66. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

27/2010 FORU DEKRETUA, maiatzaren 3koa, Orden del Volatín delakoari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Nafarroako Gobernuak, apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" kondekorazioa sortu zuen, Foru Komunitatea ezagutarazten eta hari ospea ematen beren esparruetan nabarmendu diren pertsona eta entitateek egindako lana jendaurrean azpimarratu eta aitortze aldera. 104/1997 Foru Dekretuak kondekorazioari Karlos III.a Noblea izena jartzea gomendatzen zuen, Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen erregea izan zelako, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bakea eta adiskidetasuna ezartzeagatik.

Bere merezimendu objektiboak ikusita eta erakundeen aitormenaren adierazle gisa, egokia dirudi 2010. urtean Tuterako "Orden del Volatín" delakoari ematea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea, beren hirian Nafarroako Erriberako kultura eta produktuak mantendu eta bultzatzen, hedatu eta hobetzen egin duen lan nabarmenagatik.

Tuterako eta Nafarroako ohitura eta tradizioen zale zen lagun talde baten ahaleginari esker sortu zen Orden del Volatín delakoa, 1969an. Horregatik, Tuteran galduta zeuden horietako batzuk berpiztea izan zen lehen asmoa. 1970eko urriaren 14an, ordenaren estatutuak onetsi ziren. Haietan, helburu orokor gisa, azaltzen ziren Nafarroako tradizioak, Nafarroako Erriberakoak batez ere, berreskuratu, indartu eta hobetzea, baita Tuterako eta Nafarroako errealitatea eta haien funtsezko produktuak ezagutzea ere.

Helburu orokor horiek ordenaren beraren xedeak argitzen zituzten, hau da, aisiako jarduera guztiak bultzatzea, Nafarroako Erriberako folklorea, kultura eta ohiturak sustatzea, kulturaren inguruko hitzaldi eta bilerak antolatzea gaur egungo gaiak eztabaidatzeko, Nafarroako produktu gastronomikoak sustatzea eta, oro har, ordenako kideen ezaguera eta adiskidetasuna sustatu eta bultzatzeko balio dezaketen jarduerak abiaraztea.

Orden del Volatín delakoak ekitaldi ugari antolatzen ditu. Volatinarena da, hain zuzen, bere ikuskizun adierazgarriena, interes turistiko nazionalaren deklarazioa duena. Larunbat Santuaren goizean egiten da Tuterako Foruen plazan. Judasen urkatzea antzezten duen ekitaldi erlijioso herrikoi hori XVI. mendekoa da. Aldez aurretik, pertsonaia berezi edo ospetsuren batek pregoi txiki bat irakurtzen du.

Gainera eta, besteak beste, Volatín ordenaren ardurak dira aitona-amonen omenaldia haien egunean, Fabako Erregearen ospakizuna, Errege Magoen kabalgata antolatzea, Jota Eskola abiatu eta ugaltzea, San Anton festa antolatzea eta, Volatín egunean, buruhandi bat entregatzea konpartsa bati hainbat herritatik "Nafarroa, Erraldoien Lurra" deituriko erraldoi festara Santa Ana egunean etortzen direnean, "arrautzopila" banatzea Kristo egunean, maiatzean, lepoko zapi gorria festetan goratzea Santiago apostoluaren segizioan, haurrendako entzierroak antolatzea festetan, Tuterako "Elástica"ren omenaldia, Eguberrietako villantzikoen eskola-umeen kantaldia eta Berduren Festak eta Goratzealdia maiatzean, gero eta garrantzi handiago hartu duten jardunaldiak azken urteotan.

Jarduera multzo zabal horregatik, Nafarroako Erriberako kultura eta produktuak mantendu eta bultzatzen, hedatu eta hobetzen nabarmen lagundu duelako, egokia dirudi Nafarroako Gobernuak Tuterako Orden del Volatín delakoa saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanda.

Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 3ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Orden del Volatín delakoari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 3an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1007943