65. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

286/2010 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu hau legeztatzeko: "Aragoi ibaitik 12,16 l/s ur hartzea 9,25 hektarea ureztatzeko Ledeako udal mugapeko Ugaste alderdian". Sustatzailea Javier Octavio de Toledo Eugui da.

2010eko otsailaren 24an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Jarduera hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko K letran sartuta dagoenez, bidezkoa da Ingurumen ukipenetarako baimena tramitatzea. Dekretu horren bidez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuaren xedea da Ledeako 3. poligonoko 107. lurzatia ureztatzea, Aragoi ibaitik ura hartuz udaberrian eta udan.

Proiektuan deskribatzen dira Aragoi ibaiko hargunetik ura ponpatzeko obrak. Harguneko putzuak 6 metroko sakonera du eta ubidetik 5 metrora dago, 300 mm-ko diametroa duen burdinurtuzko hodi baten bidez harekin lotuta. 50 ZP-ko motoponpa bertikal batek jasotzen du ura. Ponpaketa estaziotik irteten den ureztatze sarea ura bultzatzeko hoditeria ere bada. Ureztatze sareak baditu mota guztietako pieza bereziak eta behar diren fabrika-obrak.

Obrak 2007an hasi ziren, ingurumen baimenik gabe, eta haiek legeztatzeko errekerimendua egin zen 2007ko otsailaren 15ean. Sustatzaileak erantzun ez zuenez, zehapen espedientea abiarazi zen eta sustatzaileak errekurtsoa jarri zuen. Azaroaren 16ko 533/09 Foru Aginduaren bidez errekurtsoa baietsi zen.

2010eko otsailaren 24an dokumentazio osoa sartu zen departamentu honetan, jarduketa legeztatu zedin. Espedientean dagoen dokumentazioa ikusirik, eta landa azterketa egin ondoren, non ikusi baita obrek ukitu duten inguruaren bilakaera, Aragoi ibaiaren bazterrean, BIL izendatutako tarte batean (ES2200030: Aragoi ibaiaren erdiko tartea), egiaztatu da ibaiertzaren profilaren aldaketa larria izan dela eta guztiz galdu dela ibai bazterreko landaredia. Gutxi gorabehera 208 m² ukitu dira eta 120 m², gutxienez, lehengoratu ezinezkoak dira.

Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauak, 1992ko maiatzaren 21ekoak, habitat naturalak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzkoak, 6. artikuluan honela dio:

6.3. Edozein plan edo proiektuk, lekuaren kudeaketarekin zuzeneko loturarik izan gabe edo kudeaketarako beharrezkoa izan gabe, aipatu lekuetan, berez edo beste plan eta proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezake, modu egokian ebaluatuko dira lekuan izan ditzakeen ondorioak, leku horren kontserbazioaren arloko helburuak kontuan izanik.

6.4. Lekuaren gaineko eraginaren ebaluazioan ondorio negatiboak atera, ordezko aukerarik ez izan, eta hala ere plana edo proiektua gauzatu beharra badago ...ordainetan behar adina neurri hartuko dira Natura 2000ren koherentzia orokorra babesturik egonen dela bermatzeko...

Aurrean azaldutakoari jarraituz, proposatzen da jarduketa legeztatzearen aldeko txostena eman dadila, baldin eta, ES2200030 BILaren gaineko ingurumen eraginaren ordain gisa, ebazpen honetan azaltzen diren jarduketak eta betekizunak betetzen badira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu hau legeztatzeko: "Aragoi ibaitik 12,16 l/s ur hartzea 9,25 hektarea ureztatzeko Ledeako (Nafarroa) udal mugapeko Ugaste alderdian". Sustatzailea Javier Octavio de Toledo Eugui da.

2. Baimena emanen da, ingurumenaren gaineko honako neurri hauek betez gero:

-Natur ondasunak galdu dira Aragoi ibaiaren bazterrean, oso balio ekologiko handia duen toki batean, "Aragoi ibaiaren erdiko tartea" izeneko ES2200030S BILean. Galera horren ordain gisa, ukitutako inguruan, okupatu den eremuaren adinakoa (208 m² inguru) landareztatuko da, gutxienez.

-208 m²-ko gune horretan, ponpen etxolaren ondoan eta ibaiertzeko ezpondaren gainean, ur bazterreko basoa hedatuko da, Populus nigra, Fraxinus angustifolia eta Salix alba espezieetako 15 zuhaitz landatuz. Gutxienez 1,5 m garai diren aleak landatuko dira, ongi zurkaiztuko dira eta behealdean babesa jarriko zaie. Ibaiertzeko ezpondaren gainean sahatsaren eta makal italiarraren aldaxkak landatuko dira, neguan inguruko zuhaitzetatik bilduak. Landaketak urtarrilean eta otsailean eginen dira.

-Landaketek gutxienez bi urteko bermealdia izanen dute. Tarte horretan mantentze lanak eginen dira, eta udan ureztaketak.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Legearen 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da. Horri dagokionez, jarduera baimentzen ahal da, baldintza hau betetzen bada:

Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko diote hilabetean Nafarroako Gobernuari.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ledeako Udalari, Araubide Juridikoaren Atalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko apirilaren 29an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1008103