65. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

140/2010 FORU AGINDUA, apirilaren 29koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, enpresa inbertsiorako laguntzen esparruan energia berriztagarrien iturriak aprobetxatzeko diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak zehazten dituena.

Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 16ko 195/2009 Foru Aginduaren bidez, industria inbertsiorako laguntzen esparruan energia berriztagarrien iturriak aprobetxatzeko diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak zehaztu ziren. Agindu hori 2009ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 10ean.

Garapen teknologiko berriak ikusirik, eta kontuan izanik energia berriztagarrien iturri batzuetarako pizgarriak eman behar direla, horien ahalbide handia ez datorrelako bat Nafarroan orain arte izan duten garapen murritzarekin, abagunea ikusi da energia berriztagarriak baliatzen dituzten jarduera berriak sartzeko eta diru-laguntza ematen zaien beste jarduera batzuei eskatzen zaizkien baldintzetako batzuk aldatzeko, eta horretarako foru agindu berri bat onestea komeni da.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Industria inbertsiorako laguntzen esparruan energia berriztagarrien iturriak aprobetxatzeko diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1. Araudi horretan eskatzen diren betebeharrak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira arlo horretan eskumena duen departamentuak arauturiko enpresa-inbertsiorako laguntzen onuradunak, energia berriztagarrien aprobetxamenduko jarduera hauetan badihardute:

a) Energia termikoa eta/edo elektrikoa ekoiztea, Energia elektrikoa araubide berezian ekoizteko jarduera arautzen duen maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuko b.6.3 azpimultzoan eta b.7 eta b.8 multzoetan sailkaturik dauden biomasa eta biogas motak erabiliz. Biomasa eta biogas mota horien zerrenda I. eranskinean dago.

Biomasaz eta/edo biogasez energia elektrikoa ekoizteko sistemek 661/2007 Errege Dekretu horretan ezarritako eraginkortasun mailak izan behar dituzte.

Instalazio horiek gehienez 2 MW-eko potentzia izanen dute biomasa erabiltzen bada, eta 5 MW-ekoa biogasa erabiltzen bada.

b) Biomasaren tratamendua egitea, a) letran aipatzen den aprobetxamendu termikorako.

Kontzeptu horren baitan sartzen dira instalazio termikoetan erregai gisa erabiltzeko biomasari azken propietateak (granulometria, dentsitatea, hezetasuna, etab.) emanen dizkioten instalazioez gain, biomasa jasotzeko eta garraio kostua merkatzeko biomasa landan tratatzeko berariazko makinetan gauzatzen diren inbertsioak. Ez dira diru-laguntzen xede izanen fardo-makinak, birringailuak eta berariaz energia lortzeko biomasa ekoizteko erabiltzen ez den beste edozein elementu.

c) Bigarren belaunaldiko bioerregaien ekoizpena (hondakin eta material lignozelulosikoetatik abiatuta lortutakoak).

d) Eguzki-energiaren tenperatura baxuko aprobetxamendu termikoa.

e) Lurraren barneko tenperaturaren aprobetxamenduaren bidez energia erabilgarria ekoiztea. Diruz lagunduko dira bai erauzketa-putzuei eta jariakin primarioa lurraren azpian berriro injektatzeari dagozkien kostuak, baita kolektorea eta bero-ponpa ere. Bero-ponpek 3,75etik gorako COPa izan behar dute.

f) Energia elektrikoa ekoiztea gehienez ere 10 MW-eko potentzia instalatua duten zentral elektrikoen bidez (minihidraulikoa), bai instalazio berrien kasuan, bai zerbitzurik eman gabe bost urte baino gehiago egin dituzten zentralak abian jartzeko behar diren instalazioen kasuan.

g) Eguzki erradiaziotik abiaturik energia elektrikoa ekoiztea, teknologia fotovoltaikoaren bidez, 100 kW-eko potentzia gainditzen ez duten instalazioekin, toki hauetan kokaturik badaude:

-Eraikin finko eta itxietako teilatu eta fatxadetan, baldin eta material sendoen bidez eginak badaude eta etxebizitza, zerbitzu, merkataritza edo industriarako erabiltzen badira, nekazaritza eta abeltzaintza sektorekoak barne.

-Edo eusteko egitura finkoetan kokaturiko instalazioak, aparkalekuak estaltzeko edo itzala emateko erabiltzen badira, bi kasuetan lehenagoko erabileraren batean eta hiri katastroko erreferentzia duen lurzati batean kokaturik badaude.

h) Banaka edo batera 100 kW-eko potentzia gainditzen ez duten aerosorgailuen bidez energia elektrikoa ekoiztea.

Instalazio horiek toki hauetan kokaturik egon beharko dute:

-Eraikin finko eta itxietako estalkietan, baldin eta material sendoen bidez eginak badaude eta etxebizitza, zerbitzu, merkataritza edo industriarako erabiltzen badira, nekazaritza eta abeltzaintza sektorekoak barne.

-Edo, bestela, eraikuntza horietatik gehienez 30 metrora kokatutako zutabe edo dorreetan.

2. Energia elektrikoa ekoizteko proiektuak diru-laguntza jaso ahalko dute, betiere kontzesioa baino lehen eskatzaileak banaketa sareetara sarrerako eskubidea lortu izana frogatzen badu. Ulertuko da instalazio horien potentzia energia elektrikoa araubide berezian sortzeko jarduera arautzen duen arautegian xedaturikoarekin bat datorrela.

Xedapen gehigarri bakarra.-Bateraezintasuna.

Foru agindu honetan energia berriztagarrien aprobetxamendu jardueretarako enpresa inbertsiorako ezarritako laguntzak bateraezinak izanen dira arloan eskumena duen departamentuak energia berriztagarrien aprobetxamendurako instalazio txikien urteroko deialdian aurreikusitako laguntzekin.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzen duenean indargabetu eginen dira hemen xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, zehazki, apirilaren 16ko 195/2009 Foru Agindua, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, industria inbertsiorako laguntzen esparruan energia berriztagarrien iturriak aprobetxatzeko diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak zehazten dituena.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko apirilaren 29an.-Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F1007836