1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
274/2010 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Zangozako udal mugapean "Zangoza-Kaseda" LAMTeko (13,2 kV) aireko deribazio berria eta euskarri gaineko aire zabaleko transformazio zentroa egiteko proiekturako. Sustatzailea Roberto Oroz Rodeles da.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko dokumentazioa. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinaren I) idatz-zatian sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Proiektuaren helburua da Zangozako 4. poligonoko 285. eta 1004. lurzatiak energia elektrikoz hornitzea. Aireko linea elektrikoak 96 metroko luzera izanen du, "Zangoza-Kaseda" lineako 40. euskarritik hasita, eta Zangozako 4. poligonoko 285. lurzatian jarriko den euskarri batean bukatuko da.
Espedientean jasota dauden txostenak ikusita, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Zangozako udal mugapean "Zangoza-Kaseda" LAMTeko (13,2 kV) aireko deribazio berria eta euskarri gaineko aire zabaleko transformazio zentroa egiteko proiekturako. Sustatzailea Roberto Oroz Rodeles da.
2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:
-Hegaztiak babesteko baldintzak betetzeko eta linea berriarekin elektrokutatzeko arriskua murrizteko, deribazioko euskarrian eta linea amaierakoan loturazko kate horizontalek hiru isolagailu izan beharko dituzte, gutxienez, eta 0,70 m-ko segurtasuneko tartea gutxienez. Neurri horretan ezin da kontuan hartu luzagailuaren luzera; halakorik jartzen bada, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuan ezarritako segurtasun tartea, 0,70 m-koa, baino handiagoa utzi beharko da.
-Linea amaierako euskarrian eta eroalearen lurpeko linearekiko loturan elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta XS-24 zirkuitu-etengailuak lotzeko zubiak, horien eta tximistorratz autobalbulen arteko lotuneak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Orobat, deribazioaren euskarrian, linea nagusiko zubi lokak isolatuko dira, baita linea nagusia eta linea deribatua lotzen dituzten zubiak ere, esekidurako grapak barne. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Tximistorratz autobalbulak esekita jarriko dira edo, bestela, aurremoldeatutako BCAC ("Bushing connection animal cover") estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
-Obra amaitutakoan, ongi garbituko da eremua. Hondakindegi baimendu batera eramanen dira berriz erabili ezin diren hondar eta material guztiak. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.
-Nafarroako Gobernuko Herri Lan eta Garraio Departamentuaren txostenean ezarritako baldintzak bete beharko dira, baita Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalaren txostenean ezarritakoak ere, NA-5640 errepidearen eta Erronkariarren Errege Altxonbidearen gaineko ukipenei dagokienez.
-Proposatutako jarduketa lurzatiaren baratze erabileran oinarrituta justifikatzen da eta, beraz, dauden instalazioak ezin dira etxebizitzatarako erabili, ez aldi batez ez modu iraunkorrean, energia elektrikoa lortu eta gero.
3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Obrak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, haiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko diote hilabetean Nafarroako Gobernuari.
Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Zangozako Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko apirilaren 27an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1007704