64. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

685/2010 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen eta kontratupeko langileentzako laguntzen deialdi orokorra onesten duena, titulu ofizialak eta lurralde nazional osoan baliagarri direnak lortzeko ikasketak egin ditzaten.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2005eko abenduaren 20an egindako bileran, erabaki zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen eta kontratupeko langileentzako laguntzen deialdi orokorraren oinarriak, titulu ofizialak eta lurralde nazional osoan baliagarri direnak lortzeko ikasketak egiteko.

Gizarte Kontseiluak, 2005eko abenduaren 29an egindako bileran, 39/2005 Erabakiaren bidez, onetsi zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen eta kontratupeko langileentzako laguntzen deialdi orokorraren oinarriak, titulu ofizialak eta lurralde nazional osoan baliagarri direnak lortzeko ikasketak egiteko. Abenduaren 30eko 1696/2005 Ebazpenak agindu zuen aipatu erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Urtero, errektorearen ebazpenaren bidez, dagokion deialdia onesten da.

2009-2010 ikasturte honetan, Unibertsitateko ikasketa ofizialen araubidean gertatzen diren aldaketengatik, beharrezkoa da deialdiaren beraren oinarrietako hainbat alderdi egokitzea, ikasketa planen aldaketetara egokitzeko xedez. Egokitzapena honako honetan datza: deialdian matrikulatzeko aurreikusten diren baldintzen artean, kontuan hartzea onuradun izan daitezkeenek Gradu, Master edo Lehen eta Bigarren Zikloko ikasketetan egin dezaketela matrikula.

Deialdi honetako Laguntzen Batzordea, 2010eko apirilaren 20an oinarrien egokitzapena aztertzeko xedez bildu ondoren, adierazi zuen ez dela beharrezkoa egitea deialdiaren oinarrien inolako birplanteamendu garrantzitsurik, eta matrikularen egokitzapena aipatu oinarriak onesteko errektoreak urtero egiten duen eta Nafarroako Aldizkari ofizialean argitaratzen den ebazpenean egiteko.

Ikusirik Langileen Kudeaketarako Ataleko buruak egin duen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Ikusirik txosten juridikoa, oinarriak zuzenbidearen araberakoak diren jakiteko egin dena.

Kontuhartzailetzak aldeko fiskalizazioa eginda.

Ikusirik kudeatzailearen eta Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak egindako ebazpen-proposamena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.-Onestea 2009-2010 ikasturteko laguntzen deialdi orokorra, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen eta kontratupeko langileentzat, titulu ofizialak eta lurralde nazional osoan baliagarri direnak lortzeko NUPen egiten diren ikasketetarako, eta, halaber, onestea hori arautuko duten oinarriak, Ebazpen honen eranskin bakar modura jasota daudenak.

Bigarrena.-Deialdi honen finantzaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2010eko ekitaldirako duen Aurrekontuan gaituriko kontusail honen kargura ordainduko da: 41/41.00/480.04 "Bekak. Matrikulak".

Hirugarrena.-11.291,40 euroko gastua baimentzea, 41/41.00/480.04 "Bekak eta Matrikulak" kontusailaren kargura.

Laugarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.-Eskaeraren eredu ofiziala Unibertsitatearen Intraneten jartzea, eta interesdunen eskura ere jartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuan eta Erregistro Orokorrean.

Seigarrena.-Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 10ean.-Errektorea, Julio Lafuente López jauna.

ERANSKINA

2009/2010 ikasturteko laguntzen deialdi orokorraren oinarriak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioentzat eta kontratupeko langileentzat, titulu ofizialak eta lurralde nazional osoan baliagarri direnak lortzeko ikasketak egin ditzaten

I.-Laguntzaren xedea.

Nafarroako Unibetsitate Publikoaren administrazio eta zerbitzuetako langileek eta irakasle eta ikertzaileek, laguntzak eskatu ahalko dituzte, beraientzat, beren ezkontidearentzat edo izatezko bikotearentzat eta 25 urtez azpiko beren seme-alabentzat, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten diren titulu ofizialetako matrikula-eskubideak ordaintzeko.

Lanaldi ez-osoko langileek gehienez jasoko duten diru-kopurua lanaldiaren ehunekoaren araberakoa izango da.

Horri begira, ondorengo hauek ez dute lanaldi ez-osoko izaera edukiko: lanaldi-murrizketa dutenek, adingabeko haurren, adinekoen eta ezinduen zaintzagatik, bai eta beste edozein lanaldi-murrizketa dutenek ere, aurrekoen antzeko arrazoiengatik denean.

II.-Deialdiaren izaera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren matrikula-eskubideak ordaintzeko laguntzak Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren deialdietakoen osagarriak izango dira, edo, kasua bada, eskatzailea onuradun geratzen den beste edozein autonomia erkidegotako deialdietakoen osagarriak.

III.-Laguntzen onuradunak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Aurrekontuen kontura lansaria jaso, eta ondoko baldintza hauetakoren bat betetzen duten langileek eskatu ahalko dituzte laguntzak eta, halaber, berorien onuradunak izan:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jarduneko langileak, laguntzak eskatzean karrerako funtzionario edo behin betiko lan kontratupeko langileak direnak.

b) Irakasle eta ikertzaileak, edo administrazio eta zerbitzuetako langileak, Unibertsitateak behin-behinekoz izendatu edo aldi baterako kontratatu dituenak. Izendapena edo kontratua, laguntza eskatzean indarduna izango da, eta gutxienez hamabi hilabetetarako iraupena izan behar du, eta horietatik gutxienez sei laguntzaren xede den ikasturtetakoak izango dira.

c) Erretiroa harturiko langileak, erretiroa hartu zutenean Nafarroako Unibertsitate Publikoan lanpostua zuten karrerako funtzionarioak edo behin betiko lan kontratupeko langileak zirenak.

d) Erabateko ezgaitasun iraunkorra edo baliaezintasun handia aitortuta duten langileak, egoera horren aitorpena egin zenean Nafarroako Unibertsitate Publikoan lanpostua zuten karrerako funtzionarioak edo behin betiko lan kontratupeko langileak baziren.

e) 25 urtez azpikoak, haien gurasoak hil badira, eta Unibertsitateko karrerako funtzionarioa edo behin betiko kontratupeko langilea baldin bazen, hil zenean, gurasoetako bat gutxienez.

Eskatzaileak laguntza eskatzen ahal du berarentzat, ezkontidearentzat edo izatezko bikotearentzat, eta 25 urtez azpiko seme-alabentzat.

IV.-Zein ikasketatarako eskatzen ahal da laguntza.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ematen diren ikasketak, titulu ofizialak eta lurralde nazional osoan baliagarri direnak lortzeko bideratuak egiteko eskatu ahalko da laguntza, bakar-bakarrik.

Onuratzeko eskubidea duen bakoitzak laguntza soilik eskatu ahalko du ikasketa bakar baterako. Ez da unibertsitateko ikasketak egiteko laguntza eskatzen ahal onuradunak unibertsitateko maila bereko edo goragoko ikasketak eginak baldin baditu.

V.-Laguntzaren edukia.

Laguntzaren kopurua lehenengo matrikulako kredituetarako ezarritako prezio publikoraino iristen ahal da.

Laguntzan ez dira sartzen administrazio-zerbitzuengatik ordainditutako prezio publikoak.

VI.-Eskatzaileak bete beharreko eskakizun orokorrak

Oro har, ondoko eskakizun hauek bete behar dira.

A.-Deialdi honen III. atalean adierazitako taldeetako batekoa izatea.

B.-Onuratzeko eskubidea duena deialdi honen IV. oinarrian adierazitako ikasketetakoren batean matrikulatua egotea.

C.-Beka-eskaera aurkeztuta edukitzea Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren aurrean eta/edo Nafarroako Gobernuaren aurrean eta/edo, bidezkoa bada, beste edozein autonomia erkidegoren aurrean, dagozkion deialdietako eskakizunak betetzen direnean.

VII.-Irakaskuntza eskakizunak.

-Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak, laguntza beraientzat eskatzen dutenak:

Deialdi honetako III. ataleko a) eta b) ataletako Unibetsitateko langileek, laguntza beraientzat eskatzen badute, Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak onetsitatko Iraupen Arauak bete beharko dituzte.

-Gainerako onuradunak:

Laguntza erdiesteko ondoko irakaskuntza-eskakizun hauek bete behar dituzte:

1.-Matrikulazioa.

A) Gradu eta Master ikasketak.

Ikasleak bere irakaskuntza-araudiko kredituen gutxienezko kopurua matrikulatu beharko du, duen arduraldi motaren arabera.

B) Lehen eta bigarren zikloetako ikasketak.

B.1) Sarrera berriko ikasleak. Ikasleak bere ikasketak arautzen dituzten arau bakoitzean ezarritako kredituen gutxienezko kopurua matrikulatu beharko du.

B.2) Gainerako ikasleak. Ikaslea bakoitzak gutxienez 60 kreditu matrikulatu behar ditu ikasturteko, edo ikasketak amaitzeko behar dituenak, 60 kreditu baino gutxiago behar baditu.

Baliokidetu, egokitu, aitortu edo transferitutako kredituak ez dira zenbatuko aurreko puntuan eskatutako gutxienezko kreditu-kopurua betetzeko.

2.-Kredituak gainditzea.

Eskatzailea joan den ikasturtean izaera bereko laguntzaren onuraduna izan bada:

a) Ingeniaritzako ikasleak, edo Ingeniaritza edo Arkitektura jakintza adarrei atxikitako master batekoak.

Gutxienez ere, matrikulatutako kredituetatik %50 gainditu beharko dituzte.

b) Gainerako ikasleak.

Gutxienez ere, matrikulatutako kredituetatik %60 gainditu beharko dituzte.

Ikasturte jakin batean ikasle bakoitzak matrikulatu behar duen gutxienezko kreditu-kopurua ez zaio eskatuko ikasleari, ikasketak amaitzeko 60 kreditu baino gutxiago gelditzen bazaizkio.

Dagokion titulua erdiesteko edo irakasgaiak baliokidetzeko beharrezko kopuruaz gaindiko kredituak ez dira sartuko aurreko atalek aipaturiko gutxienezkoen barnean.

Ikasketarik egin gabe ikasturteren bat igaro bada, ikasturterako ezarritako betekizunak matrikulatutako azken ikasturteari ezarriko zaizkio.

VIII.-Ekonomia betekizunak.

Laguntza jasotzeko, kontuan hartuko dena da deialdi honetako X. atalean jasotzen den familiaren errenta-muga erabilgarria, eta errenta hori kalkulatuko da Ikuskapen eta Zerbitzuetako zuzendari nagusiaren ekainaren 25eko 386/2009 Ebazpenak ezarritako arauekin bat etorriz. Ebazpen horrek 2009/2010 Ikasturteko Beken Deialdi Orokorra, maila ertainekoa eta unibertsitateko mailakoa, onetsi zuen. 2009ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 26koa.

IX.-Laguntza jasotzea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren laguntzekin batera Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak, Nafarroako Gobernuak edo beste Autonomia Erkidegoetakoek emandako laguntzak daudenean, onuradunak soilik bi kopuruen total absolutuen arteko diferentzia jaso ahal izango du Nafarroako Unibertsitate Publikotik, irakaskuntza berarengatik, eta betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoak baimentzen duena bigarren erakunde horrek aitortzen duena baino handiagoa bada. Diferentzia zero denean, edo Nafarroako Unibertsitate Publikoaren laguntza txikiagoa denean, beste erakundeak emandako laguntza aukeratu behar da.

Laguntzaren onuradunak laguntza jasoko du bere lansariak jasotzeko Unibertsitatean agertzen den banku-kontuan sartuko zaion diru-kopuruaren bidez.

Unibertsitatean lan egiten ez duen laguntzaren eskatzaileak laguntza jasoko du horretarako ezarritako kontu-zenbakian egindako diru-sarreraren bidez.

X.-Dirulaguntzaren zenbatekoa.

A.-Deialdi honen III. puntuan agertzen direnen eskaerak, laguntza beraientzat eskatzen badute.

Jasoko duten laguntza izango da lehenengo aldiz matrikulatutako irakaskuntzaren prezio publikoen %100.

Ez dira lehen aldiz matrikulatutako kreditutzat hartuko aurretik matrikulatu eta gainditu ez ziren irakasgaien ordez matrikulatutako aukerako irakasgaiei edo hautaketa libreko irakasgaiei dagozkienak.

B.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak, laguntza beste onuradunentzak eskatzen dutenak

Eskaerak sailkatuko dira deialdi honetan ezarritakoarekin bat etorriz kalkulatutako familia-errenta erabilgarriaren arabera, ondoko tarte hauetan:

Diru-kopurua.

K. KP.

1. TARTEA

2. TARTEA

3. TARTEA

1

18.272,23

23.821,78

39.734,85

2

27.408,34

35.732,66

59.602,27

3

36.544,46

47.643,54

79.469,70

4

45.680,56

59.554,42

99.337,13

5

54.816,69

71.465,32

119.204,55

6

63.952,80

83.376,20

139.071,97

K. Kp.: Familia-unitatearen kide kopurua:

-1. tartea lehenengo aldiz matrikulatutako kredituei dagozkien prezio publikoen %100.

-2. tartea lehenengo aldiz matrikulatutako kredituei dagozkien prezio publikoen %80.

-3. tartea lehenengo aldiz matrikulatutako kredituei dagozkien prezio publikoen %70.

Ez dira lehen aldiz matrikulatutako kreditutzat hartuko aurretik matrikulatu eta gainditu ez ziren irakasgaien ordez matrikulatutako aukerako irakasgaiei edo hautaketa libreko irakasgaiei dagozkienak.

XI.-Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerarekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

a) Beste erakunde batean aurkeztutako laguntza-eskaeraren ordezkagiriaren fotokopia, bidezkoa bada, edo zinpeko aitorpena, interesdunak arrazoi berarengatik beste laguntza bat jasotzen ez duela adierazten duena, eta ez duela laguntza hori eskatzen beste hainbat deialditan eskatutako betekizunak betetzen ez dituelako.

b) Eskatzailearen eta, beharrezkoa bada, ezkontidearen edo izatezko bikotearen eta familia-unitateko kideen NANaren fotokopiak, bai eta Familia Liburuaren fotokopia ere.

c) 2008ko PFEZaren aitorpenaren fotokopia. Familia-unitateak ez badu egin PFEZaren aitorpena legeak ez duelako horretara behartzen, ondoko dokumentu hauek aurkeztuko ditu eskaerarekin batera:

-Besteren konturako langileen edo pentsiodunen kasuan, 2008an lortutako diru-sarreren egiaztagiria.

-Enpresaburu eta profesional liberalen kasuan, 2008an lortutako diru-sarrera gordinen aitorpena.

d) Nafarroako Gobernuaren 2009/2010 ikasturteko Beka Deialdi Orokorrak, maila ertainetarako eta unibertsitate mailetarako denak, eta Nafarroako Gobernuak eman zuenak (2008ko abuztuaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), bere 10. oinarriko 3. atalean ezarritakoarekin bat etorriz, familia-errenta erabilgarriari aplikatzen ahal zaizkion kenkarien egiaztagiriak.

e) Zinpeko aitorpena, interesdunak eskaeraren xede diren unibertsitateko ikasketen maila bereko edo goragoko ikasketak ez dituela adierazten duena.

XII.-Eskaerak aurkezteko epeak.

Eskaera, eskatutako dokumentazio guztiarekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, Langileen Kudeaketarako Atalari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 20 egun naturaleko epean.

XIII.-Laguntzak ematea, ukatzea eta erreklamazioak.

Eskaerak ebatziko dira errektorearen ebazpenez, Laguntza Batzordeak proposatuta.

Laguntza Batzordearen kideak honako hauek izango dira:

-Gizarte Kontseiluaren burua, batzordeko burua ere izango dena.

-Irakasleen Gaietarako errektoreordea.

-Kudeatzailea edo berak eskuordetutakoa.

-Irakasle eta Ikertzaileen Batzordeak izendatutako mahaikidea.

-AZLren Batzordeak izendatutako mahaikidea.

-Enpresa batzordeak izendatutako mahaikidea.

-Langileen Kudeaketarako Ataleko burua, idazkaria izango dena.

Laguntza Batzordeak gehiengoz hartuko ditu erabakiak, eta batzordeburuaren kalitatezko botoak erabakiko du, berdinketa badago. Gizarte Kontseiluaren burua ez badago, Irakasleen Gaietarako errektoreordea izango da Laguntza Batzordeko burua.

Laguntza Batzordeak erabakiko du emandako laguntzen behin-behineko zerrenda.

Behin-behineko zerrenda horrekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikusteko eskaera egin ahalko dute 10 eguneko epean, behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Soforak eraikineko Giza Baliabideen Zerbitzuko iragarki-oholean eta Unibertsitatearen web-orrialdean. Batzorde horrek ofizioz berrikusi ahalko ditu, halaber, akatsen bat edo deialdian aurreikusitakoaren urraketaren bat duten espedienteak.

Aurretik aipatutako tramitazioa amaitu ondoren, errektorearen ebazpenaren bidez, Laguntza Batzordeak proposatuta, emandako eta ukatutako laguntzen behin betiko zerrenda onetsiko da, Soforak eraikineko Giza Baliabideen Zerbitzuko iragarki-oholean argitaratuko dena.

XIV.-Laguntzen ordainketa.

Laguntzaren onuradunek Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari, Nafarroako Gobernuari edo dagokion autonomia erkidegoari eskatutako laguntza eman edo ukatu zaiela adierazten duen behin betiko jakinarazpenaren kopia aurkeztu behar dute.

Beste erakunde bati arrazoi bararengatik laguntza eskatu ez dizkioten eskatzaileen kasuan, laguntzaren ordainketa gauzatuko da errektorearen Ebazpena, laguntzak ematen dituena, argitaratu eta hurrengo 30 eguneko epean.

Beste laguntza batzuen eskatzaileen kasuan, ordainketa gauzatuko da errektorearen Ebazpena, laguntzak ematen dituena, argitaratu eta hurrengo 30 eguneko epean, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari, Nafarroako Gobernuari edo beste autonomia erkidego batekoari eskatutako laguntza ematen edo ukatzen duen erabakiaren behin betiko jakinarazpena aurkezteko baldintzarekin, berau aipatu hogeita hamar eguneko epe horren barruan oraindik eman ez bada.

Aurreko paragrafoan aipaturiko eskatzaileek Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari, Nafarroako Gobernuari edo dagokion Autonomia Erkidegoari eskatutako laguntza ematen edo ukatzen duen erabakiaren behin betiko jakinarazpenaren kopia aurkeztu behar dute, dagokion erakundeak erabakia hartzen duenetik 15 eguneko gehienezko epean.

Erakundearen erabakiak ezartzen badu Unibertsitateak emandako laguntzaren kopuru bera edo handiagoa emango dela, Unibertsitateak emandako laguntzari edo laguntzei automatikoki uko egiten zaiela ulertuko da, eta hasieran emandako laguntza berehala itzuliko da. Oinarri hauetan ezarritako epean Erakundeari eskatutako laguntza ematen edo ukatzen duen erabakiaren behin betiko jakinarazpenaren kopia ez aurkezteak ondorio bera izango du.

Beste erakunde batek emandako laguntza Unibertsitateak emandakoa baino txikiagoa bada, emandako kopurua automatikoki berrikusiko da, eta berau murriztu egingo da bi laguntzen arteko kopuruen artean dagoen aldera, dagokion kopurua bueltatu egingo delarik.

Laguntza bueltatuko da, dagokion espedientea ireki eta gero, eskatzailearen nominatik dagokion kopurua kenduz.

XV.-Laguntzak ezeztatzea.

Laguntza hauen onuradunek edozein unetan galtzen ahal dituzte, errektorearen erabakiaren bidez, eman zaizkien laguntzak, hortik etortzen ahal diren egintzak galarazi gabe, aurretik dagokion espedientea irekiko delarik laguntzak emateko arauek ezartzen dituzten gaorabeherak bete ote diren baieztatzeko.

Espedientearen ondorioz laguntza ezeztatzen bada, jasotako diru-kopurua itzuli beharko da, eskatzaileak eta/edo ikasleak, zeinaren izenean eskatu baitzen, izaten ahal dituen erantzukizun administratibo, zibil eta penalak galarazi gabe.

XVI.-Datuak biltzea eta lagatzea.

Laguntza eskatzaileek laguntza-eskaeraren kariaz eskatzen zaizkien datu guztiak eman behar dituzte. Datu horiek emateari uko egitea eskatutako laguntza ukatzeko arrazoia izaten ahal da.

Laguntza lortzeko eskainitako datu pertsonalak Unibertsitatean dagoen Giza Baliabideetako Zerbitzuko Informazio Sistemako Fitxategi Automatizatu batean sartzen ahalko dira jaso diren xederako bakarrik. Unibertsitateak banku-erakundeko datuak lagatzen ahal ditu eskatzaileak laguntza jaso dezan. Aplikatu beharreko araudiak ezarritako babes mailarekin tratatuko dira datu pertsonalak, eta behar diren segurtasun neurriak hartuko dira informazioaren konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko.

Interesdunek sarbidea izateko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabili ahalko dituzte, Norberaren Datuak Babesteari buruzko abenduaren Lege Organikoak ezartzen duena betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuan (Arrosadiko Campusa, z.g., Soforak eraikina, 31006, Iruñea).

XVII.-Informazioa.

Laguntza-lehiaketa orokorraren emaitzak oro har jendaurrean jarriko dira, Soforak eraikineko Giza Baliabideen Zerbitzuko iragarki-oholean, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean, bederen.

Iragarkiaren kodea: F1008634