65. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

68/2010 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Immigraziorako Bulegoko koordinatzaileak emana, Nafarroako etorkinen elkarteak ordezkatuz Nafarroako Immigrazio Kontseilurako hautagaitzak aurkezteko epea irekitzen duena.

Abuztuaren 10eko 63/2009 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Immigrazio Kontseilua eratu zen. Kontseilua parte hartzerako eta kontsultarako organoa da, eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren egituran txertatua dago. Organo horrek erakunde eta gizarte antolakundeen ordezkaritza garrantzitsua izanen du, eta etorkinek ere, beren elkarteen bidez, garrantzi berezia izanen dute.

Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunaren maiatzaren 10eko 131/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako etorkinen elkarteak ordezkatuz Nafarroako Immigrazio Kontseiluan arituko diren kideak izendatu eta proposatzeko prozedura garatu da.

Hala, ezartzen da hautagaitzak aurkeztu ahal izanen dituztela legez eratuta eta behar den erregistroan eta Nafarroako Etorkinen Elkarteen Erroldan inskribatuta dauden elkarteek. Hautagaitzan proposatzen den pertsonaren izena eman beharko da, eta ordezko batena, titularra gaixorik, kanpoan edo beste edozein arrazoi dela-eta ez badago, haren ordez arituko dena.

Elkarte bakoitzak hautagaitza bakarra aurkez dezake dagokion eremu geografikoan. Nafarroako Immigrazio Kontseilua sortu zuen abuztuaren 10eko 63/2009 Frou Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, etorkinen elkarteen ordezkariak izendatzeko proposamena egiteko, eremu hauek hartuko dira aintzat:

a) Ekialdeko Europako herrialdeetako elkarteak.

b) Latinoamerikako herrialdeetako elkarteak.

c) Afrikako herrialdeetako elkarteak.

d) Eremu geografiko jakin batekoak ez diren elkarteak edo aurrekoak ez beste eremu geografikoetakoak.

Hautagaitza ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da, elkarte bakoitzaren idazkariak egindako ziurtagiriaren bidez. Hori ebazpen honen I. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da.

Hautagaitzak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorbidea 2, 31002-Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan administrazio publikoentzako eskaera, idazkiak eta jakinarazpenak aurkezteko adierazitako lekuetan aurkeztuko dira, Immigraziorako Bulegoari zuzenduak.

Horrenbestez, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 49. artikuluan, Immigraziorako Bulegoa sortu zuen abenduaren 18ko 91/2006 Foru Dekretuaren 3. artikuluan, eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunaren maiatzaren 10eko 131/2010 Foru Aginduaren xedapen gehigarri bakarraren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz (foru agindu horren bidez Nafarroako etorkinen elkarteak ordezkatuz Nafarroako Immigrazio Kontseiluan arituko diren kideak izendatu eta proposatzeko prozedura garatu zen),

EBATZI DUT:

1. Hamabost egun naturaleko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako etorkinen elkarteek hautagaitzak aurkez ditzaten Nafarroako Immigrazio Kontseilurako, Nafarroako etorkinen elkarteak ordezkatzeko. Elkarte horiek legez eratuta egon beharko dute, eta behar den erresgistroan eta Nafarroako Etorkinen Erroldan inskribatuak.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 17an.-Immigraziorako Bulegoko koordinatzailea, María Jesús Vicente Goicoechea.

I. ERANSKINA

Elkartearen idazkariaren ziurtagiria

Hautagaitzen aurkezpena.

...................................... jaunak/andreak, NAN/AIZ/pasaportea ........................ zenbakiduna duenak, ............................ elkartearen idazkaria den aldetik

ZIURTATZEN DU:

............................ elkarteak ............................ jauna/andrea, NAN/AIZ/pasaportea ....................... zenbakiduna, proposatu duela Nafarroako etorkinen elkarteak ordezkatuz Nafarroako Immigrazio Kontseiluan aritzeko.

............................ elkarteak ................................. jauna/andrea, NAN/AIZ/pasaportea .......................... zenbakiduna, proposatu duela ordezko gisa Nafarroako etorkinen elkarteak ordezkatuz Nafarroako Immigrazio Kontseiluan aritzeko.

Behar diren ondorioak izan ditzan egiten da.

(Eguna, sinadura eta zigilua)

Iragarkiaren kodea: F1008734