65. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

620/2010 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ingurumenaren zuzendari nagusiak emana, Plazaolaren Iruña-Irurtzun tarteko trazadura zena berreskuratzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Plazaola turismo partzuergoak sustatu du.

Ingurumen ebaluazio estrategikoa tramitatzen hasteko, sustatzaileak, 2009ko ekainaren 30ean, "Plazaolaren Iruña-Irurtzun tarteko trazadura zena berreskuratzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala" aurkeztu zuen ingurumen ondorioen azterlanarekin batean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera tramita dadin.

Foru Lege horri jarraituz, udalez gaindiko plan sektorialek ingurumen ebaluazio estrategikoa behar dute, eta ingurumen ondorioen adierazpenaren xede izan behar dute, plan sektoriala onetsi aurretik edo onestearekin batera.

Planaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten ekintzak ingurumen ondorioen adierazpen honen eranskinean jaso dira. Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean (eranskinean laburturik ageri da) planak ingurumenaren gainean izanen dituen ukipenik nabarienak aztertzen dira, eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen, ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko.

Gobernuak 2009ko irailaren 28an hartutako Erabakiaren bitartez (2009ko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 21ean), "Plazaolaren Iruña-Irurtzun tarteko trazadura zena berreskuratzeko proiektua" Udalez gaindiko Proiektua Sektoriala deklaratu zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak izan zitzan, eta jendaurrean jarri zen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33. artikulua betez.

Jendaurreko epean, bi alegazio idazki jaso dira, Saratsako Kontzejuak eta Iruñeko Udalak aurkeztuta. Idazki horietan zenbait alderdi planteatu dira proiektuari loturik. Bi alegazioek ez dute ingurumen arloko edukirik; hirigintzako eta udal eskumenen arloko gaiak baino ez dituzte jorratzen.

Iruñeko Udalak UPSren eremua handitzea proposatzen du, eta Plazaolaren Iruñean barnako trazadura eransten dio.

Saratsako Kontzejuaren alegazioak -2010eko urtarrilaren 17ko data du- herrian barnako trazadura aldatzeko eskatzen du, eta jatorrizko trazadurari jarrai diezaiola.

2009ko abenduaren 16an, Plazaola turismo partzuergoak UPSren testu bategin bat aurkeztu zuen, hasierako dokumentuan hainbat doiketa egiteko, eta hori izan da alegazioei eman zaien erantzuna.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldeko txostena eman du, eta hainbat neurri zuzentzaile proposatu ditu UPSren ingurumen integrazioa hobetzeko.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da Plazaolaren Iruña-Irurtzun tarteko trazadura zena berreskuratzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldekoa, Plazaola turismo partzuergoak sustatua.

2. UPSa garatzeko, dokumentazio teknikoan sartutako neurri zuzentzaileak beteko dira, eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

-Saldañako sakanetik Eritze Itzako Kontzejuaren eta Saratsatekoaren arteko muga egiten duen lepakara doan biderainoko tartean, beste trazadura bat aztertuko da; autobidearen azpiko pasabidetik, aipatu sakanaren ondoan, iparraldera 200 m egin eta autobidearen azpiko hurrengo pasabidera doana hain zuzen, proiektuan aurkeztutako trazadura berreskuratzeko. Aukera horrek alde on hauek ditu: ez da ukitzen harizti bat (Quercus pubescens), jatorrizko trazadura berreskuratzen da neurri batean alde horretan, ibilia, txirrindulariena batez ere, galarazten duten zenbait desnibel saihesten dira, eta garrantzitsuena, ez da harrobi zaharretik igarotzen (harriak erortzeko arriskua dago haren frontean). Gainera, proposamenak zailtasun teknikoak ditu proiektuak planteatzen duen tamainako traza (4,5 m) ireki gogo bada puntu horretan.

-Hobe litzateke prestatu gogo den 4,5 m-ko trazan ibilgailuentzako zabalera 2,5 m-koa izatea gehienez ere, eta ukitzen den gainontzeko azalera areketarako eta ingurumen integrazioaren tratamendurako izatea, hau da, eremua profilatzeko, landare lurra botatzeko eta ereite hidraulikorako.

-Ona litzateke zoladura "bigunak" jartzea landa ingurunean; gainontzekoan eta malda moderatuko tarteetan bestelako zorua erabiltzen ahalko da, hala nola asfaltoa edo hormigoia.

-Ezpondak desager ez daitezen, bidearen diseinua, ahal dela, gaur egungo bidearen mugei egokituko zaie, trazadurak bide zaharra berreskuratzen duenean. Tarte berrietan eta, batez ere, Aizkorbeko gainetik hurbil, trazadura soroetan barna planteatuko da; horrela, muga gehienek (ongi eratutako zuhaixkako hesidunak guztiak) gaur egungo funtzionaltasunari eutsiko diote eta, gainera, pantailarena eginen dute N-240A errepidearentzat.

-Ibai eta errekak gurutzatzeko, zubiak edo egiturak konpontzeko lanek ez dute ukipenik ekarriko haietan. Ahal dela, ibai ondoko zuhaitzak botatzea saihestuko da, ez da zilegi makinak ibilguan sartzea eta debekatua dago haietara ezer botatzea.

-Hondealaneko soberako lurra edo ezponden saneamendukoa, baita bidera eroritako luizietako materiala ere, inerteen zabortegi baimendu batera eramanen dira. Material horren zati bat bide inguruneko alde andeatuak estaltzeko erabiltzen ahal da, horiek lehengoratu beharko baitira bidearen ingurumen integraziorako (gai inerteen zabortegiak Saratsate inguruan).

-Ingurumen ondorioen azterlanak aipatu bezala, landaredi natural baliotsua dagoen tarteetan, kale bakar batean eginen da lana, eta makineriak seriean, eta ez paraleloan, eginen du lan. Salbuespen gisa, zilegi izanen da makineria sartzea, aldi baterako, zabalguneak prestatzeko.

-Eraikuntzaren proiektuan, landa ingurunean batez ere, kontuan hartuko da eskudelen, seinaleen, eusteko elementuen, altzarien eta abarren diseinua, elementu horiek inguruneko paisaian integratuak izan daitezen.

-Errepideak gurutzatu aurretik edo herriguneen sarreretan abiadura moteltzeko elementuak eta bidegurutzeaz ohartzen duten seinaleak ezarriko dira.

-Proiektuak zuhaitz eta zuhaixken landaketak jasoko ditu, itzala emateko eta hesiarena egiteko (N-240 errepidetik edo AP-15 autobidetik hurbileko tarteak).

-Urritik martxora bitarte garbitu eta kimatuko dira belar-sastrakak.

-Bide berdearen ikuskatze eta mantentze lanak jasoko ditu proiektuak; gutxienez ere, belar-sastrakak garbitzea, kimatzea, zorua hobetu eta sendotzeko obrak, ezpondak egonkortzeko obrak eta ikuskatze lanetan atzemandako akatsak konpontzea.

-Plazaolaren Iruña-Irurtzun tarteko trazadura zena berreskuratzeko UPStik ateratzen den proiektua Ingurumen Kalitatearen Atalera igorri beharko da, ingurumen ondorioen adierazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ote diren berrikusteko.

-Probintzietako Errege Altxonbidearen gaineko ukipenari dagokionez, kontuan hartu beharko da abelbideak Nafarroako Foru Komunitatearen jabari publikoaren ondasunak direla eta, horrenbestez, besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak. Beraz, UPSn deskribatutako jarduera abelbidearen erabilera osagarritzat hartzen bada ere, ez da inoiz aldaketarik izanen errege altxonbideko lurren titulartasunean.

-Bidea egokitu edo hobetzeko obretako batzuek abelbidearen lurretan edo haren inguruan eraginik badute, separata teknikoa aurkeztu beharko da Plangintza eta Laguntza Atalean, eta horren oniritzia beharko da 19/1997 Foru Legean abelbideentzat ezarritako babes araubidea bermatzearren.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 34. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Iruñeko, Berriobeitiko, Berriozarko, Itza Zendeako, Arakilgo eta Irurtzungo udalei eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko apirilaren 15ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

ERANSKINA

Udalez gaindiko plan sektorialaren eta ingurumen eraginaren azterlanaren deskripzioa

Plazaola trenbidearen trazadura zenaren tarte jakin bat berreskuratzea du xede plan sektorialak, haren ibilbidea turismoko eta aisiako jarduerak uztartzeko ardatz gisa erabiltzeko, ondoko tarte hauetan:

-Lehen tartea: Iruñeko udal mugapea. 5.470 m-ko luzera. Trenak Iruñean izan zuen geltokian abiatzen da trazadura, Oliveto Kondearen etorbidearen eta Yanguas y Miranda zein Tutera kaleen artean; gero, Iruñeko hainbat kale eta etorbide iragaten ditu eta Arga ibaiaren bazterrera jaisten da. Arrotxapeko auzoa zeharkatu ondotik, iparraldeko norabidea bilatzen du Donostia aldera. Gaur egun, trazaduraren zati bat oinezkoen bidea da (Biurdana-Arrotxapea auzoko sarrera); gainontzekoa hiriko kaleak edo bideak dira.

-Bigarren tartea: Berriobeitiko udal mugapea. Luzera: 1.195 m. Tarte honetan, bideak jatorrizko trazadurari jarraitzen dio, Mogotes sektorearen barrenean. Bideak baditu jada zoladura eta argiak, eta eremu guztiz hirikoa da. Iruñeko iparraldeko ingurabidea (PA-30) gurutzatzeko, bide alternatibo bat erabiltzen da, hura azpitik igarota. Trazadura jatorrizko trazadurara itzultzen da Etxebakar sektorean.

-Hirugarren tartea: Berriozarko udal mugapea. Luzera: 1.342 m. Bide berde berriaren trazadurak jatorrizko trazaduraren puska handi bat erabiltzen du. Artiberri II sektorearen urbanizazioak bide alternatibo bat hartuko du kontuan, trazadurak jarraipena izan dezan. NA-4108 errepidea haren maila berean gurutzatzen da; hortaz, behar diren seinaleak jarri beharko dira. Hortik, beste bide bat hartzen da militarren instalazioen atzeko aldetik barrena. Tarte honen bukaeratik hurbil, trazadura berriro sartzen da Berriobeitiko udal mugapean.

-Laugarren tartea: Berriobeitiko udal mugapea. Luzera: 6.747 m. Hurrengo tartea Aitzoaingo Oronsospe auzoan sartzen da, hiri ondoko eremu batean. Kasu honetan, aukeratu den alternatiba jatorrizko trazaduratik urruntzen da, eta Plazaola industrialdearen atzeko aldean sartzen, hiriko eta industriako tartetik ateratzeko; berriz horra itzuliko da Aitzoaingo eta Berriogoitiko herriguneak lotzen dituen bide baten bitartez.

Azken herri horretara ez igotzeko, trenbideak tunel bat igarotzen zuen, baina, gaur egun, ezinezkoa da hura berreskuratzea. Berriogoitiko hiri bilbeak errespetatu egin du trenbide zaharraren traza, eta pasealeku publiko bat eratu du. Diseinuan arku bat du, tunelaren iparraldeko sarreraren irudia.

Berriogoititik jaistean, trazadura berriak jatorrizkoarekin egiten du bat, tunelaren iparraldeko sarbidetik 130 bat metrotara. Hemendik aitzina, bideak aurrera egin eta Txulapain erreka gurutzatzen du egoera onean den bi arkuko zubi baten gainetik. Zubia iraganik, Berriogoitiko eta Ballariaingo kontzejuen arteko mugara iristen da. Bideak aurrera egiten du Arrondoa mendia inguratuz, eta hortik aurrera, bideak ametz ilaunduneko oihan ederra du ezkerraldean.

Bideak jatorrizko trazaduran jarraitzen du (oso argi dago tarte honetan), eskuinaldean Ballariain, Elkarte eta Oteitzako herriguneak utzita, eta azken bi herri horietara sartzeko bideak gurutzatuta. Hurrengo tartean sartu aurretik, Itzako udal mugapean dela, trenak tunel baten bidez igarotzen zuen Zindiku edo Añezkarko gaina. Behar adinako funts ekonomikoen baitan dago tunela berreskuratzea edo ez; orain arte, alternatiba bat planteatzen da aire zabalean landa bide bat baliatuz, N-240 errepidearen paraleloan. Lepaka iraganik, bideak Probintzietako Errege Altxonbidea gurutzatzen du.

-Bosgarren tartea: Itza Zendeako udal mugapea. Luzera: 8.151 m. Tarte honetan hiru alternatiba planteatzen dira eta, azkenik, ondotik deskribatzen dena hautatu da.

Añezkarko gaina iraganik, bideak Aristregi errekaren gaineko egitura bat baliatzen du eta Itza Zendaren mugapean sartzen da jatorrizko trazadurari uneoro jarraituz, Saratsako herrigunea eskuinaldean utzita Kontzeju horrek egindako alegazioaren ondotik; izan ere, proposamenaren hasierako diseinuan aipatu herrigunetik iragaten zen.

Eritzeko zintzurrean barna, non AP-15 autobideak antzinako bidea harrapatzen baitu, eta dexenteko gorabeherak eginez (eraikuntza proiektuan ebatzi beharko da behin betiko soluzioa) bide berdeak Saratsateko herrira egiten du. UPSk ez du baztertzen pasabide bat eraikitzea Izkuetako bidearen gainean (Saldañako alderdia), trazaduran planteatutako desnibelak arintzeko.

Saratsateko herrigunetik hurbil, trazadurak herri horretako errepidea gurutzatu eta hasierako trazadurari jarraiten dio lubakian barrena (mendi hegalak lur-jausiak ditu) Arakil ibarrean sartzeko. Guliako zubibidearen bitartez (192 m luze) sartzen da ibarrean, Errekalde errekaren ibarbidearen gainetik.

-Seigarren tartea: Arakilgo udal mugapea. Luzera: 1.525 m. Gulia-Aristregi, NA-4120 errepidea gurutzatu ondoren, trazadurak Aizkorbeko gainera igotzen da, non jatorrizko trazadura tunel batean sartzen baitzen. Ez dago baztertua hura berreskuratzea, baldin aurrekontuak aukera ematen badu. Tunel hori berreskuratu arte, zenbait bidexka baliatzen dira tunelaren trazaduraraino bertaraino, N-240 errepidearen paraleloan jarri arte. Bidexka horiek moldatu beharko dira eta sasiak kendu. Errepide nazionalaren hurbiltasuna kontuan hartu beharko da bide berdea erakitzeko proiektuan, arriskutsua baita bidearen erabiltzailearentzat.

-Zazpigarren tartea: Irurtzungo udal mugapea. Luzera: 780 m. Udalerri honetan trazadurak jatorrizko bidea berreskuratzen du, Irurtzungo herria ekialdetik inguratzen duela. Zabor-legarrez egokitua dago, geraleku zaharreraino. Bi Haizpeko tunelean sartu baino metro batzuk lehenago bukatzen da tartea.

Proiektuaren ezaugarri teknikoak:

-Trazaren okupazioa: 4,5 m zabal (3,5 m zoruan eta 0,5 x 2 areketan).

-Ofitazko zabor-legarra trazadura guztian.

-Errepide nazionalen inguruan, legeriak bi azpiegituren artean 3 eta 8 m arteko tartea uztera behartzen du.

Ingurumen ondorioen azterlanaren laburpena.

Dokumentu hauek osatzen dute UPSa: memoria, planoak, hirigintzako araudia eta Ingurumen ondorioen azterlana. Eragindako kalteak zehaztu eta baloratzen ditu Ingurumen ondorioen azterlanak, eta prebentzioko eta ingurumen integrazioko neurriak ezartzen ditu, tarteka bereizita.

Proiektuak harrapatzen duen eremuan ez dago ez espezie ez gune babesturik, ezta Europar Batasunaren intereseko habitatik ere, txikia da basoetako eragina eta ez da ur bazter eta ibilgurik ukitzen (behar diren zubi guztiak egoera onean daude). Horregatik, ingurumenaren gaineko ukipena bateragarria da natur baliabideen kontserbazioarekin, baldin eta proposatu diren prebentzio neurriak aplikatzen badira.

Eraginaren gaineko prebentzio neurrietarako, obraren planteamendu zuzena egin da, okupazioko azalerak gutxituko dira metodo arrazional bat baliatuz (makinak norabide bakar batean ibiliko dira), ingurumen aldetik sentikorrak ez diren tokietan pilatuko da materiala eta ezarriko da makineriaren parkea, ingurumena lehengoratuko da eta bide inguruak eta altxonbidearekiko gurutzagunean behar bezala landareztatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1007295