66. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Ordenantza, Garesko udal esparruan euskararen erabilera
eta sustapena arautzen dituena

Garesko Udalak, 2009ko irailaren 22an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea, ondoren erregelamenduaren arabera tramitatzeko, Garesko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.

Ordenantza honen espedientea jendaurrean jarri zen horretarako iragarkia 2009ko 129. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, urriaren 19an, baita Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuta ere. Aurkeztutako alegazioak 2010eko martxoaren 5eko osoko bilkuran aurkeztuta, behin betikoz onetsi zen Garesko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

Garesen, 2010eko martxoaren 30ean.-Alkatea, Feliciano Vélez Medrano.

ORDENANTZA, GARESKO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Euskara udalerriko bi hizkuntzetako bat dela uste du Garesko Udalak. Horrez gain, herritarrek euskara erabili eta sustatzearen alde duten jarrera islatu nahi izan du ordenantza honetan, Nafarroako Gobernuak orain arte egindako ikerketa soziolinguistikoek eta Udalak berak bildutako datuek hala erakutsi baitute.

Gainera, egiaztatu dugu urtez urte goiti ari dela euskarazko matrikulazioaren portzentajea.

Horrek guztiak, gizarteak euskararen alde duen borondatearen adierazgarri, erran nahi du Garesen, urteak iragan ahala, gero eta herritar elebidun gehiago egonen direla, hau da, gero eta euskaldun gehiago. Gizarte sektore horrek euskaraz gero eta zerbitzu gehiago egin diezazkion eskatzen ahalko dio Udalari eta, segur aski, halaxe eginen du, legeak aitortzen dizkien hizkuntza eskubideak erabiliz. Udalak, berriz, behar den bezala erantzun beharko dio eskaera horri, zerbitzu publikoa denez gero.

Horrenbestez, ordenantza honen helburu orokorra da Garesko herritarrek udal zerbitzuak eta harrera euskaraz jasotzen ahalko dutela bermatzea.

Aipatu behar da Espainiako Konstituzioak botere publikoen esku uzten duela Espainiako hizkuntzen kultur ondarea errespetatu eta babesteko zeregina; Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak helburutzat duela herritarren eskubidea babestea euskaraz ikasteko eta mintzatzeko eta hura berreskuratu eta garatzea; lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen diela herritarrei eta aukera ematen duela zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta gainerakoetan baloratua.

Ez da ahaztu behar, bestaldetik, Erregioetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna, Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeak 1992ko ekainaren 25ean hitzarmen gisa hartutakoa, hamaika estatu kidek (Espainia barne) urte bereko azaroaren 5ean sinatua. 10. artikuluan, administrazio agintariei eta zerbitzu publikoei buruzko gomendioak aipatzen dira, besteak beste:

"... jendaurrean dauden agenteek erregioetako edo gutxiengoen hizkuntzak erabil ditzaten zaintzea, hizkuntza horietan mintzatzen zaizkienekin".

"... erregio hizkuntzetako hiztunek (...) eskaerak ahoz edo idatzita aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan har dezaten zaintzea (...)".

Aipatu den araudiarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea eta aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza hone xedea da euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, Udalaren eskumeneko esparru guztietan.

2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak ondoko xede bereziak ditu:

1. Herritarrei helaraztea euskara osagai garrantzitsua dela integrazioaren zein komunikazioaren aldetik.

2. Herritarrei bermatzea erabili nahi duten hizkuntzan izatea harremana.

3. Euskararen erabilera idatziaren gaineko araudia zehaztea.

4. Zehaztea noraino agertuko den euskara Udalaren kanpo irudian.

5. Zehaztea zein lanpostutan aritzeko jakin beharko den euskaraz, ikusita zein administrazio prozedura ohikoenetan izaten ahal den laneko hizkuntza, eta horretarako batzorde bat sortzea.

6. Zehaztea euskara baloratzeko portzentajea, hura jakin behar ez den lanpostuetan, azken horietan euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal den neurrian, euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

7. Irizpidea ezartzea kale, auzo eta hiriko bestelako elementuen izendegirako.

8. Euskara sustatzeko bestelako jarduerak bultzatzea, ordenantzaren xedearekin lotura dutenak.

9. Udalaren barne funtzionamenduan euskararen erabilera sustatzea.

3. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko da Garesko udal mugapean, halakotzat hartuta hura bera zentzu hertsian eta erakundeak, autonomoak izan ala ez, eta zentro mankomunatuak, haren menpe daudenak.

4. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honen IV. kapitulua aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

5. artikulua. Garesko Udalak Foru Komunitateko bertze Administrazio Publikoei (tokikoak, autonomikoako, periferikoak) edo euskara ere hizkuntza ofiziala aitortuta duten beste erkidegoetako administrazio publikoei zuzentzen dizkien agiri, jakinarazpen eta harreman administratiboak elebidun idatziko dira oro har, hau da, euskarri berean, 29/2003 Foru Dekretuan adierazitakoa ukatu gabe.

Ordenantza honi dagokionez ele bitan idatzitako agiria da testua osorik eta euskarri berean bi hizkuntzetan agertzen denean. Horretarako, begiratuko da bi hizkuntzek tratamendu grafiko berdina izan dezaten, behar bezala ezberdindurik ager daitezen eta testua argi geratzeko moduan banaturik.

6. artikulua. Edozein agiri bidaltzen dioten administrazio publiko, entitate edo erakunde horiei, Garesko Udalak ele bitan idatz dezatela eskatuko die.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

7. artikulua. Herritarrek Garesko Udalarekin euskaraz nahiz gaztelaniaz aritzeko eskubidea dute.

8. artikulua. Idatziz Udalari euskaraz egiten diotenei hizkuntza horretan berean emanen zaie erantzuna. Aurkeztutako idazkiari erantzuteko hizkuntz gaitasuna duen udal langile elebidunik ez bada, itzulpen zerbitzua erabiliko da. Zerbitzu hori Udalarena berarena izan daiteke, edo beste zerbitzu publiko nahiz pribatuena, eta herritarrak eskatzen duenaren bertsio ofiziala emanen du, eta Udalak jakinarazi behar dion erabaki edo erantzunarena. Gaztelaniazkoarekin zenbat, horren pareko epean eman beharko da erantzuna.

Halaber, Udalak zuzentzen zaizkion pertsona fisikoen komunikazioak onartuko ditu, berriemailearen lurraldeko edozein hizkuntza ofizialetan eginikoak, betiere euskarazko edo gaztelaniazko bertsioarekin batera badatoz.

9. artikulua. Administrazioari ahoz euskaraz egiten dionari euskaraz erantzunen zaio, telefonoz zein bertan agertuta.

Herritarren artean euskareran erabilera sustatzeko, behar bezala adieraziko da langileen eta lanpostuen euskara maila, eta hura erabiltzeko pizgarriak ezarriko.

10. artikulua. 8. artikuluan ezarritako ondorioetarako, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile euskaldunak egotea bermatzeko, ordenantza honetako V. kapituluan aipatzen den ildotik.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

11. artikulua. Garesko Udalak gaztelania eta euskara erabiliko ditu herritarrentzat, oro har, ari denean.

Hala, ele bitan izanen dira, euskarri tradizionaletan zein teknologia berrien bitartez, ondoko hauek:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzeko elementuak.

c) Eraikin, karrika eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Udalaren ibilgailuetakoak, eta langileen arropa eta uniformeetakoak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Beste edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

12. artikulua. Udalak publizitate eta zabalkunderako elementuak prestatzen dituenean ondoko irizpideak hartuko ditu kontuan:

1. Kartelen elementu guztiak ele bitan egonen dira.

2. Udal jardueren informazio eta propagandako eskuorriak ele bitan egonen dira.

3. Eskuorrien helburua kultura, kirola eta abarreko jardueraren bat iragartzea bada, honela erabiliko dira hizkuntzak:

a) Informazio orokorreko elementuak (tokia, data, ordua...) bi hizkuntzetan agertuko dira.

b) Delako jarduera hizkuntza baten ahozko erabileran batez ere oinarritzen bada (hitzaldiak, antzerkia, poesia, ikus-entzunezkoak, etab.) hura azaltzeko elementuetan, hala nola esku programetan eta katalogoetan, jarduera zein hizkuntzatan egin, hura erabiltzen ahal da eta laburpen txiki bat egin beste hizkuntzan.

c) Jarduera beste lengoaia batzuen bidez garatzen bada: ikusizkoa, musikala, plastikoa etab., argibideak bi hizkuntzetan emanen dira.

4. Udalaren web orriko testu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira.

5. Udalaren eta haren mendeko erakundeen telefono zerbitzu automatikoa euskaraz eta gaztelaniaz emanen da.

6. Udaleko informazio aldizkaririk egiten bada hura euskaraz eta gaztelaniaz eginen da.

13. artikulua. 11. artikuluan aurreikusten diren kasuetarako, Garesko Udalak ele biko formatoa erabiltzeko eskatuko die ordenantza honen aplikazio eremuan diren seinaleen ardura duten administrazioei.

14. artikulua. Argitalpenak.

Garesko Udalaren eta bere mendeko erakundeen argitalpenak ele bitan eginen dira interes orokorrekoak direnean eta herritar ororentzat direnean, interes turistikoa badute edo Garesendako enblematikoak edo sinbolikoak badira.

15. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

Udalaren jardueraren gaineko publizitate zein zabalkunderako, idatzizko/ikus-entzunezko komunikabideetan bi hizkuntzak erabiliko dira, erran nahi baita, euskara eta gaztelania.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

16. artikulua. Udalaren plantilla organikoan zehaztuko da zer lanpostutan egon behar diren langile euskaldunak, jendearekin harreman gehiago izateagatik edo administrazio prozedura normalduen katearen barnean duten lekuagatik.

Azterlan bat eginen da jakiteko zein udal esparrutan dagoen, ahoz nahiz idatziz, harreman gehiago herritarrekin; orobat, administrazio prozedura ohikoenak, aipatu esparru edo prozedurei lotutako lanpostuen euskara mailak, herritarrak zerbitzua euskaraz izanen duela bermatzeko zirkuitu elebidunen azterlana eta jarduketa plan bat, non euskara mailak eskuratzeko bitarteko eta baliabideak finkatuko baitira.

17. artikulua. Garesko Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan, euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan, merezimendua izanen da euskaraz jakitea.

18. artikulua. Euskara baloratuko da, merezimendua dela ezartzen denean, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Hala, deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira lanpostu bakoitzerako behar diren merezimenduak eta haien artean euskaraz jakitea, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen denean, aipatu eskubide hori bermatze aldera.

19. artikulua. Kapitulu honetan ezarritakoari dagokionez, euskararen ezagutza egiaztatzeko jakite mailez egiten den proposamenari jarraituko zaio.

Nolanahi dela ere, euskara maila egiaztatu behar bada proba baten bidez, proba hori NAPIko akreditazio unitateko teknikariek eginen dute.

20. artikulua. Euskaraz ikasten lagunduko zaie udal langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

2. Udalak hizkuntz prestakuntzarako planak antolatuko ditu, helburu horiek lortzearren. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.

3. Udal langileak hizkuntz prestakuntzako plan horietan sartuta badaude edo, Udalean sartzeko nahiz haien lan bizitzako edozein fasetan, dakiten euskara baloratu bazaie, haien ezagutza erabiltzeko eskatzen ahalko zaie Garesko udal administrazioan egiten duten lanean.

VI. KAPITULUA

Kontratazioak

21. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honetan ezartzen dena aplikatuko da.

VII. KAPITULUA

Euskara sustatzea

22. artikulua. Garesko Udalak, bere Euskara Zerbitzuak aurkezten dion proposamenetik abiatuta, urteko programak prestatuko ditu euskarari buruzko gaien gaineko informazio maila handitzeko eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

23. artikulua. Garesko Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan hartuko du parte eta orobat, beste udal entitate batzuekin koordinatuz, D ereduko eskolatze kanpainan, helduen irakaskuntzako matrikulazio kanpainan, euskara familian irakasteko kanpainan, Eguberrietan kultur produktuak sustatzeko katalogoaren kanpainian, euskal literatura sustatzeko Etxepare kanpainan eta euskarazko aldizkarietan edo hura sustatzekoetan, eta udako kanpaldietan eta halaber sor daitezkeen gainerako ekimenetan.

24. artikulua. Garesko Udaleko Haur Eskolan, kontuan hartuko dira euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak, eta gurasoek edo tutoreek ziurtatuta dute seme-alabendako hizkuntz eredua hautatzeko eskubidea. Halaber jokatuko da hurrengo hezkuntza mailetan.

Udal Liburutegian euskarazko irakurketa bulkatuko da euskaldunen artean, bai eta ele bitako beste jarduera eta jarduketa batzuk ere, udal ordenantza honetan ezarritakoaren ildotik.

25. artikulua. Udalaren Kultura, Ondare eta Euskara Batzordeak proposaturik, Udalak diru kopuru bat ezarriko du urteko aurrekontuetan euskarazko ikastaroetan parte hartu nahi duten herritar helduentzat. Horretarako deialdia urtero argitaratuko da eta udalerriko postontzietan banatuko da.

26. artikulua. Behar diren azterlanak eginen ditu eta behar diren urratsak emanen, Udalaren Musika Eskolan euskarazko musika hezkuntzaren eskaintza handitzeko.

27. artikulua. Udalak kirol, kultura, gazteria edo beste edozein arlotan eskaintzen dituen jardueretan zuzen erantzunen zaio herritar euskaldunen eskaerari, bereziki haur eta gazteenari, eta horren arabera aldatuko dira. Ordenantza honek markaturiko xedeak betez, Udala ahaleginduko da euskararen presentzia handitzera herrian egiten diren jarduera sozial guztietan.

Garesko Udaleko Kontseilu Sektorialak, euskaldun kopuruaren diagonistikoa aitzinetik eginda, organo eskudunei proposatuko dizkie arestian aipatu xedeak betetzeko behar diren neurriak.

28. artikulua. Ordenantza honek ezarritako helburuak betetzeko, kultur jarduerak eta euskara sustatzekoak bultzatuko dira, eta diru-laguntza izanen dute Garesko elkarte eta taldeen ekimenaz eragiten direnek.

29. artikulua. Garesko bezeroendako jarduketak (jakinarazpenak, fakturak, ordainagiriak, inprimakiak, informazio eta seinalizazioko errotuluak...) ele bitan izatea eskatuko die Garesko Udalak berarekin lan egiten duten edo bera sartuta dagoen zerbitzuetako enpresa publiko eta pribatuei.

30. artikulua. Teknologia berriekin loturiko programek eta udal bulegoetan erabiltzeko eskuratutako material orok, ahal den neurrian, euskaraz eta gaztelaniaz funtziona dezaten egokituta egon behar dute.

31. artikulua. Euskaldunak.

1. Garesko Udalak, aldian behin, azterlana eginen du biztanle euskaldunen portzentajea jakiteko, udalerriaren egoera soziolinguistikoa hobeki ezagutu eta horiendako kanpaina berariazkoak hobeki egin beharrez. Orobat, borondatezko izen emateen bidez, Garesko euskaldunen zentsua eginen du, berme guztiekin egin ahal izateko kanpaina berariazkoak.

2. Abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 20.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, euskaldunen zentsuak ezaugarri hauek izanen ditu:

a) Aurreikusitako xede eta erabilerak: Udal esparruan lanabesa eskura izatea euskara sustatzeko, hizkuntz programa berariazkoak, kanpainak, ikastaroak, jarduerak eta bestelakoak erabiliz.

b) Ukitutako norbanakoak eta taldeak: Garesko herritarrak.

c) Datuak biltzeko prozedura: datuak interesdunak emanen ditu, edo haren legezko ordezkariak, inprimaki bat betez.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan sartuko diren datu pertsonalak:

1. Identifikazio datuak:

-Izen-deiturak.

-Helbidea.

-Telefonoak.

-Helbide elektronikoa.

2. Ezaugarri pertsonalen gaineko datuak:

-Jaiotze eguna eta tokia.

-Sexua.

3. Ikasketen eta lanbideen gaineko datuak:

-Prestakuntza.

e) Datu pertsonalen lagapena: fitxategiko datuak ez zaizkio ez inori ez inolako entitateri lagako edo jakinaraziko, interesduna ez bada, eta ez da haiekin nazioarteko transferentziarik eginen.

f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa: Garesko Udala.

g) Zer unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Garesko Udala, Mena plaza, zk.g., P.K.: 31100 (Nafarroa). Telefonoa: 948 340007. Faxa: 948 340813. Helbide elektronikoa: puente@animsa.es.

h) Segurtasun neurriak: Garesko Udalaren segurtasun agirian oinarrizko mailako datuetarako ezarritako neurriak hartuko dira.

VIII. KAPITULUA

Toponimia

32. artikulua.

1. Herriaren izen ofiziala Puente la Reina-Gares da.

2. Herriaren izen ofiziala legezkoa da, ondorio guztietarako, Nafarroaren barnean eta errotulazioak horrekin bat eginen du.

3. Udal mugapeko toponimia txikiaren modu ofiziala 201/1996 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen eta Udalak erabiltzen ahalko du hiri bideen izenetarako.

4. Betiere, Euskaltzaindia, gaian eskumen gorena baitu, izanen da Udalaren organo aholku-emailea.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-V. kapituluko 16. artikuluan aipatzen den azterlana egiteko epea sei hilabete izanen da ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Azterlan hori egiteko aholku eskatzen ahalko zaio Euskarabideari.

Behin azterlana eginda, sei hilabete izanen da lanpostuak berrantolatzeko epea, egun Garesko Udalak dituen baliabideekin, eta langileak euskalduntzeko plana prestatzeko, horiek ez badaukate betetzen duten lanposturako behar den euskara maila.

Bigarrena.-Garesko Udalak, euskalduntze plana onetsi ondoko urteko plantilla organikoa prestatzen duenean bertan ezarriko du zein lanpostutan den beharrezkoa euskaraz jakitea.

Hirugarrena.-Halaber, plantilla organikoan zehaztuko da halako lanpostu batzuetan behar den euskara maila, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Laugarrena.-Ordenantza hau onesten denean haren gaineko azalpena emateko materiala argitaratuko da, ordenantzak ezartzen duen hizkuntza formatoan, eta postontzietan banatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.-Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren.

Bigarrena.-Garesko Udalean euskararen gaia erabiltzen duen Kontseilu Sektorialak ahalmena izanen du ordenantza honetan betearazpenari jarraipena egiteko eta organo eskudunei proposamenak egiteko hura bermatzen duen edozein gairen gainean.

Horretarako, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, Euskara Zerbitzuak informazio txostena eginen du ordenantzaren betetze mailari buruz, eta kasua bada, egoki ikusten dituen neurriak proposatuko ditu, bilatzen diren helburuak zuzen gauzatzeko.

Iragarkiaren kodea: L1008163