66. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

28/2010 FORU DEKRETUA, maiatzaren 3koa, Rosa Mary Ibáñez Zapatero andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Nafarroako Gobernuak, apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" kondekorazioa sortu zuen, Foru Komunitatea ezagutarazten eta hari ospea ematen beren esparruetan nabarmendu diren pertsona eta entitateek egindako lana jendaurrean azpimarratu eta aitortze aldera. 104/1997 Foru Dekretuak kondekorazioari Karlos III.a Noblea izena jartzea gomendatzen zuen, Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen erregea izan zelako, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bakea eta adiskidetasuna ezartzeagatik.

Bere merezimendu objektiboak ikusita, eta aitormen instituzionalaren adierazle gisa, egokia dirudi 2010. urtean Rosa Mary Ibáñez Zapatero andreari ematea "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea", Foru Komunitatetik kanpo bizi diren nafarrak ordezkatu eta laguntzen jo eta ke egindako lanarengatik, balio handikoa izan baita, aldi berean, Nafarroa kanpoan agertzeko.

Rosa Mary Ibáñez Zapatero andrea Zaragozan jaio zen 1952ko apirilaren 23an. Gizarte Zientzietako diplomaduna da eta Zuzenbideko lizentziaduna Zaragozako Unibertsitatean. Bere aita, tuterarra, Zaragozako Nafarren Etxea deitu zena sortu eta abian jartzen, eta gero bertan lan egiten aritu zen denbora luzean; hortaz, esan daiteke giro erabat nafar batean handitu zela. Urte batzuetan Iruñean egin zuen lan, Lanaren eta Inmigrazioaren Ministerioko funtzionario gisa, eta auzotasun nafarra eskuratu zuen eta hari eusten dio.

Bere aitaren eragina zela medio lehendik laguntzen bazuen ere, 1972an sartu zen Zaragozako Nafarren Etxearen Zuzendaritza Batzordean. Ohorezko kide gisa hasi zen, eta gero idazkari, buruorde, jarduneko batzordeburu eta, 2000tik aurrera, batzordeburu izan da. Zaragozako Nafarren Etxean lan egin du, eta hala jarraitzen du, Nafarroako kulturaren eta errealitatearen agerkari desberdinak hedatzen; Nafarroaren eta Zaragozaren arteko bilgunea da eta, azken batean, Nafarroako enbaxadari Aragoin. Besteak beste, Rosa Mary Ibáñez erabakigarria izan da Zaragozako Nafarren Etxean "Nafarroako denda" kokatzeko, non Nafarroako hainbat produkturen bidez, Foru Komunitatearen irudi osoa eskaintzen baita. Bestetik, Nafarroaren errealitate historikoa eta gaur egungoa hedatzen laguntzen duten ekitaldi eta ikastaroak antolatzen dira Nafarren Etxean, eta 2002ko urrian kapa bat, Nafarroako armarriaren irudia duena, aurkeztu zion Pilareko Ama Birjinari. Zaragozako Nafarren Etxearen 40. urteurrena zela-eta eskaini zion Nafarroako Etxeen Federazio Nazionalak, ekitaldi jendetsu hunkigarri batean, Pilareko basilikan.

Zaragozan ziharduen bitartean, Rosa Mary Ibáñez andreak beste batzuekin sustatu zuen Nafarroako Etxeen Federazio Nazionala, 1983tik aurrera. Entitateak legezko aitormena eskuratu zuen 1987an, eta hasiera horretan Erakundeekiko Harremanetarako kide izan zen. 2000. urtean, buru izendatu zuten, eta kargu horretan jarraitzen du. Hortik lan egin du Espainiako hainbat hiritako nafarren etxeetan biltzen diren nafarrak elkartzen eta laguntzen, harreman ona du Nafarroako eta Aragoiko erakundeekin, Nafarroaren ahalik eta proiekzio hoberenaren alde, eta Federazioaren ordezkaria izan da Espainako Senatuan erkidegoetako etxeen zereginari buruzko saioetan. Orobat, Nafarroako Gobernuaren ordezkaria izan da Rosarioko Nafarren Etxean, eta Nafarroako Pabilioiaren zuzendaria izan zen Zaragozako 2008ko Nazioarteko Erakusketan.

Jarduera multzo zabal horegatik, Foru Komunitatetik kanpo Nafarroaren irudi ganorazkoa eta duina ematen laguntzeagatik, egokia dirudi Nafarroako Gobernuak Rosa Mary Ibáñez Zapatero andrea saritzea, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" emanda.

Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 3ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Rosa Mary Ibáñez Zapatero andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 3an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1007944