65. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

46/2010 FORU AGINDUA, apirilaren 22koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak emana, "Kultura bonurako" diru-laguntzen deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi, 500.000 euroko gastua baimendu eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dituena.

Aipatu diren laguntzak banakako ebaluazioaren prozedurari jarraikiz emanen dira, eskaeren hurrenkeraren arabera.

Ikusirik Kultur Ekintza Zerbitzuak egindako txostena, non proposatzen baita "Kultura bonurako" diru-laguntzen deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, 500.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik hala helburua nola baldintzak betetzen direla, bai eta gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak ere, eta kontuan harturik, halaber, kontu-hartzaile delegatuaren aldeko ageri dela espedientean.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Kultura bonurako" laguntzen deialdia onestea.

2. "Kultura bonurako" laguntzen oinarri arautzaileak onestea.

3. Laguntzak emateko 500.000 euroko gastua baimentzea, 2010eko gastuen aurrekontuko "Krisiaren kontrako plana-Kultura bonua" izeneko A20002-A2500-4809-334104 kontu-sailaren kargura.

4. Foru agindu hau igortzea Kultur Ekintza Zerbitzuari, Deialdi eta Laguntza Atalari, Ogasun Departamentuak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismokoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2010eko apirilaren 22an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

"KULTURA BONURAKO" DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Diru-laguntzaren helburua eta xedea.

Laguntza hauen helburua da 18 urtetik 30 urtera bitarteko gazte nafarrei erraztasunak ematea Nafarroako Foru Komunitatean eskaintzen diren ondasun eta zerbitzu kulturaletara iristeko.

Kanpaina deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2010eko abenduaren 1ean bukatuko, aurrekontuko dirua aurretik agortzen ez bada.

2. Aurrekontuko kontu-saila eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntza hauek, gehienez ere 500.000 euro, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2010eko gastuen aurrekontuko "Krisiaren kontrako plana-Kultura bonua" izeneko kontu-sailaren kargura finantzatuko dira.

3. Diru-laguntzaren onuradunak.

Onuraduna izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

-18 urtetik 30 urtera bitarteko gaztea izatea.

-Nafarroako Foru Komunitateko herri batean erroldatuta egotea.

-Gazte txartela edukitzea edo lortzeko baldintzetan egotea.

Gazte txartel bakoitzeko bonu bakar bat onartuko da, ahalik eta eskatzaile gehienek izan dezaten bonua lortzeko aukera.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

4.1. Diru-laguntzaren xedea kultura bonu pertsonal eta besterenezin bat doan banatzea da; 25 euroko balioa du, BEZa barne. Bonuari esker, 20 eta 29,99 euro arteko produktu eta/zerbitzuetan 10 euroko deskontua eginen da. Prezioa 30 eta 49,99 euro artekoa denean, deskontua 15 eurokoa izanen da. 50 euroko prezioa edo handiagoa duten produktu eta/edo zerbitzuen kasuan, 25 euroko deskontua eginen da, BEZa barne.

Kultura bonuak 2 disko ditu, bata 15 eurokoa eta bestea 10 eurokoa, eta gehienez ere 2 produktutan eta/edo zerbitzutan kontsumitu beharko da.

4.2. "Kultura bonuarekin" jarduera/edo produktu hauetaz baliatzen ahal da:

a) Baluarteko, Iruñeko Gayarre Antzokiko, Barañaingo Auditorioko eta Nafarroako Antzerki Eskolako programazio propioko ikuskizun guztiak.

b) Liburuak erostea (literatura, saiakera, poesia eta ilustrazioa...); deialditik kanpo gelditzen da paper-dendako gauzen, testuliburuen, liburu profesionalen eta ikasketetakoen salmenta, baita CDSak, DVDSak, programa informatikoak, bideojokoak eta antzekoak ere.

c) Nafarroako musika areto egonkorren barnean programatzen diren artista profesionalen zuzeneko emanaldi guztiak; sarrerako prezioan edari bat hartzeko eskubiderik ez da izan behar.

4.3. "Kultura bonuarekin" lortzen ahal diren jarduerak eta/edo produktuak 2010eko abenduaren 1a baino lehen erosi eta/edo gauzatu behar dira, betiere aurrekontuko dirua agortzen ez bada.

5. Diru-laguntza emateko irizpide objektiboak.

Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez emanen da. Beraz, eskaerak aurkezten diren hurrenkerari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Horri dagokionez, gazteak Nafarroako Gazteriaren Institutuan kultura bonua zein egunetan eskatzen duen, horixe izanen da aurkezpenaren hurrenkera.

6. Entitate laguntzaileak eta kanpainarekiko atxikipena.

6.1. Entitate laguntzaile gisa aritzen ahal dira Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak bete eta "Kultura bonua" kanpainari atxikitzen zaizkion establezimenduak.

6.2. Diru-laguntza honen ondorioetarako, honako hauek izan daitezke entitate laguntzaileak:

a) Baluarte, Iruñeko Gayarre Antzokia, Barañaingo Auditorioa eta Nafarroako Antzerki Eskola.

b) Nafarroako liburu dendak, baldin eta liburuen salmenta negozioaren %90a bada; deialditik kanpo gelditzen dira orotariko saltokietako eta azalera handiko saltokietako liburu salmenten sailak.

c) Nafarroako musika areto egonkorrak, sarrerako prezioan edari bat hartzeko eskubidea ematen ez badute.

6.3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren betebehar orokorrak betetzen direla frogatzeko, kanpainari atxikitzeko inprimakian ageri den erantzukizuneko aitorpena eginen da.

6.4. Entitateen atxikipen eskaerak behar bezala betetako inprimaki baten bidez aurkeztuko dira, I. eranskineko eredua erabiliz, eta Deialdi eta Laguntza Atalera igorriko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero.

Deialdi honi buruzko edozein jakinarazpen Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Erregistroaren bitartez bideratuko da (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.

Atxikipena onartzen bada (argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Turismo Departamentuaren web orrian: http://www.navarra.es/home_es/servicios/buscador-avanzado/ eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web orrian: www.juventud.navarra.es), kanpainari atxikitako entitateek kartel bereizgarri bat jasoko dute, "Kultura bonurako" entitate laguntzaile gisa identifikatzeko.

6.5. Entitate laguntzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) "Kultura bonua" aipatu diren produktu eta jardueretan onartzea.

b) Gordekinak (diskoak) gordetzea, gero Deialdi eta Laguntza Atalean aurkezteko eta hark bidezkoak diren ordainketak egiteko.

c) Kanpaina hau identifikatzen duen kartel bereizgarriaren bidez egitea publizitatea.

d) Deialdiaren 4. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten jardueretan eta/edo produktuetan soilik onartzea "Kultura bonua".

e) Erosleek deialdiaren 3. oinarrian ezarritako baldintza betetzen dituztela egiaztatzea.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 12. artikuluak entitate laguntzaileentzako ezartzen dituen baldintza orokorrak betetzea. Zehazki, organo emaileak egiten dituen diru-laguntzaren kudeaketari buruzko egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

g) Deskontu bonuak oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan erabili direla justifikatzea.

6.6. Deialdi honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako bat bete ezean, ezin izanen da diru-laguntzen eskari gehiagorik egin kanpaina amaitu arte geratzen den epean, proportzionaltasun printzipioari jarraituz.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42.1.2 artikuluan entitate laguntzaileentzat ezarritako arau-hausteetako batean eroriz gero, aipatu foru legean ezarritakoari jarraikiz zehatuko dira.

7. "Kultura bonua" banatzea.

Gazte txartela duten gazteek doanekoa den "Kultura bonua" Nafarroako Gazteriaren Institutura bertara joanez (Yanguas y Miranda kalea, 27) eskatzen ahalko dute, edo www.juventud.navarra.es web orriaren bidez on-line tramitatuz.

8. Ordainketarako eskaera aurkeztu eta horren tramitazioa egiteko epeak.

8.1. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak entitate laguntzaileei zenbat ordaindu behar diren zehazteko, bonuen diskoen batura zenbatekoa den begiratuko da.

8.2. Programari atxikitako entitate laguntzaileek hilabete bakoitzeko lehen 5 eguneko epean aurkeztu beharko dute ordainketa eskaera Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan. Eskaerarekin batera aurreko hilabetean/hilabeteetan onartutako bonuen diskoak ere aurkeztuko dira.

Ordainketarako eskaera, II. eranskinaren araberakoa, ondokoekin batera aurkeztuko da:

-Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea (lehen konpentsazio eskaerarekin batera bakarrik).

-Gordekinak (bonuen diskoak), jardueren eta produktuen zerrendari gehituko zaizkionak.

Edozein kasutan, entitate laguntzaileek erosketaren/zerbitzuaren prezio osoa eta kultura bonuarekin ordaindutako kopurua jarri beharko dituzte tiketean edo fakturan. Establezimenduak gorde egin beharko ditu tiketak eta/edo fakturak, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak eskatuz gero aurkezteko.

8.3. Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaerak aztertuko ditu eta aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean gehienez; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

Eskaerak azterturik, organo kudeatzaileak zehaztuko ditu ordaindu beharreko zenbatekoak, eta Kultur Ekintza Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko du, Kulturako zuzendari nagusiak ordainketaren gaineko ebazpena eman dezan.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 4 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9. Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.

Vianako Printzea Erakudea-Kultura eta Turismo Departamentuak deialdi honen babesean emandako diru-laguntzen jarraipen eta kontrol jarduketak eginen ditu, onuradunek eta entitate laguntzaileek deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko.

10. Laguntzen bateragarritasuna.

"Kultura bonuak" gazte txartelarekin eta bezeroaren leialtasuna lortzeko beste baliabide batzuekin bateragarria izan behar du eta horietan agertzen diren ohiko deskontu guztiak sartu. Establezimenduek NANa eska diezaiekete "Kultura bonoa" dutenei, eta salmentari uko egin beste pertsona batek eskatuz gero.

11. Entitate atxikien eta onuradunen betebeharrak.

a) Gastuak benetan egin direla eta hartutako konpromisoak bete direla egiaztatzeko erraztasunak ematea.

b) Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinaraztea kontzeptu horretarako beste diru-laguntzarik eskatu eta lortu ote den.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebehar orokorrak.

12. Laguntzak deuseztatzea, arau-hausteak eta zehapenak.

Onuradunak ematen dituen datu edo informazioetan egindako iruzur edo nahasteak izateak eta laguntzak eman eta ordaintzeko funtsezkoak izan diren egintza edo gorabeherak egiaztatzeko lanak oztopatzeak eta ezkutatzeak beraiekin ekarriko dute emandako onurak deuseztatzea eta, bidezkoa bada, eskuratutakoak itzuli beharra berandutze korrituak barne, eta zehapenak ezartzea espedientea tramitatu eta gero. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan ere bidezkoa izanen da jasotako laguntzak itzuli behar izatea, eta foru lege horretan adierazitako ondorioak sortuko dira.

13. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

I. eranskina

Entitateen/enpresen atxikipen eskaera
(Bi ale aurkeztu)

"Kultura bonua" deialdia

Identifikazio datuak:

Eskatzailea:

IFK:

Helbidea:

PK:

Herria:

Telefonoa:

Faxa:

Helbide elektronikoa:

Entitatearen/enpresaren izena:

Entitatearen/enpresaren helbidea:

PK:

Herria:

Telefonoa:

Faxa:

Helbide elektronikoa:

Destinoa: Deialdi eta Laguntza Atala.

Eta, oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:

1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:

a) Sinatzailearen NANa. Entitatearen ordezkaria izan behar du eta ordezkaritza horretarako legezko ahalmena izan.

b) Entitatearen eraketa eskritura, entitate eskatzailea 6. oinarri arautzailearen arabera entitate laguntzaile izaten ahal diren taldeetako batean dagoela frogatzeko.

c) Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea, izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua -edo, hala bada, nortasun txartela- eta pertsonaren, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

d) Nortasun juridikoa duten eta merkataritza-sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten sozietate zibilen kasuan: sozietatearen kontratuaren jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua eta identifikazio fiskalaren kodearena.

e) Merkataritza-sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eraketa eskrituraren jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua; Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioaren Estatutuena eta identifikazio fiskalaren kodearena.

2. Adierazten du Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari men egiten diola erabat, diru-laguntza honen oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen dituela eta entitate laguntzaile izateko debekurik ez duela, aipatu legearen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. Adierazten du, hala denean, bere liburu dendan negozioaren %90a dela liburuen salmenta.

4. Datuak eguneratzeari dagokionez, aditzera ematen du Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari idatziz jakinaraziko diola, 15 eguneko epean gehienez, adierazpen honetan aipatutako baldintzetan izaten den edozein aldaketa.

5. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian xedatutakoaren ondorioetarako, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko.

6. Eskabide honekin batera emandako datuen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplika litezkeen gainerako arauetan xedatutakoari lotuko zaio. Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan gauzatuko dira, aipatutako legeriari jarraikiz betiere.

........................(e)n, 2010eko .............aren ..............(e)an.
(Sinadura)
Izen-deiturak

NAFARROAKO GOBERNUA. VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ETA TURISMO DEPARTAMENTUA.

ONARTUTAKO JARDUERAK ETA DISKOAK

Hilabetea:

ENTITATEA/ENPRESA

JARDUERA/EROSKETA

EGUNA

SARRERAREN/EROSKETAREN KOSTUA

DISKO ZK.

KOPURUA

DISKO ZK.

KOPURUA

DISKOAK, GUZTIRA

F1007360

Iragarkiaren kodea: F1007360