72. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATARRABIA

Aisialdiko biltokiak arautzen dituen udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Atarrabiako Udalak, 2009ko abenduaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Atarrabiako udal mugapeko aisialdiko biltoki iraunkor zein aldi baterakoak arautzen dituen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatuari jarraikiz, erabaki hori jendaurrean egon zen, 2010eko 22. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, otsailaren 22an, baita Udalaren iragarki oholean ere.

Erabaki horren jendaurreko epea iraganik eta hasiera batean onetsitako ordenantzaren testuaren aurkako alegaziorik aurkeztu ez denez, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraituz, behin betikoz onetsitako ordenantzaren testu osoa argitara ematen da. Erabaki hori administrazio xedapena da eta haren kontra ez da administrazio bideko errekurtsorik paratzen ahal, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 107.3 artikuluaren arabera. Hortaz, behin betiko onespen honi kontra egiteko bideak honakoak dira:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1.998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Atarrabian, 2010eko maiatzaren 20an.-Alkate udalburua, Pello Gurbindo Jiménez.

ERANSKINA

Atarrabiako udal mugapeko aisialdiko
biltoki iraunkor zein aldi baterakoak arautzen dituen ordenantza

Aitzinsolasa

Atarrabiako Udalaren mugapean gero eta eskaera handiagoa da, eta tradizioan ere hala izan da, etxabeak aisialdiko biltoki gisa erabiltzeko, Atarrabiako udalerriko hirugarren sektoreko merkatuak eta Udalak berak aisialdirako eskaintzen dutenaren osagarri edo alternatiba moduan.

Erabilera horiek ez dira herriko festetarako bakarrik, urte osorako baizik.

Udalak bere egiten du, toki administrazio gisa, gizartearen gero eta eskaera handiagoari bidea emateko premia. Aldi berean, herritarren eta erabiltzaileen beraien atsedenaldia eta segurtasuna bermatu behar ditu. Batzuetan ikusi da erabilera hori duten lokaletan ez direla neurri zuzentzaile egokiak aplikatu eta, are gehiago, lokalen edo eraikinen egitura baldintzak desegokiak izanik, arriskua handia dela.

Ordenantza honetako jarduerak ez dira, izan, industriako edo merkataritzako jarduerak, eta, hortaz, ez dira irekitzeko lizentzia eskuratzeko tramitea gainditu beharreko jardueratzat hartzen ahal, Toki Entitateetako Zerbitzuen Erregelamenduko 22. artikuluan xedatutakoarekin bat (1955eko ekainaren 17ko Dekretua).

Zernahi gisaz, gauza egiaztatua da lokal hauen erabiltzaileek, leku horietan neurri zuzentzaile egokiak aplikatzen ez direnez, traba egiten dietela hurbileko bizilagunei, bereziki gaueko ordu txikietan zaratak eginda, bizilagunak ez baitira ongi pausatzen ahal, eta, are gehiago, segurtasunik eza eta beldurra sortuta, jarduera horiek kontrolatzen ez direlako. Era berean, suteen aurkako neurririk ez izateak bizilagunen eta eraikinaren segurtasunean eragiten du, baina baita lokalen erabiltzaileen segurtasunean ere, zuzen-zuzenean. Hori dela-eta, beharrezkoa da neurri zuzentzaile egokiak ezartzea lehenbailehen eta, lokala erabiltzen hasi aurretik, Administrazioak neurri horiek paratzen direla begiratzea, bere eskuan dituen kontroleko eta poliziako eskumenak erabilita.

Bestetik, duela gutxi, zioen azalpen honetan adierazitakoaren ildotik, abenduaren 10eko 26/2001 Foru Legeak, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea aldatzen baitu, zioen azalpenean jasotzen du izaera sozialeko josteta jardueretan erabiltzen diren sarrera murriztuko lokal eta instalazioek sortzen duten arazoari aurre egin beharra, batez ere besteen segurtasuna, osasungarritasuna eta eragozpenak jokoan daudenean. Bide berari jarraitzen dio xedapen zatiak ere; izan ere, aldatutako legeko 1.2 artikuluaren testu berriak dioenez, josteta edo aisialdi jarduerak egiteko lokal horiek, nahiz eta bere aplikazio esparrutik kanpo dauden, behar diren baldintza teknikoak bete behar dituzte hirugarrenei enbarazu ez egiteko eta pertsona eta ondasunen segurtasuna bermatzeko, bereziki egituren sendotasunari eta instalazioaren funtzionamenduari dagokienez, suteen aurkako prebentzio eta babes neurriei dagokienez eta osasungarritasun eta higiene baldintzei dagokienez ere; horretarako, behar den udal lizentzia eduki beharko dute.

Bestelako aisialdi baterako leku bat bermatzearren sortu da ordenantza hau; neurri zuzentzaileak hartuta, erabiltzaileek eta bizilagunek eragozpen eta arriskurik izan ez dezaten; maizterren eta bizilagunen eskubide eta betebeharrak bateragarriak izan daitezen, alde bakoitzaren erantzukizunak zehaztuta; eta interes pribatuak interes publikoarekin uztartuko dituen konponbide egokia bilatzearren.

Ordenantzaren edukia da behar diren neurri zuzentzaileak zehaztu eta eskatzea; orobat, eskaera prozeduraren inguruko xedapenak eta erantsi beharreko dokumentazioa ezartzen dira, baita haiek huts eginez gero hartuko diren neurriak ere.

Horretarako, errentari edo maizterrek taldeko hiru ordezkari izendatuko dituzte, Udalak eta beste erakunde batzuek egin ditzaketen jakinarazpenak har ditzaten. Talde hori adingabeek osatzen badute, horien guraso edo tutoreen artetik hiru ordezkari hautatuko dira.

Gainera, Elkarbizitzarako Akordio bat ezarri da (IV. eranskina), etxabeen erabiltzaileen eta higiezineko bizilagunen arteko elkargunea izan eta suerta daitezkeen arazoei aurrea hartzeko. Hezkuntzarako bitartekoa izaki, borondatezkoa da eta, haren balioa hainbat modutan bultzatuko den arren, akordiorik eza ez da eragozpen izanen lizentzia onesteko.

Kasu guztietan, errentariek identifikaziorako inprimakia (III. eranskina) bete beharko dute, lokala erabiltzen duen taldeko kide guztien izena, deiturak, helbidea, NANa eta telefonoa adierazita.

Betiere, taldeko kideren bat adingabea bada, aitaren, amaren edo tutorearen baimena erantsiko da, haren erantzukizuna bere gain hartzen duela.

Taldeak jarduera uzten badu, behartuta dago Udalari idatziz jakinaraztera, bai eta lehendik izendatutako kideak ordezkatuko dituzten kide berrien izendapenak daudenean ere.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Udalak printzipio hauek ezarri ditu, arlo honetan duen borondatearen laburpen gisa:

-Biltokien erabilera bizilagunen eskubideekin bateragarri egitea.

-Aisia alternatiborako lekuek segurtasun eta higiene baldintza gutxienekoak betetzen dituztela bermatzea, erabiltzaileei beraiei eta herritarrei oro har eragozpenik eta arriskurik ekar ez diezaieten.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Erabilera murriztuko aisialdiko biltoki guztiei aplikatuko zaie ordenantza hau (ikuskizun publikoen eta josteta jardueren gaineko legeria aplikatzen ez zaienei), iraunkorrak zein aldi baterakoak izan, Atarrabiako Udalaren mugapean daudenei edo irekitzen ahal direnei.

3. artikulua. Definizioak.

Artikulu honetan ordenantza honen xedeko jarduerak zehaztu, deskribatu eta bereizi nahi dira.

3.1. Biltoki iraunkorra: sarbide mugatuko lokalak dira, jende guztiarentzat irekiak ez daudenak, Hirigintzako araudiak halakoak ezartzeko baimena ematen duen eraikinetan kokatuak -berariaz adierazten ez bada, antzeko erabilerarekin parekatuko dira- helburu kulturalak, didaktikoak, asialdikoak eta gisakoak gauzatu beharrez jendea elkartzeko balio dutenak. Ezin dira beheko solairutik gora kokatu, ezta lokaletarako behegainetan ere, lokal beretik sarrera independienteak dituztela.

I. eranskinean deskribatu da gutxienez eskatzen zaien ekipamendua.

3.2. Aldi baterako biltokia: sarbide mugatuko lokalak dira, jende guztiarentzat irekiak ez daudenak. Egitura egokia duten eraikinetako beheko solairuetan soilik egoten ahal dira. Jendea bertan biltzen da aisialdi, jolas eta antzekoetarako, herriko festetan. Ordenantza honetan xedatutako moduan, herriko festetan eta haien aurreko eta ondoko zazpi egunetan baino ezin dira erabili.

I. eranskinean deskribatu da gutxienez eskatzen zaien ekipamendua.

TITULU

Bakarra

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Prozedura

4. artikulua. Lizentzia tramitatzea.

Oro har, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako xedapenei jarraituz arautuko da eta, bereziki, ordenantza honetako determinazioen arabera.

4.1. Prozedura ofizioz abiatuko da, edo interesdunek eskatuta. Horretarako, tramite hauek eginen dira:

4.1.1. Interesdunen eskaera: lokalaren errentari edo maizterrek nahiz jabeek eskabidea aurkeztuko dute, III. eranskineko ereduari jarraituz.

Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Identifikazioko inprimakia, datu hauek gutxienez zehaztuko dituena:

-Lokalaren helbidea.

-Lokala non den, hango komunitateko buruaren eta administratzailearen izena eta helbidea, halakorik bada.

-Taldearen izena (aukerakoa) eta taldeko kideen kopurua.

-Taldeak izendatutako hiru ordezkarien izenak, helbidea, telefonoa eta NANa, Udalak bidal ditzakeen jakinarazpenak jasotzeko.

Taldea adingabeez osatua bada, haien gurasoetako hiru izendatuko dira; eta betiere, eskatzaileak edo kideetako bat adingabeak badira, aitaren, amaren edo hura ordezkatzen duen tutorearen baimena erantsiko da, adingabearen erantzukizuna bere eginaz.

b) Eskatzaileek lokalaren titulartasuna edo hura erabiltzeko legezkotasuna egiaztatu beharko dute. Horretarako, errentamenduaren kontratuaren edo erabilera lagapenaren kopia, edo jabetza eskritura aurkeztuko dute.

c) Suteen aurkako eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza badela egiaztatzea, 300.000 eurokoa, jardueraren ondorioz gerta daitekeen edozein istripuren aurrean lokala babesteko.

d) Izendatutako ordezkarien aitorpen sinatua, ordenantzaren I. eranskineko dotazioetarako baldintzak betetzen direla eta higiezineko bizilagunekin Elkarbizitzarako Akordio batera iristeko prest direla adierazten duena.

4.1.2. Udalak eskatuta hastea: Udalak dagokionari eskatuko dio lizentziaren espedientea hasteko, lokalen bat behar den lizentziarik gabe ari dela atzemanez gero, dagozkiokeen zehapen espedienteak ukatu gabe.

4.1.3. Interesdunei jakinaraztea.

Espediente honen hasiera jakinaraziko zaie komunitate bakoitzeko lehenengo solairuetako bizilagunei eta baita komunitateko buruari ere, agertzeko eta egoki juzgatzen dutena adierazteko aukera izan dezaten. Jakinarazpen horretan gonbitea eginen zaie biltokiko ordezkariekin bilera bat edo batzuk egin ditzaten, betiere Udaleko Gazteriako teknikariaren edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte hezitzailearen gidaritzapean. Elkarretaratze horien xedea Elkarbizitzarako Akordio batera iristea izanen da.

Orobat, espedientea hasi dela iragarriko da Udaleko iragarkien oholean, hamabost eguneko epean.

4.2. Txosten teknikoa.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Udaleko zerbitzu tekniko eskudunek eskabidea berrikusi eta behar diren txostenak eginen dituzte.

Udaleko teknikariaren ustez, higiezinaren kontserbazio egoera aztertuta, lokalak segurtasun akatsak baditu (eta 100 urtetik gorako eraikin guztietan), lokalaren eta, zein den kasua, eraikinaren egituraren gaineko segurtasuna eta sendotasuna frogatzen duen ziurtagiria, teknikari eskudun batek egina, eskatuko zaio eskatzaileari, jardueraren proiektuarekin edo titulartasuna aldatzeko ziurtagiriarekin batean.

Txosten horietan jasoko da lokala antzeko beste batzuetatik gertu dagoen, izan ditzakeen ondorioak, eta haietan proposatzen ahalko da eremu edo kalearen zati bat saturatua dagoela deklaratzeko. Azken kasu horretan, Udaltzaingoak horren gaineko txostena eginen du.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Udaleko zerbitzu tekniko eskudunek txostenak berrikusi eta behar diren txostenak eginen dituzte.

a) Aldekoa, aisialdiko lokala baimentzeko modukoa bada eta ordenantza honetako zein indarra duen gainerako araudi aplikagarriko determinazioak betetzen baditu.

b) Kontrakoa, establezimendua baimentzeko modukoa ez bada edo, hala izanik, eskatzen diren determinazioak betetzen ez baditu. Kasu horretan, eskatzaileei aditzera emanen zaie hiru hilabeteko epea dutela lizentzia eskaeran atzemandako akatsak zuzentzeko edo dokumentazioa osatzeko.

4.3. Gizarte egoeraren gaineko txostena:

Lokalaren egokitasunari buruzko txostenei erantsi ahalko zaie Elkarbizitzarako Akordioaren sinadurari buruz udal teknikariek luzatutako txostena.

Edonola ere, Gizarte egoeraren gaineko txostena luzatuko da, eremu bat saturatua dela deklaratzea proposatzen den kasuetan.

4.4. Alegazioa eta/edo handitzea.

Espedienteari amaiera ematen dion ebazpenaren aurretik, bertan parte hartu duenari igorriko zaio, hamar eguneko epean bidezko alegazioak aurkez ditzan. Azkenik, Alkatetzari igorriko zaio, behar den ebazpena eman dezan.

Lokala egokitzeko obrak egin behar badira, erabiltzeko lizentzia emateko Alkatetzaren ebazpenaren aurretik egin beharko dira, obra lizentzia eskatu ondotik.

4.5. Baimena.

Erabiltzeko lizentzia ematen duen Alkatetzaren ebazpenean edo obrak egiteko baimena ematen duenekoan, halakorik behar bada, lokala egokitzeko obrak egiteko.

Udal teknikariek ikuskapen bisita egiten ondotik, lizentzia horretan jasoko da obrak egin direla eta beharrezko instalazioak ezarri, xedatutako neurri zuzentzaileak aplikatu direla eta erantsitako dokumentazioan udal planeamenduak ezarritako hirigintzako erabilerarekin bat egiten duela.

Ebazpen horretan eranskin gisa gehituko da bi aldeek sinatutako Elkarbizitzarako Akordioa, halakorik bada, 4.7. atalean ezarritako baldintzetan.

Orobat, lizentzia horretan zehaztuko dira lokala erabiltzeko mugak eta neurri osagarriak ezarri ahalko dira jarduerak egoki gauzatu daitezen, hurrengo artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Noiznahi edo arlo honetako arauak betetzen ez direla uste denean, Udalak, abisatu ondoren, ikuskatzeko bisitak egiten ahal ditu instalazioak titularrek aurkeztu dokumentazio teknikoari eta emandako lizentziaren baldintzei egokitzen ote zaizkien egiaztatzeko.

4.6. Ukatzea.

Txostenak aldekoak ez badira, Alkatetzak ebazpena emanen du eskatutako erabilera lizentzia ukatzeko.

4.7. Elkarbizitzarako Akordioa.

Talde batek etxabe bat erabiltzea eskatzen badu modu iraunkorrean, ireki eta hilabeterako gehienez, Gazteriako teknikariak edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte-hezitzaileak erabiltzaileei eta bizilagunei jakinaraziko die Elkarbizitzarako Akordioa sinatzeko aukera dutela, 4.1.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Bi alderdiek Akordioa borondatez sinatuta, betiere IV. eranskineko ereduari jarraituz, hura espedienteari erantsiko zaio.

Lizentziako akordiorik ez bada, Udaleko teknikariak horren gaineko txostena eginen du, baina akordio ezak ez du galaraziko Alkatetzak eskatutako lizentzia eman ahal izatea.

Akordioa balioduna izanen da epemugarik gabe, eta amaitutzat joko da:

a) Bi aldeetako batek idatziz hala adierazten duenean.

b) Sinatutako Akordioa hautsi dela egiaztatuta, ez denean Akordio hori berritzeko adostasunera heltzen, 4.1.3 artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz.

5. artikulua. Biltokien funtzionamendua.

Lokal horiek aisialdirako erabiltzeko baimenak muga batzuk izaten ahal ditu, erregelamendu honen xedapenen eta araudiaren arabera aplikagarri direnak. Zehazki, honako hauek:

5.1. Ezin da lastaira, kartoi eta plastikorik (edalontziak kenduta) erabili edo pilatu, ezta sutea sortu edo zabaltzeko arriskua dakarkeen beste ezein material ere.

5.2. Egunez zein gauaz ezin izanen da gainditu zarata maila jakin bat, aplikatzekoa den araudian ezarritakoa. Zarata maila horri dagokion arauen laburpen bat emanen da ebazpenarekin batera.

Gaur egun, arau horiek dira indarra duten 135/1989 F.D.aren eta 1367/2007 E.D.aren artikuluak (Estatuko oinarrizko legeria) eta jarduerek sortutako zarata mailak betetzeko behar diren neurri zuzentzaileak, E.D.ko ebaluazio parametroen arabera.

5.3. Halako erabilerak beheko solairuetan bakarrik baimenduko dira, eta sekula ez eraikin kolektiboetako etxebizitzetan edo behegain independenteetan. Lokal osoak hartu beharko dituzte, eremu publikora zuzenean ematen duten sarbide independenteak dituztela. Ez da onartuko beste lokal edo jarduera batzuetatik sartzea, ezta atari barrenetik edo etxebizitzetatik ere.

5.4. Ezin izanen da altzaririk atera kalera, bizilagunei traba egiten badiete edo oinezkoen pasa eragozten badute eremu publikoko espaloietan.

5.5. Lokalaren erabiltzaileek zaindu beharko dute musika ekipoa martxan denean ate-leihoak itxita egon daitezen.

5.6. Adingabeek edari alkoholdunak eta tabakoa kontsumitzeko debekua beteko da, Adingabeei Edari Alkoholdunen Kontsumoa Galarazi eta Mugatzeari buruzko martxoren 16ko 10/1991 Foru Legearen eta Tabakoari buruzko otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legearen arabera.

5.7. Eskola-adinean dauden gazteei debekatzen zaie biltokiak erabiltzea eskola-ordutegiaren barrenean, jolas-orduak barne direla.

5.8. Eremu publikoa garbitu beharko da, baldin eta zerbaitetarako erabili denean zikindu bada.

5.9. Lokalean ezin izanen da merkataritzako inolako jarduerarik edo salmentarik egin.

5.10. Ezin izanen da sukalderik izan, ez eta ere etxetresna elektrikorik ere, zuzenean ukituta lokalean surik eragin dezakeenik. Ordea, grillik gabeko mikrouhin-labea eta hozkailua eduki ahalko dira.

5.11. Gehienez baimendutako edukiera bete beharko da, Etxegintzaren Kode Teknikoaren 2. zatian SI dokumentuaren 3. zatian ezarritakoaren arabera (eraikina hustea). Proiektuan definituko da, eta ebazpen bakoitzean zehaztuko. Elkarte gastronomikoei baimendutako edukiera hartuto da erreferentzia gisa.

5.12. Lokalak baldintza egokietan egon beharko du, kontserbazio eta garbitasun aldetik, bizilagunei trabarik ez egiteko.

5.13. Lokalak, gutxienez ere, ur korrontea eta energia elektrikoaren hornidura izan beharko ditu kontratu independentean.

5.14. Beste edozein, ordenantza honetako edo sektore honetan aplikatzekoa den araudiko xedapenen ondoriozkoa.

5.15. Aisialdirako lokalak ezin izanen dira inoiz bata bestearen ondoan egon.

6. artikulua. Araubide berezia aldi baterako biltokientzat.

Jarduera hau tarteka-marteka egiten denez, eta aurreko artikuluetan -lehen instalaziorako- xedatutako tramitazioaren aplikazioa galarazi gabe, datorren urteko festen aurretik eta, betiere, hamabost egun baino lehenago, ikuskatzera etortzeko eskatu beharko zaio Udalari. Horrela ikusiko da jatorrizko lizentzian eskatzen diren neurri zuzentzaileak hartu ote diren, eta beste edozein ezartzen ahalko da araudi aplikagarrietako eskakizun berrien arabera. Ikustaldiaren gaineko txostena positiboa bada, berritzeko lizentzia emanen da.

7. artikulua. Beste baimen batzuk.

Ordenantza honetako baimenak ez du zerikusirik sektoreko araudiaren arabera eskatzen ahal den beste edozein baimenekin.

II. KAPITULUA

Zehatzeko prozedura

Ingurumenean Esku-hartzeko neurriei buruzko 93/2006 F.D.an eta 4/2005 F.L.an ezarritako kapitulu orokorren osagarria da kapitulu hau.

8. artikulua. Arau-hausteak.

8.1. Zati orokorra.

Ordenantza honetan xedatutakoa betetzen ez duten egintzak arau-haustetzat joko dira. Ordenantza honetako zehapenak zehazteko, kontuan hartuko dira honako printzipio hauek:

a) Diru bidezko zehapena ezarriko da kontuan izanda zehatuarentzat egindako arau-haustea ez izatea onuragarriagoa hautsitako araua betetzea baino.

b) Halaber, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean. Honako irizpide hauek hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

b.1) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

b.2) Kalteak nolakoak diren.

b.3) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Ordenantza honetan bildutako arau-hauste administratiboak zehatzeko, espedientea instruitu beharko da aldez aurretik, aplikazioko arauan ezarritako prozedurari jarraituz.

d) Erantzukizunaren astungarritzat hartuko dira giza osasunean izan dezakeen eragina, kalte akustikoa, kaltearen atzeraezintasuna, lekuaren ezaugarriak, intentzionalitatea, berrerortzea eta kutsadura edo istripurako arriskua.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke. Aurreko printzipioen arabera mailakatuko dira arau-hauste eta zehapenak hiru kategorietako bakoitzean.

Zaraten gaineko araudia betetzen ez denean, 4/2005 F.L.an bildutako araubidea eta zehapen prozedura aplikatuko dira, ekainaren 6ko 135/1989 Foru Dekretuan eta 1367/2007 E.D.an jasotako mailaketaren arabera.

Alkatea izanen da organo eskuduna zehapen espedienteak irekitzeko eta arau-hausteak zehatzeko, non ez duen jardueren gaineko legeriak beste eskumenik zehazten.

8.2. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak dira:

a) Dokumentazioa ez eguneratzea, ordenantza honetako 4.1.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

b) Edozein motatako altzariak kalera ateratzea, bizilagunei traba egiten badiete edo oinezkoen pasa eragozten badute eremu publikoko espaloietan.

c) Bestelako edozein, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzeaz gainera ondoko zenbakietan espresuki aipatzen ez badira.

8.3. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larriak dira:

a) Lokala baldintza egokietan ez edukitzea.

b) Lokala behar bezain garbi ez izatea, bai barrenetik bai kanpotik, eremu publikoaren gaineko ordenantzan zehaztutakoaren arabera, eta horrek traba egiten badu edo osasun publikoarendako arriskua badakar.

c) Lokalean gauaz edo egunaz animaliak edukitzea inor haietaz arduratu gabe, betiere bizilagunei traba egiten badiete edo osasun publikoarendako arriskua badakarte.

d) Adingabeek alkohola kontsumitzeko debekua ez betetzea.

e) Ate-leihoak itxita ez izatea, musika 1. eranskinean baimendutakoa baino altuagoa izanez gero, bizilagunei traba egin zaiela egiaztatzen bada.

f) Gai sukoiak pilatzea.

g) Pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arriskua dakarten elementuak edo sukaldea paratzea.

h) Ordenantza honetako 5. artikuluan ezarritako gutxieneko ekipamenduak aldatu, mugatu edo kentzea.

i) Lokalera sartzeko baimendutako jende-kopurua gainditzea.

j) Eremu publikoa behin eta berriz okupatzea, barreneko jarduera kanpoaldera zabalduta.

8.4. Arau-hauste oso larriak.

Arau-haute oso larritzat hartuko dira honako hauek:

a) Biltokirako lokalaren lizentzia eskabidean eta haren erabilera baimentzen duen ebazpenean aipatzen den xedea ez beste baterako erabiltzea.

b) Lokala ireki edo erabiltzea behar den baimena eskuratu baino lehen.

c) Gai sukoiak pilatzea, pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arriskutsuak badira.

d) Lokala berralokatu, laga edo eskualdatzea.

e) Pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak dakartzaten elementuak edo sukaldea paratzea.

f) Ordenantza honetako 5. artikuluan aipatzen diren gutxieneko ekipamenduak aldatu, mugatu edo kentzea, ondorioz pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak ekarrita.

g) Lokalera sartzeko baimendutako jende-kopurua gainditzea, ondorioz pertsonen ondasunentzat edo osasunarentzat arrisku oso larriak ekarrita.

h) Atarrabiako Udalak baimendutako ikuskatzaileei, osasun arloko langileei edo udaltzainei sartzen ez uztea, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

i) Atarrabiako Udalak ekipamenduei edo erabileraren mugei buruz egindako errekerimenduari kasurik ez egitea.

9. artikulua. Erantzuleak.

8. artikuluan arau-hauste gisa sailkaturik agertzen diren gertakariak egin dituzten pertsonak izanen dira arau-hausteen erantzuleak. Taldekoen ordezkari gisa agertzen direnei zuzenduko zaie espedientea, 4.1.1 artikuluan xedatutakoaren babesean. Horrek guztiak ez du ukatzen zehapena, ekonomikoa bada, taldeko kide gisa agertzen diren guztiei eskatzea modu solidarioan, baldin eta ez badute borondatezko epean ordaintzen.

8.3.a puntuari dagokion zehapena, baldintza egokiei buruzkoa, isunaren zenbatekoa jabeari eskatzen ahal zaio, aldez aurretik tekniko eskudunek erabakitzen badute haiena dela arau hau ez betetzearen erantzukizuna.

10. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteen zenbateko ekonomikoak ordenantza onetsi zeneko uneari dagozkio, eta ekitaldi horri. Hurrengo aplikazioak egiteko, kontsumorako prezioen indizearen arabera eguneratu beharko dira zenbatekoak, EINek bere webgunean Nafarroako Foru Komunitatearentzat aplikatuko den hilabeterako argitaratzen duenaren arabera.

10.1. Mailaketa.

Arau-hauste arinak 100 euro arteko isunarekin eta/edo ixteko ohartarazpenaz zehatuko dira.

Arau-hauste larriei 101etik 300 euro bitarteko isuna ezarriko zaie eta baimena bertan behera geldituko da 180 egunez ixtera behartuta.

Arau-hauste oso larriei 301etik 3.000 euro bitarteko isuna ezarriko zaie eta/edo lizentzia kenduko zaie; lokala behin betiko itxiko da zuten erabilerarako eta ez dute lizentzia berririk eskuratuko 3 hilabetetik 3 urte arteko epean.

10.2. Goragoko mailako zehapena.

Batere ukatu gabe 8. artikuluan aipatzen den berrerortzeari buruzko printzipioa, edozein mailatako arau-hausteak behin eta berriz eginez gero, goragoko mailako zehapena jarriko da, baldin eta kalifikazio bereko 5 arau-hauste baino gehiago egiten badira urtebetean edo 3, hilabeteko epean.

10.3. Zehapenen etenaldia.

Zehapena jartzen duen ebazpenean ezartzen ahalko da ezen egindako arau-hausteari dagokion zehapenaren ordez beste ordainbideren bat jartzen ahal dela, honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Arau-haustearen aurreko urtean inolako arau-hausterik egin ez izana.

b) Arau-haustea oso larria ez izatea.

c) Gertaerak onartzea eta zehapen espedientearen etendura eskatzea.

d) 100 euroko fidantza jartzea. Urtebeteren buruan itzuliko da baldin ez bada berriz inolako arau-hausterik egiten.

Etenaldia 3 hilabetekoa izanen da, gutxienez ere, eta urtebetekoa, gehienez ere.

Dagokion organoak hartuko du bere borondatez neurri hori Atarrabiako Udalean.

10.4. Zarata mugei buruzko arau-hausteak.

1367/2007 E.D.aren edo ordezko legeriaren arabera jarduera bakoitzerako ezarritako zarata mugen gaineko arau-hausteak ekainaren 6ko 135/1989 Foru Dekretuaren 24. artikuluan xedatutakoaren arabera zehatuko dira; izan ere, dekretu horren bidez ezarri ziren zarata eta dardarak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak. 100 eurora bitarteko zehapena izanen da arau-hauste arinentzat, 101etik 300 eurora bitartekoa larrientzat eta 301etik 3.000 eurora bitartekoa oso larrientzat.

10.5. Ordezko zehapenak.

10.5.1. Zehapena jartzen duen ebazpenean ezartzen ahalko da ezen egindako arau-hausteari dagokion zehapenaren ordez beste ordainbideren bat jartzen ahal dela, honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Arau-haustea ez izatea zarata mugei buruzkoa.

b) Arau-haustearen aurreko urtean inolako arau-hausterik egin ez izana.

c) Arau-haustea oso larria ez izatea.

d) Gertaerak onartzea eta zehapen espedientearen etendura eskatzea.

e) 60 euroko fidantza jartzea. Urtebeteren buruan itzuliko da baldin ordezko zehapena bete eta ez bada berriz inolako arau-hausterik egiten.

Kasu horietan, zehapenen ordez "Diru zehapenen ordez komunitatearen aldeko zerbitzuak egiteko aukera arautzen duen udal ordenantzan" ezarritako prozedurari eta konputuei jarraitu ahalko zaie. Kontuan hartuko da 7 egunetik 180 egunera bitarteko aldi baterako itxiera zehapen ekonomikoaren halako bi bailitzan kontatuko dela.

10.5.2. Zehapena dakarren ebazpenean, organo eskudunak adieraziko du zehapen alternatiboa bidezkoa den edo ez, zein toki edo entitate esleitu zaion, zer zerbitzu egin beharko duen, zenbat denboran, nork duen ardura kontrola eta jarraipena egiteko eta noiz hasiko den. Orobat, interesduna lanean hasteko emandako epea amaitu eta aurkezten ez bada, edo zerbitzua betetzen ez badu, zehapen ekonomikoa ezarriko zaio.

10.6. Beherapena berehalako ordainketagatik.

Abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoari jarraituz, prozedura hasitakoan, inputatutako pertsonak onartzen badu gertaeren erantzulea dela eta dagokion zehapena ordaintzen badu, prozedura besterik gabe amaitu eginen da, eta zehapena %50 murriztuko.

11. artikulua. Jardueraz aldatzea.

Delako jarduerarako ezarritako mugetako bat iragaten baldin bada, eta hori dela-eta beste jarduera multzo batean katalogatzen ahal bada, dagokion araubide teknikoa aplikatuko da. Halakoetan beste lizentzia bat eskatu beharko da, egiten den jarduerarekin bat datorren lizentzia, hain zuzen ere. Lizentzia hori eskatu eta ebatzi arte, eta zein den kasua, funtzionatzeko baimena eman edo irekitzeko lizentzia eskuratu arte ez da jarduera bakar bat eginen lokalean.

1. XEDAPEN IRAGANKORRA

Arau hauetan ezarritako determinazioak ordenantza honek indarra hartzen duenetik aurrera ezartzen diren biltoki iraunkor zein aldi baterakoei ez ezik, lehendik zeudenei ere aplikatuko zaizkie, eta, beraz, indarra hartzen duenetik kontatzen hasi eta lau hilabeteko epean, beren egoera arautu beharko dute hemen aipatzen diren determinazioen arabera. Salbu dira aldi baterako biltokiak, ordenantza honen berariazko ataletan xedatutako epean eskatu beharko baitute lizentzia.

Eragozpenak behin eta berriro sortzen dituztela egiaztatuz gero, ez da baimenik emanen lokal horiek erabiltzeko, ixteko agindua emanen da eta interesdunek itxi beharko dituzte. Ez bada agindua betetzen, Udaltzaingoak behartuta itxiko ditu, eta bertan behera geldituko dira hornidura zerbitzuak, Udalak eskatuta.

2. XEDAPEN IRAGANKORRA

Gaur egun diren lokalei ez zaie ordenantza honetako 5.15 artikuluan ezarritakoa aplikatuko, haien egoera ordenantza honetan ezarri bezala arautzen badute.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hamabost egun iraganda hartuko du indarra.

1. ERANSKINA

Gutxieneko ekipamendua aisialdiko zentro iraunkorrentzat

Baimena tramitatzeko, 4.1.1.e) puntuan xedatutakoaren arabera, ondotik zehazten diren zerbitzuak badituela frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko zaio eskaerari. Frogabidea lokalak dituen elementuei buruzkoa izanen da, edo ebazpenak adierazitako epean ezarri gogo direnei buruzkoa:

a) Edateko ur korrontearen zerbitzua.

b) Komun itxia, kanpotik zuzenean aireberritzen dena, komun-zuloz eta konketaz hornitua.

c) Aireberritze naturala edo behartua lokal eta gela guztietan, CTE DB HS araudiaren arabera.

d) Suteen aurkako neurriei dagokienez, 1996ko NBE-CPI arauari jarraituz, honako hauek izanen dira, gutxienez ere:

-Erabilera anitzeko 21A-113A su-itzalgailuak, 1,2 k-ko gai itzaltzaile zabaltzen dutenak azalera erabilgarriko 10 m²-ko bakoitzeko.

-Suari aurre egiten dion CTE-DB SI araberako materiala horma, sabai eta zoletan.

-CO2.ko su-itzalgailua, hargune elektrikoaren taulan, 1996ko NBE-CPI arauan ezarritakoaren arabera.

-Ebakuazioko araudiak betetzea, CTE DB SIko determinazioen arabera.

e) Larrialdiko argiak eta ebakuazio bideak nahiz sua itzaltzeko gailuak xafla luminiszenteen bidez markatzea CTE DB SI-ko determinazioen arabera.

f) Instalazioak telebista edo musika ekipoa baldin badu, etxebizitza kaltetuenean izan daitekeen hots mailarik altuena 30 dBA izanen da eta 25 dBA 23:00etatik aitzinera; betiere, zaratei buruzko araudian ezarritakoaren arabera bai Nafarroan bai Estatuan. Udaleko agintariak, lokalarentzat egokia irudituz gero, potentzia akustikoaren mugagailu bat ezarteko eskatzen ahal du.

g) Lokalak itxitura metalikoak edo pertsianak baditu, haien erabilera baimentzeko bete beharko dira txosten teknikoan adierazitako neurri zuzentzaileak, eta, edonola ere, Zaratei buruzko 1367/2007 E.D.an eta 135/1989 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharko da.

g) Zaratei buruzko 135/1989 Foru Dekretuaren eta 1367/2007 E.D.aren gainerako determinazioak betetzea: etxebizita, patio eta eremu publikoetan.

h) Erantzukizun zibileko aseguru poliza sinatzea, 300.000 eurokoa.

i) Lokalak ezin du sukalderik izan, ezta janariak prestatzeko bestelako tresnarik ere, hozkailua eta grillik gabeko mikrouhin-labea salbu.

j) Josteta makinak dirurik ordaindu behar ez denetakoak izanen dira, eta saririk ematen ez dutenetakoak.

k) Gehieneko okupazioa (edukiera), udal zerbitzuek gainbegiratuko dutena, aplikatzekoa den araudiaren araberakoa.

II. ERANSKINA

Gutxieneko ekipamendua aldi baterako biltokientzat

a) Larrialdiko argiak eta ebakuazio bideak nahiz sua itzaltzeko gailuak xafla luminiszenteen bidez markatzea CTE DB SI-ko determinazioen arabera.

b) Instalazioak telebista edo musika ekipoa baldin badu, etxebizitza kaltetuenean izan daitekeen hots mailarik altuena 30 dBA izanen da eta 25 dBA 22:00etatik aitzinera; betiere, zaratei buruzko araudian ezarritakoaren arabera bai Nafarroan bai Estatuan. Udaleko agintariak, lokalarentzat egokia irudituz gero, potentzia akustikoaren mugagailu bat ezarteko eskatzen ahal du.

c) Zaratei buruzko 135/1989 Foru Dekretuaren eta 1367/2007 E.D.aren gainerako determinazioak betetzea: etxebizita, patio eta eremu publikoetan.

d) Erantzukizun zibileko aseguru poliza sinatzea.

e) Lokalak ezin du sukalderik izan, ezta janariak prestatzeko bestelako tresnarik ere.

f) Josteta makinak dirurik ordaindu behar ez denetakoak izanen dira, eta saririk ematen ez dutenetakoak.

g) Gehieneko okupazioa (edukiera), udal zerbitzuek gainbegiratuko dutena, aplikatzekoa den araudiaren araberakoa.

III. ERANSKINA

Eskabidea

Errentaria:

Izen-deiturak: ......................, helbidea: ............, NANa: ........................., telefonoa: ..............., errentariaren helbidea; kalea:............ zk.: ...............

Lokalaren erabiltzaileak:

-Ordezkariak eta eledunak: (nahitaezkoa).

Izen-deiturak ..................., helbidea ................., NANa ................., telefonoa ...........................,

-Gainerako erabiltzaileak: (aukerakoa).

Izen-deiturak ..................., helbidea ................., NANa ................., telefonoa ...........................,

Aurkeztu beharreko gainerako dokumentazioa:

NANaren fotokopia (ordezkariena eta lokalaren jabearena, nahitaezkoa; gainerako erabiltzaileenak, aukerakoa).

Errentamentu kontratuaren, erabilera lagapenaren edo jabetzako eskrituraren kopia.

Lokala babesten duen suteen aurkako eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza badela frogatzea.

Lokalean eginen den jardueraren deskripzioa.

Ekipamenduaren frogabidea, aisialdiko biltoki iraunkor zein aldi baterakoak arautzen dituen ordenantzaren I. eranskinean adierazitakoa.

IV. eranskina

Elkarbizitzarako Akordioaren eredua

Alde batetik, helbide honetan dagoen etxabea erabiltzen dutenen ordezkariek: ............................................................................. eta bestetik, muga egiten duen higiezineko bizilagunek, Elkarbizitzarako Itun honen bitartez honako puntu hauek adostu dituzte:

1. Etxabearen erabiltzaileek onartzen dituzte bizilagunek dituzten eskubideak atsedenari, segurtasunari eta ongizateari dagokienez. Horregatik, konpromisoa hartzen dute trabarik eta kalterik ez egiteko, udal ordenantzan ezarritako araudiari jarraituz eta bizilagunen arrazoizko eskaerei erantzunez.

2. Bizilagunek onartzen eta errespetatzen dute etxabearen erabiltzaileek eskubidea dutela hura aisialdirako erabiltzeko.

3. Bi aldeak, gainera, konpromisoa hartzen dute beste aldekoen eskaera hauei erantzuteko eta horiek errespetatzeko:

3.1. ...................................................................................................

3.2. ...................................................................................................

4. Bi aldeen artean arazorik sortzen bada, eta betiere ezertan ukatu gabe bizilagunak larrialdi egoera batean Udaltzaingoari kexatu ahal izatea, honako pausua hauek jarraituko dira:

4.1. Bi aldeen arteko elkarrizketa, konponbidea bilatzeko.

4.2. Aurreko pausu horrekin konpondu ez bada, Elkarbizitzarako Akordioan bitartekari aritu zen teknikariari deituko zaio, bilerarako deia egin dezan gaia konpontzeko. Deialdi hori astebeteko epean eginen da.

4.3. Bi aldeetako baten borondatez ez bada konponbiderik adosten, Akordioa hautsitzat joko da.

5. Akordioa balioduna izanen da epemugarik gabe, non eta aldeetako batek ez duen berariaz salatzen.

Erabiltzaileen ordezkari:

Izenak, NANa eta sinadura

Bizilagunen ordezkari:

Izenak, NANa eta sinadura

-Laburdurak:

EKT: Eraikuntzako Kode Teknikoa.

OA: Oinarrizko Agiriak.

HS: Osasungarritasuna.

SB: Suteen kontrako babesa.

EOA: Eraikuntzako Oinarrizko Arautegia.

SBB: Suteen kontra babesteko baldintzak.

LF: Foru Legea.

FD: Foru Dekretua.

ED: Errege Dekretua.

Iragarkiaren kodea: L1009070