2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
JAURRIETA
Aldaketa Udal Planeko antolamendu xehakatuko determinazioetan. Behin betiko onespena
Jaurrietako Udalak, 2010eko otsailaren 3an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Udal Planeko hirigintzako antolamenduko determinazio xehakatuak aldatzeko espedientea, hain zuzen ere Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorraren 7. artikuluko zati bat aldatzen duena, izan ere G2-G-2' eraikuntza multzoetako ordenantza partikularrean (OP2) agertzen dena, estalki, fatxada eta kanpoko zurajeari dagokienez.
Jendaurreko iragarkia 2010eko 32. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 12an, eta beste publizitate batzuetan argitaratu ondoan, inork ez du erreklamaziorik aurkeztu.
Jaurrietako Udalak, 2010eko maiatzaren 7an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen aho batez:
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 81.1 artikuluan xedatua aplikatuz, behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta agiriaren ale bat Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura igorriko da, behin betiko onespenaren ondoko hamabortz egunean.
Aldaketa honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Jaurrietan, 2010eko maiatzaren 12an.-Alkatea, Javier Matias Celay Rodrigo.
ALDAKETAREN TESTUA
Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorraren 7. artikuluaren zati bat aldatzen da, hain zuzen ere G2-G-2' eraikuntza multzoetako ordenantza partikularrari (OP2) dagokiona, estalkiko elementuei, fatxadako materialei eta kanpoko zurajeari dagokienez (6, 7 eta 8. atalak). Hiru aldaketa egin zaizkio, eta honela onetsi da hitzez hitz:
1.-Artikulu berriak.
Aldaketa onetsi da G2-G-2' eraikuntza multzoetako ordenantza partikularraren (OP2) 7. artikuluaren ondoko ataletan, testu honekin:
6. atala. Estalkiak.
6.2 atala ordeztu da; honela dioen tokian:
"Baimentzen da isurialde nagusiak moztea bi isurkiko tontorrak osatuz, aurrealdea itxita fatxadaren horma-atalaren jarraipenarekin."
Honela esan behar du:
Mantsardak eta txapitula eiteko zuloak edo usotegiak baimentzen dira estalkiko isurialdeetan, ondoko ezaugarri hauek badituzte:
-Estalkia:
- Bi edo hiru isurkikoa.
- Maldak %60-100 bitartekoak.
- Gailur perpendikularra estalkiko isurialde nagusiarekin.
-Kokapena:
- Haren estalkiko isurialdearen garaiaren 2/3ak baino baxuagoa.
- Ardatz jarraituen arabera (horizontalak eta bertikalak), edo fatxada osoarekin antolatutako eskemen arabera.
-Neurriak:
- Gehieneko zabalera: 3 m (kanpoko horma-atalen artean neurtua).
- Gehieneko garaiera: 1 m (estalkiaren hasieratik hegaleraino neurtua).
-Kopurua:
- Txapitulen eta mantsarden proiekzioa oinplanoan ez da teilatupearen azalera erabilgarriaren %10 baino handiagoa.
- Estalkiko isurialde bakoitzean, mantsarda edo txapitula guztiek okupatutako fronteak ez du luzeraren %25 gaindituko.
7. atala. Fatxadako materialak.
7.2.d eta 7.3 atalak aldatzen dira. Hona hemen:
2. Ondoko jarduerak baimentzen dira:
d) Zokaloak baimentzen dira, harri erregularrekoak, beste material baimenduetakoak edo gris arre ilunean margotuak, inguruneko harri naturalen tonalitatearen antzera.
3. Zokaloak, kantoiak, harrizko hesiak, zurezko armazoiak eta egungo elementu bereziak:
-Zokaloak, ertzetako kateadurak eta janbak paratzen ahalko dira, hemengo harrian edo harrizko xafletan eginak.
-Nahitaezkoa da horrelako elementuak zaintzea edo berreskuratzea harrizkoak edo zurezkoak badira, eta gomendagarria da haiek erabiltzea eraikin berrietan, ingurunera egokitzea komenigarri juzgatzen den aldeetan.
-Baimena izanen da osagai horiek hormak pintatuz edo porlanezko morteroa aplikatuz imitatzeko, baina soil-soilik berritik egindako etxebizitzetan, haien fatxadak harrizkoak ez badira, edo zaharberritzen edo berritzen diren etxebizitzetan, frogatzen baldin bada fatxadako horma-atalak harlangaitzezkoak ez direla edo harlangaitzezkoak izanda ere bistara uzteko bezainbateko kalitaterik ez duela.
-Pintatzeko, Udalak baimentzen dituen koloreak erabiliko dira, hau da, gris arre ilunak, eskualdeko harri naturalaren antzeko tonalitatekoak, mateko akaberakoak eta batez ere silikato modukoak.
-Porlanezko morteroa erabiliz gero, ez du koloragarririk edo gehigarririk izanen, eta azalera beti berdina izanen du, irtengunerik gabea.
-Marrazketak harriaren usadiozko zatikatzea imitatuko du.
-Egin aurretik, kolorearen eta zatikatze motaren lagin bat aurkeztu beharko da, Udalaren zerbitzu teknikoek baimena eman dezaten.
-Ez da baimenik izanen fatxadan bertze deusik pintatzeko, hala nola armarriak, grekak etab.
8. atala. Fatxadetako baoen antolamendua. Kanpoko arotz-lanak. Sarrailak.
8.3 atalaren (Kanpoko arotz-lanak) lehenengo eta bigarren paragrafoaren idazketa aldatzen da zenbait ñabarduratan. Hona hemen:
-Markoak, orriak eta kanpoko babesak egurrez edo egurrezko azalez tratatuko dira, eta kolore ilunetan bernizatuko dira lasurren bidez.
-Dauden arotz-lanak mantentzeko, marroi edo granate ilunak baino ez dira izanen pinturak.
-Egurra imitatzeko PVCa edo aluminioa baimentzen dira.
Iragarkiaren kodea: L1008582