66. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

269/2010 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Leitzako udalerrian Leitzalarrea aldeko ondarearen gaineko informazio eta interpretazioari eta turismorako balioa emateari buruzko planaren proiekturako. Sustatzailea herri horretako udala da.

Jardueraren helburua Leitzalarrea aldeari balioa ematea da, naturari lotutako aisialdia antolatu eta sustatzearen bidez eta betiere naturarekiko ahalik eta errespetu handiena erakutsiz. Horretaz gainera, inguru horretako balio kultural eta etnologikoak nabarmendu nahi dira.

Jarduketak hauek dira:

1. Ixkibar aldea: bordaren ingurunea egokitzea (beste proiektu batean zaharberritzekoa) mahaiak, eserlekuak eta zurezko hesia jarriz (132 m).

2. Mendi-ibiliak: bidexkak egokitzea garbiketa lanak eginez, belar-sastrakak kenduz eta azpiegiturak hobetuz.

3. Seinalizazioa: informaziorako 9 panel prestatu eta jartzea, bidegurutzeetan balizak jartzea eta pinturaz markatzea, Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioaren arauei jarraikiz (45 km inguru).

Proposatutako jarduketetako batzuk MN24 Natur Monumentura (Leitzalarreko izeiak) hurbiltzen dira edo ukitzen ahal dute. Leitzalarreko izeiak, Abies alba espeziekoak, Natur Monumentu deklaratuta daude apirilaren 25eko 165/1991 Foru Dekretuaren bidez, eta horren ondoren babes araubidea zabaldu zitzaien abenduaren 1eko 87/2009 Foru Dekretuaren bidez. Zehazki, 53 zuhaitz dira, Leitzako Leitzalarrea aldean, UTM koordenatu hauek dituzten puntuek zehaztutako perimetroaren barnean:

1. puntua.-589.643 / 4.774.921.

2. puntua.-589.655 / 4.774.922.

3. puntua.-589.668 / 4.774.909.

4. puntua.-589.662 / 4.774.901.

5. puntua.-589.650 / 4.774.865.

6. puntua.-589.634 / 4.774.853.

7. puntua.-589.630 / 4.774.860.

8. puntua.-589.638 / 4.774.909.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko E) letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

35.2 artikuluari jarraikiz, espedienteak Leitzako Udalaren aldeko txostena du, 2010eko otsailaren 15ean emana.

Espedientea osaturik dago eta nahikoa da, eta bertan dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Leitzako udalerrian Leitzalarrea aldeko ondarearen gaineko informazio eta interpretazioari eta turismorako balioa emateari buruzko planaren proiekturako. Sustatzailea herri horretako udala da.

2. Sustatzaileak ingurumen ukipenen azterlanean proposatu dituen neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzekoak betetzera behartzen du baimen honek, baldintza hauek betetzeaz gain:

-Leitzalarrea alderako proiektatu den bidexkak ez du pasatu behar 24. Natur Monumentua (Leitzalarreko izeiak) osatzen duten zuhaitzen adaburuen proiekziopetik.

-Bidexka hori prestatzean ez da ez lurrik mugituko ez lurrik ekarriko 24. Natur Monumentuaren (Leitzalarreko izeiak) ingurunean. Lanak egin bitartean ezin izanen da makineriarik pasatu zuhaitz horien adaburuen proiekziopetik; nolanahi ere, eta beharrezkoa izanez gero, tona gutxiko makinak erabiliko dira, eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko langileek tokian bertan gainbegiratuta lan eginen da.

-Inguru horretan jartzen diren paneletan 24. Natur Monumentuari (Leitzalarreko izeiak) buruz ematen den informazioak zuhaitz horien balio ekologiko eta kulturala zaindu eta zabaltzearekin bat etorri beharko du, eta horiek kudeatzeaz arduratzen den administrazio unitatearekin adostua izan beharko du.

-Lanak ongi egiteko beharrezkoa bada zuhaitzen bat moztea, departamentu honetako Oihanak Kudeatzeko Atalari behar den administrazio baimena eskatuko zaio horretarako.

-Lanak egitean txukuntasunez, garbi eta ingurumenarekiko jardunbide egokiz aritu beharko da.

Hirigintza arlokoak:

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian organo eskudunei eskatu eta gero.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko diote hilabetean Nafarroako Gobernuari.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Leitzako Udalari eta Oihanak Kudeatzeko Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko apirilaren 26an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1007706