65. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

287/2010 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Funesko Alto industrialdetik Sardilla industrialdera hondakin uren kolektorea ezartzeko proiekturako. Funesko Udalak sustatu du.

2010eko martxoaren 17an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektu honetako obretan lur azpiko hodia ezarriko da Alto industrialdearen inguruetatik abiatuta, alorretan zehar, Sardilla industrialderaino. Hodiak lehenbiziko industrialdeko ur araztuak jasoko ditu eta sarearekiko lotune bateraino eramanen ditu. Lehendik dauden landa-bideei jarraitzen die trazadura osoan. Bi tokitan "Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak" izeneko ES2200035 BILaren mugarekin bat egiten du eta BIL hori zeharkatzen du.

Aurreneurri egokiak hartzen badira, ustez ez da ingurumen ukipen nabarmenik izanen aipatu eremu babestuan.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Funesko Alto industrialdetik Sardilla industrialdera hondakin uren kolektorea ezartzeko proiekturako. Funesko Udalak sustatu du.

2. Baimena ematearekin ingurumenari buruzko baldintza hauek bete beharko dira:

-"Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak" izeneko BILeko landaredia ez da inola ere ukituko. Hodia eremu babestu horretan sartzen den edo haren mugarekin bat egiten duen tarteetan, obrek ez dituzte gaindituko lehendik dagoen bidearen mugak. Debekaturik dago makinak bide horretatik kanpo ibiltzea.

-Ondotik igarotzean makinek BILeko landaretzaren adarrak hondatzen ahal dituztela ikusten bada, aldez aurretik zuhaitzak inausi eginen dira, urratuak edo kalte larriagoak saihesteko.

-Zangak bete ondoren, sobran gelditzen den eta bideak urratzean ateratzen den lurra hondakin inerteen zabortegi baimendu batera eramanen da.

-Materialak aldi baterako metatzeko eta makinak edukitzeko guneak trazaren barnean egonen dira, Aragoi ibaitik eta BIL barneko landaredi naturaletik urrun.

-Obrek ukitutako eremu guztiak, ez badira bidearen barnekoak, erein edo hidroerein eginen dira.

-Lanak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta obretarako instalazio guzti-guztiak kendu beharko dira.

Hirigintza arlokoak:

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko diote hilabetean Nafarroako Gobernuari.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Funesko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko apirilaren 29an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1008099