72. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Diru-laguntzak banakako ebaluazio-araubidean emateko deialdia, enpresa-sortzaile gazteek enpresak eratu ditzaten

Iruñeko Udaleko alkateak 2010eko maiatzaren 27an onetsi zuen diru-laguntzak banakako ebaluazio-araubidean emateko deialdia, enpresa-sortzaile gazteek enpresak eratze aldera.

Deialdi honen helburua enpresa-sortzaile gazteei diru-laguntzak banakako ebaluazio-araubidean emateko prozedura garatzea da, jarduera ekonomiko berriak eratu ditzaten, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzen ordenantza orokorrak xedatutakoarekin bat. Deialdi honetan aurreikusi ez den orotan aipatu ordenantza aplikatuko da.

1.-Aurrekontua.

Deialdi honek, aurrekontuetan, 64.000 euro izanen ditu gehienez ere, 2010eko Udalaren Gastu-aurrekontuko 71/45320/470000 kontu-sailaren kargura. Baldin eta deialdi hau ebazteko datan 2010. urte honetarako Udalak hitzarmen eta diru-laguntzetarako duen programan egiteko diren beste zenbait jarduera egin gabe badira, jarduera horietarako aurreikusitako zenbatekoak deialdi honetarako esleitzen ahalko dira, eta horrek ez du ekarriko beste deialdi bat egin beharra; haatik, oinarri hauekin bat eskaerak egin dituzten entitateak izanen dira haien onuradun, betiere eskabideak aurkezteko epearen barruan aurkeztu badituzte.

Diru-laguntzen zenbatekoak ondoko irizpidearekin bat banatuko dira:

Enpresak eratu eta abiatzeko gastu-inbertsioaren % 70eko gehieneko diru-laguntza ezarri da, 2.000 euroko mugarekin, pertsona fisiko, sozietate zibil eta sozietate irregularrentzat, eta 2.500 eurokoa, nortasun juridikoa duten elkarteentzat. Gehieneko kopuru hori aplikatuko da, baldin eta deialdiaren aurrekontu osoa gainditzen ez bada.

2.-Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen xedea eta helburua enpresa-sortzaile gazteek jarduera ekonomiko berriak Iruñeko Udalaren mugapean eratu eta abiatzeko izaten dituzten gastuak diruz laguntzea da.

Onuradun bilakatuko dira 2009ko urriaren 1etik 2010eko irailaren 30era bitarte (biak barne) jarduera ekonomiko berriak eratu dituztenak. Ondorio horietarako, JEZen alta noiz eman eta egun hori hartuko da jardueraren hasiera-datatzat.

Ez dute diru-laguntzarik jasoko jokoarekin, tabernekin edo antzekoekin loturiko jarduerek.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira aurretik zegoen enpresa baten izen edo izaera juridikoaren aldaketaren ondorioz sorturiko enpresak. Halaber, diru-laguntza ukatzeko zioa izanen da deialdi hau baino bi urte lehenagoko epean jarduera berean edo antzekoan norberaren konturako jardun izana. Diru-laguntza hauetatik kanpo geratuko dira, baita ere, deialdi honen beste edizioren batean laguntza jaso dutenak. Diru-laguntza hau behin bakarrik jasotzen ahalko da, eta, behin jasoz gero, ezin izanen da deialdira berriz aurkeztu.

Hona, onuradunen betebeharrak:

a) Diru-laguntzaren xede den helburua, proiektua edo jarduera gauzatzea edo diru-laguntzaren oinarria den jokabidea hartzea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

c) Organo emaileak egin beharreko egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei men egitea, bai eta kontrol-organo eskudunek egiten ahal dituzten egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei ere men egitea, betiere udal agiritegietan jaso ez eta aurreko jarduketetan eskatzen dieten adina informazio eman beharko dutelarik. Horiek horrela, proiektuari 18 hilabetean eutsi behar zaio, gutxienez, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman eta hortik aitzina. Eta diru-laguntza aldatu edo itzularazteko aukera izanen du, betiere itxiera ezinbesteko arrazoiek eragin ez badute.

d) Helburu berbera duten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, organo emaileari horren berri ematea. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

e) Diru-laguntzetarako ebazpen-proposamena eman baino lehen egiaztatu beharra dute egunean dituztela hala tributu-betebeharrak nola Gizarte Segurantzarekikoak (aplikagarria izanez gero, egiaztatu beharko dute egunean dituztela nahitaezko mutualitateei ordaindu beharrekoak). Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du Udalarekiko tributu-betebeharrak egunean dituztela.

Aurrekoa gorabehera, Udalak bere kabuz kitatu ahal izanen ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntza horiekin, osorik edo parte batean, zor dituzten kopuruak konpentsatuta.

f) Kontabilitate-liburuak, izapide-erregistroak eta gainerako agiriak izan behar dituzte, behar bezala ikuskatuak izan ere, onuradunari kasuan-kasuan aplikatzen ahal zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeek ezarritakoekin bat, bai eta deialdiek edo ebazpenek egiaztapen- eta kontrol-eskumenak modu egokian gauzatuko direla bermatzeko galdatzen ahal dituzten egoera-orriak eta berariazko erregistroak ere.

g) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak, agiri elektronikoak barne, gordetzea, egiaztapen eta kontrol jarduketen xedea izan daitezkeen neurrian.

h) Behar bezalako publizitatea egitea, diru-laguntza jaso duten programak, jarduerak, inbertsioak edo jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituela jakitera emate aldera. Udalak beretzat gordeko du diru-laguntzak emateko ekitaldi publikoa egiteko aukera. Ekitaldi horretara onuradunak bertaratuko dira, edo, bestela, haiek eskuordetutako pertsonak.

i) Jasotako funtsak itzultzea, Diru-laguntzen ordenantza orokorrak jasotzen dituen kasuetan.

3.-Diru-laguntzak eskatzeko betekizunak eta horiek egiaztatzeko bideak.

Jarduera ekonomiko berriak bigarren klausulan zehaztutakoaren arabera eratu dituzten eta baldintza orokorrak bete zein Diru-laguntzen ordenantza orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren batek ere ukitzen ez dituen pertsona fisikoek edo juridikoek eska ditzakete diru-laguntzak, betiere ondokoekin bat:

I.-Pertsona fisikoen kasuan: 2009ko abenduaren 31n 18 urteak beteak izan eta 35 urte baino gehiago ez izatea, eta unitate ekonomiko bat osatzea.

ll.-Pertsona juridikoen kasuan: bazkideen bi herenek ez dute eduki behar 35 urte baino gehiago, edo, kapital sozialaren bi heren, gutxienez, 18 urtetik 35era bitarteko bazkideek jarri behar dute.

III.-Helbide fiskala eta negozioa Iruñeko udal mugapean eduki behar dituzte, eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela egiaztatu beharko dute.

IV.-Iruñeko Udalaren Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emana izan beharko dute, 2. klausulak ezartzen duen epean, hau da, 2009ko urriaren 1etik 2010eko irailaren 30era bitarte.

V.-Proiektuaren bideragarritasun-txostena izan beharko dute, Iruñeko Udaleko Ogasun Alorreko ekonomialari batek, Enpresak Sustatzeko Iruñeko Udaleko Zerbitzuak edo antzeko zerbitzu batek ikus-onetsia. Bertan adierazi beharra dago, besteak beste, zenbat lanpostu sortu diren.

Diru-laguntza jasotzeko debeku-zio bakar batek ere ukitzen ez dituela eta galdatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu behar da, bai eta deialdi honen 7. klausulan ezarritakoarekin bat eskabideari erantsi beharreko agiriak eta argibideak ere, betiere Administrazioak aurkeztutako aitorpenak edo justifikazioak egiazkoak diren ikertzeko duen ahalmena ezertan galarazi gabe.

Ez da beharrezkoa izanen udal-agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez egiaztatzea.

4.-Diru-laguntzak bideratzeko eta haien gainean ebazteko organo eskudunak.

Hezkuntza eta Gazteria Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da diru-laguntzen inguruko prozedura bideratzeko organo eskuduna, eta bere kabuz eginen ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Eskabideak zein hurrenkeratan sartu diren, horri hertsiki jarraikiz tramitatuko dira, deialdi honetan ezarritako aurkezpen-epea amaitu ondoren. Udaleko Toki Ogasuneko Alorrak eta Gazteriaren Unitateak batera agiri guztiak egiaztatu ondoren, instrukzio-organoak ebazpen-proposamena eginen dio, behar bezala motibaturik, ebazteko eskumena duen organoari, hau da, Alkatetzari.

Eskatzaileei prozedura tramitatzeko beharrezko diren agiri guztiak galdatzen ahalko zaizkie, eta, halaber, diru-laguntzen erabilera egokia egiten dela bermatzeko baldintzak eta betebeharrak ezartzen ahalko dira.

5.-Eskabideak noiz arte eta non aurkeztu:

Interesdunen eskaerak eskatzaileak sinatu beharreko eskabide baten bitartez egin behar dira, betiere deialdi honek ezarritako arauzko ereduarekin bat (I. Eranskina).

Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean noiz argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2010eko azaroaren 2an bukatuko, egun hori barne hartuta.

Eskabidearekin batera, deialdi honen zazpigarren oinarriak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Eskabideak Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kondestablearen Jauregia-Kale Nagusia, 2) aurkezten ahal dira, edo, bestela, erregistro osagarrietan (Kultura Alorra -Descalzos k., 72, 2. solairua-; Herritarren Segurtasuneko Alorra -Iratxeko monasterioaren k., 2, beheko solairua-; Hirigintza eta Etxebizitza Alorra -Armada etorbidea, 2, 5. solairua-; Lehendakaritza, Gizarte Ongizate eta Kirol eta Hezkuntza eta Gazteria alorrak -Zapateria k., 40, beheko solairua-; Zaharberritze Bulegoa -Eslava k. 1, beheko solairua-) zein Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak, haren 38. artikuluan, aurreikusten dituen beste edozeinetan.

6.-Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epe hori eskabidea bideratzeko organo eskudunaren erregistroan aurkeztu eta hortik aitzina kontatuko da.

Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Diru-laguntzen ordenantza orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

7.-Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta argibideak.

Atxikitako ereduarekin bat aurkeztutako eskabideekin batera (1. eranskina), ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

1. Eskatzailearen identitatea egiaztatzen duten agiriak:

1.1. Pertsona fisikoak diren eskatzaileak:

-NAN.

-Ziurtagiria, Gizarte Segurantzan izena emanda daudela eta harekiko betebeharrak egunean dituztela egiaztatzeko.

-Kasuan kasuko enpresa Ogasun Publikoarekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzen duen egiaztagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandakoa.

1.2. Sozietate irregularrak edo sozietate zibilak diren eskatzaileak:

-Sozietatea eratu izanaren egiaztagiria, betiere, dagokion erregistroan izena emanda.

-Eratutako jardueraren legezko ordezkarien NANa.

-Identifikazio fiskaleko agiria.

-Ziurtagiria, bazkide bakoitzaren izenean, Gizarte Segurantzan alta emanda daudela eta harekiko betebeharrak egunean dituztela frogatzeko.

-Kasuan kasuko enpresa Ogasun Publikoarekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzen duen frogagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandakoa.

1.3. Pertsona juridikoak diren eskatzaileak:

-Enpresaren eraketari buruzko eskritura, Merkataritzako Erregistroan edo dagokion erregistro ofizialean behar bezala izena emanda.

-Eratutako jardueraren legezko ordezkariaren NANa.

-Langile bazkide guztien NANa.

-Identifikazio fiskaleko agiria.

-Ziurtagiria, enpresa Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko.

-Enpresak Ogasun Publikoarekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzen duen egiaztagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandakoa.

2. Eskatzaile mota bakoitzaren arabera eskatutako agiri horiez gain, honako agiriak aurkeztu beharko dituzte eskatzaile guztiek:

a) Erantzukizunpeko aitorpena, bertan adierazita onuradun izateko betekizun orokorrak betetzen dituela eta eskatzailea ez duela ukitzen ezta debekuzio-zio bakar batek ere, Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zio orokorren zein deialdi honetan ezarritako berariazkoen artetik. (I.1. eranskina).

b) Beste erakunde publiko eta pribatu batzuei helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa. Horretaz gain, bestelako erakundeei aurkeztu eta deialdi honetan parte hartzen duten unean ebazteke dauden laguntza-eskaerak aipatuko dituzte (I.3. eranskina: Jasotako diru-laguntzei buruzko aitorpena).

c) Dagokion enpresa-plana aurkeztea, Toki Ogasuneko Alorreko ekonomialari batek ikus-onetsia, edo, bestela, Enpresak sustatzeko Iruñeko Udaleko zerbitzuak edo mota horretako beste zerbitzu batek. Bertan ezinbestean agertu behar da jarduera berriak zenbat lanpostu sortuko dituen.

d) Banku-datuak helbideratzeko ziurtagiria.

e) Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela justifikatzeko agiria, deialdi honen 12. oinarrian xedatutakoaren arabera.

Eskatutako agiriek originalak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute, edo, bestela, indarrean dagoen legearekin bat kautoak diren kopiak.

Iruñeko Udalak ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak eguneratuak dituela berarekiko tributu-betebeharrak, bai eta JEZean alta emana duela 2. klausulan ezarritako epean, hau da, 2009ko urriaren 1etik 2010eko irailaren 30era bitarte.

Galdatutako agiriak Iruñeko Udalaren edo bere erakunde autonomoen eskuetan badaude, haien ordez erantzukizunpeko aitorpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota, betiere bost urtetik gora joan ez badira, kasuan-kasuko prozedura bukatu zenetik.

Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Udalak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezin badute agiriren bat eskuratu, eskatzaileei eskatzen ahalko diete hura aurkezteko edo, bestela, agiria zein betekizuni dagokien, horiek beste bide batzuk erabiliz frogatzeko, betiere ebazpen-proposamena egin baino lehen.

8.-Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat.

Ebazpenaren edukia, oso-osorik, Iruñeko Udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko da; halaber, edukiaren laburpen bat Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.-Diru-laguntzen xede diren gastuak.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak. Diru-laguntzaren xede diren gastuetan, eskuratze-kostua ezin izanen da inoiz izan merkatuko balioa baino handiagoa.

Deialdi honetan ezarritako justifikazio-aldia amaitu baino lehen ordaindutako gastua hartuko da egindako gastutzat.

Jarduera ekonomikoa eratzeko eta jarduera hori abian jartzeko beharrezko gastu guztiak izanen dira diru-laguntza honen xede.

Jardueran aritze hutsak berez dakartzan gastuak dira diru-laguntza jaso dezaketenakhala nola lokalaren alokairua, Gizarte Segurantzaren kuotak, elektrizitate- eta telefono-kontsumoa eta tankera horretakoak, betiere horiek jardueraren lehendabiziko hiru hilabeteetakoak badira.

Aldiz, ez dira diruz lagunduko sakelako telefonoen, gasolinaren, autopista-sarien edo antzekoen fakturek eragindako gastuak.

Ondoko gastuak ez dira inola ere izanen diru-laguntzaren xede izanen:

a) Banku-kontuetako zorrek eragindako interesak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak zein penalak.

c) Auzi-prozedurek eragindako gastuak.

d) Tokiko tributuak, legeetan aurreikusi gabeko zerga salbuespenak, konpentsazioak edo tokiko ogasunarekin hartutako zorrak beheititzea ekartzen duten neurrian.

Tokikoak ez diren tributuen gastuak diruz laguntzen ahal dira, diru-laguntzaren onuradunak gastu horiek zuzenean ordaindu baditu. Hauek, berriz, ez dute inola ere diru-laguntzarik jasotzen ahal:

a) Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak. Zehatz-mehatz, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez, benetako kostuak eraginda onuradunak ordaindu dituen gastuen kopuruak baizik ez dira diruz laguntzen, betiere, kostu hori kengarria ez bada; izan ere, kengarria izan badaiteke, onuradunak berreskuratzen ahalko du zergaren zenbatekoa. Onuradunak modu frogagarrian frogatu beharko du inguruabar hori.

b) Errentaren gaineko zerga pertsonalak.

10.-Diru-laguntzen bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio, entitate edo pertsonengandik xede bererako diru-laguntzak eskuratzearekin, betiere horien zenbateko osoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez badu. Udala jabetzen bada onuradunak gehiegizko finantzaketa jaso duela hainbat entitatetatik, diruz lagundutako jardueraren kostuaz bezainbatean, gehiegizko kopuruak zenbat jo eta hori dena itzultzeko galdatuko dio onuradunari, Udalaren diru-laguntzak guztira zenbat egin duten, horrenbesteraino.

11.-Ordainketa.

Ordainketa onuradunak diru-laguntza justifikatu ondoren eginen da, betiere aldez aurretik ebazpena eman eta gero, diru-laguntzaren zenbateko osoa justifikatzeko dokumentazioarekin bat.

Diru-laguntzak ezin izanen zaizkie ordaindu onuradunei, horiek ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik, edo diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jotzen baditu. Aurrekoa gorabehera, Udalak bere kabuz kitatzen ahalko ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntza horiek, osorik edo parte batean, zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, osorik edo hein batean, justifikazio egokirik ez badute aurkezten, edo azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean edo Diru-laguntzen ordenantza orokorrean aurreikusitako zioren batean gertatzen bada.

12.-Justifikazioa.

Ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntza ematerakoan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, gastuen justifikazio-kontua aurkeztu behar da.

Justifikazio-kontua ondoko agiriek osatuko dute:

a) Diru-laguntzen xedea den jardueraren gaineko ebaluazio-memoria (parekagarria, 7. 2.c oinarrian galdatutako enpresa-planarekin); bertan aitorpen xehakatua eginen da, diru-laguntzen bidez finantzatu diren jarduerei eta haien kostuei buruz. Memoriaren edukia ondokoek osatuko dute:

-Proiektuaren izena.

-Diru-laguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontu eta proiektuarekin bat.

-Egindako jarduerak eta erdietsi nahi ziren helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

-Proiektua gauzatzean egindako aldaketak, halakorik izan bada.

-Finantzabideen zerrenda: diru-laguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, haien kostua adierazita, bai eta norbere funtsekin edo beste diru-laguntzekin finantzatu diren jarduerak ere aipatuta.

-Ondorioak.

b) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik (I.5. eranskina. Justifikazioa).

c) Indarra duten legeekin bat gastua egiaztatze aldera baliorik duten frogagiriak, fakturak edo haien ordezkoak eta ordainagiriak, baita nominak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak eta, oro har, trafiko juridikoan baliodun izan edo indar administratiboa eduki eta balio frogagarria duten bestelako agiriak ere, betiere modu korrelatiboan ordenaturik eta zerrenda zenbakituan emandako ordena-zenbakiaren arabera.

Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZatik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena frogatu eta horretaz fede emateko.

Langileria gastuak soldata-kostuen gisara egiaztatutzat jotzeko, beharrezkoa da ondoko agiriak aurkeztea: lan-kontratuaren kopiak; langileei dagozkien nominak, jasotzaileak sinaturik eta ordainduta daudela egiaztatuta, edo, bestela, bankuaren abonu-agiria; eta Gizarte Segurantzaren kotizazioei dagozkien ziurtagiriak.

d) Hartzekodunei ordaindu izana frogatzen duten ziurtagiriak. Ordaindu izana banku-zordunketa bidez frogatu behar da, behar bezala sinatutako hartu-agiri baten bidez edo, bestela, aurkeztutako fakturak ordaindu egin direla ziurtatzen duen beste agiri bat aurkeztuz.

Eskatutako agiriek originalak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute, edo, bestela, indarrean dagoen legearekin bat kautoak diren kopiak.

13.-Jarduera funts publikoarekin finantzatu dela iragartzeko publizitatea.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programak, jarduerak, inbertsioak eta ekintzak Iruñeko Udalak finantzatu dituela.

Diru-laguntzaren onuradunak zabalkunderako hartuko dituen neurriek bat etorri beharko dute diruz lagundutako xedearekin, hala formari nola iraupenari dagokienez; horiek horrela, ondoko bideak hartzen ahal ditu zabalkundeak: Iruñeko Udalaren erakundearen irudia txertatzea, edota jardueraren finantzaketa publikoa agerian uzten duten testuak paratzea, karteletan, material inprimatuetan, baliabide elektroniko eta ikus-entzunezkoetan edota hedabideetan egindako aipamenetan.

14.-Datu pertsonalen babesa.

Jasotako izaera pertsonaleko datuak babestuko dira, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hori garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Aipatu legean xedatutakoa betez, jasotako datu pertsonalak Iruñeko Udalarena den fitxategi batean biltzen ahalko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko dute eskatzaileek datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz.

15.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 27an.-Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

I. ERANSKINA

Enpresa-sortzaile gazteek enpresak eratzeko diru-laguntzen deialdirako eskaera-txostena, erantzukizunpeko aitorpena eta justifikazioa

(Txosten hau betetzea eta hemen adierazten diren jatorrizko agiriak edo horien konpultsak aurkeztea Iruñeko Udalak diru-laguntzen deialdi honetarako ezarritako baldintzak dira).

1.-Eskaera. datuak (3. oinarria).

Izen-deiturak .............................................. Bizitokia .................... Helbidea ............................. IFZ ...................... Telefonoa .......................... Helbide elektronikoa

Ondokoaren izenean:

Izena edo izen soziala ................................................ IFZ: ................ Helbidea ............................ Kalea .......................... Telefonoa ......................... Faxa ....................... Helbide elektronikoa*

(*) Baimena ematen du espresuki posta elektronikoa erabiltzeko, kasuan kasuko jakinarazpenak jasotzeko bitarteko gisara.

AZALPENA

Enpresa-sortzaile gazteei jarduera ekonomiko berriak eratzeko diru-laguntzak banakako ebaluazio-araubidean emateko deialdiaren berri izan dute.

ESKAERA

Eskaera hau kontuan hartzea, deialdi horretan. Xede hori harturik, eskatutako agiriak atxikirik doaz, haien egiazkotasuna nik ziurtatuta.

ADIERAZPENA

1. Eskatzaileak deialdi honetan galdatzen diren baldintza guztiak betetzen ditu, Diru-laguntzen ordenantza orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ez du eskatzailea ukitzen, eta ez da aritu jarduera berean edo antzekoan norberaren konturako, deialdi hau baino bi urte lehenagoko epean.

2. Udal laguntza honen onuradun suertatuz gero, konpromisoa hartzen du deialdi honetan ezarritako eginbeharrak betetzeko.

Iruñean, .........(e)ko .................................aren ..................(e)an.

(Sinadura)

Iruñeko Udaleko Andre Alkate Udalburua.

2.-Nortasunaren justifikazioa (7. oinarria).

Aurkeztu beharreko agiriak:

7.1.-Pertsona fisikoak diren eskatzaileak:

-NANa

-Ziurtagiria, Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituztela frogatzeko.

-Enpresak Ogasun Publikoarekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzen duen egiaztagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandakoa.

7.2. Sozietate irregularrak edo sozietate zibilak diren eskatzaileak:

-Sozietatea eratu izanaren egiaztagiria, betiere, dagokion erregistroan izena emanda.

-Eratutako jardueraren legezko ordezkarien NAN.

-Identifikazio fiskalaren agiria.

-Ziurtagiria, bazkide bakoitzaren izenean, Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela frogatzeko

-Enpresak Ogasun Publikoarekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzen duen egiaztagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandakoa.

7.3. Pertsona juridikoak diren eskatzaileak:

-Enpresaren eraketari buruzko eskritura, Merkataritzako Erregistroan edo dagokion erregistro ofizialean behar bezala izena emanda.

-Eratutako jardueraren legezko ordezkariaren NANa.

-Langile bazkide guztien NANa.

-Identifikazio fiskalaren agiria.

-Ziurtagiria, enpresa Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko.

-Enpresak Ogasun Publikoarekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzen duen egiaztagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandakoa.

3.-Jasotako diru-laguntzen gaineko aitorpena (7. oinarria)

Eskatutako diru-laguntzaz bezainbatean, adierazten dut:

-Ez dudala jaso inolako diru-laguntzarik beste administrazio publiko, entitate publiko zein pribatu edo partikularrengandik -ez naziokoengandik, ez nazioartekoengandik-, eskaera honen xedea betetze aldera.

-Ondoko diru-laguntzak jaso ditudala beste administrazio publiko, entitate publiko zein pribatu edo partikularrengandik -naziokoengandik edo nazioartekoengandik-, eskaera honen xedea betetze aldera:

ENTITATEA

KONTZEPTUA

EMANDAKO edo ematekoa den ZENBATEKOA

(milaka eurotan)

Datuak eguneratzeari dagokionez,

Konpromisoa hartzen dut aitorpen honetan zehaztutako diru-laguntzetan gerta daitekeen edozein aldaketaren berri Departamentu horri idatziz helarazteko, 15 eguneko gehieneko epean, behin jakinarazpena jaso eta hortik aitzina. Halaber, konpromisoa hartzen dut diru-laguntzaren bat zein entitate publikori eskatu zaien, horiei guztiei aurrekoaren berri emateko. Bai eta jarduera abiatu eta handik lehen 18 hilabete bitarte gerta daitekeen beste edozein aldaketarena ere. Jakitun nago halakoetan gerta daitekeela diru-laguntza aldatu edo itzuli behar izatea, betiere itxiera ezinbesteko arrazoiek eragin ez badute.

Iruñean, ...................... (e)ko aren ............................ (e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

4.-Aurkezten diren beste hainbat agiri (7. oinarria)

4.1. Enpresa-plana, Toki Ogasuneko Alorreko ekonomialariak edo Enpresak sustatzeko Iruñeko Udaleko zerbitzuak ikus-onetsia (planean adierazi beharko da zenbat lanpostu berri sortu diren).

ZENBAT LANPOSTU BERRI SORTU

4.2. Banku-datuen ziurtagiria, banku bidez helbideratzeko.

5.-Justifikazioa

5.1.-Egindako gastuen eta jasotako diru-sarreren zerrenda (fakturak koadroan emandako hurrenkera eta zenbaki berarekin erantsi).

Zk.(1)

FAKTURA-REN DATA

KONTZEPTUA ETA JAULKITZAILEA

ZENBATEKOA

1.

1

2

3

4

2.

5

6

7

8

9

10

11

12

3.

13

14

4.

15

16

17

5.

18

19

6.

20

21

22

23

24

ZENBATEKOA, GUZTIRA

(1) Fakturak gastuen kontzeptuka eta hurrenkera kronologikoan aurkeztuko dira.

Oharra: behar izanez gero, lerro gehiago txerta daitezke ordainagirien zerrendan, "beste hainbat kontzeptu" gisara.

II. ERANSKINA

Irudiak erabiltzeko baimena

Ohorea, norberaren eta familiaren intimitatea eta norberaren irudia izateko eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan eta Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, Iruñeko Udalak baimena eskatzen dizu, enpresa-sortzaile gazteei jarduera ekonomiko berriak eratzeko diru-laguntzak emateko deialdia garatze aldera antolatutako ekitaldietan, bakarrik edo taldeka, agertzen zaren irudiak argitaratzeko. Halaber, baimena eskatzen dizugu, izaera pertsonaleko zure datuak erabiltzeko.

Izen-abizenak: ,

NAN: .........................................

Baimena:

Iruñeko Udalari baimena ematen diot enpresa-sortzaile gazteei enpresak sortzeko diru-laguntzak emateko deialdia garatze aldera antolatutako ekitaldietan hartutako nire irudiak erabili eta Udalaren web gunean argitaratzeko.

Iruñean, 2010eko ...................... aren ..................... (e)an.

Sin.: ...........................................

(Interesduna)

NAN zk.: ..........................................................

Datuen babesa. Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen dizugu inprimaki honetan jasotako datu pertsonalak Administrazio honek berezko dituen eskumenak gauzatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bilduko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz (Kondestablearen jauregia-Kale Nagusia, 2-behea).

Iragarkiaren kodea: L1009768