2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLAZTI
Aldaketa, Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzaren 40. artikuluan. Behin betiko onespena
Olaztiko Udalak, 2009ko urriaren 8an egin osoko bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea aipatu udal ordenantzan. Hura 2009ko 138. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 9an.
Jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoan, delako ordenantza behin betiko onetsi da, baita xedatu ere osorik argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraituz.
Udalerriko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzaren 40. artikulua honela geldituko da idatzirik:
-Herrilurretan bazkatzen diren azienda guztiak herriko abeltzainenak izanen dira.
-Azienda guztiek arrakada eraman beharko dute eta osasun agiria indarrean izan.
-Aziendak herrilurretan sartu eta ateratzeko, data hauek ezarri dira:
Aziendak urtarrilaren 20tik martxoaren 31 arte aterako dira menditik. Salbuespena behor azienda izanen da, sasitza kendutako eremuan bazkatzen utziko baitzaio martxoaren 28a arte.
-Azienda jabeek tasa hauek ordaindu beharko dituzte urtean:
- Behi azienda: 6 euro, buruko.
- Behor azienda: 4 euro, buruko.
- Ardi azienda eta ahuntz azienda: 1,20 euro, buruko.
- Ardi azienda bakarrik gauaz eramaten bada mendira, tasa 0,60 euro izanen da buruko.
Tasa hauek urtero berrikusi ahal dira, baita aldatu ere osoko bilkuran erabakita:
-Aziendak mendian sartu aurretik, landazainari esan beharko zaio, bordetara joan dadin eta egiaztatu dezan zenbat buru askatuko diren eta arrakadak eta osasun agiriak eguneratuak dauden.
-Hazitarako animaliak, hala zezenak nola garanoak, ezin izanen dira gainerako aziendekin bazkatu.
-Landazainak edo albienteek aziendendako itxitura batera eramanen dituzte horretarako paratu den edo Udalak finkatu duen itxituran markaturiko mugetatik kanpora aurkitzen dituzten azienda guztiak, eta haien jabeari zehapen espedientea irekiko zaio; zehapena 40 euro izanen da buruko. Jabeak animaliak itxituratik atera baino lehen ordaindu beharko du zehapen hori.
Argitalpen honek ordezkatuko du 2010eko 37. Aldizkari Ofizialean, martxoaren 24an egindakoa.
Olaztin, 2010eko maiatzaren 4an.-Alkatea, Rubén García San Román.
Iragarkiaren kodea: L1008095