64. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, 2010eko maiatzaren 10ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, Plazaola Turismo Partzuergoak sustatutako "Plazaolaren trazadura zaharra Iruña-Irurtzun tartean berreskuratzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala" onesten duena.

I.-Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak, 2009ko irailaren 28ko bileran hartutako erabakiaren bitartez, Plazaola Turismo Partzuergoak sustatutako "Plazaolako trenbide zaharraren ibilbidea Iruña-Irurtzun zatian berreskuratzeko proiektua" udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzea, plana jendaurrean jartzea eta jarduketak ukituko dituen alderdien Udalei entzunaldia ematea erabaki zuen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritako ondorioetarako eta Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako ere bai.

UPSaren xedea da Plazaolako trenbide zaharraren ibilbidearen zati zehatz bat -Iruña-Donostia- "bide berde" gisa berreskuratzea, Irurtzungo geltoki zaharreko plataformaren eta Iruña eta Berriobeiti arteko mugaren artean. Ibilbide hori motorrik gabeko turismoko eta jolaseko jardueren ardatz gisa erabiltzea da helburua. Horrela, proiektu honen bidez, Nafarroan Plazaolako trenbidearen gainerako ibilbidean egindako ekintzak osatuko lirateke. Jatorrizko plataforma berreskuratzea ezinezkoa den zatietan, ibilbide alternatiboak aurreikusi dira, "bide berdearen" jarraipena bermatzeko.

Erabaki hori 2009ko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 21ean.

2009ko abenduaren 16an, Plazaola Turismo Partzuergoak UPSaren Testu Bategina aurkeztu zuen. Testu horretan, aldaketa batzuk agertzen dira, honako hauek kontuan hartuta egindako aldaketak: aipatu Erabakian ezarritako determinazioak, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak egindako alegazioan agertzen den proposamena, eta espedientea tramitatzean egindako txostenen edukia.

II.-Alegazioak.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak alegazio-idazki bat aurkeztu du. Ondoren azaltzen dira idazkiaren edukia eta eman zaion erantzuna.

Edukia:

-UPSaren eremua handitzea proposatzen da, eta Plazaolaren Iruñean barnako trazadura eranstea ere bai.

-Kasu horretan, Plazaolaren trenbideak Iruñean zehar egiten duen ibilbidearen ezaugarriak Iruñeko Udalak berak defini ditzala.

Erantzuna:

Alegazio horiek onargarriak direla uste da.

Horri dagokionez, zera adierazi behar da: aurkeztu den Testu Bateginak UPSaren esparruan trenbide zaharrak Iruñeko udal mugapean zehar egiten duen ibilbidea txertatzen du; memorian ibilbide horren deskribapena sartzen du; halaber, 8. idatz-zatian ("Indarreko planeamenduaren aipamena") egokiak diren aipamenak egiten dira, eta azaltzen da trazadura ia-ia osorik hiri lurzoru finkatu eta publikoetan zehar doala, Armendáriz Erregeordearen plazaren eta udal mugapearen mugaren artean dagoen tartea -82 metrokoa gutxi gorabehera- izan ezik. Tarte hori "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko" udalez gaindiko plan sektorialaren barnean dago, eta plan horretan aurreikusita dago tarte hori lurzoru publikoan parke edo berdegune gisa sartzea. Inguruabar horiengatik guztiengatik, bidezkotzat jo da Plazaolak Iruñean barna duen trazadura Lurzoruaren Jabetzari buruzko Azterlanean ez sartzea; eta, azkenik, Memorian proposatzen da tartearen azken tratamendua Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak berak zuzen dezala.

III.-Saratsako Kontzejuaren alegazioa.

2010eko urtarrilaren 20an, UPSaren sustatzaileak Saratsako Kontzejuaren ordezkari gisa jarduten duen José Aizpún García jaunaren idazkia aurkeztu zuen. Idazki horren bidez, egokitzat jotzen duen erabakia har zezala eskatu zuen.

Urtarrilaren 17ko data duen idazki horretan zera azaltzen da: Saratsako Kontzejuak, aparteko bileran, alegazioen epea igaro dela jakin arren, UPSerako alegazio bat aurkeztea erabaki zuen. Alegazio horretan, Saratsan aurreikusita dagoen Plazaolaren trazadura aldatzeko eskatu zuen. Modu horretan, jatorrizko trazadurari jarraituko lioke, N-240-A errepidearen ondoan, eta horrenbestez, hirigunetik aldenduta (proposamen berria dakarren planoa erantsita dago). Horri buruz zera argudiatzen du; UPSean proposatuta dagoen trazadurak, jatorrizko trazadura baztertuta, hirigunea zeharkatzen du, eta horrek arrisku handia ekartzen du, bizikletan ibiltzen den jendearen trafikoak gora eginen duelako, eta zehazten ez dituen bestelako arazoak egonen direlako.

Saratsako Kontzejuak aurkeztutako proposamena aztertu da. Proposamena onartzeko moduko datu hauek daudela azaldu behar da: alde batetik, neurri batean alde horretan Plazaolaren jatorrizko trazadura berreskuratuko litzateke; bestetik, Kontzejuak proposatzen duen trazadura Saratsan indarrean dagoen hirigintzako planeamenduak xede eta erabilera publikoko gisa kalifikatzen dituen lurzoruetan zehar joanen litzateke. Horrenbestez, zera uste da: azterketa zabalagorik ez dagoela kontuan hartuta -adibidez, trazadura berriaren bideragarritasun tekniko eta funtzionalari buruzkoa, agertzen diren baldintza topografikoengatik, eta legezko bideragarritasunari buruzkoa, N-240-A errepidearen ondoan egoteagatik-, trazadura hori aukeratzea une honetan behar baino lehenago hartutako erabakia izanen litzateke. Horregatik uste da oraingoz behintzat hasieran proposatutako trazadurari eutsi behar zaiola. Dena dela, hori ez da oztopo izanen UPSa aldatzeari buruzko espedientea tramiterako aurkezteko. Hain zuzen ere, espediente horretan Saratsako Kontzejuak bultzatzen duen trazadura proposatzen ahalko litzateke, lehenago aipatu diren baldintza tekniko eta funtzionalak zein legalak betetzen direla bermatuko lukeen trazadura.

IV.-Gobernuaren 2009ko irailaren 28ko erabakiaren determinazioak betetzea.

Erabaki horretan ondoko zehaztapenak ezarri ziren:

A) Txostenari buruzko ebazpena eman aurretik, erabaki honen azalpen zatian, lurraldeari eta hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoen atalean aztertutako eta deskribatutako alderdiak berrikusi beharko dira, eta hala behar izanez gero, UPSean sartu.

B) Obrak exekutatzeko idazten diren eraikuntza-proiektuek kontuan hartuko dituzte, besteak beste, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2009ko irailaren 3an emandako txostenean adierazitako errekerimenduak.

A) determinazioan aipatzen den lurraldeari eta hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoen atalean zera azaltzen da: dokumentuaren 9. idatz-zatiak "Indarra duen planeamendua egokitzeko irizpideak" izenburua izan beharrean "Indarra duen planeamendua egokitzeko determinazio eta irizpideak" izan beharko luke. Gero, beste hau azaltzen da: komenigarria izanen litzateke UPSean ezartzea edota egokitzea UPSak berak Plazaolaren galtzadaren eraginpean dauden lurzoru gisa txertatzen dituen lurzoruen kalifikazioari eta beste hainbati buruzko determinazioak; lurzoru horien xedea eta erabilera eta lurzoru horietan baimentzen ahal diren jarduerak; lurzoru urbanizaezinean zehar trenbidearen bi aldeetan gorde beharreko babes zerrenda, eta zerrenda horren babes araubidea. Bada, UPSa behin betiko onesteko aurkeztutako Testu Bateginean, adierazitako determinazio horiek behar bezala agertzen dira, eta determinazio horien artean Iruñeko Mankomunitateak bere txostenean egindako proposamenak daude.

A) idatz-zatian bertan, proposatutako trazaduraren barneko "Berriozar" izeneko bigarren tartearen eta Iruñerriko eskualdeko hirigintza arauetan aurreikusitako RVP-8 bidearen artean (Nafarroako Erdialdeko Lurraldea Antolatzeko Planak (LAP 3) mantentzen duen bidea, hain zuzen) sortzen ahal diren interferentziak kontuan hartu ondoren, zera esaten da: "komenigarria da tarte horren posizioa eta diseinua alde batetik eta Iruñeko metropoli eremuaren iparraldera sartzeko bide horren diseinua bestetik ahal den neurrian koordinatu ahal izateko irizpideak aztertzea eta agerraraztea". Gomendio horri ematen zaion erantzuna 9.2 epigrafean ("Lurralde arloko gomendioak") agertzen da, testu honekin: "Iruñerriko eskualdeko hirigintza arauetan aurreikusitako RVP-8 bidearen trazadurak bide berderako hartutako trazadura oztopatuz gero, uste da aipatu bidearen proiektuan bide berde hori bera txertatzen saiatu beharko litzatekeela. Kasu horretan, trazaduraren jarraitutasuna bermatzeko eta funtsezko ezaugarriak mantentzeko ibilbide berri bat aukeratu beharko litzateke".

Aurreko erantzuna orokorrean nahikoa dela uste da, kontuan hartzen bada, alde batetik, Iruñerriko eskualdeko hirigintza arauetan aurreikusitako RVP-8 bidea zein eskalatan grafiatuta dagoen, eta beste alde batetik, aipatu RVP-8 bidea benetan egiteko eta Iparraldeko Ingurabidearekin lotzeko aldez aurretik gunea zeharkatzen duen trenbide-begizta kendu behar dela, hain zuzen ere bide horren trazadura zehazteko une aproposa.

Hala ere, gai horri buruz egindako azterketan egiaztatu da Plazaolak Berriozarko Artiberri II Sektorean zehar egiten duen ibilbideak "sistema orokorreko berdegune publikoetarako" eta "biderako" erabilera publikoko lurzoru libreak ukitzen dituela -zehazki, Iruñerriko eskualdeko hirigintza arauetan aurreikusitako RVP-8 biderako erreserbatuta dagoen espazio bat-, eta horrek Sektore horretako Plan Partzialaren determinazioak betetzen dituela. (Erreserba hori Berriozarko Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduan agertzen da, oraindik ebazteko dagoen eta UPSaren dokumentazioan sartuta dagoen horretan). Beraz, uste da Plazaolak Berriozarko Artiberri II Sektorean zehar egiten duen ibilbideak "sistema orokorreko berdegune publikoa" zeharkatu beharko lukeela, iparraldeko bazterrean RVP-8 biderako erreserbatuta dagoen espazioaren paraleloan, eta espazio hori ukitu gabe.

B) determinazioari buruz, iruzkina VI idatz-zatiaren edukian agertzen den berbera da.

V.-Emandako txostenak.

1. Iruñerriko Mankomunitatearena (09/09/30).

Plazaola atontzeak eskatzen dituen jarduketek hornidura eta saneamendu instalazioak ukitzen ahal dituztela kontuan hartuta, Mankomunitateak bidearen behin betiko eraikuntza proiektua idaztean kontuan hartu beharreko jarraibideak planteatzen ditu bere txostenean. Proiektu hori nahiz instalazio horiek (presio handiko banaketan nahiz hiriko banaketan) ukitzen ahal dituzten tarteko dokumentu guztiak SCPSAri aurkez dakizkiola eskatzen da, erakunde horrek onar ditzan.

Jarraibide horiek 9.1 epigrafean ("Indarra duen planeamendua egokitzeko determinazio eta irizpideak") txertatu dira.

2. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiarena.

2009ko azaroaren 16an, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak txostena egin zuen, eta UPSari buruz hainbat determinazio ezarri zuen.

Txosten horri buruz zera adierazi behar da: Testu Bateginaren hitzaurrean esaten da testu horrek jasotako txostenetan -besteak beste Herri Lan Zuzendaritza Nagusiarenean- agertzen diren ohar eta gogoetak txertatzen direla. Hala ere, dokumentuaren gainerako zatian ez da agertzen txosten horren edukiari buruzko aipamen espliziturik. Hortaz, jarraian txosten horretan planteatzen diren determinazioen aipamena eginen da, eta era berean, dagokien iruzkina eginen da.

a) Trenbide azpiegiturei dagokienez: Plazaolako trenbide zaharraren ibilbidea Zaragoza-Altsasu trenbidearen paraleloan ibiltzen denez, Trenbide Azpiegituren Administratzaileari baimena eskatu beharko zaio.

Puntu horri dagokionez adierazi behar da trenbide zaharra eta Zaragoza-Altsasu trenbidea paraleloan ibiltzen direla Plazaolaren UPSaren tarte hauetan: Berriobeiti (Artika) eta Berriozar. Bada, tarte horien artean lehenengoa ia osorik jatorrizko trazadura berbera da, eta gaur egun jabari eta erabilera publikoko gune libreen artean txertatutako oinezkoentzako ibilbidea da, hori guztia Mogotes sektorearen garapenaren ondorioz; eta bigarren tartearen kasuan ere, proposatutako trazadura ibilbidearen zati handienean jatorrizko trazadura berbera da, Berriozarko Artiberri II Sektorean "sistema orokorreko berdegune publikoetarako" eta Iruñerriko eskualdeko hirigintza arauetan aurreikusitako RVP 8 biderako erabili beharreko erabilera publikoko lurzoru libreak ukituz, arestian adierazi den bezala. Hori kontuan hartuta, Sektorean Plazaolaren trazadura aldatzeko proposamena egin da: Zaragoza-Altsasu trenbidetik aldentzea, RVP-8 biderako erreserbatuta dagoen espazioaren iparraldeko bazterrean dagoen berdegunea zeharka dezan; hortaz, bide hori Zaragoza-Altsasu trenbidearen eta Plazaolaren trazaduraren artean geratuko da.

Esandakoari zera gehitzen ahal zaio: 2009ko abuztuaren 18an Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusian "Ipar-Ekialdeko Abiadura Handiko Trenbide Korridorearen eraikuntza proiektuaren sintesi-memoria. Iruñerriko trenbide sare berria: Trenbidearen kizkurgunea kentzea. Plataforma" izeneko dokumentua sartu zen, horri buruzko txosten egokia egiteko. Txosten hori Zuzendaritza Nagusi horrek eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak batera egin zuten 2009ko irailaren 3an.

Hori guztia gorabehera, eta UPS honen aurreikuspenek -onesteko proposatzen diren baldintzekin- Zaragoza-Altsasu trenbidea ukitzen ez dutela kontuan hartuta ere, uste da UPSean aurreikusita dauden obrak egiten hasi baino lehen sustatzaileak ADIFi exekuzio proiektu egokia aurkeztu beharko liokeela, aldez aurretik baimena eman behar balitz ere.

b) Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legea eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapenei dagokienez: Epigrafe horri buruzko determinazioen artean nabarmentzekoa da honako hau: "egun bakoitzeko 2.500 ibilgailuko edo gehiagoko IMDa duten interes orokorreko errepideak zeharkatzen diren lekuetan ez da onartuko oinezkoentzako pasabiderik".

Bada, determinazio horri buruz zera adierazi behar da: Plazaolaren trazadurak ez du "interes orokorreko" errepiderik zeharkatzen, eta ondorioz, UPS honi ezin zaio aplikatu aipatu determinazioa. (Egun bakoitzeko 2.500 ibilgailu baino gehiagoko IMDa duen errepide bakarra NA-4100 Aitzoain-Lizaso tokiko errepidea da. Zeharkatu beharreko tartean dagoen 145 estazioan, eguneko 2.829 ibilgailuko IMDa dauka. Nolanahi ere, errepide hori urbanizatuta dagoen eta eraikin ugari dituen hirigune batean zeharkatzen da. Oinezkoentzako pasabide ugari ditu gune horrek, eta familia bakarreko 23 etxebizitza eraikitzearen ondorioz sortutako "Ilargi Plaza" izeneko espazio publikoaren aurrean dagoen pasabidean dago gurutzagunea).

Gainerako determinazioak honako hauei buruzkoak dira: Plazaolaren trenbide zaharretik errepideetarako sarbideak jartzeko modua; errepideetara sartzeko tartearen eraikuntza-ezaugarriak eta horren seinaleztapena; errepideen seinaleztapena Plazaolaren trenbide zaharrarekin dituzten gurutzaguneetan; Errepide Sareko bideetako babesguneak, eraikuntza-lerroak eta publizitatearen debeku-gunea; itxitura, heskai eta landare-hesi, kanalizazio eta kutxatilen kokaera eta ezaugarriak; aparkalekuak jarriko direneko distantzia; eta kasuan kasuko exekuzio-proiektuetan bete beharko diren baldintzak nahiz obrek ekartzen dituzten gastuak, mantentze-lanetakoak barne, sustatzailearen kargupekoak izanen direnak. Determinazio horiek guztiak, egiten diren eraikuntza-proiektuen bete beharko dira. Proiektu horiek Herri Lan Departamentuan aurkeztu beharko dira obrak exekutatu baino lehen, obra horietarako bamena eman ahal izateko.

3. Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalarena.

Ez da inon agertzen Atal horrek egindako txostenik. Hala ere, uste da bidezkoa dela UPSa onestea, determinazio honekin: Ondare Historikoaren Zerbitzuak exekuzio proiektuari buruzko txostena egin beharko du obrak hasi aurretik.

VI.-Ohar osagarria.

Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2010eko urtarrilaren 26ko bileran, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziaren proposamen bat aztertu zen, UPSaren 9.1 epigrafeko H puntuan ("Indarra duen planeamendua egokitzeko determinazio eta irizpideak") "bidegorria+espaloia" terminoa txertatzeari buruz, 9.1 epigrafeko H puntuaren idazkeran erabiltzen den "zidorra" terminoa modu esplizituagoan azaltzeko. Modu horretan, honela geratuko da idatzita: "H.-Hiri lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian hartutako trazadura errespetatuko da, dela behar bezala atondutako zidor gisa (bidegorria+espaloia) edo, bidezkoa bada, oinezkoentzako zein ibilgailuentzako espazio gisa ...../.....(etab.)"

VII.-Ingurumen ondorioen adierazpena.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 15eko 620/2010 Ebazpenaren bidez, Ingurumen ondorioen adierazpena egin zen Plazaolaren trazadura zaharra Iruña-Irurtzun tartean berreskuratzeko udalez gaindiko plan sektorialari buruz. Aldeko adierazpena izan zen. UPSa garatzeko dokumentazio teknikoan agertzen diren neurri zuzentzaileak bete beharko direla eta Adierazpen horretan agertzen diren oharrak kontuan hartu beharko direla ezartzen da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Plazaola Turismo Partzuergoak sustatutako "Plazaolako trenbide zaharraren ibilbidea Iruña-Irurtzun zatian berreskuratzeko proiektua" onestea, honako determinazio hauekin:

a) Plazaolaren trazadurak Berriozarko Artiberri II Sektorean zehar egiten duen ibilbideak "sistema orokorreko berdegune publikoa" zeharkatuko du, iparraldeko bazterrean Iruñerriko eskualdeko hirigintza arauetako RVP-8 biderako erreserbatuta dagoen espazioaren paraleloan, eta espazio hori ukitu gabe.

b) UPSaren 9.1 epigrafeko H puntua ("Indarra duen planeamendua egokitzeko determinazio eta irizpideak") erabaki honen azalpen zatiaren VI idatz-zatian adierazita dagoenaren arabera geratuko da idatzita.

c) Dagokion eraikuntza proiektua idaztean kontuan hartuko dira Iruñerriko Mankomunitateak 2009ko irailaren 30eko txostenean egindako adierazpenak. Proiektu hori eta hornidura eta saneamenduko instalazioak ukitzen ahal dituzten tarteko dokumentu guztiak SCPSAri aurkeztuko zaizkio, erakunde horrek onar ditzan.

d) UPSean aurreikusita dauden obretako batzuk Plazaolako trenbide zaharraren ibilbidea Zaragoza-Altsasu trenbidearen paraleloan ibiltzen den tartean egin behar dira. Obra horiek egiten hasi baino lehen, sustatzaileak ADIFi eraikuntza proiektu egokia aurkeztuko dio, erakunde horrek aldez aurretik baimena eman behar balu ere.

e) Halaber, obrak exekutatzen hasi baino lehen, Ondare Historikoaren Zerbitzuak eraikuntza proiektuari buruzko txostena egin beharko du.

f) Nafarroako errepideei eragiten dioten obren eraikuntza proiektuak Herri Lan Departamentuan aurkeztu beharko dira obrak exekutatu baino lehen, bidezkoa bada obrei baimena eman ahal izateko.

3. Eraikuntza proiektua eta horri dagozkion obrak egiteko orduan, UPS honen Ingurumen ondorioen adierazpenak dioena beteko da.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari eta Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari igortzea.

5. Erabaki hau Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF), Iruñerriko Mankomunitateari, Iruña, Berriobeiti, Berriozar, Itza Zendea, Arakil eta Irurtzungo Udalari, Saratsako Kontzejuari eta Arangurengo Udalari eta Plazaola Turismo Partzuergoari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitu duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egin ahal izanen diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 10ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1008384