Iragarkia
66. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
211/2010 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna 2010-2011 ikasturtean arautzeko jarraibideak onesten dituena.
Ebazpen honen xedea jarraibide batzuk onestea da, zenbait alderdi zehatzen gainean xehetasunak eman eta garatzeko balio dutenak, ikastetxeen antolaketa egokia eta funtzionamendu ona lortzeko 2010-2011 ikasturtean.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ebazpen honen eranskinean ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna arautuko dituzte 2010-2011 ikasturtean.
2. Ebazpen honetan aipatutako jarraibideak ikastetxe pribatu itunduei edo diruz lagunduei aplikatuko zaizkie, indarra duten arauei jarraikiz, dagozkien afera orotan.
3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuari eta Antolamenduaren eta Tituluen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2010eko maiatzaren 13an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.
ERANSKINA
Sarrera
Ikasturte hasierako jarraibideen helburuetako bat indarreko araudiko alderdi batzuk zehaztea eta argitzea da eta bestea arautu gabeko batzuk arautzea, ikastetxeen antolaketa eta jarduna hobetzeko. Horrez gainera jarraibideek ikasturterako lan ildo nagusiak ezartzen dituzte.
Aurtengo jarraibideetan bi kapitulu daude:
Lehenengo kapitulua Urteko Programazio Orokorrari dagokio: ikastetxeek berrikusi, eguneratu eta garatu beharreko proiektu edo planei buruzko jarraibideak dira.
Bigarrena HLOren ondoriozko araudiari dagokio: funtzionamenduaren inguruko antolamendu alderdi batzuk zehaztu dira.
I.-Urteko programazio orokorra
Urteko programazio orokorra oinarrizko tresna bat da eta ikastetxeko plangintza, antolaketa eta jarduna biltzen ditu, baita hobekuntza plana ere. Prozesuak eta dokumentazioa zorroztasun, erraztasun eta erabilgarritasunaren eskakizunei lotu behar zaizkie.
Autonomiaren eta erantzukizunaren printzipioekin bat etorriz, zuzendaritza taldeak indarreko araudiari lotuta kudeatu behar ditu bere baliabideak eta harekin bat etorriz egin behar du plangintza (antolamendua, ordutegia, barruko eta kanpoko koordinaziorako egutegia, etab.).
Ikasturte honetan, ikastetxeek curriculumaren zehaztapenean aurrera egiten jarraituko dute, bai Lehen Hezkuntzan bai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Horretarako, neurri egokiak hartuko dituzte, ikasleek oinarrizko gaitasunak lor ditzaten nahitaezko eskolatzealdiaren amaierarako.
1.-Ebaluazioa eta hobekuntza.
Ebaluazioa etengabeko hobekuntzari lotuta dago, eta funtsezko laguntza eta baliabidea da, gainera, errealitatea eta ikastetxeetan izaten diren hezkuntza jarduketen ondorioak hobeki ezagutzeko.
Inguru horretan, ebaluazio diagnostikoa hartu behar da ongi dauden eta, beraz, mantendu eta areagotu behar diren alderdien eta hobetu behar direnen elementu identifikatzaile gisa. Diagnostikorako eginkizun horretaz gain, ebaluazioaren bidez ikuspuntuak aldera daitezke, eta ikastetxeak berak egiten duen barne ebaluazioari kanpoko erreferente bat eman.
Ikastetxeetara egiten dituen ohiko bisitetan Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak aholkuak emanen dizkie barruko ebaluazioaz, eta hobekuntza arloak kontrolatu eta gainbegiratuko ditu.
1.1. Haur eta Lehen Hezkuntza.
2010-2011 ikasturtean, irakurmena hobetzeko erakunde plana Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklora hedatuko da. Hezkuntza Departamentuak aholkularitza eta prestakuntza emanen ditu ikastetxeek erakunde plana gara dezaten tutoreen talde baten bitartez. Ikastetxeko zuzendaritzak plana koordinatzen duen pertsonaren ordutegian kontuan har ditzake eginkizunak betetzeko behar dituen saioak, ikastetxearen ordu erabilgarrien arabera.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen hobekuntza planak ikasleen oinarrizko gaitasunen garapenari buruzkoak izanen dira; hortaz, pixkanaka programazioak, metodologiak eta ebaluazioak gaitasun horien lorpenera bideratu behar dira.
Ildo horretako hobekuntzak ondoko jarduketen bitartez lor daitezke:
a) Irakasleen ekintzak koordinatzea eta baterako neurriak hartzea ekintza horiek ez daitezen puntualak izan, aitzitik, zikloko eta ikastetxeko planteamendu bateratuari erantzun diezaioten.
b) Arlo guztien ikuspegia aberastea, alegia, ikasten diren gauzak egiazko egoeretan aplikatzeko jarduerak eranstea irakaskuntzari (hori programazioan jaso behar da).
c) Landutako edukiak aplikatzeko gaitasuna balioesten duten jarduerak sartzea ebaluazio arruntetan.
d) Erabakiak hartu eta gauzatzea, ea nolako ekarpenak egin daitezkeen arlo bakoitzetik gaitasun komunak lantzeko, hala nola irakurmena, ideien ahozko eta idatzizko adierazpena, ikasten ikastea, ohitura eta balio hezitzaileak: ahalegina, inplikazioa, konpromisoa, erantzukizuna, ikaskideenganako begirunea, laneko eta bizikidetzako ohiturak, etab.
e) Tutoreen ekintza antolatzea ikasle guzti-guztien hezkuntza arrakastaren bidean; horretarako koordinatu egin behar dira irakasleen ekintza, familiena eta ikasleena berena, eta ekintza hori laguntza eta konpromiso gisa ulertu behar da, ikasle bakar bat ere ez dadin atzean geratu.
Ikastetxeko hobekuntza planak erantzuna eman behar die ebaluazio diagnostikoaren emaitzei, ikastetxe bakoitzaren benetako premiei eta haren hezkuntza proiektuari, eta hura egiteko abiapuntutzat hartu behar da irakasleak, gurasoak eta ikasleak inplikatu beharra dagoela, zalantzarik gabe, etengabeko hobekuntzarako konpromisoaren bitartez.
Ikastetxe bakoitzak bere hobekuntza plana eginen du, bai formatuak bai ikuspegiak aukeratuz. Laguntzarako material orientatzailea lortzen ahalko da, hobekuntza planak zehazteko, Hezkuntza Departamentuaren web orrira joz, "Ebaluazioa" atalean:
(http://www.educacion.navarra.es/portal/Informacion+de+Interes/Evaluacion).
Hobekuntza planak irizpide hauen araberakoak izanen dira:
-Hobekuntza planaren jarraitutasuna.
-Planaren errealismoa eta soiltasuna.
-Haren eraginkortasuna: argitasuna helburuetan eta jarduketetan.
-Ziklo eta mailetarako neurri orokorrak beste batzuekin konbinatzea, zailtasun gehien dituzten ikasleak direla-eta ebaluazioetan detektaturikoekin, hain zuzen ere.
-Emaitzen hobekuntzari begira aritzea.
-Planaren emaitzak egiaztatu ahal izatea balio-judizio subjektiboetatik harantzago.
1.1.1. Ebaluazio diagnostikoa eta barne ebaluazioa.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 21. artikulua aplikaturik, ikastetxeek ebaluazio diagnostikoa eginen diete Lehen Hezkuntzako 4. kurtsoko ikasle guztiei.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Ebaluazio Atalak koordinatuko du ebaluazio hori. Oinarrizko gaitasunak ebaluatzeko probak eginen dira kanpoan, eta ikastetxeetan aplikatu eta zuzenduko dira.
Ikasturtearen hasieran, ikastetxeko zuzendaritza plangintzan arituko da eta behar diren neurriak hartuko ditu, bai proben aplikazioan bai zuzenketan, datu grabaketan eta txostengintzan parte hartu behar duten irakasleek zeregin horiek beren lan ordutegian bete ahal ditzaten.
Probak apiriletik maiatzera bitartean eginen dira. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egun zehatzak ezarriko ditu behar adina denbora lehenago.
Gaitasun hauek ebaluatuko dira:
a) Gaztelaniaz irakurtzeko gaitasuna (G/A eta D ereduak).
b) Euskaraz irakurtzeko gaitasuna (D eredua).
c) Matematikako gaitasuna.
d) Hizkuntza gaitasuna Atzerriko Hizkuntzan (Ingelesa).
Ikastetxeek erabakiko dute noiz eta nola helarazi txostenak familiei ikasturtea amaitu baino lehen. Gomendagarria da hori tutoretzaren inguruan egitea. Halaber, ikastetxeek erabakiko dute nola helarazi txosten horiek hurrengo ikasturteko irakasleei, ikasturtearen hasieran.
Ebaluazio diagnostikoaren emaitzak kontuan hartuko dira hurrengo ikasturterako hobekuntza ildoak ezartzerakoan.
Haur Hekuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloa eta hirugarren zikloa amaitutakoan ikastetxeek barneko ebaluazioa prestatu eta eginen dute, hobekuntza planari atxikita eta irizpide hauek aplikatuta:
-Haur Hezkuntzako bigarren zikloa: ebaluatuko diren etapako helburuetan sartutako gaitasun alderdiak erabakiko dituzte ikastetxeek.
-Lehen Hezkuntzako lehen zikloa: gutxienez hizkuntza gaitasuna ebaluatu behar da (irakurmena eta idazmena).
-Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloa: gutxienez hizkuntza gaitasuna (irakurmena eta idazmena) eta atzerriko hizkuntza (irakurmena, idazmena eta ahozkoaren ulermena) ebaluatuko dira. Gainera, matematikako gaitasunaren eta mundu fisikoa ezagutzeko eta harekin elkarreraginean aritzeko gaitasunaren probak eginen dira.
Ikastetxeek aurreko ebaluazioetan aplikatutako proba ereduak erabil ditzakete edo beren probak prestatu.
2010-2011 ikasturtearen amaierako memorian ikastetxeko emaitza orokorren balorazioak eginen dira ebaluazio diagnostikoaren eta barneko ebaluazioen aldean. Ebaluazio horiek direla-eta, hobekuntza planaren barnean, 2011-2012 ikasturteko Urteko Programazio Orokorrean, hartu beharreko hezkuntza, curriculum eta antolaketa neurriak jasoko dira.
1.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
2010-2011 ikasturtean, irakurmena hobetzeko erakunde planarekin jarraituko da, eta horren helburu nagusia izanen da ikastetxeko irakurketa plana prestatu edo berrikustea eta ezartzea. Hezkuntza Departamentuak aholkularitza eta prestakuntza emanen ditu ikastetxeek erakunde plana gara dezaten tutoreen talde baten bitartez. Ikastetxeko zuzendaritzak plana koordinatzen duen pertsonaren ordutegian kontuan har ditzake eginkizunak betetzeko behar dituen orduak, ikastetxearen ordu erabilgarrien arabera.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hobekuntza plana ikasleen oinarrizko gaitasunen garapenari buruzkoa izanen da; hortaz, pixkanaka programazioak, metodologiak eta ebaluazioak gaitasun horien lorpenera bideratu behar dira.
Ildo horretako hobekuntzak ondoko jarduketen bitartez lor daitezke:
a) Neurri bateratuak hartzea eta irakasleen jarduketak koordinatzea departamentuen artean nahiz departamentu bakoitzaren barnean, ikastetxearen planteamendu orokorrari erantzun diezaioten.
b) Irakasgai guztien ikuspegia aberastea, alegia, ikasten diren gauzak egiazko egoeretan aplikatzeko jarduerak eranstea irakaskuntzari (hori programazioan jaso behar da).
c) Landutako edukiak aplikatzeko gaitasuna balioesten duten jarduerak sartzea ebaluazio arruntetan.
d) Erabakiak hartu eta gauzatzea, ea nolako ekarpenak egin daitezkeen arlo bakoitzetik gaitasun komunak lantzeko, hala nola irakurmena, ideien ahozko eta idatzizko adierazpena, ikasten ikastea, ohitura eta balio hezitzaileak: ahalegina, inplikazioa, konpromisoa, erantzukizuna, ikaskideenganako begirunea, laneko eta bizikidetzako ohiturak, etab.
e) Tutoreen ekintza antolatzea ikasle guzti-guztien hezkuntza arrakastaren bidean; horretarako koordinatu egin behar dira irakasleen ekintza, familiena eta ikasleena berena, eta ekintza hori laguntza eta konpromiso gisa ulertu behar da, inor ez dadin atzean geratu.
Jarduketa orokor horiek ikastetxeetan zehaztu behar dira hobekuntza plana eginez. Plan horrek erantzuna eman behar die ebaluazio diagnostikoaren emaitzei, ikastetxe bakoitzaren benetako premiei eta haren hezkuntza proiektuari, eta hura egiteko abiapuntutzat hartu behar da irakasleak, gurasoak eta ikasleak inplikatu beharra dagoela, zalantzarik gabe, etengabeko hobekuntzarako konpromisoaren bitartez.
Ikastetxe bakoitzak bere hobekuntza plana eginen du, bai formatuak bai ikuspegiak aukeratuz. Laguntzarako material orientatzailea lortzen ahalko da, hobekuntza planak zehazteko, Hezkuntza Departamentuaren web orrira joz, "Ebaluazioa" atalean:
(http://www.educacion.navarra.es/portal/Informacion+de+Interes/Evaluacion).
Hobekuntza planak irizpide hauen araberakoak izanen dira:
-Hobekuntza planaren jarraitutasuna.
-Planaren errealismoa eta soiltasuna.
-Haren eraginkortasuna: argitasuna helburuetan eta jarduketetan.
-Irakasgai eta mailetarako neurri orokorrak beste batzuekin konbinatzea, zailtasun gehien dituzten ikasleak direla-eta ebaluazioetan detektaturikoekin, hain zuzen ere.
-Emaitzen hobekuntzari begira aritzea.
-Planaren emaitzak egiaztatu ahal izatea balio-judizio subjektiboetatik harantzago.
1.2.1. Ebaluazio diagnostikoa.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 29. artikulua aplikaturik, ikastetxeek ebaluazio diagnostikoa eginen diete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. kurtsoko ikasle guztiei.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Ebaluazio Atalak koordinatuko du ebaluazio hori. Oinarrizko gaitasunak ebaluatzeko probak eginen dira kanpoan, eta ikastetxeetan aplikatu eta zuzenduko dira.
Ebaluazio diagnostikoa ikastetxe osoaren zeregina da, ez bakarrik bigarren kurtsoko irakasleena. Horregatik, ikasturtearen hasieran, ikastetxeko zuzendaritza plangintzan arituko da eta behar diren neurriak hartuko ditu, bai proben aplikazioan bai zuzenketan, datu grabaketan eta txostengintzan parte hartu behar duten irakasleek zeregin horiek beren lan ordutegian bete ahal ditzaten.
Probak apiriletik maiatzera bitartean eginen dira. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egun zehatzak ezarriko ditu behar adina denbora lehenago.
Gaitasun hauek ebaluatuko dira:
a) Gaztelaniaz irakurtzeko gaitasuna (G/A eta D ereduak).
b) Euskaraz irakurtzeko gaitasuna (D ereduan).
c) Matematikako gaitasuna.
d) Mundu fisikoa ezagutzeko eta harekin elkarreraginean aritzeko gaitasuna (gaitasun zientifikoa).
e) Hizkuntza gaitasuna Atzerriko Hizkuntzan (Ingelesa).
Ikastetxeek erabakiko dute noiz eta nola helarazi txostenak familiei ikasturtea amaitu baino lehen. Gomendagarria da hori tutoretzaren inguruan egitea. Halaber, ikastetxeek erabakiko dute nola helarazi txosten horiek hurrengo ikasturteko irakasleei, ikasturtearen hasieran.
Ebaluazio diagnostikoaren emaitzak kontuan hartuko dira hurrengo ikasturterako hobekuntza ildoak ezartzerakoan.
2010-2011 ikasturtearen amaierako memorian ikastetxeko emaitza orokorren balorazioak eginen dira ebaluazio diagnostikoaren aldean. Ebaluazio hori dela-eta, 2011-2012 ikasturteko hobekuntza planaren barnean, hartu beharreko hezkuntza, curriculum eta antolaketa neurriak jasoko dira.
1.2.2. Nazioarteko ebaluazioak.
a) 2010-2011 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion PISA 2009 ebaluazioaren emaitzak aurkeztuko dira.
b) Gainera, Nafarroako lagin adierazgarriarekin parte hartuko da "Ingelesezko hizkuntza gaitasunen azterlan europarra" izeneko nazioarteko ebaluazio proiektuan. Europar Batasunaren proiektu bat da eta estatu kideei informazio konparagarria eman nahi die hizkuntza gaitasunei eta jardun onaren ezagutzari buruz, baita lortutako aurrerapenari buruz ere, atzerriko hizkuntzen ikaskuntza hobetzearren. DBHko 4. kurtsoan eginen da ebaluazio hori, eta Nafarroako ikasleek lortutako maila ezagutzen ahalko da, bai Estatuko bai Europako erreferentziak erabilita.
2.-Kalitatea.
Martxoaren 6ko 230/2006 Ebazpenak abian jarri zuen kalitatea kudeatzeko sistemak (SGCC-2006 Araua) ikastetxe publikoetan zabaltzeko programa. Oraindik ere erronka da ikastetxeentzat: erabateko kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzea.
Hezkuntza Departamentuak ondoko oinarriak dituzten ereduak bultzatzen ditu ikastetxeen kudeaketarako eta berrikuntza pedagogikorako: sare-lana, aholkularitza, jardun onaren inguruko informazioa trukatzea, eta beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko. Hauexek dira helburuak: ahalik eta ikastetxe gehienek SGC eta EFQM ziurtagiriak edukitzea; sareko ikastetxeak aitzindari izatea berrikuntza pedagogikoaren eta kudeaketaren inguruko proiektuetan; lankidetza akordioak sinatzea hezkuntza erakundeekin eta profesionalen elkarteekin; ikastetxeak koordinatzeko eta haiei aholkuak emateko lanetan aditutako trebatzaile kualifikatu asko izatea.
SGCC-2006 Arauak ikastetxeetan nahitaez egin beharreko jarduerak jasotzen ditu. Gainera, berariazko prozesu bat ezarri du EFQM autoebaluaziorako, hau da, Hezkuntza Departamentuak erabateko kalitatea sustatzeko hautatu duen eredurako, eta beste bat zerbitzuen gutunak abian jartzeko.
Ikastetxeei SGCC-2006 Arauan ezarritako sistema oso-osorik ezartzen laguntzeko, ikastetxeek prestakuntza eta jardun onaren inguruko informazioa trukatzeko sareak abiarazi dira, eta kalitatearen arduradunaren orduak aintzatetsi dira.
Ikastetxeko kalitatearen arduradunak SGCC ezartzen lagunduko dio zuzendaritza taldeari eta agirien eta adierazleen kudeaketaren ardura hartuko du.
Horretarako irakastorduak murriztuko zaizkio sareko prestakuntzan aritu ahal izateko eta postuari dagozkion lanak egiteko. Murrizketa ikastetxe motaren araberakoa izanen da: 6 irakastordu BHIetan, 4 irakastordu DBHIetan eta zuzeneko irakaskuntzako 4 saio HLHIPetan. Ahal dela, irakastorduen murrizketa astearte goizetan aplikatuko da, zuzendaritzakoei prestakuntzarako eta koordinaziorako egiten zaien bezala.
Programaren ezarpenaren eta garapenaren eta baliabideen erabileraren jarraipena Hezkuntza Kalitatearen Bulegoaren ardura izanen da (Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzua). Ikasturtea amaitutakoan, sarean lan egiten duten ikastetxeek txosten bat eginen dute ikastetxean egindako lanaz. Txosten horretan hurrengo ikasturterako konpromisoak jasoko dira. Txostena Hezkuntza Kalitatearen Bulegoari bidaliko zaio; gero honek betetze maila egiaztatuko du eta, haren arabera, hurrengo ikasturterako kalitatearen arduraduna ematearen alde eginen du, ala ez.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeko kudeaketa sistema ebaluatuko du (diseinatu eta ezarri den eta SGCC Arauak ezarritakoarekin bat datorren). Ebaluazioaren emaitza positiboa bada, "Ikastetxe bikaina" aitorpena ematea proposatuko da.
3.-Prestakuntza.
Ikastetxe bakoitzak irakasleentzako prestakuntza plana eginen du, hauek kontuan hartuta: beharrak, ikastetxeak prestakuntzaren arloan egin duen ibilbidea eta Hezkuntza Departamentuak proposatutako lerro estrategikoak.
Irakasleentzako Laguntza Zentroetan (ILZ) irakasleentzako prestakuntza kontseiluak abian jartzearen ondorioz, beharrezkoa da ikastetxe bakoitzean prestakuntzako arduradun bat izatea. Ahal dela, zuzendaritza taldeko edo Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kide bat izanen da. Eginkizun hauek edukiko ditu, besteak beste: ikastetxeko prestakuntza plana prestatzeko prozesua sustatzea, plan horren ondoriozko beharren berri ematea berari dagokion ILZko aholkulariei, ILZko prestakuntza kontseiluan parte hartzea eta ILZ horretan irakasleen ordezkari izatea, hala behar denean. Ikastetxeak ordu erabilgarririk izanez gero, prestakuntzako arduradunaren ordutegian ordu osagarri bat edo bi ezar litezke eginkizun horietan aritzeko.
4.-Berdintasuna.
Indarreko araudian genero berdintasunaz ezarritako jarraibideak aintzat hartuta, Hezkuntza Departamentuak 2009-2011 Berdintasun Plana egin du; bi helburu estrategiko ezarri dira eta garatu egin da. Hain zuzen ere, berdintasuna eta genero ikuspegia Nafarroako hezkuntza sisteman txertatzeko esparrua finkatu da eta Hezkuntza Departamentuko langileak, baliabideak eta zerbitzuak kudeatzeko politikak diseinatu eta garatu dira.
Hain zuzen ere, 1. helburu estrategikoan hiru ekintza-lerro hauek daude:
-Berdintasunaren inguruko helburuak txertatzea arlo, gai eta maila guztietan, eta oinarrizko gaitasunen garapenean.
-Nafarroako ikastetxeetan eta irakasleak prestatzeko zentroetan Berdintasun Plana garatzen laguntzea.
-Sinergiak eta aliantzak sortzea: eskola komunitatea eta gizarte ingurua informatzea, sentikortzea eta inplikatzea berdintasunerako hezkuntzaren arloan bizitzan zehar hartu behar den konpromisoari buruz.
Ekintza ildo horien garapenean laguntza eta aholkularitza emateko, Departamentuak abian jarri du "Baterako Hezkuntzaren Programa", ikastetxeei prestakuntza, laguntza eta aholkularitza emateko programa bat dena. Diagnostikorako Mintegi batekin hasten da eta, horretan oinarrituta, ikastetxeek hobekuntzarako konpromisoak hartzen dituzte, beren Urteko Programazio Orokorrean berdintasuna eta baterako hezkuntzaren ikuspegia pixkanaka txertatzeko.
Baterako Hezkuntzaren hurrengo mintegiak ikastetxeei aukera ematen die beren konpromisoak ikasturte bakoitzean pixkanaka txertatzen joateko eta, horretarako, beharrezkoak diren koordinazioa, prestakuntza, materialak eta baliabide didaktikoak izanen dituzte.
Ikasturte bakoitzean, diagnostikoa egin nahi duten eta hobekuntzarako konpromisoak hartu nahi dituzten ikastetxeak programa honetan sartzen ahalko dira, Irakasleen Prestakuntza Planean egiten den deialdiaren bitartez.
Ikastetxe parte-hartzaile guztiek helburuak, materialak, baliabideak eta jardun onak partekatuko dituzte Nafarroako Baterako Hezkuntzaren Sarearen esparruan. Sare horretan parte hartzearen ondoriozko konpromisoak hartzen dituzten ikastetxeek aukera izanen dute Baterako Hezkuntzaren Programan jarraitzeko.
Konpromisoak UPOn sartzeaz gainera, ikastetxe bakoitzak horien betetze eta garapenari buruzko txostena erantsiko diote kurtso bukaerako memoriari. Ikastetxeko zuzendaritzak baterako hezkuntzaren taldea koordinatzen duen pertsonaren ordutegian kontuan har ditzake eginkizunak betetzeko behar dituen orduak edo saioak, ikastetxearen ordu erabilgarrien arabera.
5.-Bizikidetza.
Ikastetxeetako bizikidetza arautzen duen egungo araudiaren arabera, ikastetxeek bizikidetza planak prestatu eta abian jartzen dituzte, eta horiek garapen maila desberdinak dituzte une honetan.
2010-2011 ikasturtean, ikastetxeak berrikusi eta ebaluatu eginen du bere Bizikidetza Plana, ikasturtean zehar onesten diren arau berrietara egokituz, eta bai urteko zehaztapena bai dagokion memoria diseinatuko ditu.
Lan horretan lagunduz, Hezkuntza Departamentuko Bizikidetzako Aholkularitza irakasleen prestakuntza antolatzen aritu da, bai sareen bidez bai ikastetxeetan egindako mintegien bidez, lan talde egonkorrak sortzeko xedez. Prestakuntza jardueren eskaintzak irekita segituko du bizikidetzako prestakuntza sareetan parte hartzearen ondoriozko konpromisoak hartzen dituzten irakasle eta ikastetxeentzat.
"Bizikidetzaren arduraduna" ezartzen den ikastetxe publikoetan, arduradun hau bizikidetzarako batzordean ariko da eta zuzendaritza taldeari ikastetxeko bizikidetza plana garatzen, aplikatzen eta suspertzen lagunduko dio. Ikastetxeko zuzendaritzak plana koordinatzen duen pertsonaren ordutegian kontuan har ditzake eginkizunak betetzeko behar dituen orduak saioak, ikastetxearen ordu erabilgarrien arabera.
Bizikidetzaren arduraduna duten ikastetxeek konpromiso hauek hartu behar dituzte:
-Bizikidetzako batzorde funtzional bat bermatzea, diziplina jarduerak eta Bizikidetzako Erregelamendua aplikatzekoak soilik egiten dituen egituratik bereizia.
-Bizikidetza Plana aplikatzea 2010-2011 ikasturtean. Berrikuntzarako ikuspegia bultzatzea: ikasleen prestakuntza eta parte-hartze aktiboa, arreta prebentzioan jartzea, estrategia zehatzak ezartzea gatazkak konpontzeko (bereziki hezkuntzako bitartekaritza), eta hezkuntza komunitateko agenteen inplikazioa.
Bizikidetzaren arduradunak egiteko hauek edukiko ditu:
-Bizikidetzarako batzordearen jarduna eta proiektuak bultzatzea, zehapenen esparruan bainoago hezkuntzaren eta prebentzioaren arloetan.
-Bizikidetza plana prestatzen, ezartzen, ebaluatzen eta eguneratzen parte hartzea, bai eta hezkuntza komunitatea inplikatzeko mekanismoetan ere, ezinbestekoa baita hura garatzeko, abiarazteko, ebaluatzeko eta gauzatzeko, urtean zehar.
-Ondokoak antolatzea bizikidetza planaren esparruan: ikasleen prestakuntza eta parte-hartze aktiboa, prebentzioa eta estrategia zehatzak ezartzea gatazkak konpontzeko, eta hezkuntza komunitateko agenteen inplikazioa.
-Irakasleen prestakuntza sustatu eta bultzatzea arlo honetan.
-Prestakuntza pertsonala eguneratzea, bizikidetzako arduraduna den aldetik (aurreko ikasturteetan garatutako berariazko mintegian parte hartu ez zuten pertsonek ikasturte honetako mintegia egin beharko dute).
-Ikastetxeak, bere beharrak kontuan hartuta eta bere ahalmena erabiliz, ezartzen eta bultzatzen dituen bitartekaritza taldeak eta/edo bizikidetza hobetzeko programa guztiak (ikasle laguntzaileak, tutoreak, ...) koordinatzea eta beraien lana sustatzea, eta haietan aritzea, behar izanez gero.
-Ikastetxeko lehengo taldeak eta beste kolektibo batzuk bizikidetzaren arloan prestatzeko ardura hartzea.
-Dokumentu hauetaz arduratzea eta idaztea:
- Ikastetxeko Bizikidetza Plana.
- Urteko zehaztapenak, zeinetan arduradunaren lan plana ere sartuko den.
- Urteko memoria.
-Zuzendaritzari laguntza eta aholkuak ematea, Bizikidetzarako Erregelamendua aplikatzeko.
-Ikastetxeko Bizikidetza Plana ikasturte honetan onesten diren arau berrietara egokitzea.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak 2010-2011 ikasturteko planean ondokoak jasoko ditu: Bizikidetza Planaren ebaluazioa, horren urteko zehaztapena eta bizikidetzako arduradunak egindako azken memoria. Ikastetxe bakoitzak lehenengo bi dokumentuak Urteko Programazio Orokorraren barruan aurkeztu behar dizkio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, eta hirugarrena ikastetxeko memoriaren barruan.
6.-Aniztasunari erantzutea.
Ikasle guztiek, bai hezkuntza premia bereziak dituztenek, bai berandu hasten direnek, gaitasun handikoek, egoera sozial eta kultural ahulean daudenek, eta, oro har, inguruabar pertsonal eta sozialengatik edo familiaren egoeragatik eskolatzealdiko uneren batean hezkuntzako laguntza premia berariazkoa izan dezakeen edozeinek, arreta egokia jaso behar dute, eta haien onurarako erabakiak hartu behar dira antolamenduaren eta pedagogiaren arloetan, ikastetxeetan irakasle taldeen bilerak bultzatuz proposatutako neurrien jarraipena egiteko, betiere haiek guztiak hezkuntza sisteman sartzearen printzipioari jarraituz.
Ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduak ezartzen du Aniztasunarekiko Arreta Plana prestatu eta gauzatzeko bultzada zuzendaritza taldeak eman behar duela. Hezkuntzako Laguntza Unitatea da Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan aniztasunarekiko arreta neurriei buruzko proposamenak egin behar dituen organoa; Bigarren Hezkuntzako institutuetan, berriz, Orientazio Departamentua da zeregin hori gauzatzen duena.
Plan honen plangintza eta garapen egokia bermatzearren, beharrezkoak diren bilerak eginen dira, bai hasierako plangintzarako bai jarraipen eta ebaluaziorako, zuzendaritza taldearen eta Hezkuntzako Laguntza Unitateko koordinatzailearen edo Orientazio Departamentuko buruaren artean.
Aniztasunarekiko Arreta Planean ikastetxeak ikasle guztien hezkuntza premia orokorrei eta ikasle bakoitzaren premiei ahalik eta ongien erantzuteko diseinatzen, aukeratzen eta gauzatzen dituen neurriak biltzen dira (curriculum egokitzapenak, antolaketa neurriak, laguntzak eta indartze neurriak).
Bertan zehaztu behar dira ikastetxearen analisia eta unean uneko egoera, lortu beharreko helburuak, hartuko diren neurriak eta langileen, materialen eta baliabide didaktikoen antolaketa, aldi baterako edo behin betiko laguntza edo curriculum egokitzapenak beharko dituzten ikasleei laguntzeko, eta planaren jarraipen, ebaluazio eta berrikuspenerako prozedura.
Prozedurak eta baliabideak ezarriko dira ikasleen hezkuntzako laguntzaren premia berariazkoa goiz aurkitzeko, eta familien parte-hartzea kontuan hartuko da ikasle horien eskolatzeari eta hezkuntzako prozesuei eragiten dieten erabakietan.
Irakasgairen bat gainditu gabe duten ikasleentzako indartze programa prestatu behar da; programa honetan proposatutako neurriek ukitzen dituzten departamentuek parte hartu behar dute.
Curriculum Aniztasuneko irakasleek aurreko kurtsoetan gainditu gabeko irakasgaien indartze programak prestatu eta ebaluatuko dituzte beren eskumeneko irakasgai, esparru eta proiektuetan.
Ikasleek gainditu gabeko irakasgaien ebaluazioak positiboa izan behar du, eduki progresiboak dauzkaten programetako irakasgaia, esparrua edo proiektua kalifikatu ahal izateko.
Curriculum egokitzapenak prestatzeko, curriculum arrunta ikasle edo talde batentzat egokitu eta moldatu ahal izateko irizpideak proposatuko dira, curriculumeko alderdi jakin batzuk lehenetsiz, ordeztuz, aldatuz edo kenduz, oinarrizko gaitasunen garapena eta lorpena errazteko.
Curriculum egokitzapenak egitea kurtsoetan irakasgaiak ematen dituzten irakasleen ardura izanen da. Lan hori kasuan kasuko zikloko koordinatzaileek edo departamentuetako buruek koordinatuko dute. Berariazko egiturei atxikitako ikasleen curriculum egokitzapenak Pedagogia Terapeutikoko irakasleek egin behar dituzte. Nolanahi ere, egokitzapen horien koordinazioa eta jarraipena egitea ikaslearen tutoreari dagokio. Orientazio arloko langileen aholkuak jasoko ditu horretarako.
Curriculum egokitzapenak dituzten ikasleen ebaluazioari dagokionez, Hezkuntzako kontseilariaren 216/2007 eta 217/2007 Foru Aginduetan ezarritakoari eutsiko zaio. Hurrenez hurren, Lehen Hezkuntzako ebaluazioa eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ebaluazioa arautzen dituzte, eta Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an emandako 93/2008 Foru Aginduaren xedapen gehigarrien bidez aldaturik daude.
Irakasle espezializatuen esku-hartzean (PT eta AL) lehentasuna emanen zaio desgaitasunen bati lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen arretari eta, betiere, curriculum egokitzapen garrantzitsuak behar dituzten ikasleenari.
Hezkuntzako laguntza irakasleek tutorearekin batera eginen dute lan, ikasgela barneko esku-hartzeari lehentasuna emanez.
Funts publikoekin sostengatutako ikastetxeei ikasle horiez ongi arduratzeko beharrezkoak diren baliabideak emanen zaizkie, eta baliabide horiek ematearekin irakasle guztiek konpromisoa hartu behar dute Aniztasunarekiko Arreta Planean proposatutako neurriei dagokienez. Baliabideak ahalik eta gehien hobetzearren, lankidetza ezarri ahal izanen da beste administrazio edo irabazi-asmorik gabeko entitate publiko zein pribatu (erakunde, elkarte) batzuekin.
7.-Tutoretza.
Tutoreek eskola ordutzat hartutako bi ordu izanen dituzte astean Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, hiru ordu DBHn eta ordu bat Batxilergoan.
Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, ikasketaburuarekin edo zuzendariarekin eta orientatzailearekin batera Tutoretza Planaren garapenean tutoreek parte hartu ahal izateko, ziklo bakoitzeko tutoreak eta orientatzailea hilean behin bilduko dira.
Haur eta Lehen Hezkuntzako tutoretzak honako hau bermatuko du, gutxienez:
-Talde bakoitzeko irakasle taldea modu egokian koordinatzea, behar adina bilera eginez.
-Ikasleei taldean edo/eta ikastetxean integratzen laguntzeko estrategiak eta jarduerak garatzea, eta bizikidetza hobetzeko jarduerak sustatzea.
-Hezkuntza premia bereziak dauzkaten ikasleentzako curriculum egokitzapenak eta hezkuntzako esku-hartzea koordinatzea, orientazioa emanez eta laguntzako irakasleak jarriz.
-Familiekin eta hezkuntza komunitateko beste eragile batzuekin lankidetzan aritzea, elkarrizketak, bilerak eta zehazten diren gainerako tresnak direla medio.
DBHn, tutoretza planeko jardueren garapenaz arduratuko da tutoretza koordinatzeko Departamentuarekin lankidetzan; ondokoak bermatuko ditu, gutxienez:
-Talde bakoitzeko irakasle taldea modu egokian koordinatzea, behar adina bilera eginez.
-Ikasle bakoitzaren banakako tutoretza; tutorea gutxienez hiru hilean behin bilduko da ikasle bakoitzarekin, ibilbide pertsonala eta akademikoa aztertzeko.
-Gainditu gabeko irakasgaiak errekuperatzeko indartze planaren jarraipena, plana aplikatzeko ardura duten irakasleekin koordinatuta.
-Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako curriculum egokitzapenak prestatzeko eta haien jarraipena egiteko koordinazioa.
-Familiekin eta hezkuntza komunitateko beste eragile batzuekin lankidetzan aritzea, elkarrizketak, bilerak eta egokitzat jotzen diren gainerako tresna guztiak direla medio.
8.-Ingurune osasungarriak, osasun hezkuntza eta osasunaren sustapena.
Ikastetxeek ikasleen eta eskola komunitateko kide guztien osasuna babestu eta sustatuko duen eskola ingurunea sortzen ahalegindu behar dute eta bizimodu osasungarriak sustatu behar dituzte, bai ikuspegi biologikotik bai psikologikotik eta sozialetik begiratuta.
Ikastetxeek bizimodu eta aztura osasungarriak sustatzeko proposamenak sartu behar dituzte beren planetan, ondoak landuta: elikadura (ez da komeni ikastetxean litxarreria eta opil industrialak saltzen dituzten makinak izatea), ariketa fisikoa (eskolaz kanpoko jarduerak edo jolasak), gorputzeko higienea (azala, ilea, hortzak), postura higienea (bizkarra), segurtasuna eta istripuen prebentzioa, drogazaletasunaren prebentzioa, eta hezkuntza afektibo-sexuala.
Proposatzen diren jarduerak Urteko Programazio Orokorrean jasoko dira, Eskola Kontseiluak onets ditzan.
Orobat, ikastetxeetako eskola kontseiluek erretzeko debekua (indarreko legeriak ezartzen duena) betearazi behar dute eta neurri egokiak ezarri behar dituzte ikastetxean edari alkoholdunik ez saltzeko eta ez kontsumitzeko. Baldintza horiek kontuan hartu beharko dira ikastetxeko Bizikidetza Planean sartuko den Bizikidetzarako Erregelamendua prestatzean.
II.-Antolamendu alderdiak
1.-Irakaskuntza partekatua Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoan.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoa behin-behinekoz ematen den Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta herri bereko ikastetxe publikoarekin batera aritzen diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan, destinoa Lehen Hezkuntzan duten irakasleek, noizbait suertatuz gero, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoan eskola ematen ahalko dute, zenbait irakasgaitan.
Halaber, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloari atxikitako maisu-maistren kidegoko irakasleek beren ordutegia osatzen ahalko dute Lehen Hezkuntzako jarduerekin.
2.-Ordutegi malgua Lehen Hezkuntzan.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek, kudeaketarako duten autonomiaz baliaturik eta beren behar eta helburuekin bat, malgutasun handiagoa izanen dute ikastetxeko ordutegia prestatzeko. Gerta liteke irakasleen ordutegia ez etortzea guztiz bat ikasleen ohiko eskola ordutegiarekin.
Ikastetxeen arteko koordinazioa hobetzeko eta prestakuntzako programetan parte hartzea areagotzeko, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendariek astearte goizak libre eduki ditzakete, irakastordurik gabe, ikastetxearen aukeren arabera.
3.-Ordutegi osagarriaren inguruko azalpenak.
Plangintza instituzionaleko tresnak prestatzen edo espezialitatearekin zerikusia duten prestakuntza jardueretan nahitaez eman beharreko denboraren erdiak (horren edukia zuzendaritza taldeak ezarriko du) lehentasuna izanen du irakasleen beste edozein aukeraren aurretik.
Aldi horretan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan, lan plana ezarriko da oinarrizko gaitasunen inguruko gogoetak eta azterketak errazteko, bai eta barne ebaluazioak gaitasunak ardatz hartuta programatzea eta prestatzea errazteko ere.
Aldi horretan, BHIetan hileko lehen eta hirugarren asteazkenetan curriculuma baloratu eta berrikusiko da, eta lan plana ezarriko da DBHko oinarrizko gaitasunen gaineko gogoeta eta azterketa errazteko. Koordinazio didaktikorako departamentuek mailaz maila txertatuko dute oinarrizko gaitasunen ikuspegia programazio didaktikoetan eta gelako programazioetan.
4.-Departamentuko burutza.
Departamentu bakoitzeko buruak Erregelamendu Organikoan eta 258/1998 Foru Aginduan aipatzen diren eginkizunak bere gain hartuko ditu eta, horretaz gainera, 2010-2011 ikasturterako Urteko Lan Planaren garapenean buru eta arduradun izanen da; plan horretan, zuzeneko eta zeharkako eragina duten hobekuntza arloen inguruko jarduketak sartuko dira.
5.-Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.
Hauexek dira teknologia berrien arduradunaren lanaren ardatzak: ikastetxeko ekipo informatikoak eta ikus-entzunezkoak koordinatzea eta mantentzea, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea, material informatikoa eta ikus-entzunezkoa behar bezala erabiltzeko irizpideak ezartzea, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilpena koordinatzea.
Teknologia berrien arduradunak ordu kopuru hau edukiko du bere lanak egiteko:
a) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lerro bateko zein biko ikastetxeetan: bi irakastordu astean, zuzeneko irakaskuntzakoak ez direnak, eta bi osagarri (ikastetxearen beharren arabera).
b) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hiru lerro edo gehiagoko ikastetxeetan: hiru irakastordu astean, zuzeneko irakaskuntzakoak ez direnak, eta hiru osagarri (ikastetxearen beharren arabera).
c) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak, 30 irakasle artekoak: bi irakastordu astean, eta bi osagarri (ikastetxearen beharren arabera).
d) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak, 31 - 60 irakasle bitartekoak: hiru irakastordu astean, eta hiru osagarri (ikastetxearen beharren arabera).
e) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak, 60 irakasle baino gehiagokoak: lau irakastordu astean, eta lau osagarri (ikastetxearen beharren arabera).
Bestalde, Hezkuntza Departamentuak abian jarri du Integra-IKT izeneko proiektu esperimentala, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak curriculumean txertatzeko, ikasgelan bertan, eta aukeratutako ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleen gaitasun digitala garatzeko.
Ikastetxe horiek proiektuko IKT koordinatzaile bana izanen dute, ikastetxean esperientziaren koordinazio pedagogikoaz arduratuko dena. Gainera, koordinatzaile horiek prestakuntza ekintzetan, esperientzia trukeetan eta prozesu orokorren jarraipenean eta ebaluazioan parte hartuko dute, ikastetxean bertan, ordutegi arruntaren barnean. Horretarako, zuzeneko irakaskuntzarako ezartzen den saio kopurua izanen dute astean.
6.-Salbuespenak eta egokitzapenak Gorputz Hezkuntzan.
Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 1eko 123/2009 Foru Aginduaren bidez, Gorputz Hezkuntzatik salbuesteko aukera dago bai DBHn bai Batxilergoan, goi mailako edo goi errendimenduko kirolariak direla frogatzen duten ikasleentzat.
Era berean, irakasgai hori Batxilergoan salbuesten ahalko da, egoera hauetakoren batean dauden ikasleen kasuan:
-25 urtetik gorakoa izatea edo adin hori betetzea matrikularen xede den denboraldian.
-Motrizitate arazo larriak izatea, behar bezala frogatutako aparteko egoerek horixe gomendatzen dutenean.
Salbuespen eskaera ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztuko da.
Gorputz Hezkuntzako curriculum egokitzapenei dagokienez, eskabideak ikasleek edo, adingabeak baldin badira, beren gurasoek edo legezko ordezkariek aurkeztuko dituzte ikastetxeko zuzendaritzan, eta medikuen ziurtagiriak erantsiko zaizkie.
7.-Batxilergoko 2. kurtsoaren amaiera.
Batxilergoko 2. kurtsoaren amaieran data zehatz hauek izanen dira:
a) Deialdi arrunta:
Maiatzaren 25a: deialdi arrunteko azterketak egiteko azken eguna.
Maiatzaren 27a: ikasleei notak emateko azken eguna.
Maiatzaren 31: datuak NUPera bidaltzeko azken eguna.
Ekainaren 8a, 9a eta 10a: selektibitatearen deialdi arrunta.
b) Deialdi berezia:
Ekainaren 16a, 17a eta 20a: Batxilergoko 2. kurtsoko deialdi bereziko azterketak.
Ekainaren 21a: ikasleei notak ematea.
Ekainaren 23a: datuak NUPera bidaltzeko azken eguna.
ekainaren 29a eta 30a eta uztailaren 1a: selektibitatearen deialdi berezia.
Ikastetxeek maiatzaren 26tik Batxilergoko 2. kurtsoko azterketa bereziak egin arteko egunak ikasleak egoki prestatzeko erabiliko dituzte, bai selektibitateko deialdi arrunterako bai, hala denean, aipatu azterketak egiteko.
8.-Erreklamazioak.
Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik izatea helburuen, edukien eta ebaluazio irizpideen berri, bai eta balorazio positiboa izateko eskatutako gutxieneko emaitzena, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio irizpideena eta ebaluazio prozedurena ere.
Irakasle titularrak ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie. Ebaluazioa egiteko tresnei buruzko informazioa ere emanen die eta ikasleek zilegi izanen dute egin dituzten idatzizko proba, ariketa eta lanak ikusi eta irakaslearekin batera aztertzea.
Ebaluazioa egiteko tresnak azken erabakiak hartu edo ikasturte amaierako kalifikazioak eman ondoko hiru hilabetean gordeko dira gutxienez.
Ikasle guztiek eskubidea dute beren kalifikazioan eragina izanen duen edozein azterketa edo proba idatzi zuzendua eta kalifikatua ikusteko.
Ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek zilegi izanen dute balorazio eta kalifikazioei buruzko argibideak eskatzea irakasle titularrari. Kalifikazio partzialen inguruko erreklamazioak ikastetxean bertan ebatziko dira.
Kalifikazioen kontrako berraztertze eskaerak eta erreklamazioak jarraibide hauetan ezarritakoari lotuko zaizkio, eta, jarraibide hauetan arautu ez diren aferetarako, 1995eko abuztuaren 28ko Aginduari (1995eko irailaren 20ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
8.1. DBH eta Batxilergoko 1. kurtsoa.
Irakasleak argibideak eman ondoren ikaslea kurtsoko azken kalifikazioarekin ados ez badago, berriz aztertzeko eskatzen ahalko dio idatziz ikasketaburuari, azken kalifikazioa jakinarazi eta bi egun balioduneko epean.
Azken ebaluazioaren inguruko erreklamazioetan bi bide daude:
a) Azken kalifikazioa eta/edo agiria eskuratzekoa berraztertzea: zikloko lantaldeek, koordinazio didaktikorako departamentuek edo, kasua bada, epaimahaiek, hurrengo egun baliodunean, berraztertzeko eskabideak aztertuko dituzte eta txostenak eginen dituzte; txostenetan erreklamazioaren inguruko erabakia jasoko dute eta horretarako arrazoiak azalduko dituzte. Txostena ikasketaburuari igorriko zaio eta hark kopia bat bidaliko die ikasleei edo, hala behar denean, haien gurasoei edo legezko ordezkariei.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua emateari edo hurrengo kurtsora igarotzeari buruzko erabakia berraztertzea: berraztertzeko eskaera aurkezteko epea bukatzen denetik bi eskola egun igaro baino lehen irakasle taldeak aparteko bilera eginen du eta bertan erabakia aztertuko du, aurkeztutako alegazioak kontuan hartuta. Tutoreak aparteko bilkura horretako aktan honakoa jasoko du: aurretiazko gorabeheren azalpena, egitateak eta jarduketak, ebaluazio batzordearen edo irakasle taldearen deliberoen alderdi nagusiak eta berraztertu den erabakiaren aldaketa edo berrespena. Ikasketaburuak idatziz jakinaraziko die ikasleari eta haien gurasoei edo legezko ordezkariei hartutako erabakia berretsi edo aldatu den, horretarako arrazoiak emanda. Horrek amaiera emanen dio erreklamazio bideari.
Ikastetxean berraztertzeko prozesua agortzen duten ikasleek zilegi izanen dute, dela nork bere kasa, dela guraso edo legezko ordezkarien bitartez, ikastetxeko zuzendariari eskatzea erreklamazioa Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igor dezala, azken jakinarazpena egin eta bi eguneko epean.
Ikastetxeko zuzendaritzak hiru egun igaro baino lehen Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusira bidaliko du erreklamazioaren espedientea. Zuzendari nagusiak ebazpena emanen du -eta horrek administrazio bideari amaiera emanen dio- hamabost egun balioduneko epean espedientea jasotzen denetik hasita, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostena kontuan izanik.
Ikaslearen erreklamazioaren aldeko ebazpena ematen baldin bada arestian aipatutako instantzietakoren batean, bidezko zuzenketa agerraraziko da ebaluazio agirietan, ikastetxeko idazkariak sinatutako eta zuzendariak ikus-onetsitako eginbidearen bitartez.
8.2. Batxilergoko 2. kurtsoa.
8.2.1. Deialdi arrunta.
Ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek zilegi izanen dute argibideak eskatzea irakasle titularrari. Ikasleari eman zaion azken kalifikazioarekin ados ez badaude, berriz aztertzeko eskatzen ahalko dute, notak banatzen diren egunean bertan (maiatzaren 27a azken eguna), idatziz, ikasketaburuari zuzendurik, eta honek kasuan kasuko departamentuko buruari igorriko dio eskaera. Egun berean, departamentuak erreklamazioa ebatziko du eta erabakia ikasleari jakinaraziko dio.
Ikasleak azken kalifikazioa onartu gabe jarraitzen badu, zuzendariari idatzizko eskaera aurkezten ahalko dio maiatzaren 30ean. Zuzendariak, egun berean, eskaera Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari bidaliko dio eta honek ebatziko du. Ebazteko epeak, betiere, ikasleari graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarrera probara aurkeztu ahal izateko eskubidea bermatuko dio.
8.2.2. Deialdi berezia.
Ikasleek, haien gurasoek edo legezko ordezkariek zilegi izanen dute argibideak eskatzea irakasle titularrari. Ikasleari eman zaion azken kalifikazioarekin ados ez badaude, berriz aztertzeko eskatzen ahalko dute, notak banatzen diren egunean bertan (ekainaren 21ean), idatziz, ikasketaburuari zuzendurik, eta honek kasuan kasuko departamentuko buruari igorriko dio eskaera. Egun berean, departamentuak erreklamazioa ebatziko du eta erabakia ikasleari jakinaraziko dio.
Ikasleak azken kalifikazioa onartu gabe jarraitzen badu, zuzendariari idatzizko eskaera aurkezten ahalko dio ekainaren 22an. Zuzendariak, egun berean, eskaera Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari bidaliko dio eta honek ebatziko du. Ebazteko epeak, betiere, ikasleari graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarrera probara aurkeztu ahal izateko eskubidea bermatuko dio.
Ikasleak ebaluazio arruntaren edo ebaluazio bereziaren emaitzen aurka jarritako erreklamazioaren aldeko ebazpena ematen baldin bada arestian aipatutako instantzietakoren batean, bidezko zuzenketa agerraraziko da ebaluazio agirietan, ikastetxeko idazkariak sinatutako eta zuzendariak ikus-onetsitako eginbidearen bitartez.
Ikaslea, aldeko ebazpen horren ondorioz, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarrera proba egiteko moduan badago eta probarako matrikula egiten badu, ikastetxeak matrikula hori unibertsitatera bidaliko du, gainerako agiriekin batera, kontuan har dadin, ikasleak proba hori egiteari dagokionez.
9.-Hizkuntza eskola ofizialetan ikaspostu presentzialak erreserbatzea.
Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialek, ohiko eskaintzaren barruan, araubide ofizialeko zenbait ikaspostu erreserbatuko dituzte Nafarroako ikastetxe publikoetako irakasle funtzionarioek ingelesa, frantsesa edo euskara ikasteko. Hizkuntza eskola ofizialek berek ezarriko dute inskripziorako eta esleipenerako prozedura.
10.-Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin koordinazio bilerak egitea.
NUHEOrekin hitzartutako lankidetza programa ematen duten irakasleek nahitaez agertu beharko dute eskola horrek aipatu programarako ezartzen dituen koordinazio bileretara. Bilerak hilean behin izanen dira gutxienez. NUHEOren antolaketa eta jarduna arautzen dituzten jarraibideetan ageri dira irakasle lankideen eginkizunak.
Irakasleek beren eskola orduetatik astero ordu bat hartuko dute hizkuntza eskola ofizialeko maila bereko bi taldeko, edo ematen duten maila desberdin bakoitzeko, probak zuzentzeko edo koordinazio lanak egiteko.
Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna arautzeko urtero argitaratzen duen ebazpenean ageri direnak dira lankidetza programarako ezarritako hizkuntza mailak.
Gainera, ziurtagiriak emateko azterketengatik, zehaztuko diren ordain ekonomikoak jasoko dituzte irakasle laguntzaileek.
11.-Programa eleaniztunak.
Programa eleaniztun bat (MEC-British Council hitzarmena eta frantseseko edo ingeleseko atal elebidunak) ematen duten ikastetxeek programaren funtzionamenduari buruzko datuak, informazioak eta balorazioak sartuko dituzte bai urteko programazio orokorrean bai 2010-2011 ikasturteko memorian, programa horiek emateko oinarrietan agertzen den moduan.
12.-Araudia.
12.1. Haur Hezkuntzako bigarren zikloa.
-23/2007 Foru Dekretua. (Curriculuma). 2007ko apirilaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-51/2007 Foru Agindua. (Ordutegia). 2007ko ekainaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-47/2009 Foru Agindua. (Ebaluazioa). 2009ko maiatzaren 1eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-93/2008 Foru Agindua. (Aniztasunarekiko arreta). 2008ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
12.2. Lehen Hezkuntza.
-24/2007 Foru Dekretua. (Curriculuma). 2007ko maiatzaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-51/2007 Foru Agindua. (Ordutegia). 2007ko ekainaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-216/2007 Foru Agindua. (Ebaluazioa eta hurrengo kurtsora igarotzea). 2008ko urtarrilaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-93/2008 Foru Agindua. (Aniztasunarekiko arreta). 2008ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-139/2009 Foru Agindua. (Programa eleaniztunetan ingeleseko ikasketak emateko beharrezkoak diren hizkuntza betebeharrak). 2009ko abuztuaren 19ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-69/2010 Ebazpena. (Programa eleaniztunak emateko oinarriak). 2010eko martxoaren 24ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
12.3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
-25/2007 Foru Dekretua. (Curriculuma). 2007ko maiatzaren 25eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-52/2007 Foru Agindua. (Ordutegia). 2007ko ekainaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-53/2007 Foru Agindua. (Aukerakoak eta curriculum aukerak). 2007ko ekainaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-51/2008 Foru Agindua. (52/2007 Foru Agindua eta 53/2007 Foru Agindua aldatzen ditu). 2008ko maiatzaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-217/2007 Foru Agindua. (Ebaluazioa). 2008ko urtarrilaren 25eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-169/2007 Foru Agindua. (Curriculum aniztasuneko programak). 2007ko azaroaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-93/2008 Foru Agindua. (Aniztasunarekiko arreta). 2008ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-31/2010 Ebazpena (Bigarren Hezkuntzan ingeleseko programa eleaniztunak emateko oinarriak). 2010eko otsailaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-32/2010 Ebazpena (Bigarren Hezkuntzan frantseseko atal elebidunen programa emateko oinarriak). 2010eko otsailaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
12.4. Batxilergoa.
-49/2008 Foru Dekretua. (Curriculuma). 2008ko ekainaren 6ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-66/2008 Foru Agindua. (Egitura eta ordutegia). 2008ko ekainaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-119/2008 Foru Agindua. (Helduentzako Batxilergoa). 2008ko irailaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-191/2008 Foru Agindua. (Ebaluazioa). 2009ko urtarrilaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-201/2009 Ebazpena (Bigarren kurtsora igarotzea). 2009ko ekainaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
-46/2009 Foru Agindua. (Modalitate aldaketa). 2009ko apirilaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
Iragarkiaren kodea: F1008684
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
