64. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

Basaburua-Imotz Udal Elkartzea

Estatutuen behin betiko onespena

Basaburua-Imotz Udal Elkartzeak ondotik ematen diren estatutuak onetsi zituen, bere funtzionamendurako, 2009ko azaroaren 12an. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1991 Foru Legearen 50. artikuluaren ondorioz, bidezko da hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Basaburuan, 2010eko apirilaren 30ean.-Lehendakaria, Juan Benito Alberro Goñi.

ELKARTZEAREN ESTATUTU PROIEKTUA

I. TITULUA

Kideak, izena eta helbidea

1. artikulua. Basaburuko eta Imozko Udalek 1975ean osatu zuten udal elkartze edo administrazio zerbitzuen batasuna (batasuna soilik, aurrerantzean), elkarren artean antolatu eta emateko beren eskumeneko zerbitzuak, estatutu hauen II. tituluan adierazitakoak, hain zuzen.

Batasun honen antolaketa eta funtzionamendua estatutu hauetan xedatutakoari lotuko zaizkio; aurreikusten ez den hartan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen arabera eta Nafarroako Toki Entitateei aplikatzen zaien gainerako araudiaren arabera.

2. artikulua. Nortasun juridikoa eta lurralde eremua. Batasunak bere nortasun juridikoa du, kide dituen udaletatik bereiz. Beraz, gaitasun juridiko osoa du egintza juridikoetarako, bere xede berariazkoak bete daitezen.

Batasunaren lurralde eremuak hura osatzen duten udalen mugapeak hartzen ditu.

3. artikulua. Batasunaren egoitza Basaburuko Udaletxean kokatuko da, Jauntsaratsen. Batasuneko organo kolegiatuen bilerak bi Udalen egoitzetan eginen dira era berean.

Batasuna osatzen duten Udalak beharturik daude Batasunari erabiltzera uztera bai beren egoitzak, haren organo kolegiatuen bilkurak egin ditzan, bai beren instalazio eta aparatuak, Batasunak berezko dituen lanak edo berari manatu zaizkionak egin ditzan.

II. TITULUA

Batasunaren xedea, eskumenak eta ahalmenak

4. artikulua. Batasunaren helburua da elkarren artean ematea bera osatzen duten udalerrietako administrazio zerbitzuak, Idazkaritza eta Kontu Hartzailetzako eginkizun publikoetatik heldu direnak, baita haiei eustea ere; orobat, eginkizun horietan ari diren langileak eta Batasuneko kideek espresuki erabakitzen duten aholkularitza teknikoko gainerako zerbitzuak.

Horretarako, Batasunaren plantilla organikoan nork betetzen duen lanpostua, hari dagokio udalerri bakoitzeko Idazkaritza eta Kontu Hartzailetzako eginkizun publiko beharrezkoak erabiltzea.

Halaber, Udalen eskumenekoak izanik, bere esku utzitako zerbitzuak ematea du xede Batasunak, haiek kudea ditzan utzi eta honek onartuz gero.

Udalaren eskumeneko beste edozein zerbitzu Batasunaren esku utzi eta horrek onartzeko, organo eskudunek hitzarmena onetsi beharko dute, zerbitzua nola eman eta finantzatu erabakitzeko.

Deskribatutako zerbitzuak ahalik eta hobekien kudeatzeko eta eskumenak erabiltzeko, Batasunak honako hauek egiten ahal ditu:

a) Berariazko atalak sortzea aipatu gaietako batzuetarako edo guztietarako. Haiei espresuki atxikiko zaizkie Batasuneko enteak.

b) Zerbitzu horiek emateko behar diren obra eta instalazio guztiak egitea.

c) Aipatu helburuetarako zuzenean edo zeharka balio duten jarduera guztiak egitea. Legeriak toki entitateen esku uzten dituen eskubide eta ahalmen guztiak izanen ditu.

5. artikulua. Bere xedearen eta eskumenen barrenean, ahalmen hauek dagozkio Batasunari, toki araubideko legeriak udalen esku utzitakoak izanik:

a) Erregelamenduak egitea eta bere burua antolatzea.

b) Bere eskumenei dagozkien finantza eta zerga arloko jardueraren ondoriozkoa.

c) Bere egintzen legezkotasuna eta betearazteko indarra.

d) Nahitaez betearaztea eta zehatzeko ahalmena.

e) Bere egintzak ofizioz berrikustea.

III. TITULUA

Indarraldia

6. artikulua. Batasunaren indarraldia mugagabea da eta eta haren funtzionamendua estatutuei lotuko zaie, horiek onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

IV. TITULUA

Gobernu organoen antolaketa

I. KAPITULUA

Xedapen orokorra

7. artikulua. Organo hauei dagozkie Batasunaren gobernua eta administrazioa:

a) Batzar Orokorra.

b) Batzarburua.

c) Buruordea.

II. KAPITULUA

Batzar Orokorra

8. artikulua. Batzar Orokorrak Batasuneko udalak ordezkatzen ditu eta Udaletako osoko bilkuretan izendatutako hautetsiez osatzen da.

Aldian behin eratuko da Batzar Orokorra jendaurrean, udal hauteskundeak egin ondoko hiru hilabeteko epean.

9. artikulua. Batasuna osatzen duten bi udalerrietako ordezkariek osatuko dute Batzarra. Udal bakoitzak ordezkari bat hautatuko du 250 biztanletik edo haren zatikitik.

Hala ere, udalerri bakoitzak ordezkari titularrak eta haien ordezkoak hautatu ahal izanen ditu.

10. artikulua. Batzarreko kideek, oro har, kasu hauetan utziko dute kargua:

a) Beren udalbatzako kide izateagatik zuten agintaldia betetzean. Horrela izanez gero, Batzarreko kide diren aldetik lanean jarraituko dute haien ondorengoak karguaz jabetu arte. Dena dela, bakarrik administrazio arruntaz arduratuko dira eta bitarteko epe horretan ez da gehiengo kualifikatua behar duen erabakirik hartuko.

b) Epai judizial irmoagatik, heriotzagatik, ezgaitasunagatik, Udaleko zinegotzi edo Batasunaren Batzarreko kide izateko karguari uko egiteagatik. Kasu horretan, Udal horretako Osoko Bilkurak beste kide bat izendatu beharko du.

11. artikulua. Eskudantzia hauek dagozkio Batzarrari:

a) Udalek proposatzen dituen hautagaien artetik (Udal bakoitzak 1) batzarburua hautatzea eta kargugabetzea.

b) Batzarburuaren jarduera kontrolatu eta fiskalizatzea.

c) Eregelamendu Organikoa onestea, baita Batasunaren eskumeneko gainontzeko xedapen orokorrak ere.

d) Zerga arloko baliabideak zehaztea, aurrekontuak onetsi eta aldatzea, bere eskumeneko gaietako gastuak xedatzea eta kontuak onestea.

e) Plantilla organikoa, lanpostuen zerrenda eta enplegu eskaintza onestea, baita funtzionarioak zerbitzutik kentzea eta lan-kontratudunen kaleratzea berrestea ere.

f) Kreditu edo bermeko eragiketak erabakitzea eta kitak zein itxaroteak ematea, Batzarburuari dagokionean izan ezik.

g) Ondasunak eskuratu eta besterentzea, Batzarburuari dagokionean izan ezik.

h) Obra, zerbitzu eta hornidurak kontratatzea, Batzarburuari dagokionean izan ezik.

i) Zerbitzuak kudeatzeko modua onestea.

j) Ekintza judizial eta administratiboak erabiltzea.

k) Beste administrazio publikoekin koordinatu edo lan egiteko hitzarmenak onestea.

l) Legeek espresuki bere esku uzten dituzten gainerakoak.

12. artikulua. Batzarrak bere eskumenetako edozein uzten ahal du, osorik edo hein batean, Batzarburuaren esku, toki araubideko legeriaren arabera inoren esku utzi ezin direnak izan ezik.

13. artikulua. Nafarroako toki entitateek erabakiak hartzeko duten araubideari jarraituz hartuko dira erabakiak. Arau orokorra izanen da erabakiak bertan diren udal ordezkaritzen gehiengo soiliz hartzea. Gehiengo kualifikatuaren adostasun botoa beharko da, Legeak hala agintzen duenean.

Azaroaren 26ko 30/92 Legearen 23. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Batzarburuari dagokio bere botoarekin berdinketak haustea Batzarraren eskumeneko erabakiak hartzen direnean.

Batzarrak aldian behineko bilkura arruntak egiten ditu, aldez aurretik ezarrita, baita bereziak ere; gainera, presakoak izan daitezke. Gutxienez ere, bi bilkura arrunt eginen dira urtean.

Batzarburuari dagozkio Batzar Orokorrerako deia egitea eta eguneko gaien zerrenda finkatzea. Deia garaiz eginen da, ordezkari guztiek denbora aski izan dezaten landuko diren gaiak aztertzeko.

Gutxienez ere, berrogeita zortzi ordu lehenago jakinarazi beharko da deia, behar adina arrazoituta dauden presakoetan izan ezik.

Deialditik aitzina, kide guztiek eskura izanen dituzte espedienteak eta landu beharreko gaiak, horretarako prestatutako tokian.

Deietan, bilkura zein egun, ordu eta tokitan eginen den adieraziko da.

III. KAPITULUA

Batzarburua

14. artikulua. Batzarburua batzarrean hautatuko da, legegintzaldi bakoitzaren hasieran. Udalek hautatzen duten bi hautagaiek beteko dute kargu hori, bi urtetik txandaka bete ere, batzarburua hautatzeko bozketan boto gehien eskuratu dituena hasita. Epe hori iraganik agintaldia burututa, karguaren jabetza hartuko du, bi urteko epe berdinerako, batzarburua hautatzeko bozketan boto gutxien eskuratu zituen Batasuneko udalerriko hautagaiak.

Nolanahi ere, burutza egokitzen zaion udal elkartu bakoitzak, bere ordezkariaren bitartez, uko egiten ahalko dio karguari. Halakoetan, legegintzaldiaren hasieran beste Udalak aurkeztutako hautagaia jabetuko da batzarburutzaz.

15. artikulua. Batasuneko burua eskudantzia hauen jabe da:

a) Batasuneko gobernua eta administrazioa zuzentzea.

b) Batasunaren ordezkari izatea.

c) Batzar Orokorrerako deiak egin eta bilkuretan buru aritzea.

d) Obra, zerbitzu eta hornidurak kontratatzea, udalbatzetako alkate udalburuentzat une bakoitzeko legeriak ezarritako modu eta egoera beretan.

e) Ekintza judizial eta administratiboak erabiltzea presako kasuetan.

f) Aurrekontuen proiektuak prestatzea, gastuak xedatzea bere eskumeneko mugen barrenean eta ordaintzeko agintzea, diru-sarrerak egitera behartzen duten dokumentuak baimendu eta kontuak ematea. Garapena eta kudeaketa ekonomikoa, onetsitako aurrekontuaren arabera.

g) Bere kabuz eta erantzukizunpean hartzea beharrezko neurri egokiak Batasunaren interesak arrisku larrian daudenean, eta haien berri ematea berehala Batzarrari.

h) Ondasun higikor eta higiezinak kostu bidez eskuratzea, udalbatzetako alkate udalburuentzat une bakoitzeko legeriak ezarritako modu eta egoera beretan.

i) Ondasunak doan eskuratzea, kostu bidezko baldintza edo modalitateren bat dagoenean izan ezik, orduan eskumena Batzarrarena baita.

j) Ondasun higikor eta higiezinak besterentzea, udalbatzetako alkate udalburuentzat une bakoitzeko legeriak ezarritako modu eta egoera beretan.

k) Legeak espres egotzitako gainontzekoak.

l) Legeriak zerbitzu administratiboen arloan Udalei aitortzen dizkien eskumenak, organo bati espres egotzita ez badaude.

16. artikulua. Batzarburuak eskuordetzeak egiten ahal ditu, bai orokorrak bai berariazkoak, Batzarreko edozein kiderentzat, Legearen arabera inoren esku utzi ezin diren eskumenak direnean izan ezik.

IV. KAPITULUA

Buruordea

17. artikulua. Buruorde kargua dagokio batzarburua hautatzeko bozketan bigarren gelditu den hautagaiari. Hautatu eta bi urtera, buruordea batzarburu bilakatuko da eta, aldiz, buruorde bihurtuko da aurreko bi urtean batzarburu izan dena.

Buruordeari dagokio batzarburuaren ordez aritzea haren zeregin guztietan, hura kanpoan, eri edo eskudantziak erabiltzea galarazten dion ezintasunen bat duenean; orobat, batzarburuaren eginkizunak beteko ditu kargu hori hutsik dagoenean, batzarburu berria izendatu arte.

V. KAPITULUA

Idazkaritza

18. artikulua. Idazkariak bilkura bakoitzeko aktak eginen ditu, eta eginkizun publiko horretarako izendatu edo kontratatu den pertsonak beteko ditu zeregin horiek.

V. TITULUA

Ondasun eta zerbitzuak

I. KAPITULUA

Ondasunak

19. artikulua. Jabari publikoko edo ondareko ondasunek eta dagozkion eskubide eta akzioek osatzen dute Batasunaren ondarea.

20. artikulua. Erabilera edo zerbitzu publikorako higiezinak dira Batasunaren jabari publikoko ondasunak, baita legez izaera hori dutenak ere.

21. artikulua. Udalek, Batasunean sartzean, doan utziko dituzte haren esku Batasunak bere titularpean hartzen dituen zerbitzuetako bakoitzari lotutako aktibo material zein inmaterialak, eta udal kargetan ordezkatuko ditu.

22. artikulua. Ondasunak aldeztu eta berreskuratzeko, legeriak udalei aitortzen dizkien eskumen berak ditu Batasunak bere ondasunen gainean.

II. KAPITULUA

Zerbitzuak

23. artikulua. Bere xedeko zerbitzuak emateko, legez ezarrita diren kudeaketa moduetako edozein erabiltzen ahal du Batasunak.

VI. TITULUA

Ogasuna

24. artikulua. Batasunaren Ogasuna baliabide hauez hornituko da:

a) Bere diru-sarrerak edo eskubide pribatukoak.

b) Isunak.

c) Batasunean elkartutako udalen ekarpenak.

d) Diru-laguntzak eta eskubide publikoko beste diru-sarrerak.

e) Kredituko eragiketen ondoriozkoak.

f) Zerbitzua ematearen alderako tasak, edo bere eskumeneko jarduerak egiteagatikoak.

Honela eginen dituzte ekarpenak elkartutako udalek:

1. Udal bakoitzeko biztanle kopuruaren proportzioan (urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean kontatuta), Batasunaren gastuak finantzatzeko, baita eginkizun publikoak betetzen dituzten langileriarenak ere, Batasunaren eskumeneko xedea baitira.

2. Osorik, elkartutako udal bakoitzak eskatzen dituen gainerako zerbitzuetan erabilitako baliabideen kostuaren arabera.

25. artikulua. Zein zerbitzu edo jarduera finantzatzeko ezarri zen diru-bilketa, haien ondoriozko eginbeharrak betetzeko izanen dira Batasunaren diru-sarrerak.

26. artikulua. Batasunak badu ahalmena elkartutako udalek harekin duten zorra Nafarroako Gobernuari eskatzeko, zorretan den Udalari Transferentzia Arrunten Funtsean dagokion partetik behar diren diru kopuruak kenduta.

VII. TITULUA

Langileria

27. artikulua. Funtzionarioek, lan-kontratudun finkoek zein aldi baterakoek eta behin-behineko langileek osatuko dute Batasunaren zerbitzuko langileria, legerian eta plantilla organikoan xedatutakoaren arabera.

Entitatean sartzen diren udaletako administrazio langile funtzionarioak izan ezik eta hura indarrean den bitartean, Idazkaritzako eta Kontu Hartzailetzako eginkizun publiko beharrezkoak beteko dituzten langileak baizik ez dira funtzionarioak izanen eta horrela agertu beharko dute Batasunaren plantillan; orobat, beste eginkizun publiko batzuk bereganatuta, haietan aritzeko funtzionario izatera behartuta daudenak.

Behin-behinekoak ez diren gainerakoak, bai administrazioko langileak bai laguntzako teknikariak, lan-kontratudunak izanen dira.

VIII. TITULUA

Aldatzea eta desegitea

28. artikulua. Lurralde eremua aldatzeagatik (udalerri batzuk sartu edo atera) edo eratu zen garaiko eskumenen edukia gehitzeagatik aldatuko dira estatutuak eta, beraz, Batasuna ere bai.

Kasu batean nahiz bestean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 50.3 artikuluan ezarritakoa bete beharko du prozedurak.

29. artikulua. Udal bat edo gehiago Batasunean sartzeko, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udal interesdunaren eskaera.

b) Batzar Orokorraren aldeko txostena, Udala sartzearen aldeko gehiengo osoaren aldeko botoarekin.

c) Jendaurreko informazioa, hilabetez.

d) Epe hori inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, atxikipena behin betikotzat hartuko da. Bestela, Batzarrak aurkezten diren erreklamazio edo iradokizunak ebatziko ditu eta behin betiko erabakia hartuko du; horretarako ere, gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da.

e) Udalerri sartu berriak, zenbat biztanle dituen, horren araberako ekarpena egin beharko du Batasunaren aktiboan, sartzeko unean egiten den balorazioaren arabera.

30. artikulua. 1. Kide bat Batasunetik ateratzen ahalko da baldin eta egiaztatzen bada lege babesa eta ahalmen ekonomikoa dituela, Batasunetik hartzen zuen zerbitzua berak bakarrik eman ahal izaterainokoa. Hona bereizteko arrazoiak:

a) Udalaren borondatezko eskaera.

b) Udalak Batasunarekin dituen eginbeharrak behin eta berriz ez betetzeagatik. Batasunak erabakiko du arrazoi horregatik bereizi behar den edo ez, aurreko artikuluko b), c) eta d) ataletan ezarritako prozedurari jarraituz.

2. Nolanahi den ere, Batasunak eta delako udalerriak elkarrekin dituzten obligazio eta eskubideen likidazioa nola egin erabakiko dute.

3. Udal batek edo batzuek Batasuna utzi dutelako, ondorioz lanpostu batzuk ez direla beharrezkoak ikusten bada, kide ohiek beren plantilla organikoetan sartu beharko dituzte Batasuneko langileetan funtzionario ez direnak edo, bestela, kontratuen amaierak Batasunari dakarzkion ondorio ekonomikoei aurre egin beharko diete.

31. artikulua. Batasuna desegiteko, toki araubideko legerian Estatutuak aldatzeko ezarritako tramite berberak egin beharko dira.

Batasuna desegindakoan, Udalak izanen dira hark hartutako betebeharren erantzule, haien gastuak finantzatzeko ezarritako irizpideei jarraikiz.

Era berean, irizpide horixe bera erabiliko da udal bakoitzak Batasunaren ondasun eta eskubideetan duen partaidetza zehazteko.

-Batasuneko kide diren Udalek aukera izanen dute toki entitate horien langileetan funtzionario ez direnak beren gain hartzeko edo, bestela, lan kontratuak iraungitzetik sortzen diren ondorio ekonomikoen erantzukizuna hartzeko, bakoitzaren atxikipen denboraren arabera.

Iragarkiaren kodea: L1007617