66. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

25/2010 FORU DEKRETUA, maiatzaren 3koa, María Ángeles Mezquíriz Irujo andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Nafarroako Gobernuak, apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" kondekorazioa sortu zuen, Foru Komunitatea ezagutarazten eta hari ospea ematen beren esparruetan nabarmendu diren pertsona eta entitateek egindako lana jendaurrean azpimarratu eta aitortze aldera. 104/1997 Foru Dekretuak kondekorazioari Karlos III.a Noblea izena jartzea gomendatzen zuen, Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen erregea izan zelako, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bakea eta adiskidetasuna ezartzeagatik.

Bere merezimendu objektiboak ikusita, eta aitormen instituzionalaren adierazle gisa, egokia dirudi 2010. urtean María Ángeles Mezquíriz Irujo andreari "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" ematea. Lehen mailako arkeologoa izan da eta lan zabala, sakona eta askotarikoa burutu du; bestetik, berrogeita bi urtean izan da Nafarroako Museoko zuzendari eta han zeregin erabakigarria gauzatu du ondare material garrantzitsua, Nafarroako historia eta artea ulertzeko oinarrizkoa, zaindu eta hedatzen.

María Ángeles Mezquíriz Faltzesen jaio zen 1929ko otsailaren 1ean. Zaragozako Unibertsitatean Historian lizentziatu zen 1951n, eta 1957an doktoratu, eta Italian espezializatu Erromako Arkeologian. Hamahiru indusketa zuzendu ditu 1955etik, Nafarroan gehienak, eta haietako batzuk hainbat kanpainatan, urte desberdinetan. Horiexek izan dira hiri, villa eta mosaiko erromatarren gaineko bere azterlanen oinarria edo horiexetan kokatu ditu hirien ur hornidurari lotutako alderdiak.

Bere aurkikuntzak hedatzeko, María Ángeles Mezquíriz andreak hainbat monografia argitaratu ditu, zehatz-mehatzak maiz. Bereziki nabarmentzen dira hainbat hiri eta villa erromatarri eskainitakoak, edo sakon erromanizatutakoei nahiz aurretik beste populazio bat egon, hala nola Pompaelori buruzko biak (horiei esker ezaugutu izan da Iruñearen historia fundatu zenetik eta antzinatasunean zehar), edo Andelo, Andion, Santakara, Cascante, Ledea, Faltzesko San Esteban edo Arellanoko villa de las Musasko aurkikuntzak hedatu zituztenak.

Indusketa, azterketa eta argitalpen lanen jarraipen natural gisa, María Ángeles Mezqíriz andreak zeregin zabala burutu du arkeologiako irakasle gisa 1950etik 1998ra, Zaragozan eta, batez ere, Nafarroako Unibertsitatean, baita beste erakunde batzuek antolatutako ikastaro askotan ere. Halaber, goraipatu behar da bolada luzetan egindako lana, indusketa edo museoetako batzordeetan, arkeologiako edo azterlan klasikoetako elkarteetan, edo bere espezialitateko aldizkarien zuzendari gisa.

Nafarroako Museoan 1953an hasi zen lanean, kontserbatzaile gisa, eta haren zuzendaria izan da 1957tik 1999ra arte; bertan, lan garrantzitsua egin du arlo batzuetan; berari esker, balio handiko funts artistikoz hornituriko museo bihurtu da, kulturaren benetako hedagune. Orobat, Museoak eta bere funtsek zuzendariaren lan arkeologikoaren onura jaso dute; horregatik ezinbesteko museo bilakatu da arlo horretan. Nafarroako Museoko funtsei buruz, bi liburu argitaratu ditu María Ángeles Mezquíriz andreak.

Jarduera multzo zabal horregatik, Nafarroako antzinako historia, bizimoduak eta artea ezagutu eta hedatzen nabarmen lagundu duelako, egokia dirudi Nafarroako Gobernuak María Ángeles Mezquíriz Irujo andrea saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanda.

Horiek horrela, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 3ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. María Ángeles Mezquíriz Irujo andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 3an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1007941