1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 17an hartua, Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektoriala 2. banaketa eremuan aldatzeko Pamplona Distribución, S.A. enpresak egin duen proposamen berria jendaurrean jartzen duena.
I.-Aurrekariak.
Nafarroako Gobernuak 2009ko abenduaren 14an hartutako Erabakiaren bidez, Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektoriala II. banaketa eremuan aldatzeko espedientearen tramitazioa hasi zen. Espedientearen sustatzailea Pamplona Distribución, S.A. enpresa izan zen. Erabaki hori 2010eko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 13an.
Hona zein zen aldaketaren xedea: aurreikusten ahal ziren sustapenen ezaugarrietarako lurzati egokiak eratzea banaketa eremuan, modu horretan epe laburreko hirigintzako garapena bideratuz, eta bizitegitarako erabilera ere ezartzea (31.449,27 m² sestra gainean) hirugarren sektoreko erabileretarako eremu honetan. Halaber, proposamen horiei loturik, oinezkoentzako plaza bat sortzea proposatu zen, ikus-erreferentziako eta harreman funtzionaletarako gune gisa; eta etxebizitza eremua iparretik hegora zeharkatzen duen erdiko bide-ardatza luzatzea, AR-IIko hegoalde osoan zehar doan zerbitzu bidearekin bat egin arte.
Espedientea jendaurrean egon zen bitartean alegazioak aurkeztu zituzten UPSko I. banaketa eremuko konpentsazio batzordeak, UPSko II. banaketa eremuko konpentsazio batzordeak, Roberto Astiz Beregoechea jaunak, Burlatako Udalak eta Viena Inmuebles, S.L. Unipersonal enpresak -azken alegazio hori gero bertan behera utzi da-.
Nafarroako Gobernuak 2009ko abenduaren 14an hartutako Erabakian dagoen ohar batek hauxe dio: "antolamendua berrikusi egin behar da bizitegitarako erabilerari esleitutako eraikigarritasunari dagokionez -are gehiago, baloratu behar da bidezkoa ote den hura nabarmen murriztea eta/edo araudian jada jasotako hirugarren sektoreko erabilera bateragarriak ezartzea haren ordez-...". Hori aintzat harturik, eta kontuan izanik alegatzaile guztiek uste dutela AR-II eremuan ez dagoela bizitegitarako erabileren beharrik, sustatzaileak proposamena berrikusi du eta beste bat aurkeztu du, AR-IIan bizitegirarako erabilera baztertzen duena.
II.-Proposamen berria.
Erripagaineko UPSa AR-IIan aldatzeko proposamen berri horretan ez dago bizitegitarako azalerarik. Horixe du alde nagusia aurretik tramitatu zenarekin.
Eremuan aurreikusitako merkataritzako erabilera eta zerbitzuetako batzuk, bederen, ahalik gehien bizkortzeko helburuaz gainera -merkataritzako gune ertainak indartu nahi dira handiagoen ordez-, eutsi egiten zaio hasierako proposamenaren helburuari: hiri espazioa aberastu nahi da, AR-1 mugakidearen diseinuarekin bat eginez. Bestalde, ez dira ezertan ukitu UPS indardunak esleitzen dituen eraikitzeko aukerak, ez gehieneko eraikigarritasuna ez hirigintzako aprobetxamendua.
Hauek dira, beraz, oraingo proposamenaren ezaugarri nagusiak hirigintzaren aldetik:
1. Eremua lau lurzati eraikigarritan banatzen da. Horrenbestez, aurreikusten zen bolumen bakarra zenbait eraikinetan banatzen da.
2. Merkataritza eta zerbitzu guneetara jotzen duten oinezkoentzako kaleak aurreikusten dira, topaguneak sortuz, eta UPSaren eremu osoan ibilgailuen irisgarritasuna hobetzen da. Ondorioz, 2.206 metro karratu gehiago lagako dira eremu libreetarako, eta espazio publikoan aparkatzeko 88 toki gehiago izanen dira.
3. UPSan indarra duten gehieneko aprobetxamendu eta eraikigarritasun parametro orokorrei eusten zaie.
Beste alderdi interesgarri batzuk:
-Hirugarren sektoreko erabileretarako azalera eraikia 85.096,52 m²-koa da sestra gainean, eta lau unitate morfologikotan banaturik dago.
-Unitate morfologiko horietako hirutan -U.M.1ean, 2an eta 4an- eraikinek beheko solairua eta goiko bi solairu izanen dituzte gehienez, eta U.M.3 unitate morfologikoan, berriz, beheko solairua, goiko zortzi solairu eta atikoa.
-U.M.2 unitate morfologikoan, bide berria aurrez aurre duen aldean, baimenduko lirateke beheko solairua, goiko sei solairu eta atikoa, baldin eta "hipermerkatua unitate morfologiko honetan kokatzen bada".
Azkenik, bizitegitarako erabilera kentzea hasierako proposamenaren funtsezko aldaketatzat jo litekeenez, proposamen berria ere jendaurrean jarriko da eta ukitutako udalei entzunaldia emanen zaie.
Proposamen berri honetan azaltzen diren aldaketek ez dituzte aldatzen indarra duten hirigintzako parametro nagusiak, eta, bestalde, zentzuzko diseinua eskaintzen dute. Beraz, proposamena onargarria da funtsean.
Hala ere, unitate morfologiko bakoitzeko sarbidea eta aparkatzeko tokiak aurreikusi eta diseinatzeko behar diren parametroak eta irizpideak aurkeztu behar dira.
III.-Eskatu beharreko txostenak.
Bizitegitarako erabilera baztertu eta, horrenbestez, egungo erabilerei eusten dien aldaketa-proposamen berria ikusirik, beharrezkotzat jotzen dira Herri Lan zuzendaritzaren, Merkataritza zerbitzuaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen txostenak. Txosten horietan azaltzen diren ondorioak kontuan hartuko dira espediente honen ebazpenean.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposatuta,
ERABAKI DU:
1. Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektoriala 2. banaketa eremuan aldatzeko Pamplona Distribución, S.A. enpresak egin duen proposamen berria jendaurrean jartzea eta ukitutako eremuko udalei entzunaldia ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete iraunen dute.
Horretarako, espedientea ikusgai egonen da, interesdunen eskura, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada etorbidea, 2, 2. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.
2. Espedientea ebatzi aurretik, unitate morfologiko bakoitzak izanen dituen aparkalekuak eta sarbideak aurreikusi eta diseinatzeko behar diren parametroak eta irizpideak aurkeztu behar dira.
3. Espedientea ebazterakoan kontuan hartuko dira Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen txostenetako ondorioak.
4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta jakinaraztea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Burlatako, Iruñeko, Uharteko eta Eguesibarko udalei, 1. banaketa eremuko konpentsazio batzordeari, 2. banaketa eremuko konpentsazio batzordeari, Roberto Astiz Berecoechea jaunari, Viena Inmuebles, S.L. Unipersonal enpresari eta Pamplona Distribución, S.A.ri, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko maiatzaren 17an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.
Iragarkiaren kodea: F1008860