1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
24/2010 FORU DEKRETUA, maiatzaren 3koa, Arkupeak jubilatuen elkarteari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.
Nafarroako Gobernuak, apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" kondekorazioa sortu zuen, Foru Komunitatea ezagutarazten eta hari ospea ematen beren esparruetan nabarmendu diren pertsona eta entitateek egindako lana jendaurrean azpimarratu eta aitortze aldera. 104/1997 Foru Dekretuak kondekorazioari Karlos III.a Noblea izena jartzea gomendatzen zuen, Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen erregea izan zelako, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bakea eta adiskidetasuna ezartzeagatik.
Bere merezimendu objektiboak ikusita, eta aitormen instituzionalaren adierazle gisa, egokia dirudi 2010. urtean "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" Arkupeak jubilatuen elkarteari ematea, funtsezko lana egiteagatik Nafarroako iparraldeko ia berrogeita hamar herritako adineko pertsonen integrazioan eta dinamizazioan.
Arkupeak Doneztebeko herrian sortu zen 1986an, baina laster hedatu zuen eremua, Malerrekara, Baztanera eta Bortzirietara, eta Leitza aldera gero. Gaur egun, Arkupeak eskualde horietako 3.500 adineko pertsona baino gehiago mobilizatzen ditu. Era askotako jarduerak ditu, aisiakoak, denbora-pasakoak eta harremanak sustatzekoak: iraupen eta arrazoi desberdinetako bidaiak antolatzen ditu, egun batekoak, egun batzuetakoak, baita askoz luzeagoak ere, hondartzan eta mendian ibiltzekoak, edo kultura eta tradizio desberdinez gozatzekoak; bertako emigratzaileak egun batzuetan beren sorterrira itzuli ahal izateko bidaiak prestatu eta laguntzen ditu; elkartea osatzen duten herri bakoitzeko festa ospatzen du, baita bazkideenak ere, hala nola aitona-amonen festa edo ekainekoa edo Eguberrietakoa, 85 urtetik gorakoei edo ezkonduta 50 urte betetzen dutenei egiten zaien omenaldia; soinketa edo yoga klaseak antolatzen ditu herrietan, edo mus txapelketak.
Bestetik, lan goraipagarria egin du ordezkatzen duen sektoreko hainbat erreibindikazio proposatu, negoziatu eta, zenbait kasutan, haiek lortzeko orduan, hala nola zahar etxeak eta tutoretzapeko etxebizitzak eraikitzea, edo adineko pertsonek behar dituzten instalazioak hobetzea, igerileku girotuak eginez, esate baterako. Halaber, herrientzat oso baliotsuak diren lorpenak ospatu ditu Arkupeak, zein bere unean, Belateko tunelaren eraikuntza, konparazio baterako. Izan ere, elkarteak oso ongi daki zein bereizitasun dituen bere eskualdeko geografiak, eta beti nahi izan du herri horietako ezaugarrietara egokitu, kulturan eta tradizioan, eta bazkideen eskaerei kasu egin. Betiere, bere jarduera, ilusio eta eskaeren bidez, hartzen duen eskualdeko ehun soziala bizkortu eta aberastu du, eta adineko pertsonentzak oso adierazgarriak diren gauzak lortu ditu eta, azken batean, pertsona horien bizitzaren kalitatea eta harremanak hobetu.
Jarduera multzo zabal horregatik, Nafarroako iparraldeko zenbait eskualdetan bizi diren adineko pertsonen bizi baldintzak nabarmen hobetzen laguntzeagatik, egokia dirudi Nafarroako Gobernuak Arkupeak jubilatuen elkartea saritzea, Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanda.
Horiek horrela, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak batera proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 3ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea Arkupeak jubilatuen elkarteari.
2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2010eko maiatzaren 3an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.
Iragarkiaren kodea: F1007940