66. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

32/2010 FORU DEKRETUA, maiatzaren 17koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Berraztertzeko Errekurtsoei eta Aurkaratze Ekonomiko-Administratiboei buruzko Erregelamenduaren 20., 21., 22. eta 33. artikuluak aldatzen dituena. Erregelamendua uztailaren 2ko 178/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Tributuei buruzko abenduaren 13ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 153. artikulua oinarri hartuz, uztailaren 2ko 178/2001 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa sortu zuen, Nafarroako Gobernuaren organo delegatu gisa, eta erreklamazio ekonomiko-administratiboez arduratzeko eskumena eman zitzaion; foru dekretu horrexetan ezarri ziren haren antolamendu, osaera eta funtzionamendua.

Erregelamendua aldarrikatu zenetik lortutako esperientziak agerian utzi du testuan zenbait aldaketa egin behar direla, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren funtzionamendua eraginkorragoa izan dadin.

Aldaketa horiek egiteko zenbait arrazoi dago, jarraian azaltzen denez.

Alde batetik, urtarrilaren 30eko 8/2006 Foru Dekretuaren bidez Erregelamendua aldatu zen, baina oharkabean 20. artikuluaren bigarren paragrafoa aipatu gabe utzi zen. Akats hori zuzendu da.

Bestalde, 21. artikuluaren 1. idatz-zatiaren edukia argitu da. Hala, idazkariak auzitegiari ematen dio laguntza, ez bakarrik lehendakariari (orain arte indarrean egon den testutik nonbait ondorioztatzen ahal baita). Halaber, auzitegiaren osaera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 33.1. artikuluan aurreikusitako araubideari egokitze aldera eta, aintzat hartuta erregelamenduaren edukiaren arabera idazkaria ez dela kide anitzeko organoko kide, artikulu hori berriro idatzi da.

Hirugarrenik, 21. artikuluaren 4. idatz-zatia aldatu da, beharrezkoa baitzen auzitegiko idazkari izateko bete beharreko baldintzak 15/2004 Foru Legean ezarritakoei eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren antzeko beste organo batzuetako idazkaritzetako titularrei eskatzen zaizkien horiei egokitzea.

Era berean, 22. artikulua aldatu da, 15/2004 Foru Legeak kide anitzeko organoetako kideak ordezkatzeko oro har ezarritako araubidera egokitzeko, eta erregelamenduan bertan ordezkapen horien diziplina propioa biltzeko, hori, orain arte, urriaren 1eko 274/2001 Foru Dekretuan jasotzen baitzen. Dekretu horren bidez izendatu dira Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko lehendakariaren eta kideen ordezkoak.

Azkenik, aurretik adierazi denez, idazkaria ez da auzitegiko kide, beraz, 33. artikuluaren 1. idatz-zatia aldatu da, hori nabarmentzeko.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluak emandako irizpenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 17ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Berraztertzeko Errekurtsoei eta Aurkaratze Ekonomiko-Administratiboei buruzko Erregelamenduaren 20., 21., 22. eta 33. artikuluak aldatzea. Erregelamendua uztailaren 2ko 178/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Berraztertzeko Errekurtsoei eta Aurkaratze Ekonomiko-Administratiboei buruzko Erregelamenduaren 20., 21., 22. eta 33. artikuluak aldatu dira (Erregelamendua uztailaren 2ko 178/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta ondoren azaldu bezala gelditu dira:

Bat.-"20. artikulua. Eskumena.

Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa aurkaratze ekonomiko-administratiboez arduratuko da eta ebazpen proposamenak eginen ditu, gero Nafarroako Gobernuak berretsi behar dituenak. Dena den, aurkaratu den egintzaren betearazpena eteteari buruzko ebazpenek eta auzitegiko lehendakariak jarduketak artxibatzeko emandako ebazpenek ez dute Nafarroako Gobernuaren berrespenik beharko eta horien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal da.

Auzitegiaren eskumena ukaezinezkoa eta luzaezina izanen da eta ezin izanen da interesatuen men egitearen ondorioz aldatu."

Bi.-"21. artikulua. Osaketa eta izendapena.

1. Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa gehienez ere bost kidek osatuko dute; horietariko bat bertako lehendakaria izanen da. Auzitegiak idazkari baten laguntza izanen du bere jardunerako eta funtzionamendurako. Idazkari hori ez da auzitegiko kide izanen.

2. Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko lehendakaria Nafarroako Gobernuak izendatuko du, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, bertako kideen artean eta, ondorio guztietarako, Foru Komunitateko Administrazioko Zerbitzuko zuzendarien kategoria edukiko du.

3. Goiko 1. idatz-zatian aipaturiko kideak, beste alde batetik, Nafarroako Gobernuak izendatuko ditu, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, ogasuneko teknikarien kidegoko funtzionarioen artean eta, ondorio guztietarako, Foru Komunitateko Administrazioko atalburuen kategoria edukiko dute.

4. Idazkaria Zuzenbideko lizentziaduna izan beharko da eta hori ere Nafarroako Gobernuak izendatuko du, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta, ondorio guztietarako, Foru Komunitateko Administrazioko atalburuen kategoria edukiko du."

Hiru.-"22. artikulua. Ordezkapenak.

1. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko lehendakaria kanpoan edo gaixo badago, bere postua hutsik edo legezko beste arrazoiren batek eragiten badio, auzitegian antzinatasun handiena duen kide titularrak beteko ditu lehendakariaren funtzioak, eta antzinatasun bereko bi kideren artean, adinez zaharrena denak.

2. Auzitegiko kideak kanpoan edo gaixo badaude, beren postua hutsik edo legezko beste arrazoiren batek eragiten badie, Nafarroako Gobernuak izendatutako ogasuneko teknikariek ordezkatuko dituzte, baldin eta ordezkapen hori beharrezkoa bada erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

3. Idazkariaren ordez ere, aurretik aipaturiko kasuetan, Zuzenbidean lizentziadun eta auzitegian antzinatasun txikiena duen kideak ordezkatuko du, eta antzinatasun bereko bi kideren artean, gazteena denak, edo kasua bada, lehendakariak izendatutako zuzenbidean lizentziadun den funtzionarioak.

Lau.-"33. artikulua. Erabakiak hartzea. Boto partikularrak.

1. Auzitegiko kide guztiek hitza eta botoa dituzte. Idazkaria auzitegiaren bileretara joanen da, eta hitza izanen du, baina botorik ez.

2. Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren ebazpen-proposamenak gehiengoz hartuko dira, kide titular guztien edo horien ordezkoen botoak zenbatuta. Berdinketarik egonez gero, horiek lehendakariaren kalitatezko botoaren bidez erabakiko dira.

3. Kideek nahitaez eman beharko dute botoa; gehiengoaren erabakiarekin ados ez dagoenak, boto partikularra jasoarazi ahal izanen du kasuan kasuko liburuan, bozketa egin eta hurrengo bi eguneko epean. Boto hori ebazpen-proposamenari erantsiko zaio.

4. Ebazpen-proposamenak auzitegiko kide guztiek sinatuko dituzte, baita boto partikularra eman dutenek ere."

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetutako arauak.

Indarrik gabe utzi da urriaren 1eko 274/2001 Foru Dekretuaren 1. artikulua. Foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko lehendakariaren eta kideen ordezkoak izendatzen dira.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 17an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1008859