1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
265/2010 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Cortesko udal mugapeko 13,2 kV-eko tentsio ertaineko aireko linearen bariante proiekturako, "1- Cortesko ingurabidea" 12. euskarriaren eta "Buñuelgo errepidea" TZren artean eta "Cortes III Ponpaketa" izeneko LAMT partikularrarekin lotzea. Sustatzailea Riegos de Navarra, S.A. da.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko dokumentazioa. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinaren I) idatz-zatian sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Proiektuaren xedea Cortes III-ko ponpaketa energia elektrikoz hornitzea da, eta horretarako linea bat aldatuko da, hau da, desmuntatu eta zabortegira eramanen da. Linea elektrikoaren bariante berriak 363 metroko luzera du, eta horietatik 250 metro inguru lurzoru urbanizaezineko alorretatik pasatzen dira.
Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak jakinarazi duenez, proiektu horrek ez du ingurumen ukipen nabarmenik eraginen. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuari buruz aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin. Corteko Udalak aditzera eman du planteatu den instalazioa erabilera baimengarri bat dela, nahiz eta lurzatien planoak eskatu dituen, trazadura nolakoa den zehatzago jakiteko. Udalak obretarako lizentzia eman aurretik egiten ahalko dira tramite horiek.
Espedientean jasota dauden txostenak ikusita, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Cortesko udal mugapeko 13,2 kV-eko tentsio ertaineko aireko linearen bariante proiekturako, "1- Cortesko ingurabidea" 12. euskarriaren eta "Buñuelgo errepidea" TZren artean eta "Cortes III Ponpaketa" izeneko LAMT partikularrarekin lotzea. Sustatzailea Riegos de Navarra, S.A. da.
2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:
-Hegaztiak babesteko baldintzak betetzeko eta linea berriarekin elektrokutatzeko arriskua murrizteko, loturazko kate horizontalek hiru isolagailu izan beharko dituzte, gutxienez, eta 0,70 m-ko segurtasuneko tartea gutxienez. Neurri horretan ezin da kontuan hartu luzagailuaren luzera; halakorik jartzen bada, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuan ezarritako segurtasun tartea, 0,70 m-koa, baino handiagoa utzi beharko da.
-Linearen amaierako euskarrian eta eroaleak lurpeko linearekin duen konexioan elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta XS-24 zirkuitu-etengailuak lotzeko zubiak, horien eta tximistorratz autobalbulen arteko lotuneak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Tximistorratz autobalbulak esekita jarriko dira edo, bestela, aurremoldeatutako BCAC ("Bushing connection animal cover") estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
-Obra amaitutakoan, ongi garbituko da eremua. Hondakindegi baimendu batera eramanen dira berriz erabili ezin diren hondar eta material guztiak. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.
-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.
3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko diote hilabetean Nafarroako Gobernuari.
Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Cortesko Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko apirilaren 26an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1007709