64. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

169/2010 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, irakurzaletasuna eta eskolako liburutegiaren erabilera sustatzeko 2009-2010 ikasturteko sarien deialdia egiten duena.

Eskolako liburutegia garrantzi handiko baliabidea da hezkuntzan, bai irakaskuntza eta ikaskuntzan, bai eta haurren eta nerabeen irakurzaletasuna sustatzen laguntzeko. Ikastetxeek esperientzia handia metatu dute liburutegien dinamizazioaren eta irakurzaletasunaren sustapenaren arloan. Esperientzia hori hedatuz gero, beste ikastetxe batzuetan erabilgarria izan daiteke.

Aurten, Hezkuntza Departamentuak deialdia egin du 2009-2010 ikasturtean irakurzaletasuna eta eskolako liburutegiaren erabilera sustatzeko egin diren esperientzia berriztatzaileei sariak emateko.

Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak deialdi honen egokitasunari buruz aurkeztutako txostena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2009-2010 ikasturtean irakurzaletasuna eta eskolako liburutegiaren erabilera sustatzeko egin diren esperientzia berriztatzaileentzako sarien deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskinean ageri diren oinarriek eraenduko dutena.

2. Sariei dagokien gastua, gehienez 3.000 eurokoa, 2010eko gastuen aurrekontuko "Hezkuntza berrikuntzako programak" izeneko 425004 42350 2269 321200 kontu-sailaren 0040001390 espedienteari egoztea, irakurzaletasuna sustatzeko esperientziak saritzeko. Horretarako baimena Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak martxoaren 15ean emandako 121/2010 Ebazpenaren bidez eman zen.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Hezkuntza Berrikuntzaren Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko apirilaren 19an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Irakurzaletasuna eta eskolako liburutegiaren erabilera sustatzeko sarien deialdia, 2009-2010 ikasturterako

1. Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da eskolako liburutegiak hobetzeko eta berriztatzeko eta irakurzaletasuna sustatzeko esperientziak saritzea. Esperientzia horiek lagungarriak dira ikasteko ezinbesteko tresna den ikasleen hizkuntza-gaitasuna garatzeko.

2. Deialdiko parte-hartzaileak.

Irakurzaletasuna edo eskolako liburutegiak sustatzeko esperientziak jatorrizkoa eta argitaratu gabea izan behar du eta Nafarroako edozein ikastetxe publiko edo itunduk aurkezten ahalko du, Haur Hezkuntzakoek, Lehen Hezkuntzakoek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek, Batxilergokoek, Lanbide Heziketakoek, Hezkuntza Berezikoek eta Helduen Hezkuntzakoek.

3. Sarien modalitateak.

Sariak modalitate hauetan banatuko dira:

a) modalitatea: Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Helduen Hezkuntzako ikastetxeak.

b) modalitatea: Bigarren Hezkuntzako, Batxillergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeak.

Modalitate bakoitzean lehenengo eta bigarren saria emanen dira.

4. Eskaeren aurkezpena.

4.1. Agiriak.

Memoriak euskarri elektronikoan aurkeztu behar dira, eta paperezko kopia bat ere aurkez daiteke. Horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariari zuzendutako eskabidea (II. eranskina).

b) Esperientziaren edukiaren laburpena.

c) Esperientzia azaltzen duen memoria, hauek labur aipatuta: helburuak, prozedurak, baliabideak, ekintzak eta ebaluazioa, edo egokitzat jotzen diren beste alderdi batzuk. Memoriak 30 orriko luzera izanen du gehienez ere (12 puntuko courier motako letrarekin, 1,5eko tartearekin eta konprimitu gabeko karaktereekin).

d) Ikasleek egindako lan eta materialak edo proiektua baloratzeko egokiak diren beste batzuk azaltzen dituzten eranskinak.

4.2. Aurkezteko epea.

Eskatutako dokumentazioa 2010eko irailaren 30eko 14:30ak baino lehen aurkeztuko da Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Hezkuntza Departamentuko Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari zuzenduko zaio.

5. Hautapen prozesua.

5.1. Hautapen batzordea.

Aurkeztutako esperientziak honako hauek osatuko duten batzorde batek baloratuko ditu: Hezkuntza Berrikuntzaren Ataleko burua, Berrikuntza Programen Bulegoko burua, Baliabide Didaktikoen Bulegoko burua eta Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuko dokumentalista aholkuemailea.

5.2. Balorazio irizpideak.

Baloratzeko irizpideak hauek izanen dira:

a) Esperientziaren izaera berritzaile eta sortzailea, bere gaiagatik, metodologiatik edo erabiltzen dituen baliabideengatik: gehienez ere 10 puntu.

b) Esperientziaren kalitatea: 60 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

b.1) Helburuen ulergarritasuna eta zehaztasuna: gehienez ere 15 puntu.

b.2) Ekimenen azalpena eta sekuentziazioa, helburuen arabera: gehienez ere 20 puntu.

b.3) Ikasleekin erabilitako metodologia eta baliabideak: gehienez ere 15 puntu.

b.4) Metodologiaren ebaluazio plana, eta ebaluazioaren eta ekimenetan ezarritako helburuen arteko egokitzapena: gehienez ere 10 puntu.

c) Ikastetxearen ekimenekiko inplikazioa, 20 puntu gehienez, honelaxe banaturik:

c.1) Irakasleen klaustroaren inplikazioa: gehienez ere 10 puntu.

c.2) Proposaturiko jarduerak garatzeko, ikastetxearen edo beste erakunde batzuen baliabideak erabiltzea: gehienez ere 10 puntu.

d) Ekimenak beste ikastetxe batzuetan erabiltzeko bideragarritasuna, gehienez ere 10 puntu.

5.3. Deialdiaren ebazpena.

Batzordeak lau esperientzia aukeratuko ditu; bi Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Helduen Hezkuntzako mailakoak (lehen eta bigarren saria) eta beste bi Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako mailakoak (lehen eta bigarren saria). Kalitate berdintsuko esperientziak dituzten ikastetxeak badaude, sari bera jasotzen ahalko dute.

Sariak eman gabe utz daitezke aurkeztutako esperientziek eskatzen den kalitate mailarik ez badute.

Batzordeak akzesita eta liburu sorta eman ditzake saritu gabeko memoriaren batek aintzatespena merezi baldin badu bere alderdi batzuengatik.

Saritutako memorien zerrenda Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko da. Era berean, Hezkuntza Departamentuak lehiaketaren emaitzaren berri emanen die ikastetxeei. Jakinarazpen hori telematika bidez egin daiteke, telematika bidez egiten den eskaeran berariaz eskatzen bada.

6. Sarien zuzkidura ekonomikoa.

Kategoria bakoitzean lehenengo saria lortzen duten ikastetxeek 1.000 euroko zuzkidura ekonomomikoa jasoko dute. Kategoria bakoitzean bigarren saria lortzen duten ikastetxeek 500 euroko zuzkidura ekonomomikoa jasoko dute.

Dirua eskolako liburutegirako materiala erosteko erabiliko da.

7. Argitalpena eta zabalkundea.

Saritutako lanak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak aipatu beharko ditu. Deialdian parte hartzeak proiektuaren lehenbiziko argitalpena egiteko behar diren eskubideak lagatzea dakar berarekin. Oso-osorik argitaratzen ez bada, egileei baimena eskatuko zaie.

II. ERANSKINA

Irakurzaletasuna sustatzeko proiektu berriztatzaileentzako sarien deialdian parte hartzeko eskabidea

IKASTETXEA

PROIEKTUAREN IZENA

ZEIN IKASMAILATARAKO DEN

KOORDINATZAILE ARDURADUNA

PARTE HARTZAILEAK

Irakurzaletasuna sustatzeko proiektu berriztatzaileentzako sarien deialdiko baldintzak onartzeko aitorpena.

............................... jaunak/andreak, ........... NANa duenak, ...............(e)ko ...................... proiektuaren koordinatzaile arduraduna baita, aitortzen du proiektu hori argitaratzeko eskubideen jabe dela eta Nafarroako Gobernuari hura argitaratzeko baimena ematen diola.

.................................(e)n, 2010eko ................aren.....(e)an.

Stua.: Koordinatzailea

Iragarkiaren kodea: F1007202