64. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZKABARTE

Ordenantzak. Behin betiko onespena

Ezkabarteko Udalak, 2009ko abenduaren 10ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen honako ordenantza hauek:

-Herriko jabari publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupean aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituen ordenantza.

-Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia martxoaren 12an argitaratu zen, 2010eko 32. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta jendaurrean egoteko legezko aldia iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betikoz onetsirik gelditu dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Ezkabarten, 2010eko apirilaren 30ean.-Jarduneko alkatea, Pedro María Lezaun Esparza.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEAREN ERABILERA PRIBATIBO EDO APROBETXAMENDU BEREZIAREN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Kontzeptua

1. artikulua. Herriko jabari publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupean ondotik ematen diren aprobetxamendu bereziak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza hau ezarri da ondoko arauetan xedatutakoaren babespean: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikulua; urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 93. artikulua eta hurrengoak; eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak. Hona hemen:

1.-Erabilera publikoko lurren zorupea okupatzea.

2.-Erabilera publikoko lurrak salgai, material edo gisako muntaduren bidez okupatzea.

3.-Soto edo sotoarteei argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo gaien sarrera eman ahal izateko eremu publikoko zoladura edo espaloietan kokatutako lukana, arnasbide, ate, karga-aho edo gisako elementuak, baita argi-sare publikotik egindako hargunea ere.

4.-Eremu publikoaren gainean edo fatxadaren lerrotik ateratzen diren markesina, olana edo gisako muntadurak, eraikinaren berezko egituraren elementuak ez direnean.

5.-Eremu publikoaren gainean edo haren hegalkinean kokatuta dauden burdina-barra, aldamio eta gisakoak, kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, baskulak, salmenta automatikorako tresnak eta gisakoak.

6.-Irabazteko xedearekin mahaiak eta aulkiak jarriz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

7.-Eremu publikoan kioskoak jartzea.

8.-Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta jolaskizunak, kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa.

9.-Erakusleiho eta bitrinak.

10.-Balkoiak eta terrazak kristalez ixtea.

2. artikulua. Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamenduen tasak dagokien ordenantza fiskalak arautuko ditu, edo haien gaineko udal erabakiek. Ez dira, beraz, ordainarazpen honetakoak.

Ordaindu beharra noiz sortzen den

3. artikulua. Tasa hauek ordaindu beharra Udalak behar den lizentzia ematen duenean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada.

4. artikulua. Udal lizentziarik izan gabe aprobetxamendua hasten bada, arau honetan ezarritako tasak pagatzeak ez ditu izandako aprobetxamenduak legeztatuko eta kalteordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

Ordaintzera behartuak

5. artikulua. Ondoko hauek daude beharturik ordenantza fiskal honetan ezarritako tasak ordaintzera:

a) Udal lizentzien edo kontzesioen titularrak eta aprobetxamenduaren mozkinak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentzia edo kontzesiorik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak jasotzen dituztenak.

c) Aprobetxamenduaz gehiago baliatu gabe ere Udalean baja aurkezten ez dutenak.

d) Eremu publikoan ezartzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrak edo aprobetxamenduaz baliatzen direnak. Zergadunaren ordezkotzat edukiontzien jabeak eta etxegileak hartuko dira.

Oinarriak, tasak eta tarifak

6. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da aprobetxamenduaren iraupenaren eta okupatutako eremu publikoaren azaleraren arabera.

7. artikulua. Tarifak ordenantza fiskal honen eranskinean agertzen dira.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aitzinetik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena aldez aitzinetik eginda.

Eremu publikoa edukiontziekin okupatzen bada, eremu publikoan edukiontziak paratzeari buruzko Ordenantzan ezarritako zenbatekoei jarraikiz finkatuko da gordailua.

Indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu daiteke gordailua. Fidantza itzultzeko beharrezkoa izanen da aldez aurreko txostena, non indarra duen arautegia eta lizentziaren baldintzak hertsiki bete eta zoladura behar bezala konpontzen den islatuko baita.

9. artikulua. Erabilera dela eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbertze emanen dio ordainetan Udalari. Bereziki konponezintzat hartuko diren kalteak interes artistiko edo historikoa duten monumentuetan eta 20 urte baino gehiagoko zuhaitzetan egindakoak izanen dira.

Lehenik eta behin fidantzek kalte-ordain horiek estaliko dituzte.

10. artikulua. 1. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira. Tasa sei hilabetetik behin ordaindu beharko da, Ordenantza fiskal orokorrean ezarritako epe eta baldintzetan.

2. Erabilerak edo aprobetxamenduak lizentziarik behar ez badute, aurretik dagokien kuota ordaindu beharko da. Horrela izanez gero salmenta txartela jaso beharko da, behar bezala datatua, horretarako izendatzen diren langileen eskutik.

3. Gainerakoetan, likidazioa dagokion bulegoan eginen da. Tasa lizentzia edo kontzesioa eman dela jakinarazi baino lehenago ordainduko da, erabilera edo aprobetxamenduaren epea zehazki finkaturik dagoenean. Hala ez bada, pagamendua erabilera edo aprobetxamendua amaitutakoan eginen da, hau da, partikularrak Udalari bukatu dela jakinarazten dionean.

Erabilera edo aprobetxamendua sasoi osorako ematen bada, tasa ordaintzen ahal da hiruhilekoka eta horiek iragandakoan. Ez da eginen hiruhilekoaren likidazioa erabilera edo aprobetxamenduari uko egiten bazaio hiruhileko hori hasi baino gutxienez hilabete bat lehenago.

4. "Mahai, aulki eta beladoreak" izeneko 1. epigrafeari dagokionez, Udalak baimena osorik balio gabe utzi edo aldi baterako ken dezake, betiere arrazoi bidezko, obra, konponketa eta abarren bat badago, eta kobratutako tasaren zati proportzionala soilik itzultzera behartuta dago.

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. 1. Iruzurtzat hartuko da behar den lizentziarik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.

2. Bertzelako arau-hausteei dagokienez eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, Ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraituko zaio. Udalak, agindu bidez, lizentzia edo baimenik gabeko muntadurak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta muntadura hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den bertze edozergatik sortutako tasak eta gastuak jabearen bizkar geldituko dira.

12. artikulua. Aprobetxamendu honetaz baliatzeko, Korporazioak kontzesioa egiteko onesten dituen baldintzen agirian erraten dena bete beharko da.

ORDENANTZAREN ERANSKINA

Karga-tasak eta tasak

I. epigrafea.-Zoruko aprobetxamendu bereziak.

I.1. Aldamioak, hesiak, obren edukiontziak etab., jarduera ekonomikoa ez badira:

-Egunean, metro koadro edo zatiki bakoitzeko: 0,38 euro.

-Hilabetean, metro koadro edo zatiki bakoitzeko: 5,92 euro.

-Urtean, metro koadro edo zatiki bakoitzeko: 59,12 euro.

I.2. Mahaiak, aulkiak, beladoreak, metro karratu edo zatiki bakoitzeko, urtean: 22,20 euro.

I.3. Bertzelako aprobetxamenduak:

-Egunean, metro koadro bakoitzeko: 0,79 euro.

-Hilabetean, metro koadro bakoitzeko: 12,26 euro.

-Urtean, metro koadro bakoitzeko: 122,24 euro.

(*) Aprobetxamendu berezietan, hala nola eremu publikoaren okupazioan edo merkatu txikietan, auzoetako bestetan eta gainerako aprobetxamenduetan, elkarturik egoteagatik osasun, garbiketa edo zaintza zerbitzuen esku-hartzea behar dutenez, %100eko errekargua egiten ahalko da.

II. epigrafea.-Hegalkineko aprobetxamendu bereziak.

-Egunean, metro koadro edo zatiki bakoitzeko: 0,28 euro.

-Hilabetean, metro koadro edo zatiki bakoitzeko: 6,30 euro.

-Urtean, metro koadro edo zatiki bakoitzeko: 63,32 euro.

III. epigrafea.-Zorupeko aprobetxamendu bereziak.

III.1.

-Egunean, metro koadro edo zatiki bakoitzeko: 0,18 euro.

-Hilabetean, metro koadro bakoitzeko: 3,30 euro.

-Urtean, metro koadro bakoitzeko: 31,68 euro.

III.2. Gasbideak, metro lineal edo horren zatiki bakoitzeko, urtean: 5,76 euro.

IV. epigrafea.-Gutxieneko eskubideak.

Aurreko epigrafeengatik likidatu beharreko tasak iristen ez badira aipatzen diren gutxieneko kopuruetara, honako kopuru hauek ordaindu beharko dira: 29,98 euro.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko edo berritzeko arauak ezartzea, kontuan hartuz desgaitasuna dutenen aukera berdintasuna eta haien gizarteratzea. Hori, legedi honekin bat: Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioa eta EEAO C 62/24, 1998ko otsailaren 26koa; Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea, martxoaren 25eko 22/2003 Foru Legearen bidez aldatua; eta abenduaren 19ko 19/2001 Legearen 7.b artikulua; azken lege horrek Bide Segurtasunari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearen testu artikuluduna (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) aldatu zuen; helburua da desgaitasuna duten pertsonek ibilgailua aparkatzea, aparkatu eta gero ibilaldi luzerik egin beharrik gabe.

2. artikulua. Betebeharrak.

Aparkatze txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

-Desgaitasuna duten gidariak:

1.-Elbarri interesdunak indarra duen gidabaimenaren jabe izan beharko du.

2.-Mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; xehetasun hauetako bat frogatu beharko du:

a) %33ko elbarritasuna edo handiagoa egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko desgaitasunen bat tarteko dela dioena; edo.

b) %33ko elbarritasuna edo handiagoa egiaztatzen duen ziurtagiria eta Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, frogatzen duena elbarritasunak modu larrian eragiten diola honetarako:

-Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

-100 metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

-Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

-Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

-Desgaitasuna duen pertsonaren familiakoa:

1.-Indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2.-Eskaitzailearen agiriak, desgaitasuna duen eta kontzesioa eskatzeko arrazoia izan den pertsonarekin zer familia lotura duen erakusten dutenak.

3.-Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; hori dela eta, honako hauek egiaztatu beharko dira:

a) %33ko elbarritasuna edo handiagoa egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko desgaitasunen bat tarteko dela dioena; edo.

b) %33ko elbarritasuna edo handiagoa egiaztatzen duen ziurtagiria eta Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, frogatzen duena elbarritasunak modu larrian eragiten diola honetarako:

-Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

-Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

-Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

-Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartela Udalaren bulegoetan eskatuko da, eta eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

-Karnet neurriko argazki bat, kolorezkoa, desgaitasuna duen pertsonarena.

-Elbarritasunaren ziurtagiriaren fotokopia eta jatorrizkoa.

-Osasun ziurtagiriaren fotokopia eta jatorrizkoa.

-Gidabaimen eguneratuaren fotokopia eta jatorrizkoa.

-Ibilgailuaren zirkulatzeko baimenaren fotokopia eta jatorrizko agiria.

-NANaren fotokopia konpultsatua eta jatorrizkoa.

-Herrian erroldaturik dagoelako ziurtagiria.

-Eskaera familiako batek egiten duenean, desgaitasuna duen pertsonaren eta eskatzailearen arteko loturari buruzko datuak emango dira: NANa, familia liburua...

-Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

4. artikulua. Txartelaren erabilera.

1. Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean jarriko da, txartelaren aurrealdea aise ikusteko moduan dela, kanpotik kontrolatzeko.

2. Indarraldia amaituta, lau urtekoa izanen baita txartela ematen denetik aurrera, ez du gehiago baliorik izanen, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

3. Ibilgailu txartelduna aparkatu ahalko da:

a) Ordutegi mugarik gabe, desgaitasuna dutenendako erreserbatuta eta seinalatuta dauden lekuetan.

b) Denbora tarte mugatu batean, bai zamalanetarako erreserbatuta dauden lekuetan bai seinale bidez aparkatzeko debekua adierazita dagoen tokietan bai bertzelakoetan, udaltzainek espresuki baimena emanez gero.

4. Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean: txartelaren titularra barruan ez dagoenean, oinezkoendako pasabideetan, espaloiaren gainean, geldialdi debekatua duten eremuetan, garraio publikoarendako erreserbatutako erreietan eta, oro har, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

5. Txartela udalerri batean eskuratu eta bertze batean aparkatuz gero, udalerri horretan ezarrita dauden arauak eskatu beharko dira.

6. Edozein arrazoi dela medio, txartela erabiltzeari utzi behar bazaio, eskuratutako Udalean itzuli beharko da, arrazoiak adierazita.

7. Txartela galdu edo norbaitek ebatsiz gero, hura eskuratu zen Udalean eman beharko da gertaeraren berri.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

-Txartela lortzeko aurkezten diren datu, ziurtagiri edo bertzelakoak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

-Orobat, txartelak baimen administratiborik gabe erabiltzea edo bertze baten txartelaz baliatzea edo, iruzur eginez, haien kopiak ateratzea.

Faltsutu dutenak eta txartelaren eskatzaileak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea irekiko da; betiere, ebazpenaren aitzin, entzunaldia emanen zaie interesdunei. Zehatzeko ahalmenaren gaineko Erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L1007763