64. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEOTZ

Hondamen egoeraren espedientea

Leozko Udaleko Alkatetzak, 2010eko martxoaren 30ean, ondotik heldu den ebazpena eman zuen:

Alkatetza honen 2006ko urriaren 11ko Ebazpenaren bidez, ebatzi zen hondamen egoeraren espedientea irekitzea, Santa Catalina karrikako 15ean dagoen higiezinaren gainean, Makirriaingo 20. poligonoko 12. lurzatian, Leozko udalerrian baitago; Yosima Inversiones S.L. agertzen zen haren titular, eta haren ordezkari, berriz, Yolanda Celaya Mingot. Aitzinetik, 2006ko uztailean, eta higiezinaren andeatze egoerak zekarren arriskua dela-eta, zenbait hesi paratu ziren ofizioz, hartara inor hurbiltzea galarazi beharrez.

Alkatetza honen 2007ko urtarrilaren 15eko Ebazpenaren bidez eta legezko tramiteen ondotik, delako higiezina hondamen egoeran deklaratu zen, baita behartuei agindu ere behar den proiektua aurkez zezaten, eraikina eraisteko, hala behar baitzen.

Ebazpen horiek zuzenean Yosima Inversiones S.L.ri eta haren ordezkari Yolanda Celaya Mingoti jakinarazteko saio guztiak antzuak izan zirenez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.1 artikuluan ezarriari jarraikiz, hasieran aurreikusiaren ordez, lege berean jakinarazteko jasotzen diren bertzelako bideak erabili behar izan ziren, horretarako prestatu den espedientean agertzen den gisan.

Delako eraikina eraikin eta elementu babesgarrien katalogoan dagoenez, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean xedatua bete beharrez, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundeari igorri zitzaion, 2007ko maiatzaren 22an, titularrek berek 2003an aurkezturiko proiektuaren ale bat (izenburua: "Makirriaingo eraikina eraistea, Leotzen (Nafarroa)"). Erakunde horrek aldeko txostena luzatu zuen 2007ko ekainean. Hartan ere jasotzen zen eraikinaren hondamen egoera deklaratzea, delako proiektua bete ahal izateko.

Erranak erran, delako proiektua ez zen inondik ere lotzen hirigintzako errealitateari eta eraikinaren premiei, izan ere eraikina barnetik hustea planteatzen zuen, eta gero hiru etxebizitza berreraiki landetxetako, zenbait akats tekniko izateaz aparte. Beraz, legeek ezartzen dituzten epeak iraganik eta exekuzio aginduak bete behar zituzten subjektuek deus egiten ez zutenez, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 23ko 2187/1978 Errege Dekretuaren 28.2 artikuluan ezarriari jarraikiz, Leozko Udalari zegokion eskatutako jarduketak behartuen ordez egitea. Horrexegatik, 2008ko urtarrilean, udal arkitektoari manatu zitzaion delako eraikina eraisteko proiektua prestatzeko. Hartan, 18.703,84 eurotan (BEZa barne) kalkulatzen ziren, guztira, eraistearen kostuak.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Lege jadanik aipatuarekin bat, delako eraispen proiektua Vianako Printzea Erakundeari igorri behar zitzaion; hark, behar den aldeko txostena luzatu zuen 2008ko apirileran.

Behin berriz, erran diren jarduketa eta egoera guztien jakinarazpena Yosima Inversiones S.L.ri eta haren ordezkari Yolanda Celaya Mingoti egiten saiatu zen, eta berriz ere alferrik; beraz, erabili behar izan ziren Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.1 artikuluan jakinarazpena egiteko aurreikusten diren bide guztiak.

Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 70. artikuluan aurreikusiarekin bat, delako obra esleitzeko behar den prozedura negoziatuaren ondoan, Udalak 2009ko martxoaren 27an erabakita, hura Construcciones Merino Arregui S.L. enpresari esleitu zitzaion, 12.899,20 eurotan (BEZa barne). Obrak 2009ko maiatzean hasi ziren, eta 2009ko ekainaren 11n burutu.

Ekainaren 23ko 2187/1978 Errege Dekretuaren 28.2 artikulu jadanik aipatuaren babesean, Administrazioak berreskuratu beharko ditu behartuen ordez egindako gastu guztiak, baita premiamendu prozeduraren bidez ere, halakorik behar bada. Horiek guztiak kontuan harturik, beraz,

EBATZI DUT:

1.-Hondamen egoeran deklaratu baitzen, Santa Catalina karrikako 15ean dagoen higiezina, Makirriaingo 20. poligonoko 12. lurzatian, Leozko udalerrian baitago, exekuzio subsidairioan eraisteko Leozko Udalak egindako gastu guztiak ordaintzeko errekerimendua egitea Yosima Inversiones, S.L. enpresari, eraikin horren jabea den aldetik, eta haren ordezkari Yolanda Celaya Mingoti, honekin batera doan likidazioarekin bat. Haren zehaztapena horretarako irekitako espedientean dago. Hona hemen:

Hesien alokairua (garraiatzea eta paratzea barne): 3.490,08 euro.

Obra proiektua eta zuzendaritza: 1.980,41 euro.

Eraispena egitea: 12.899,20 euro.

Instalazio, eraikuntza eta obren gaineko zerga (%5): 556 euro.

Guztira: 18.925,69 euro.

2.-Yosima Inversiones, S.L. enpresari eta haren ordezkari Yolanda Celaya Mingoti hilabeteko epea ematea jakinarazpen hau jaso eta biharamunetik, edo bertzenaz, behar den iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, erreklamatzen zaion zenbatekoa ordain dezan. Ordainketa Leozko Udalak Nafarroako Kutxan duen kontuan egin beharko da, Barasoaingo (Nafarroa) sukurtsalean.

3.-Behartuei ohartaraztea ezen, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 23ko 2187/1978 Errege Dekretuaren 28.2 artikuluan ezarriari jarraikiz, eman zaion epean erreklamatzen zaion zenbatekoa ordaindu ezean, hura berreskuratzeari ekinen zaiola premiamendu prozedura abiaraziz derrigorrezko diru-bilketaren agentziaren bidez, legearen arabera behar diren errekarguak eta guzti.

4.-Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea; halaber, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki oholean argitaratzeko agintzea.

Iratxetan, 2010eko apirilaren 27an.-Alkatea, Endika Zabalza Murillo.

Iragarkiaren kodea: L1007474