64. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

137/2010 FORU AGINDUA, maiatzaren 17koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, kontseilari horren abenduaren 30eko 373/2009 Foru Aginduaren bidez onetsitako diru-laguntzen deialdirako kreditua handitu, beste gastu bat baimendu eta eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzen duena. Deialdi hori toki entitateei eta gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko zen, 2010. urteko enplegu sozial babestuari laguntzeko.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak abenduaren 30ean emandako 373/2009 Foru Aginduaren bidez, toki entitateentzako eta gizarte ekimeneko entitateentzako diru-laguntzen 2010. urteko deialdia onetsi zen, enplegu sozial babestuari laguntzeko; deialdiak bide ematen du entitate interesdun guztiek berdintasunez parte hartzeko eta, era berean, bermatu egiten du diru-laguntzak irizpide objektiboei jarraituz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, gizarte politika orokorraren esparruan, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean ezarri dituen jarraibideekin bat lehenetsi dira.

Deialdi horretara berrogeita bat toki entitate hurbildu dira, eta 7.130.000 euro bitarteko diru-laguntza jasoko luketen proiektuak egitea proposatu dute, langabetuak eta oinarrizko errenta jasotzen duten pertsonak kontratatuta. Programarako aurreikusi den zuzkidura ekonomikoa 5.300.000 eurokoa denez gero, 1.831.000 euroko kontratazioa geldituko litzateke toki entitateek aurreikusi baina erantzunik gabe.

Nafarroako Gobernuak, egungo krisi ekonomikoak jende behartsuenei ekarri dien lan galeraren ondorioez kezkatuta, krisiaren aurkako hainbat neurri adostu ditu alderdi politikoekin, enplegua sortzen laguntzeko. Neurri horietako bat abiatzeko zeregina Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari esleitu zaio izen honekin: "Enpleguaren hobi berriak: oinarrizko errentaren hartzaileen kontratazioa interes publikoko jarduketetan, administrazio publikoen eta entitate laguntzaileen bidez". Ingurune horretan, egokitzat jotzen da zuzkidura ekonomikoaren zati bat, 1.831.000 eurokoa, enplegu sozial babestuaren aurrekontuari gehitzea, toki entitateek proposatutako kontratazio guztiak egin ahal izateko. Helburu hori dela eta, nahitaezkoa da kreditua handitzeko eta gastu berria baimentzeko agintzea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak adierazten du diru-laguntzen deialdiek gasturako baimena behar dutela.

Agindutako kreditua handitu denez, beharrezkoa da beste gastu bat baimentzea; izan ere, aipatutako foru legearen 31.1 artikuluaren arabera, ezin da deialdian zehaztutakoa baino diru-laguntza handiagorik eman.

Espedientean jasotako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, agerian daude kreditu handitzearen egokitasuna eta legezkotasuna, hurrenez hurren.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren abenduaren 30eko 373/2009 Foru Aginduan araututako kreditua handitzea, hartan toki entitateei eta gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko 2010. urteko deialdia onetsi baitzen, enplegu sozial babestuari laguntzeko xedearekin.

2. Beste gastu bat, 1.831.000,00 eurokoa, baimentzea "Krisiaren aurkako neurriak-11. Oinarrizko errentaren hartzaileen kontratazioa interes publikoko jarduketetarako" izeneko 900003 91600 4609 231603 kontu-sailaren kargura, 2010eko aurrekontutik. Kreditu berria toki entitateek sustatutako proiektuei laguntzeko erabiliko da.

3. Deialdiaren gastua egozteko prozesua toki entitateentzako diru-laguntzen kapituluan sartzea, era honetan: lehendabizi, "Enplegu sozial babestuaren programa" izeneko 900003 91600 4609 231602 kontu-sailaren kreditua agortuko da, eta gero, beharrezkoa bada, gastua beste kontu-sailari egotziko zaio, "Krisiaren aurkako neurriak-11. Oinarrizko errentaren hartzaileen kontratazioa interes publikoko jarduketetarako" izeneko 900003 91600 4609 231603 kontu-sailari, alegia. Gerta liteke proiektuetako batek bi kontu-sailen kargura hartzea laguntza.

4. Beste epe bat, 10 egunekoa, ematea, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, eskaerak aldatu edo berriak aurkeztu gogo dituzten toki entitateentzat.

5. Foru agindu hau igortzea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Zerbitzura, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora.

6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 17an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1008803