64. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FONTELLAS

Udal ordenantza, Zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Fontellasko Udalak, 2009ko abenduaren 15eko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza onetsia jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2010eko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, urtarrilaren 18an, interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betikoz onetsirik gelditu da, eta testua osorik emanen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Fontellasen, 2010eko martxoaren 15ean.-Alkatea, Andrés Agorreta.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOKO ZORU, ZORUPE ETA HEGALKINEAN HORNIDURA ZERBITZUAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESEN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza dira toki entitateko jabari publikoko zoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo bertze edozein fluido eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, salmenta automatikorako makinak eta gisakoak, betiere herritar guztiei edo frankori eragiten dieten hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek egiten badituzte.

Ordaintzeko beharra

3. artikulua. Tasa urtarrilaren 1ean sortuko da urtero, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta aprobetxamendua urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Enpresak tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, baldin eta, toki entitatearen jabari publikoko zoru, zorupe eta hegalkinaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, hornidura zerbitzu publikoak ustiatzeko.

Oinarriak, tasak eta tarifak

5. artikulua. Kuota emanen digun tasa aplikatzeko oinarria enpresek udal mugapearen barnean urtean lortutako fakturazioak emandako diru-sarrera gordinen arabera kalkulatuko da.

6. artikulua. Aplikatuko den tasa %1,5 da hornidurako zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek eskuratzen dituzten diru-sarrera gordinen gainean.

Tasa hauek bateragarri izanen dira toki erakundeen eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ezar daitezkeenekin. Aipatu enpresek izan beharko dute haien subjektu pasiboak.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziren bat egin behar dutenean, hori egiteko behar den lizentzia eskatu beharko dute.

8. artikulua. Erabilera edo aprobetxamendu hori egin ahal izateko obra egin behar denean, enpresek behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.

9. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena aldez aitzinetik eginda.

Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraikortasun eta aldiorotasun batez egiten badituzte, kudeaketa administratiboa erraztu ahal izateko, gordailu oso bat ezar dezaten itun daiteke, itunean ezarri aldietan ikuskatu eta aipatu aldietan aprobetxamendu horietan ustezko kalteen arabera haien zenbatekoa atera ahal izateko.

Indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu daiteke gordailua. Fidantza itzultzeko beharrezkoa izanen da aldez aurreko txostena, non indarra duen arautegia eta lizentziaren baldintzak hertsiki bete eta zoladura behar bezala konpontzen den islatuko baita.

10. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik dauden hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek hiruhilero aurkeztu beharko dute udalerrian erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena. Diru-sarrera horiek aurreko hiruhilekoari dagozkionak izanen dira.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua. Aitorpena aurkeztearekin batera, enpresek dagokien tasaren zenbatekoa Udalean berean edo horretarako ezarri erakundean sartu beharko dute.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.-Ordenantza fiskal orokor hau edo toki entitate honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren tramite berdinak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztietan xedatzen direnak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Iragarkiaren kodea: L1007549