1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
23/2010 FORU DEKRETUA, maiatzaren 3koa, Juan Antonio Sagardoy Bengoechea jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.
Nafarroako Gobernuak, apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" kondekorazioa sortu zuen, Foru Komunitatea ezagutarazten eta hari ospea ematen beren esparruetan nabarmendu diren pertsona eta entitateek egindako lana jendaurrean azpimarratu eta aitortze aldera. 104/1997 Foru Dekretuak kondekorazioari Karlos III.a Noblea izena jartzea gomendatzen zuen, Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen erregea izan zelako, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bakea eta adiskidetasuna ezartzeagatik.
Bere merezimendu objektiboak ikusita, eta aitormen instituzionalaren adierazle gisa, egokia dirudi 2010. urtean "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" Juan Antonio Sagardoy Bengoechea jaunari ematea; izan ere, bera da, zalantzarik gabe, Lanaren Zuzenbideko maisu handiena Espainian, eta bere irakaslan, ikerketa, argitalpen, aholku eta lanbide jardueraren bidez irizpidea ezarri duena Lan-zuzenbiaren alderdi askotan.
Juan Antonio Sagardoy, Pitillasko herriko semea, 1999an bertako seme kuttun izendatua, 1935eko apirilaren 24an jaio zen. Zaragozako Unibertsitatean Zuzenbideko doktore eginik, lan emankorra egin du 48 urtez unibertsitatean irakasle eta ikertzaile gisa. 1970etik erretiroa hartu arte, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko katedraduna izan da Madrileko Unibertsitate Konplutentsean. Akademiko osoa ere bada Jurisprudentzia eta Legeriaren Errege Akademian, eta 2007an Laneko Merezimenduaren Urrezko Domina eskuratu zuen.
Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile lanarekin batean, Juan Antonio Sagardoy Gizarte Azterlanen Institutuko lehen zuzendaria izan zen 1978tik 1981era, eta horrek eman zion aukera Langileen Estatutua prestatzeko, orduz geroztik lan harremanak gidatu dituen oinarrizko araua, alegia. Eta 1980an, bere bulegoa, Sagardoy Abogados izenekoa, sortu zuen Lan-zuzenbideko aholkularitzan. Bertan dihardute gaur egun 60 abokatuk baino gehiagok, Madrileko, Bartzelonako eta Espainiako beste hiri batzuetako bulegoetan. Bere esperientziari esker, urte askotan lider izan da Espainian lan arloan, etenik gabe, munduan ospea duten nazioarteko giden arabera. Eta burua, Juan Antonio Sagardoy, Senior statesman gisa saritua izan da; kategoria horretan aitormena egiten zaio enpresa bateko bazkide zaharrenari, haren esperientziari eta ezagutzari esker harremanetarako gune nagusia bilakatzen baita bezeroentzat.
Juan Antonio Sagardoy jaunak beste ardura asko izan ditu: kontseilari hainbat enpresatan, kide fundatzaile edo gidari bere espezialitatearekin zerikusia duten elkarte eta entitate batzuetan, lan arloko eta Gizarte Segurantzaren inguruko 150 argitalpenen baino gehiagoren egile eta hainbat komunikabidetako artikulugile; izan ere, bere iritziak bidea markatzen du gai horietan. Gainera, aitormen eta sari asko eskuratu ditu.
Nafar izatearen harrotasuna erakutsi duen gizon honen jarduera multzo zabalagatik, Lanaren Zuzenbidea ezagutarazten eta zorrotz aplikatzen lagundu baitu, egokia dirudi Nafarroako Gobernuak Juan Antonio Sagardoy Bengoechea jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanda.
Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 3ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. Juan Antonio Sagardoy Bengoechea jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.
2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2010eko maiatzaren 3an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.
Iragarkiaren kodea: F1007939