72. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

140/2010 FORU AGINDUA, ekainaren 4koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, Argentinako eta Txileko Nafar Etxeen bitartez laguntza humanitarioko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdia onesten duena.

Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura ezartzen duen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuak, bere eskumenen esparruan, etorkinei arreta emateko politika publikoak sustatu eta koordinatzea sartzen du. Halaber, Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari eskumena ematen dio jatorri nafarra duten eta beste herrialde batzuetan etorkin gisa dauden pertsona, elkarte eta entitateekin harremanak izateko eta haiei arreta emateko.

Nafarroako Gobernuak, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren bitartez, laguntza eta lankidetza harremanak ditu nafar emigratzaileek eta haien ondorengoek osatutako elkarteekin, beste herrialde batzuetan dauden nafar etxeekin, besteak beste, eta zenbait programa, jarduera eta laguntza humanitario sustatzen ditu laguntza ekonomikoen bidez. Azken batean, egun batean eta zenbait arrazoirengatik Nafarroatik alde egin behar izan zutenekiko harreman eta loturei eusten die.

Bestalde, Atzerrian diren Espainiako Herritarren Estatutua, abenduaren 14ko 40/2006 Legearen bidez onetsia, atzerrian bizi diren herritarrei beren eskubide eta betebehar konstituzionalak bermatzen dizkien esparru juridikoa da, eta 5. artikuluak ezartzen du Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia erkidegoetakoak laguntza eta babesa eman behar dietela, beren eskumenei lotuta, atzerrian bizi eta beharrean diren herritarrei.

Alde horretatik, Nafarroako Foru Komunitatea aspalditik ari da programak garatzen, beste herrialde batzuetara joandako nafarren eta beren ondorengoen bizi kalitatea hobetzeko, horretarako laguntzak eta prestazioak kudeatuz, adina, baldintza ekonomikoak eta herrialdea direla-eta horixe eskatzen dutenentzat.

Hala, Nafarroako Foru Komunitateak, 2002. urteaz geroztik, laguntza humanitarioa ematen dio Argentinari, han gertatzen diren premia larriko kasuak arintzearren. Izan ere, urte hartan krisi ekonomiko larria hasi zen, eta egun jarraitzen du. Laguntza horiek herrialde horretan dauden Nafar Etxeen bitartez bideratu dira (Bolívar, Buenos Aires, Mar del Plata, Mendoza eta Rosario) eta, horrela, zentro horiek dauden lekuetan egin dezaketen garapenerako agente lana sustatzen da. Zeregin hori Txileko Nafar Etxera ere zabaltzen da.

Hori horrela, Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak txosten bat aurkeztu du, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasunarekin, eta bertan proposatzen du Argentinako eta Txileko Nafar Etxeen bitartez laguntza humanitarioko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdia onestea, 2010. urterako.

Horrenbestez, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura ezarri zuen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuaren 2. artikuluaren bitartez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7.1. artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Argentinako eta Txileko Nafar Etxeen bitartez laguntza humanitarioko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdia onestea, 2010. urterako. Deialdiaren oinarriak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. 60.000 euroko gastua baimentzea, 2010eko gastuen aurrekontuko "Argentinako eta Txileko nafar etxeendako laguntza humanitarioa" izeneko B20003 B2220 4819 143100 kontu-sailaren kargura (ID 2334).

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.a) artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondokoetan ezarrita dagoenarekin bat.

Iruñean, 2010eko ekainaren 4an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

ERANSKINA

Argentinako eta Txileko nafar etxeen bitartez laguntza humanitarioko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak

1. Helburua eta xedea.

Deialdi honen xedea da Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak nafar etxeen laguntza humanitarioko ekintzak finantzatzeko ematen dituen laguntzak Argentinan eta Txilen egoera zail eta ahulean dauden gizataldeen artean banatzeko araubidea ezartzea. Ekintzak 2010. urtean egitekoak edo aurreko ekitaldian egindakoak izanen dira.

Zehazki, honako hauek izanen dira laguntza horien helburuak:

a) Oinarrizko beharretarako elikagaiak edo beste produktu eta salgai batzuk erostea.

b) Oinarrizko zerbitzuetarako ekipamenduak erostea.

c) Oinarrizko zerbitzuetako zentroetan konponketa txikiak egitea.

d) Argentinan ala Txilen bizi baina Nafarroan jaiotakoentzako edo haien ondorengoentzako banakako laguntza ekonomikoak, betiere premia larriko egoeran baldin badaude.

2. Aurrekontuko diru erabilgarria.

Deialdi honetarako zenbatekoa 60.000 eurokoa da, 2010eko gastuen aurrekontuko "Argentinako eta Txileko nafar etxeen laguntza humanitarioa" izeneko B2220 B20003 4819 143100 kontu-sailaren kargura.

3. Emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. Entitate eskatzaileen betebeharrak.

Argentinako eta Txileko nafar etxeek eskuratzen ahalko dituzte laguntzak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Elkartea legez eratua izatea eta dagokion Erregistro Ofizialean elkarte gisa erregistraturik egotea.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea eta elkartearen xedea jarduera sozialak antolatzea izatea.

c) Entitatearen izen ofizialean "Nafarroa" hitza izatea edo, bestela, horretatik eratorritako beste hitz bat, edo Nafarroako Foru Komunitatearekin soilik eta garbi lotutako beste adierazpen bat.

d) Behar bezala onetsitako barne estatutuak izatea.

e) Espainiatik kanpo dauden nafar etxeentzako laguntzak kontzeptupean Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak jaso izana, gutxienez ere azken hiru urteotan. Etenen bat izan bada, horren arrazoia eta ebazpena azaldu beharko dira.

f) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako debekuetan ez egotea.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

5. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diruz laguntzen ahal diren gastuak izanen dira deialdiko lehen oinarrian aipatzen diren laguntza humanitarioko ekintzak gauzatzeko egin beharrekoak.

Diru-laguntzari diru-laguntza horren %10a gehienez aplikatzen ahalko zaio atzemandako beharren identifikazio eta egiaztapen gastuen kontzeptu gisa (kudeaketa gastuak), eta beharrezkoa izanen da gastu horren faktura aurkeztea.

Finantza gastuak (bankuko komisioak, moneta aldaketako tasa, transferentzia, etab.) diruz laguntzen ahal dira, baldin eta lotura zuzena badute diruz lagundutako jarduerarekin eta ezinbestekoak badira jarduera ongi prestatu edo gauzatzeko. Gastu horiek bankuko berariazko agiriarekin frogatuko dira.

Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak sortzen ahal dituen etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diru-laguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

Nolanahi ere, diruz laguntzen ahal diren gastutzat joko dira instrukzio organoak aurkezten diren proiektuetan aurreikusitako ekintzak garatzeko beharrezkotzat jotzen dituenak, baldin eta diruz-lagundutako jardueraren izaerari badagozkio zalantzarik gabe.

Laguntzen kopuruak aurrekontuan horretarako dagoen diruaren arabera ezarriko dira.

6. Eskabideak aurkeztea.

6.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak jaso nahi dituzten entitateek dagokien eskaera biltzen duen eskabidea aurkeztuko dute Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako lekuetako batean.

Eskaera 20 egun naturaleko epean aurkezten ahalko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Protokolo Zerbitzuari zuzendu beharko zaio (Karlos III.aren etorb., 2, 31002 Iruña).

6.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak sinatua, eraketa eta Erregistro Ofizialeko inskripzioa frogatzeko, deialdi honen I. eranskinean ageri den eredua erabiliz. Laguntzen deialdira lehen aldiz aurkezten diren entitateen kasuan, elkartea legez eratu dela eta dagokion Erregistro Ofizialean inskribatu dela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, baita estatutuen kopia ere.

b) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak sinatua, proiektua finantzatzeko beste erakunde publiko edo pribatu batzuei laguntza eskatu zaien edo jaso den adierazteko eta, baiezkoa bada, zenbat diru jaso den.

c) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak sinatua, entitatea, administratzaileak edo ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira. Deialdiaren II. eranskinean jasotako eredua erabiliko da.

d) Egitekoak diren edo dagoeneko egin diren ekintza humanitarioen proiektua. Bertan azalduko dira eskualdearen ezaugarriak, laguntzaren xede izanen den taldea edo pertsona, zein entitaterekin eginen den jarduketa, helburuak, jarduerak, behar diren baliabideak eta gastuen aurrekontua, jardueren arabera zehaztua.

e) Bankuko kontuaren zenbakia, titular bakarra zentroa edo elkartea duena, laguntzarik emanez gero horren bidez ordaintzeko, bai eta bankuaren helbidea eta kontuaren IBAN eta SWIFT kodeak ere (eskaera lehen aldiz aurkezten dutenek eta kontua aldatu dutenek bakarrik).

f) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak, eta programaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.

g) Hala denean, laguntza aurretiaz ordaintzeko eskaera, diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatzeko aurrerakina beharrezkoa dela frogatuko duen idazki baten bidez egina.

7. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezten ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu eta horren berri emanen da.

8. Tramitazio eta balorazio organoak.

Eskaeren tramitazioa Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak eginen du, eta Protokolo Zerbitzuko Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atala izendatuko da instrukzio organo.

Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusiak, Protokolo Zerbitzuko zuzendariak eta Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Ataleko buruak osatutako batzordeak aztertu eta baloratuko ditu eskaerak eta, gero, laguntzak emateko proposamena eginen du.

9. Balorazio irizpideak eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

Aurkeztutako eskaeren balorazioan 100 puntu emanen dira gehienez, honako irizpide hauei jarraikiz:

a) Esku-hartzearen kalitatea (40 puntu bitarte). Lortu nahi diren helburuak eta ekintzak horretarako egokiak diren baloratuko da; era berean, proiektuaren argitasuna eta zehaztasuna, aurrekontua eta azalpen memoria baloratuko dira.

b) Laguntzen talde onuraduna (30 puntu bitarte). Lehentasuna emanen zaie ondokoetara zuzendutako entitateen proiektuei: baliabide ekonomiko urriko haurrei, zaharrei, desgaituei edo gaixoei laguntzea, bai eta behar larriko egoeran dauden nafar jatorriko pertsonei ere.

c) Jarduteko eremu espezifikoaren egoera: pobrezia indizeak, behar sozialak, hara joateko bideen erraztasuna, baliabide naturalak (15 puntu bitarte).

d) Entitate eskatzailearen esperientzia laguntza humanitarioko ekintzetan (15 puntu bitarte).

Diru-laguntza eman ahal izateko, beharrezkoa izanen da eskatzaileek aurkezturiko proiektuek 100 puntuen artetik gutxienez 50 puntu lortzea.

Administrazio publiko honek edo beste administrazio edo entitate batek finantzatzen ez dituen gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100eko laguntza emanen da, betiere aurkezturiko proiektuak lehen ezarri den gutxieneko puntuazioa gainditzen badu eta aurrekontuetan behar adina diru badago.

Ematen den diru-laguntzak behin ere ezin izanen du 12.000 eurotik gora egin entitate eskatzaile bakoitzarendako.

10. Ebazpena.

Aurkezten diren eskaerak baloratu eta gero, batzordeak Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari proposamena eginen dio, foru agindu bidez behin betiko ebazpena eman dezan.

Deialdiaren gaineko ebazpenean diru-laguntzak hartzen dituzten entitate eskatzaileak, diru-laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Eskaerak ezetsitzat joko dira, horiek aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean ebazpen espresurik ematen ez bada.

Edonola ere, interesdunei eskaeren gaineko ebazpena jakinaraziko zaie, deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuz.

11. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdiko laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako edozein organok, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek helburu beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

Hala ere, emandako laguntzak, bakarrik edo beste diru-laguntzekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da eta berandutza korritua eskatuko da.

12. Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

12.1. Gastu justifikagarria.

Gastu justifikatutzat joko da, diru-laguntza ordaintzearen ondorioetarako, diruz lagundutako ekintza edo jarduerarako gastua, betiere 2009ko uztailaren 1etik 2010eko abenduaren 15era bitarte egin eta ordaindu bada.

12.2. Ordaintzeko prozedura.

12.2.1. Laguntzaren aurrerakina.

Kontuan harturik laguntzen destinoa eta zentro onuradunek zeregin altruista egiten dutela eta ez dutela gaitasun finantzariorik behar diren funtsak aurreraratzeko eta diru-laguntzen xede diren proiektuak gauzatzeko, Erakundeekiko Harremanetarako Departamentua saiatuko da laguntzak aurrerakin gisa osorik ordaintzeko tramitazioa egiten. Horretarako ezinbestekoa da entitate onuradunek aldez aurretik eskaera egitea eta aurrerakinaren beharra frogatzea, 6.2 oinarriaren g) atalean adierazten denaren arabera.

Kasu horretan, proiektua bukatutakoan eta, betiere, 2010eko abenduaren 15a baino lehen, entitate onuradunak eman zaion diru-laguntzaren zenbateko osoaren justifikazioa aurkeztu beharko du eta, horretarako, agiri hauek aurkeztu:

a) Egindako gastua justifikatzeko kontua. Kontua III. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, egindako gastuak bilduko ditu eta, horietako bakoitzerako, hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketaren data adieraziko ditu. Kontu horretan, hala denean, laguntzaren kudeaketak zentroari sortzen dizkion gastuak sartuko dira. Gastu horiek ez dira emandako laguntzaren %10etik gorakoak izanen.

b) Aurreko kontuarekin batera, horrekin lotutako gastuak justifikatzen dituzten fakturak edo bestelako frogagiriak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, aurkeztuko dira, baita ordainketa egin dela frogatzen duten agiriak ere. Denek urtean urteko abenduaren 15a baino lehenagoko data izanen dute. Abenduaren 15aren ondorengo agiriak ez dira onartuko eta itzuli eginen zaizkio bidaltzaileari.

c) Diru-laguntzaren bidez finantzatutako ekintzen edo jardueren azalpen memoria edo txosten labur bat, aurreikusitako helburuen betetze mailaren balorazioa ere jasoko duena. Memoria horri elementu material edo grafikoak (argazkiak) erantsi beharko zaizkio, Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jardueren erreferentzia espresa azaltzeko.

d) Bankuko entitatearen egiaztagiria, emandako kopurua jaso dela eta zer kanbio aplikatu den adieraziko duena.

e) Laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria, entitateko buruak ontzat emana, non entitateak ekitaldi horretan organo ofizial edo pribatuetatik harturiko bestelako laguntzak azalduko baitira, horrelakorik bada.

Nolanahi ere, ordainketa aurrerakin gisakoa denez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimena eman behar du aldez aurretik eta espresuki, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.5 artikuluan ezarritakoarekin bat.

12.2.2. Laguntzaren ordainketa arrunta.

Aurrerakin gisako ordainketa egiteko baldintzak betetzen ez badira, diru-laguntzak Diru-laguntzei buruzko Legearen 32. artikuluak ezarritakoaren arabera ordainduko dira, zatituta eta justifikazio partzialen bidez. Kasu horietan, onuradunak, ordainketa partzialak eskatzeko, 12.2.1 puntuaren a) eta b) ataletan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu; eta diru-laguntzaren azken zatia ordaintzeko, 12.2.1 puntuan aipatutako agiri guztiak aurkeztu beharko ditu, 2010eko abenduaren 15a baino lehen.

13. Entitate onuradunen betebeharrak.

Nafar etxeek edo beren federazioek, diru-laguntza eskuratzeko, ondokoak bete beharko dituzte:

a) Proiektua diru-laguntza ematean ezarritako baldintzetan gauzatzea.

b) Proiektuan aldaketaren bat egiten bada eta horrek diru-laguntza emateko kontuan hartutako gorabehera, betebehar eta baldintzak aldatu beharra ekartzen badu, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuari administrazio baimena eskatu beharko zaio aurretik.

c) Jarduketen publizitate eta hedatze lan guztietan diru-laguntza norena den adieraztea. Hedapen idatzi edo grafiko guztietan, Nafarroako Gobernuaren laguntza dutela adierazi beharko da, horretarako erakunde horren ikurra agerraraziz. Aipamen hori Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren oharrei jarraikiz eginen da.

d) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrolak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

e) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hamalaugarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14. Ez-betetzeak.

Diru-laguntzen onuradun diren entitateek hartutako dirua itzuli beharko dute, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan.

Diru-laguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko oinarrian aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe eginez gero, ez-betetzat hartuko da eta dirua itzuli beharko da.

Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektuaren betetze-maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

b) Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta nolakotasuna.

Hori dena ezertan galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

15. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

16. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Entitatea eratu eta dagokion erregistro ofizialean inskribatu dela adierazteko eredua

.......................................... jauna/andrea naizen honek, ........................ NANaren jabe, ................................. ordezkatuz, adierazten dut entitatea legez eratuta eta dagokion Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoela, deialdia egin duen Administrazioaren esku dagoen dokumentazioan agertzen den moduan.

(Tokia, eguna eta sinadura)

II. ERANSKINA

Entitatea diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela adierazteko eredua

.......................................... jauna/andrea naizen honek, ................ NANaren jabe, ..................... ordezkatuz, adierazten dut entitatea ez dagoela diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debekutan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritakoaren arabera.

(Tokia, eguna eta sinadura)

III. ERANSKINA

Gastua frogatzeko kontua

Diruz lagundutako ekintza:

AGIRIAREN ZENBAKIA

HARTZEKODUNA

ZENBATEKOA

ORDAINKETA DATA

1

2

3

4

5

6

...

KOSTU OSOA

Iragarkiaren kodea: F1009908