64. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

241/2010 FORU AGINDUA, maiatzaren 14koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nekazaritzako ingeniari, Nekazaritzako ingeniari tekniko edo Biologia Zientzietako lizentziadun gisa aritzeko, beka bat emateko deialdia onesten duena.

Informazio eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak prestakuntzako beka bat sortzea proposatu du, eta haren deialdia egin, Nekazaritzako ingeniari, Nekazaritzako ingeniari tekniko edo Biologia Zientzietako lizentziadun gisa aritzeko landare osasuneko abisu estazioei eta laboreen babesari buruzko azterlan eta zereginetan.

Kontuan hartu behar da bekadunaren esku uzten diren azterlanak eta zereginak departamentu honentzat eta Nafarroako nekazaritzarentzat oro har baliagarriak izan daitezkeela, baita bekadunarentzat berentzat ere, horrela esperientzia profesional baliotsua lortzeko aukera izanen baitu.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehendabizikoa.-Nekazaritzako ingeniari, Nekazaritzako ingeniari tekniko edo Biologia Zientzietako lizentziadun titulua duten graduatu-ondokoentzat beka bat emateko deialdia onestea. Foru agindu honen eranskina osatzen dute haren oinarri arautzaileek.

Bigarrena.-10.800 euroko gasturako baimena ematen da, "Bekak" izeneko 700000-71400-4809-411100 kontu-sailaren kargura; horietatik, 6.300 euro 2010eko gastuen aurrekontuaren kargura, eta 4.500 euro 2009ko gastuen aurrekontuetan dagokion kontu-sailaren kargura.

Hirugarrena.-Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Laugarrena.-Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Bosgarrena.-Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 14an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

Oinarriak

Lehenbizikoa.-Xedea.

Nekazaritzako ingeniari, Nekazaritzako ingeniari tekniko edo Biologia Zientzietako lizentziadun titulua duten graduatu-ondokoentzat beka bat sortzea du xede deialdi honek, landare osasuneko abisu estazioei eta laboreen babesari buruzko azterlan eta zereginetan aritzeko.

Bigarrena.-Iraupena.

Beka 12 hilabetekoa izanen da, gehienez ere, 2010eko ekainaren 1etik 2011ko maiatzaren 31 arte, eta beste bi urte luzatzen ahal da.

Hirugarrena.-Zenbatekoa.

Beka 10.800 eurokoa izanen da, urtebeterako. Diru hori hilabetero ordainduko da, 900 euro aldian, edo dagokion zati proportzionala.

Laugarrena.-Bete beharrekoak.

Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

e) Nekazaritzako ingeniari, Nekazaritzako ingeniari tekniko edo Biologia Zientzietako lizentziadun titulua, Espainiako agintariek emana edo homologatua, izatea.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz dezakeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

Bosgarrena.-Eskaeren aurkezpena.

1. Eskaerak foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira.

2. Eskatzaileek jarraian aipatzen diren agiriak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dituzte (Tutera kalea, 20), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori):

a) Eskabidea.

b) Curriculum vitae-a, egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak, dakizkien hizkuntzak eta aipatu nahi dituen merezimendu guztiak adierazten dituena.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, kurtso bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu ziren espresuki aipatuta.

d) Aurkeztutako gainerako merezimenduen ziurtagiria.

e) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatuak.

f) Jaiotze agiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

g) Nafarroan urtebetez behintzat bizi izan dela frogatzen duen agiria (adibidez: kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria).

3. Epe barrenean aurkeztutako eskabidean behar diren datu guztiak jasotzen ez badira, edo eskatutako agiriak erantsi ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinarazten zaio, hori egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpen bat emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio.

4. Prestakuntza bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.-Eskaeren ebaluazioa.

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

Batzordeburua: Pablo Díez Huguet.

Batzordekidea: Joaquín Resano Egea.

Idazkaria: Juan Antonio Lezáun.

2. Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

I.-Ikasketa espedientea: honako eskala honi jarraikiz: ikasgai bakoitzeko kredituen batuketa bider lortutako nota; lortutako balioen batuketa titulazioko kreditu kopuru osoarekin zatituko da, honela:

-Ohorezko matrikularekin eskuratutako kredituak bider 10 puntu.

-Bikainekin eskuratutako kredituak bider 9 puntu.

-Oso ongirekin eskuratutako kredituak bider 4 puntu.

-Nahikorekin eskuratutako kredituak bider 2 puntu.

-Gai kalifikazioa eta konbalidazioak "nahiko" gisa zenbatuko dira bider 2 puntu.

II.-Beken jardueren esparruari lotutako arloetako prestakuntza.

-Graduatu-ondoko edo master ikastaroak, gutxienez 300 orduko iraupena badute: puntu bat ikastaro bakoitzeko.

-Argitalpen tekniko edo zientifikoak: 0,25 puntu bakoitzeko.

-20 ordu baino gehiagoko jardunaldi, ikastaro edo mintegietan parte hartzeagatik: 0,25 puntu bakoitzeko.

Honako atal honi gehienez ere 5 puntu emanen zaizkio.

III.-Hizkuntzak.

-Hizkuntza eskola ofizialean edo beste establezimendu publiko ofizial batean edo pribatu homologatu batean gainditutako frantseseko edo ingeleseko kurtso bakoitzeko: 0,25 puntu, kurtso bakoitzeko.

-Hizkuntza eskola ofizialean edo beste establezimendu publiko ofizial batean edo pribatu homologatu batean erdietsitako frantseseko edo ingeleseko titulu bakoitzeko:

-Oinarrizko zikloa edo baliokidea: puntu bat.

-Goiko zikloa edo baliokidea: puntu bat.

-Hizkuntza eskola ofizialeko gaitasun agiriak bi zikloak hartzen ditu bere baitan. Beraz, 2 puntu emanen dira.

-Hizkuntza baten tituluaren balorazioak kurtso bakoitzeko puntuazioa baztertzen du.

-Hizkuntza bereko titulu bat baino gehiago aurkezten badira eta baliokideak badira, haietako bakarra hartuko da kontuan.

Honako atal honi gehienez ere 5 puntu emanen zaizkio.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua amaituta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki oholean argitaratuko du (Tutera k., 20; Iruña) hautatutako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio hurrenkerari jarraikiz.

4. Ebaluazio batzordeak buruz buruko elkarrizketa eginen die, eta gehienez ere 5 puntu emanen dizkie, merezimenduak baloratzeko prozesuan punturik gehien lortzen duten bost izangaiei. Berdinduz gero, elkarrizketak erabakiko du haututako izangaien ordena.

5. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio beka emateko proposamena, loteslea izanen dena.

6. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda osatuko da, oro har lortu duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar den bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.-Laguntza emateko ebazpena

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak bekak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatu eta ebazpena jakinarazi edo argitaratu ez bada, eskaerak administrazioaren isiltasunaz ukatutzat joko dira.

3. Beken esleipena eta, kasua bada, gainerako eskaeren ukoa interesdunei jakinaraziko zaie, administrazio prozedura erkideari buruzko legedian agindu bezala, eta, era berean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko Tutera kaleko 20an). Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako betebeharrak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.-Jabetza intelektuala.

Prestatzen diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du izanen haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.-Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza bekak jasotzen dituztenek organo eskudunak agintzen dien egunean hasi beharko dute beren jardueretan edo, betiere, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean. Horrela egiten ez badu, eta ezinbesteko kasuetan edo behar bezala justifikatutako besteren batean izan ezik, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka horiek ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuetan ageri direnei ematea, ezertan ukitu gabe onuradunak uko egin arte bete beharreko baldintzak.

Hamargarrena.-Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun eta betebehar orokorren araubidea bete beharko dute bekadunek.

2. Jarduerak hasten diren unean onuradunek ezin izanen dute bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribaturik jaso.

Hamaikagarrena.

Bekadunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun zehatzak ezarriko ditu, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunen betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita haiek gainbegiratzea.

Bekak emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaie bekadunei.

Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek baliatzeko.

Bekadunek prestakuntzarako behar diren joan-etorriak egin beharko dituzte.

Hamabigarrena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea du bekadunak.

Hamahirugarrena.

Administrazio publikoa izanen da prestakuntza jardueran bekadunak hirugarrenei sortzen dizkien kalteen erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du iruzur, erru edo zabarkeria larriagatik bekadunak izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F1008857