar hori betetzerik ez bada, idazki baten bidez, arrazoiak azaldurik, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da.

c) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa egin aitzin, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari baimen administratiboa eskatzea.

d) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturi eskatu eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea.

e) Organo emailearen aurrean betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela justifikatzea, deialdi honen hamahirugarren oinarrian aipatzen den bukaerako txostenaren bidez.

f) Diru-laguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak izatea.

g) Nafarroako Gobernuari laguntza ematea proiektuaren berri jendarteratzen, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

h) Proiektuaren zabalkunde eta publizitate guztietan diru-laguntza norena den adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da (Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan). Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.

i) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, bai eta kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

j) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

k) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdiaren hamaseigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea, berandutzagatik dagozkion legezko interesak barne.

Hamaseigarrena.-Ez-betetzeak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, diru-laguntzen onuradun diren entitateek hartutako dirua itzuli beharko dute.

2. Diru-laguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko oinarrian aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe eginez gero, ez-betetzat hartuko da eta dirua itzuli beharko da.

3.-Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

-Proiektuaren betetze-maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

-Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe egindako aldaketen zenbatekoa eta munta.

4. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamazazpigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdiaren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F1007972