64. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZARAITZUKO ETA NABASKOZEKO
GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, familia-langile izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez eta lanaldi erdian betetzeko

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzuko familia-langile izateko bi lanpostu, D mailakoak, oposizio-lehiaketa bidez eta lanaldi erdian betetzea.

Halaber, deialdiaren bidez hautaprobak gainditu bai, baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatuko da, deialdi honen 8.4 oinarrian xedatutakoarekin bat.

1.2. Izendapenak nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, lanaldi partzialean aritzeko, eta Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

1.3. Hautapen probak gainditurik, deialdiko lanpostua betetzeko izendatua gertatzen den pertsona D maila edo taldean egokituko da, eta plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarrita dauden lansari eta osagarriak bilduko ditu.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute. Beharrezkoa izanen da kontratatzen den pertsona bere kabuz mugitu ahal izatea, eta Nafarroako Gobernuak ezarritako kilometro-ordaina jasoko du.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bururatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, beren kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Eskola Graduatuaren titulua izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

f) Ibilgailuak gidatzeko, gutxienez ere B1 motako baimena izatea.

Baldintza horiek guztiak deialdi honetan ezarritako epean eta moduan frogatu beharko dituzte hautaturiko izangaiek. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen direla ulertuko da eta oposizio garaitik izendapenera arte bete beharko dira.

3.-Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mankomunitateko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, Ezkarozeko Herriko Etxean baitago (telefonoa: 948/890705-890529). Horretarako hogeita hamar egun natural egonen dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

Izangaiak 6.1 atalean xedatzen denaren arabera alegatzen dituen merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bururaturik, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda eta epaimahaiaren osaera onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta haiek ebatzi ondotik, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.4. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko ariketak non, noiz eta zer ordutan eginen den. Denak egun berean eginen dira.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Mankomunitatekoa.

Mahaikide 1, Mankomunitatearen Batzarreko kideen artean izendatzekoa.

2 mahaikide, oinarrizko gizarte zerbitzuak ezagutzen dituzten teknikarien artean izendatzekoak.

Mahaikide idazkaria: Mankomunitatekoa.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da elkartzea mahaiburua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek laguntza emanen diete epaimahaikoei, nork bere espezialitate teknikoan soilik.

6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

6.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 30 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:

a) Laneko esperientzia.

Familia-langile gisa toki entitateen etxeko laguntza zerbitzuan lanaldi osoan lan egiteagatik, 2 puntu urte bakoitzeko eta gehienez ere 20 puntu. Gizarte Segurantzako Diruzaintzak lan bizitzari buruz egindako txostenarekin baizik ez da baloratuko merezimendu hori, kontratuen kopia konpultsatuarekin batera. Alegaturiko lanaldiak eta kontratazio denbora osoak ez badira, hainbanatuko dira dagokion proportzioan.

b) Prestakuntza.

Ikastaro bakoitzagatik, haren edukiak lanpostuarekin zuzenean ikusteko badu eta gehienekoa 10 puntu izanik:

-20 ordu baino gutiagoko ikastaroak: 1 puntu.

-20tik 40 ordu bitartekoak: 2 puntu.

-41etik 100 ordu bitartekoak: 4 puntu.

-101 ordutik goitiko ikastaroak: 5 puntu.

Fotokopia konpultsatuen bidez alegatu beharko dira merezimendu guztiak.

Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu, aitzineko baremoaren arabera. Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egiterakoan aurkeztu eta egiaztatu beharko dira merezimendu guztiak, agirien bidez. Agiriok jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatuak izan beharko dute, bertzenaz aurkeztu gabetzat joko dira.

6.2. Lehiaketaldian 70 puntu eskuratuko dira, gehienez ere. Probak baztergarriak izanen dira eta biak eginen dira. Lehenbizi, lehen ariketa zuzenduko da, eta izangaiak gainditzen ez badu ez zaio bigarrena zuzenduko. Lehenbizikoa gainditu duten izangaien bigarren ariketa baizik ez da zuzenduko.

Oposizioak ariketa hauek izanen ditu: Lehena: hartan, deialdiaren II. eranskineko gaien gainean zenbait galdera labur edo test motakoak erantzun beharko dira, idatziz, gehienez ere ordu batean. Gehieneko balorazioa: 30 puntu. Baztertuak izanen dira gutienez 15 lortzen ez dituztenak. Erantzun okerrak zigortuko dira.

Bigarrena: hartan, lanpostuaren berezko lan eta eginkizunekin loturiko kasu praktiko baten inguruan idatzi beharko da, gehienez ere bi orduz. Gehieneko balorazioa: 40 puntu. Bazterturik geldituko da 20 puntu ateratzen ez dituena.

6.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo gisako bertze nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu dokumentuetako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

Pliken sistema erabiliko da ariketak egiteko.

7.-Gainditzen dutenen zerrenda.

7.1. Oposizioko azken ariketaren kalifikazioa emanik, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda jarriko du jendaurrean epaimahaiak Mankomunitateko iragarki oholean, izangai bakoitzak oposizioko ariketetan eta lehiaketaldian ateratako kalifikazioak batu ondoan, eta puntuazio handiena erdietsi duen izangaia izendatzeko proposamena eginen du.

7.2. Epaimahaiak proposatu duena izendatuko du Mankomunitateak eta izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Proposaturiko izangaiak ondoko agiriak ekarri beharko ditu, izendapen proposamena argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen bertze agiri baliokideren bat.

b) Deialdian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

e) Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbertzekoetan izan ezik, izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetuko dira, hasierako eskabidean gezurra errateagatik egozten ahal zaion erantzunbeharra aparte utzirik.

7.4. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 9.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua bururatutakoan, hautatu den izangaia izendatuko du Mankomunitateak.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horren barrenean eta ezinbertzekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finko bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu eta aitzineko oinarrian aurreikusi bezala jokatuko da.

8.4. Probak gainditu bai baina lanposturik erdietsi ez duten gainerako izangaiekin zerrenda eginen da, lortutako puntuazioaren arabera. Mankomunitateak behar duenean aldi baterako kontratazioak egiteko balioko du zerrenda horrek. Gainditu dutenen artean behar den kontratazioa egiterik ez bada, deialdiko lehen azterketan ateratako puntuazioaren arabera eginen dira deiak.

9.-Errekurtsoak.

9.1. Deialdi honen, oinarrien eta bere aplikaziotik sortzen diren egintzen kontra, ondoko errekurtso hauek aurkezten ahal dira, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Ezkarozen, 2010eko abuztuaren 3an.-Mankomunitateko burua, Antonio Azcoiti de Andrés.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ...................................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionala: ....................... (edo balio bereko bertze agiriren bat): ........................; sorteguna: ............................; sorterria: .............. (..............), nazionalitatea: ............................................ egungo helbidea: ............................... (.............), karrika: ............................., posta kodea: ............., telefonoa: .....................

Posta elektronikoa, jakinarazpenetarako: ................................................................................................................................................................

Zure aitzinera azaldu eta adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen dudala .................. izateko ..... lanpostu, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian. Deialdia ...... (e)ko .... Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ...............(e)an.

Deialdiko baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Horiek horrela,

Onartua izatea eskatzen dudala .................. izateko ......lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, ......................... Mankomunitatearen zerbitzuan.

...................................., ...........(e)n, ...................aren .......(e)an.
Sinadura

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.-15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2.-Beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonei laguntzeko programa, oinarrizko gizarte zerbitzuen ingurumarian. Etxeko laguntza zerbitzua. Definizioa. Hartzaileak. Laguntzaren helburu diren egoerak.

3.-Familia-langileak etxeko laguntza zerbitzuan. Lanaren egitekoak eta ezaugarriak. Familia-langilearen koordinazioa lan taldeko profesionalekin. Etika profesionala oinarrizko gizarte zerbitzuen barrenean, informazio konfidentzialaren erabilera bertze zerbitzu batzuekiko harremanetan.

4.-Komunikazioa eta trebetasun sozialak familia-langilearen lanean. Gatazka egoerak gobernatzea. Talde lana gizarte zerbitzuen barrenean.

5.-Hirugarren adina. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

6.-Desgaitasun fisiko eta psikikoak. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.

7.-Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko bertze gizarte eta familia egoera batzuk. Familia-langilearen lana, esku-hartzea jasotzen duten familiek adingabeak dituztenean ardurapean.

8.-Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, soinketa eta loa. Istripuei aitzintzea. Lehen sorospenak. Norberaren higienea eta etxebizitzaren garbitasuna. Laguntza teknikoak honako zeregin hauetarako: zainketa pertsonalak, mugikortasuna, elikadura eta etxearen moldatzea.

9.-Zaintzaileendako laguntza, etxeko laguntza zerbitzutik. Familia-langilearen esku-hartzea eta haren eginkizunak.

10.-Gizarte zerbitzu orokorren zorroa, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez onetsia eta 2008ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 9an. Foru Dekretuaren 1.etik 7.era bitarteko artikuluak, eta 1. eranskina, lehen laguntzako prestazioei buruzkoa.

11.-Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Estatutuak (1996ko 67. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 3koa). Zaraitzuko eta Nabaskozeko Mankomunitatearen etxeko laguntza zerbitzuaren prezio publikoak arautzen dituen ordenantza (1997ko 74. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 20koa). Ordenantza horretako aldaketa (2007ko 79. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 27koa).

Iragarkiaren kodea: L1007595