1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
26/2010 FORU DEKRETUA, maiatzaren 3koa, "Les Amis de la Vieille Navarre" elkarteari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.
Nafarroako Gobernuak, apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" kondekorazioa sortu zuen, Foru Komunitatea ezagutarazten eta hari ospea ematen beren esparruetan nabarmendu diren pertsona eta entitateek egindako lana jendaurrean azpimarratu eta aitortze aldera. 104/1997 Foru Dekretuak kondekorazioari Karlos III.a Noblea izena jartzea gomendatzen zuen, Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen erregea izan zelako, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bakea eta adiskidetasuna ezartzeagatik.
Bere merezimendu objektiboak ikusita, eta aitormen instituzionalaren adierazle gisa, egokia dirudi 2010. urtean "Les Amis de la Vieille Navarre" elkarteari (Donibane Garazi) "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" ematea, Espainia aldeko Nafarroarekin loturak sendotzen jo eta ke ahalegintzeagatik eta Nafarroa Behereko ondare historiko eta kulturala zaindu eta aldezteagatik.
Donibane Garazin, Nafarroa Behereko herri nagusian, sortu zen "Les amis de la Vieille Navarre" elkartea 1962an, antzinako Nafarroako Erresumaren bortuz bestaldeko lurretan. Bi helburu zituen. Alde batetik, edozein esanahi politikotatik aparte, senideen arteko loturak sortu eta indartzea Espainia aldeko Nafarroarekin. Bestetik, Nafarroa Behereko ondare historikoa eta kulturala balioetsi eta zaintzea.
1963ko uztailean, elkarteak Erdi Aroko Azterlanen lehen Astean hartu zuen parte Lizarran eta, Donibane Garaziko Udalarekin batean, nafarren arteko adiskidetasunaren festa antolatu zuen bertan, 1963ko irailaren 7an. "Les Amis de la Vieille Navarre" elkartearen eta Lizarrako Done Jakue Bideko Lagunen Elkartearen artean lotura bereziki adeitsuek eta historia, geografia eta topografia aldetik puntu komun ugari izateak ekarri zuten Donibane Garazi eta Lizarra senidetzea; horren ondorioz ekonomia, kultura eta folklore eta kirol arloko topaketak egin dira zenbait urtetan. Geroztik, sendoago edo ahulago, eutsi izan zaie erakundeen arteko lotura eta topaketei; betiere, Done Jakue Bidea erreferentziatzat hartuta.
Kultura ondareari dagokionez, elkarteak hainbat norabidetan dihardu. Esate baterako, Done Jakue Bidea hornitzen duten elementu guztiak mantentzen ditu; izan ere, Donibane Garazi funtsezko gunea da bide horretan; gainera, arkitektura aldetik interesa duten antzinako eraikinen inbentarioa egiten du: balio bereziko eraikinak, hala nola ermitak, gazteluak, gotorlekuak, hilerriak etab.; herriaren historia argitu dezaketen tokien gaineko ikerketa bultzatzen du, baita antzinako elementu materialen, dokumentuen, erritu erlijiosoen, ohituren edo arbaso aipagarrienen gainean ere. Elkarteak bultzatuta, hainbat ikertzaileren eten gabeko ahaleginari esker, galarazi da elementu material baliotsu horiek hondatu, desegin eta lapurtzea, eta liburu, dokumentu eta hainbat gauza zaindu eta eskuratu ahal izan dira.
Elkarteak erakusketa ugari antolatu ditu, historiari lotutakoak batez ere: Karlomagno, Done Jakue Bidea edo Nafarroa Behereko santutegiak. Eta finantzabidea bilatu du ondarea ahal den neurrian zaharberritzeko. Gainera, hainbat argitalpen ditu, historiari eta egunerokotasunari buruzko hitzaldi zikloak antolatzen ditu, ikasle asko erakarri ditu ondarea aztertu eta aldezteko jardueretara, eta gertaera historikoak gogoratzen dituzten hainbat ekitalditan hartzen du parte.
Jarduera multzo zabal horregatik, nabarmen lagundu duelako Espainia aldeko Nafarroarekiko harremanak sendotzen eta Donibane Garaziko ondare historikoa zaindu eta aztertzen, egokia dirudi Nafarroako Gobernuak "Les Amis de la Vieille Navarre" elkartea saritzea, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" emanda.
Horiek horrela, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 3ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. "Les Amis de la Vieille Navarre" elkarteari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.
2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2010eko maiatzaren 3an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.
Iragarkiaren kodea: F1007942