72. ALDIZKARIA - 2010eko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1499/2010 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, kanpo-merkataritzaren arloko prestakuntza jarduerak antolatzeko diru-laguntzen 2010eko deialdia onesten duena.

Enpresen lehiakortasuna hobetzeko, askotan, nazioartera ateratzeko estrategia hartu beharra dago. Estrategia hori egoki gauzatzeko, enpresek nazioarteko merkataritzaren tekniketan prestakuntza duten pertsonak kontratatu behar izaten dituzte.

Enpresa Zuzendaritza Nagusiak nazioartera ateratzeari buruzko prestakuntza eskaintza egokia sustatu nahi du, izan ere horri esker, ikasleak lan munduan errazago sartuko dira eta enpresek prestakuntza handiagoa izanen dute kanpora ateratzeko prozesuari ekiteko orduan. Horixe da kanpo-merkataritzaren arloan prestakuntza jarduerak antolatzeko diru-laguntzak 2010. urtean emateko deialdia egitearen arrazoia.

Deialdi honek gauzatzen du Nafarroa Nazioartekotzeko Planaren zatia den Nafarroako Enpresak Nazioartera Ateratzeko Planaren 5.1.2 ekintza, giza baliabideetarako programa espezifikoak garatzeari buruzkoa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Kanpo-merkataritzaren arloan prestakuntza jarduerak antolatzeko diru-laguntzak emateko 2010eko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 41.000 euroko gastua baimentzea, kontu-sail hauen kargura:

-20.000 euro 2010eko gastuen aurrekontuko kontu-sail honen kargura: 850001/81400/4819/431302.

-21.000 euro 2011ko gastuen aurrekontuko 850001/81400/4819/431302 kontu-sailaren baliokidearen kargura, betiere aurrekontuan diru-izendapenik baldin badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2010eko ekainaren 2an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

ERANSKINA

Kanpo-merkataritzaren arloan prestakuntza jarduerak antolatzeko diru-laguntzak emateko 2010eko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri hauek kanpo-merkataritzaren arloan prestakuntza jarduerak antolatzeko diru-laguntzak arautzen dituzte. Enpresak nazioartera ateratzeari buruzko jardunaldi eta mintegiak, ikastaroak eta masterrak eskaintzen dituzten prestakuntza bideak izanez gero, ikasleak lan munduan errazago sartuko dira eta enpresek prestakuntza handiagoa izanen dute kanpora ateratzeko prozesuari ekiteko orduan.

2. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzaren xede diren jarduerak Nafarroan egin eta 2009ko abenduaren 1etik eta 2010eko azaroaren 30a bitarte hasi beharko dira, eta horietako bakoitzean gutxienez 15 pertsonak parte hartu beharko dute.

Salbuespen gisa, partaide gutxiago onartzen ahalko dira partaide-kopuru horretara ez ailegatzeko arrazoi objektiboak baldin badira. Arrazoi horiek eskaeran azalduko dira eta Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak onartu beharko ditu.

1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta haiei dagokien diru-laguntza-zenbatekoa hauexek dira:

a) Kanpo-merkataritzari buruzko lanbideratze masterrak, lan esperientziarik ez duten unibertsitateko tituludunei bakarrik zuzenduak, titulua lortzeko sei hilabeteko edo gehiagoko praktikaldia egitea eskatzen dutenak.

Diru-laguntza sortutako defizitaren %100era artekoa izan daiteke. Diru-muga jarduerari lotutako gastuen %50 izanen da, 28.000 euro gehienez.

b) Kanpo-merkataritzari buruzko gainontzeko masterrak, 400 irakastordutik goitikoak.

Diru-laguntza sortutako defizitaren %100era artekoa izan daiteke, gastuen %50eko mugarekin eta 14.000 euro gehienez ere.

c) Nazioarteko merkataritzari loturiko gaiei buruzko ikastaroak, gutxienez 60 irakastordukoak.

Diru-laguntza sortutako defizitaren %100era artekoa izan daiteke, gastuen %50eko mugarekin eta 3.500 euro gehienez ere.

d) Mintegi eta jardunaldi teknikoak, kanpo-merkataritzaren gaineko gaiei buruzkoak, gutxienez 3 ordukoak.

Diru-laguntza sortutako defizitaren %100era artekoa izan daiteke, gastuen %50eko mugarekin eta 1.000 euro gehienez ere.

2. Defizitaren kalkulua.

Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, defizitaren zenbatekoa kalkulatzeko, ondoren aipatutako kontzeptuak hartuko dira kontuan:

a) Gastuak: hizlarien kontratazioa eta bidaia, jardueraren promozioa, jardueraren euskarri den dokumentazioaren edizioa eta jarduerak berekin dakartzan gainerako gastu arruntak. Eskatzailearen langileria gastuak ezin dira sartu.

Egin beharreko jardueraren promozioaren eta dokumentazioaren edizio gastuen eta bestelako gastu arrunten batuketa ez da izanen jardueraren kostu osoaren %50etik goitikoa.

Lanbideratze masterretan diru-laguntzaren xedeko jarduerak zeharka dakartzan gastuak ere jasoko dira, onartu ohi diren kontabilitateko irizpide eta arauei jarraituz zentzuzkoa den heinean eta, betiere, kostu horiek jarduera egiazki egiten den aldiari badagozkio.

b) Diru-sarrerak: entitate antolatzailearenak, partaideek izena emateagatik lorturiko diru-sarrerak, beste entitate babesle batzuen diru-ekarpenak eta jarduerari zuzenean loturiko bestelako diru-sarrera arruntak.

3. oinarria. Onuradunak.

Betebehar hauek betetzen dituzten eskatzaileak izan daitezke onuradun:

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak. Eskabidearen inprimakiarekin batera aurkeztuko den aitorpenaren bidez frogatuko da horiek betetzen direla (Fc7.07.05).

2. Horiez gainera, interesdunek berariazko betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nortasun juridikoa duten eta helbidea Nafarroan duten entitateak, nazioarteko merkataritzaren arloko prestakuntza jarduerak antolatu ohi dituztenak.

b) Nortasun juridikoa duten eta helbidea Nafarroan duten enpresa elkarteak, beren bazkideentzat nazioarteko merkataritzaren arloko prestakuntza jarduerak antolatzen dituztenak. Prestakuntza jardueran beste autonomia erkidego batzuetako enpresek parte hartzen badute, taldean diren Nafarroako enpresen kopuruaren arabera emanen dira laguntzak.

Berariazko betebehar horiek 4. oinarrian aipatzen den inprimakia aurkeztuz frogatu beharko dira eta diru-laguntzaren xedeko prestakuntza jarduerak bukatu arte mantendu beharko dira.

4. oinarria. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak www.navarra.es web orrian lor daitekeen ereduaren araberakoak izanen dira, eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea 1, 31005-Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Eskabidea posta-bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki bat erabili beharko da, eta lehenbiziko orriko goiko aldean adieraziko dira bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti). Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskabidearekin batera (Fc7.07.05 inprimakia) ondoko agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Prestakuntza jardueraren izenburua eta edukia.

b) Iraupena, tokia eta egunak.

c) Hartzaileak eta aurreikusitako partaide-kopurua.

d) Jarduera gauzatzeko behar diren baliabide materialak, langileak eta haien kualifikazioa.

e) Diru-sarreren eta gastuen kontu-sail garrantzitsuenen azalpena.

3. Eskatutako dokumentazioak baldintzak betetzen ez baditu edo osorik ez badago, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak hamar eguneko epean osatzeko eskatuko dio interesdunari, eta aditzera emanen dio horrela egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta interesdunari jakinaraziko zaio.

Halaber, zerbitzu horrek eskabidea tramitatu eta hari buruzko ebazpena emateko behar dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari noiznahi. Diru-laguntza ukatzeko arrazoia izanen da eskabidea ebaluatu ahal izateko informazioa ez ematea.

5. oinarria. Diru-laguntza emateko irizpideak.

1. Hona hemen eskabideak baloratu eta diru-laguntzak emateko irizpideak:

a) 2. oinarrian ezarritako gehieneko portzentajeen eta mugen arabera kalkulatuko da diru-laguntza jaso dezaketen jarduerei dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa.

b) Aurreko oinarriaren arabera kalkulaturiko diru-laguntzen batura deialdi honetarako baimenduriko gastua baino handiagoa bada, eskaerak irizpide hauen arabera lehenetsiko dira:

-Titulua lortzeko enpresetan gutxienez sei hilabeteko praktikaldia derrigorrez egin behar izatea, gehienez 5 puntu.

-Diru-laguntzaren xedeko jardueraren iraupena, gehienez 5 puntu.

-Jardueraren edukia zenbateraino aplikatzen den enpresaren nazioarteko merkataritzaren estrategia planifikatzeko, gehienez 5 puntu.

2. Aurrekontuetako kontu-sailean soberako dirurik bada, diru hori deialdiaren ondoriozko beharrak betetzeko erabiltzen ahalko da.

Lehenesteko irizpideak aplikatu ondoren, 2010eko ekitaldian aurrekontuko diru-kopurua handitzen bada, laguntza osagarri bat ematen ahalko da, oinarri hauetan ezartzen diren betebeharrak betetzen dituzten eskatzaileentzat eta prestakuntza jarduerentzat.

6. oinarria. Diru-laguntza ematea.

Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskabideak, eta diru-laguntza emateko ebazpen proposamena igorriko du, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza hori lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Enpresako zuzendari nagusia da diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpena lau hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da. Aurkeztutako eskabidearen berariazko edo ustezko ezespenaren aurka administrazio publikoak ez diren interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

7. oinarria. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. Diru-laguntzaren xedea bete eta gero, onuradunek egin dituzten gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte, oinarri honen 2. puntuan ezarritako epeetan. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 4. oinarrian adierazitako lekuetan:

a) Prestakuntza jardueren ebaluazio-memoria.

b) Jarduera bakoitzean parte hartu dutenen zerrenda.

c) Eguneroko bertaratze-orriak, parte-hartzaileek sinatuak (60 ordu edo gutxiagoko jardueren kasuan).

d) Diru-sarreren eta gastuen likidazioa.

e) Egindako gastuen fakturak eta dagozkien ordainagiriak, adibidez erreziboak, letrak eta banku-karguak. Jarduera baten baino gehiagoren kontzeptuak jasotzen dituzten fakturetan diru-laguntza jaso dezakeen jarduera bakoitzaren zenbatekoa ongi zehaztu beharko da.

Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzen artean jarduerari zeharka loturiko gastuak dituzten eskaeren kasuan, entitateak guztira egindako gastua, egozteko irizpideak eta proiektuari lotutako gastuen portzentajea jasoko dituen egiaztagiria aurkeztu beharko da.

f) Prestakuntza jarduera bakoitzerako eginiko publizitatearen lagina.

g) Kasua bada, hornitzailea hautatzeko justifikazioa, oinarri honen 3. puntuan adierazitako moduan.

2. Aurkezteko epeak.

2010eko abenduaren 1a baino lehen bukatzen diren jardueren kasuan, justifikazioa 2010eko abenduaren 15a arte aurkeztu ahalko da.

Geroago bukatuko diren prestakuntza jardueren kasuan, ziurtagiria aurkezteko hilabeteko epea izanen da, jarduera bukatzen den egunetik hasita.

Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak justifikatzerakoan dokumenturen bat aurkeztu ezin bada, eskatzaileak horren arrazoiak eman beharko ditu eta epea luzatzeko eskatuko du. Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak espresuki onartu beharko du luzapen hori.

3. Diru-laguntzaren xedeko gastuak 12.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu (BEZik gabe), aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela, gutxienez bi eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez.

Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez badaude edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.

8. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Frogagiriak aztertuta, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko du.

2. 2010eko azaroaren 30a baino lehen bukatutako jarduerei dagozkien diru-laguntzak ordainduko dira aurreko oinarrian aipatutako agiriak, proiektuan jasotako jarduerak egin direla egiaztatzen dutenak, aztertu ondoren.

Data horretatik aurrera bukatutako jarduerei dagozkien diru-laguntzak honela ordainduko dira:

-Diru-laguntzaren %25a, onarpenarekin batera. Zenbateko hori aurrerakin bat izanen da, onuradunak dirua izan dezan prestakuntza jardueraren hasierako promozioa egin eta dokumentazioa argitaratzeko gastuei aurre egin ahal izateko.

Gainontzeko %75a 7. oinarrian aipatutako agiriak aztertu ondoren ordainduko da.

-Benetako defizita ezagututakoan, jarduera horri dagokion diru-laguntza aurreratu dena baino txikiagoa bada, entitate edo erakundeak soberakina itzuli beharko dio administrazioari.

3. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskabideetarako erabiltzen ahalko dira.

Halaber, baimendutako aurrekontua dagokien kontu-sailetan dauden aurrekontuen arabera handitzen ahalko da.

9. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Jardueren publizitatean edo zabalkundean Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren laguntza jasotzea.

b) Parte-hartzaileak irizpide objektiboetan oinarrituz onartzea.

c) Egindako gastu eta ordainketak justifikatzea, 8. oinarrian ezarritako moduan eta epeetan.

d) Diru-laguntzaren xedeko jardueren gauzatzearen egiaztatzea erraztea, eskatzen diren agiriak eta azalpenak aurkeztuz.

e) Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuari jakinaraztea onuradun baldintza lortzeko betekizuna betetzeari eragiten ahal dion edozein gorabehera.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dauzkala egiaztatzeko, eskabide-orrian eskatzaileari jakinarazten zaio horren bidez baimena ematen diola departamentuari betebehar hori frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezean, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriz zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala behar denean, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

10. oinarria. Laguntzaren bateraezintasuna eta aplikagarri den Europar Batasuneko araudia.

1. Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, ekintza beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

Aurrekoa ezertan galarazi gabe, Kanpo-merkataritzako Institutu Espainiarretik (ICEX) datozen diru-laguntzak osagarritzat joko dira, baldin eta bien baturak sorturiko defizitaren % 100 baino gehiago egiten ez badu.

2. Deialdi honi Batzordearen abuztuaren 6ko 800/2008 EE Erregelamenduaren 8. atalean ("Prestakuntzarako laguntzak") ezarritakoa aplikatuko zaio. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (Kategorien arabera salbuesteko Erregelamendu Orokorra), EBAO L 214, 2008ko abuztuaren 9koa.

11. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

12. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1010011