72. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Laguntzak kirol klubendako

Kirol klubei 2010eko ekitaldian diru-laguntzak emateko araubidea arautzen duten oinarriak,

Oinarriak

Diru-laguntzen xedea eta zenbatekoa

Lehena.-Oinarri hauen xedea da arautzea Lizarrako kirol klubei 2010eko ekitaldian diru-laguntzak ematea, kirola egin dadin eta klubak dauden txapelketetan parte har dezaten bultzatzeko, eta horrela, txapelketa horietan parte hartzeak dakartzan gastuen zati bat ordaintzeko.

Oinarri hauen xedeetarako 2010ean ematen ahal den diru-laguntzarik handiena ehun eta hamasei mila bederatziehun eta bost koma berrogeita hamazazpi euro da (116.905,57 euro).

Onuradunak

Bigarrena.-Diru-laguntza hauek eskatzen ahalko dituzte kirol klubek, haietarako eskubidea baitute, legez eraturik badaude eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren edo dagokion eskumena duen organismoaren kirol kluben erregistro ofizialean inskribaturik badaude.

Diru-laguntzak eskatzeko baldintzak

Hirugarrena.-Diru-laguntza eskatzen duten kirol klubek Lizarrako udalerrian eduki behar dute haien helbide soziala.

Horretaz gain, gutxienez, klubeko kideen erdiek Lizarran egon behar dute erroldaturik, eta klubak Lizarrako Udalarekiko zerga betebeharrak beteak izan behar ditu.

Eskabideak aurkezteko tokia

Laugarrena.-Interesa duten kirol klubek Lizarrako Udalaren erregistroan aurkeztu behar dute beren eskaria (erantsitako ereduari jarraikiz), Lizarrako Udaleko Kirol Batzordeko buruari zuzendua, behar bezala betea eta klubeko lehendakariak sinatua. Lizarrako Udalaren Kirol Bulegoan eskuratzen ahal da eskabidea.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

Bosgarrena.-Eskabidearekin batera ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da:

1.-2009/10 denboraldiko memoria xehakatua:

-Kluba identifikatzeko datuak.

-Talde, kirol, eta kategorien zerrenda, egin beharreko distantziarik luzeena eta kilometro kopurua zehaztuta.

-Kirol lizentzien kopurua frogatzen duen agiria, dagokion federazioak luzatua, kategoriaka. Eta federatu gabeko kirol eskoletako inskripzioen zerrenda.

-Kirolariez arduratzen diren teknikarien eta entrenatzaileen zerrenda, zer titulazioa duten adierazita.

2.-Aurreko denboraldian lortutako sailkapenak, diruz laguntzen ahal direnak, klubeko idazkariaren ikus-onespenarekin.

3.-2009/2010 denboraldiko diru-sarreren eta gastuen likidazioa.

4.-Klubeko idazkariaren idazkia, ondoko konpromisoak onartzen dituena:

-Prezio publikoak ordaintzeagatik Udalarekin dituen zorrak kitatzea diru-laguntza horrekin.

-Klubak parte hartutako jarduera batean instalazioak gaizki erabiltzeagatik sortutako kalteak onartu eta konpontzea.

-Prezio publiko bati lotutako orduak ordaintzea, klubak eskatu ondoren erabili ez bazituen, non kausa ez den behar bezala arrazoitzen.

5.-Programa, kartel eta inprimatutako gainerako propaganda mota guztietan Udalaren logotipoa agertuko da, "Ayuntamiento de Estella- Lizarrako Udala" leloarekin batera.

Eskatzeko modua

Seigarrena.-Eskabideak aurkeztuko dira dokumentazioa Lizarrako udalaren bulegoetako Idazkaritzan erregistratuz. Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 15ean hasiko da eta amaitu 2010eko uztailaren 15ean.

Ekainaren 16tik aurrera eginen diren jarduerei dagokienez, aurreko denboraldikoak kontuan harturik baloratuko dira. Jarduerak berriak badira, hurrengo ekitaldiaren deialdian baloratuko dira. Halaber, jarduera programatuak gauzatzen ez badira, haiei dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa kenduko da hurrengo deialdian.

Akatsak zuzentzeko epea

Zazpigarrena.-Eskabidean eskatutako baldintzak jasotzen ez direnean edo eskatzen diren agiri osagarriren bat ez dagoela ikusten denean, interesdunari jakinaraziko zaio gehienez 10 egunean zuzen dezan, eta ohartaraziko zaio hura artxibatuko dela ezarritako epea iragaten bada zuzenketa egin gabe.

Diru-laguntzak baloratzea eta ematea

Zortzigarrena.-Onartutako eskabide guztiei aplikatuko zaie oinarri hauen eranskinean jasotzen den puntuazio-baremoa.

Bederatzigarrena.-Baldintzak betetzen dituzten eskabideak puntuazio-baremoaren arabera baloratu ondoren, prozesuan parte hartzen duten klub guztiek lortutako puntu guztiak zenbatuko dira.

Aurreko paragrafoko prozesuaren arabera lortutako puntu guztiekin zatituko da kirol klubei esleitu zaien diru-laguntza osoa.

Puntu baten balioa zein den jakinda, klub bakoitzak lortutako puntuak biderkatuko dira puntuaren balio horrekin.

Prozedura horren bidez, klub bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbateko zehatza finkatuko da, baremazioarekin zuzenki proportzionala baita.

Lizarrako Udalaren Gobernu Batzarraren ebazpenaren bidez emanen dira diru-laguntzak. Oinarri honetan ezartzen den bezala, Lizarrako Udalaren Kirol Batzordeak eginen du esleipen proposamena, eta bertan agertuko da zerrendaturik diru-laguntza zein eskatzaileri ematea proposatzen den, ebaluazioa eta hura egiteko balorazioa zein diren zehaztuta. Horren ondoren emanen da ebazpena, eta horrek bide administrazio bideari amaiera emanen dio.

Hamargarrena.-Diru-laguntzak ordainduko dira laguntzak esleitu eta bi hilabeteko epean.

Diru-laguntza ezin da izan jardueraren benetako kostuaren %80 baino handiagoa.

Aurreratutako zenbatekoak egindako gastua baino handiagoak balira, entitate onuradunak horren gainetik jasotako zenbatekoa itzuli beharko luke.

Hamaikagarrena.-Eskaera aurkeztu duen klubak dauka diruz lagundu diren jarduerak egiteko ardura bakarra .

Hamabigarrena.-Lizarrako Udalak egiaztatzea dauka, egokiak iruditzen zaizkion bitartekoak erabiliz, ea diru-laguntzaren zenbatekoa erabili edo inbertitu den deialdi honen lehenengo oinarrian ezarritakoaren arabera.

Hamahirugarrena.-Lizarrako Udalaren Kirol Bulegoak klubekin batera antolatutako txapelketetan edo lehiaketetan izena emateko kuotak ordainduko dira horretarako klubek irekitako banku helbideratzeetan. Lizarrako Udalaren organo eskudunak onetsiko ditu kuota horien zenbatekoak.

Onuradunaren eta Udalaren arteko harremanaren edukia.
Diru-laguntzaren ondorioak

Hamalaugarrena.-Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek dituzte:

1.-Jarduerak egitea.

2.-Jarduera egin dutela frogatzea.

3.-Diru-laguntzen inguruan egiten diren egiaztapen jarduketei eta finantza kontroleko lanei men egitea.

4.-Udalari jakinaraztea xede bererako diru-laguntzak jasotzen direnean.

5.-Laguntza ematea, ahal den neurrian, norberaren kirol jarduera espezializatuetarako, Lizarrako Udalaren Kirol Batzordeak hala eskatzen duenean, Udalak planifikatutako kirol jarduerak ongi egin eta gauza daitezen.

6.-Prezio publikoak ordaintzeagatik Udalarekin dituen zorrak kitatzea diru-laguntza horrekin.

7.-Klubak parte hartutako jarduera batean instalazioak gaizki erabiltzeagatik sortutako kalteak onartu eta konpontzea.

8.-Prezio publiko bati lotutako orduak ordaintzea, klubak eskatu ondoren erabili ez bazituen, non kausa ez den behar bezala arrazoitzen.

9.-Programa, kartel eta inprimatutako gainerako propaganda mota guztietan Udalaren logotipoa agertuko da, "Ayuntamiento de Estella- Lizarrako Udala" leloarekin batera.

Hamabosgarrena.-Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzeak ekartzen ahal du hura emateko ebazpena aldatzea. Emandako daturen bat gezurrezkoa dela hautemanen balitz, diru laguntza jasotzeko eskubidea galduko litzateke.

Hamaseigarrena.-Ondoko kasuetan itzuli beharko dira jasotako zenbatekoak:

1.-Justifikatu beharra ez betetzea.

2.-Eskatzen ziren baldintzak bete gabe diru-laguntza eskuratzea.

3.-Diru-laguntza kobratzeko ezarririko baldintzak ez betetzea.

Ikuskatzean edo kontrolatzean, zantzuek erakusten badute jasotako diru-laguntza modu okerrean lortu edo gastatu dela, Udalak erabakitzen ahal du fakturak edo zantzu horiek agertzen diren eragiketei buruzko pareko agiriak atxikitzea.

Lizarran, 2010eko ekainaren 4an.-Alkatea, Begoña Ganuza Bernaola.

Iragarkiaren kodea: L1009962